Hazparnetik hamar kilometrotara, Lapurditik hurbil, baina Nafarroa Behereko Isturitz eta Donamartiri herrisken arteko lurretan, Gaztelu deitu mendiskaren hegietan agertzen dira Isturitz eta Otsozelaiako haitzuloak. Mendiska alderik-alde zeharkatzen duten bi haitzulo ezberdin dira izatez, bata bestearen gainean sortuak, hots, maila ezberdinean daudenak. Bitxikeri honen zioa, antzina, bertatik igaro bide zen ibai gartsuan aurki daiteke, Arberoa. Egun, ibai honek berak, hain oldartsu ez bada ere, lanean dirau hirugarren pasagune bat zulatzen, mendiskaren alde batean barneratu eta bestaldean lurrazaleratuz. Zoritxarrez, leku helezina da guretzat, bai sarbidean eta bai irteeran ere sifoiak baitaude, hau da, uraren maila sabaiarena baino garaiago da.
Aipatu muinoaren goialdean, gaztelu bateko dorre eta inguruko lubakien hondarrak antzeman daitezke. Talaia hartatik, inguruko eremuak primeran menperatzen direla ondo baino hobeto baitzekiten gaztelua, zaintze xedez, bertan eraiki zutenek. Hemendik datorkio, hain zuzen, muinoari Gaztelu izena.
Donamartiri atzean utzi eta Isturitzera iritsi baino lehen, "Grottes" ipinntzen zuten errotulu handiari kasu eginez, ezkerrera jo eta zenbait aparkaleku alboetan utziz, haitzulo sarrerako harrera-etxera iritsi ginen. Uste bezala, ez zebilen jende anitz eta iristear zen hirugarren adineko frantsezez beteriko autobusaren zain geratu beharra genuela, azaldu zigun gidaria izango zenak, beraiekin batera sartu ahal izateko. Bitartean, etxearen barnean, taberna aldameneko museotxoa ikus genezakeela jakinarazi zigun. Bertan, haitzuloaren sorrera eta ezaugarriak azaltzen ziren laburrean, baita gizakiaren bilakaeran igarotako garai ezberdinen adibide eta argibideak ere. Honezaz gain, haitzuloetako areto ezberdinetan aurkitu izan dituzten lan-tresnak, hezur, apaingarri, pinturak eta abar luzea ziren erakusgai. Gerora jakingo genuenez baina, aipatu artelan gehientsuenak imitazioak ziren, jatorrizkoak Pariseko Artearen Museo Nazionalean baitaude. "Zaharrak" azkenean ez zirela etorriko eta beste inor ezean, barrura sartzera gonbidatu zigun gidariak. Gu kontent, argibideak frantsezez jaso beharrean, euskaraz jaso ahal izango baigenituen.
Pertsonako 30F ordaindu ostean, haitzuloaren ahora abiatu ginen, lehen azalpenak jaso ahal izateko bertan. Urte osoan zehar, 14tan mantendu ohi da barnealdea eta sartzera gindoazen kobazuloa Isturitzekoa zen, bietan altuen zegoena. Aspalditik omen zuten haitzulo honen berri, ez ordea, honen behean luzatzen zen Otsozelaia haitzuloaren berri. Izan ere, 1929. urteararte ez zuten topatuko.
Argiak piztu eta gidariari jarraituz barnera sartu ginen, lehen areto nagusi batera iristean, azalpenak jaso ahal izateko. Indusketa lan batzuen hondoan, aurkitu aztarnen antzinatasuna eta bide batez bertan bizi izan ziren giza taldeen kronograma, adierazten zuten errotuloak ikusi ahal izan genituen. Hauen arabera, bertako lehen biztanleak "Mousterienseak" izan ziren, "Aurinagcienseak" eta "Salutreenseak" ondoren eta "Magdalenienseak" azkenik. Izenak izen, kontuan hartu behar da, garai haietan (duela 50.000 urte), azken glaziazioan zeudela, eta haitzulo barneko tenperatura atsegina izango zela oso beraientzat. Hotzak amaitzearekin batera, ordea, gizakia haitzuloetatik irten eta nomada izateari utzi, amimaliak etxekotu, lurra ereiten ikasi eta burnia lantzeari ekin zion gaur egun arte iritsiz. Garai guzti hauetako gizakien aztarna franko aurkitu izan dituzte Isturitzeko haitzulo honetan, nahiz eta garai batzuetakoa urriagoa eta besteetakoa ugariagoa izan. Besteak beste, hemen aurkituak izan dira: hainbat silex, lantza eta geziak, tailatutako makilak, grabatutako bisonte, elur-orein, zaldi eta basahuntz hezurrak eta baita elur-oreinen zenbait labar-pintura ere.
Esan beharrekoak esan eta gero, Isturitzeko areto nagusira igaro ginen. 120 metro luze, 20 metro zabal eta 15 metro altuerako lurbarneko areto puska berau. Aurrekoan gertatu modura, indusketa aztarna ugari nabari zen bazter guztietan. Gidariaren esanetan, gainera, indusketak egiten jarraitzeko asmoa dago, Frantziako gobernua diruz laguntzeko prest omen baitago. Litekeena da, beraz, historiaurreko altxor gehiago topatzea Isturitzeko haitzulo honetan. Argi bereziz argiztatutak, harkaitzean pintatutako hiru elur-oreinen irudiak erakutsi zizkigun. Jarraian, dinamitaz zabaldu pasaguneko eskailerek, Otsozelaiako haitzulora jaitsi gintuen, bi haitzuloak lotzea ahalbidetuz.
Behean, goikoan ez bezala, giza hondakin eta aztarna gutxi aurkitu omen zituzten. Labar-pinturak, aldiz, gehiago. Horietako zenbait kontserbazio arazoa medio publikoari erakustea erabat galerazita zuela nabarmendu zuen garbi asko. Hala ere, haitzuloan bertan pinturen erreplikak zituztenez, ez ginen ikusi gabe geratu. Gure galderei erantzunez, argi ezagatik ez zirela bertan bizi azaldu zuen, ez zituztela, behintzat, bizi izan zirenaren aztarnarik topatu, sutokiak. Isturitzekoan, berriz, ugari topatu zituzten eta lur-jausiak gertatu aitzin sarreretatik barneratu argiak bi salak primeran argi zezakeen.
Otsozelaiako erakargarri garrantzitsuena eta aldi berean ikusgarriena, estalaktika-estalagmitaz josirik dauden aretoak dira, non konkrezio hauz gain, dimentsio itzeleko zutabe, kristaldutako urjauziak eta haitzulo bakanetan soilik aurki daitezkeen maindire itsurako konkrezioak kausitu daitezke nonnahi.
Irtetera gindoazela esan zigun gidariak. Horrela, barnera sartu eta hiru ordu laurdenera, lurrazpiko gure bidaia amaitutzat jo genuen, harrera-etxeko behialdean eguzkiaren argipera igaroz