argia.eus
INPRIMATU
SEASKAREN PROTESTA
2021eko uztailaren 19a

SEASKAREN PROTESTA

SEASKAKO
guraso eta irakasleek Baionako Inspekzio Akademikoa okupatu zuten iragan asteazkenean, Administrazioaren axolagabekeria salatu asmoz. Seaskak funtsezkotzat jotzen du lanpostu berriak erdiestea lehen eta bigarren mailarako, datorren urtean 60 ikasle gehiago izango baitituzte. Inspekzio Akademikoak berriz, ez du lanposturik eman nahi. Protestan, negoziaketak abiatzea eskatu zuten eta bertako ikuskari Germaine Hacalak jakinarazi zien asteazken honetan bilduko zela Paueko ikuskaria Seaskako ordezkariekin.


"SALTEGIEK ERE EUSKARAZ"

EUSKAL
Herrian Euskarazek eta Euskal Konfederazioak iaz abian jarritako «Saltegiek ere euskaraz» kanpainaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte. Bi elkarteetako ordezkariek adierazitakoaren arabera, 23 saltokik erantzun diote kanpainari, beren seinaleak euskaraz jarriz. Haatik, lan asko dagoela egiteke uste dute bi elkarteok.


JIMENO JURIOREN LIBURUA

JOSE
Maria Jimeno Jurio historialari ezagunak euskara du aztergai bere azken liburuan. «Navarra, Gipuzkoa y el Euskara. Siglo XVIII» du izena eta bertan XVIII. mendean euskarak bi herrialde hauetan izandako gorabeherak eta hizkuntza ondarearekiko interes kontrajarriak azaltzen ditu. Pamiela argitaletxeak karrikaratu du liburua.


OINARRIAK-EN MANIFESTAZIOA

EUSKAL
Herrian Euskarazek, saltegietan egin kanpainaren berri emateaz gain, Oinarriak-ek iragan larunbatean burutu manifestazioarekin ere bat egin zuen. Nafarroan euskararen normalizaziorako lanean diharduten talde gehienen atxikimendua jaso zuen manifestazioak. Euskararen lege berri bat egituratzeko milaka pertsona bildu zen Iruñean. Egitasmoak 1986ko «Vascuencearen legea» ordezkatu nahi du, era horretan euskara herrialde osoan ofizial izan dadin.