"LIZARRA-GARAZI EZ DA EGOKIA NAFARROARENDAKO"

  • ustelkeri kasuak ezagutu ditu eta honek bere urak zikindu. Carlos Cristobalen aburuz, oraingo PSNk garai beltzak gainditu dituela erakutsi behar du, urak bere horretara itzul daitezen.

2021eko uztailaren 19an
E

kainaren 13an Nafarroako Gobernurako hauteskundeak burutuko dira. Aurreko legealdian, CDN-EA-PSNk, IUren babesarekin, osatutako Gobernuak Javier Otano sozialista izan zuen presidente, baina Suitzan agertu kontuak bere dimisoa ekarri zuen. Miguel Sanz egon da legealdia bukatu arte gobernuburu minorian. Modu laburrean, honen guztiaren balorazioa eskatuko nizuke.
Urte nahasiak izan dira, ezbairik gabe. Dena den bi gauza nabarmenduko nituzke. Batetik, Nafarroan UPNren gobernuaren alternatiba egon daitekeela argi ikusi da, progresuzko alternatiba gainera. Alta, egia da bukaera ezin ilunagoa izan zuela, sozialisten erruagatik. Gure erantzukizuna izan zen. Bertzetik, minorian dagoen gobernu baten kaltea agerian geratu da. 29. artikuluak, bertzelako akordiorik ezean, talde bozkatuena gobernura eraman dezake, UPNrekin gertatu zen bezala. Mantengaitza da horrelako gobernu bat. Izan ere, ez dut uste berriro errepikatuko denik. Guk hori garbi erran dugu eta UPN berak ere, zeharka bada ere, antzekoa aipatu du. Gero, UPNren gobernuari buruz, arras eskuineko hezkuntza, osasuna eta politika fiskala gauzatu duela errango nuke.

Javier Otano, Luis Roldan, Gabriel Urralburu... ustelkeriaren zerrenda ez da motza izan Nafarroako Alderdi Sozialistan. Itzalak argitu al du?
Bai. Kontuan hartu behar da 1996an egin Kongresuaren ostean alderdi berria gauzatu zela, Juan Jose Lizarbe buru ukanik. Are gehiago, gutti batzuk gara aitzineko alditik, oraindik ere, alderdian gaudenak. Hautesleak jakin behar du egungo alderdi sozialistak ez duela deus ikustekorik ustelkeriaren garaiekin.

Berriz ere ekainaren 13a ahotan, hitzarmenak beharrezkoak izango dira seguruenik eta Lizarbek berriki adierazi du Euskal Herritarrok taldearen laguntzarik ez duela onartuko bera presidente izan dadin. Zein ate joko ditu PSNk?
Pena da hauteskunde atarian beti galdera berdinak erantzun beharra, gure asmoa zerrenda bozkatuena izatea baita. Kontuak kontu, progresuzko gobernu baten alde agertuko gara. Zerrenda bozkatuena bagara, IU eta CDNri gure proposamena helaraziko diegu. Eusko Alkartasunari dagokionez, ilun ikusten dut. Ez, noski, EHkoekin ikusten dudan ezintasuna, baina bai arras gordin. Orain dela lau urte zilegi izan zen EArekin tripartitoa osatzea, baina egun asko aldatu du bidea.

Eusko Alkartasuna Lizarra-Garazi akordioaren sinatzaileetariko bat izatea al da zentzu aldaketa honen arrazoia?
Zintzoa izanen naiz. Bai, horixe da arrazoia. Noski, Espainia osoan lan egiten duen taldea da Alderdi Sozialista. Horrenbertzez, gure alderdia EAEko Gobernutik kanpo utzi duen talde batekin bat etortzea zaila da. 1995ean EArekin genuen hartuemanak eta oraingoak txarrera egin du izugarri. Zentzu honetan, Lizarra-Garaziko akordioak Nafarroan talde ezberdinen artean genituen harremanak ozpindu ditu. Euskal abertzaleen estrategia deritzot Lizarra-Garaziri. Agian, hagitz egokia da EAErako, baina ez ordea Nafarrorako. Are gehiago, Nafarroan elkar etsaitzen gaitu. Horrela, garai batean putzu ttiki bat zena orain ibaia da. Oraindik Nafarroan euskal abertzaletasunaren integrazioaren afera gainditzeke dagoen kontua da.

Aldiz, Lizarra-Garaziko sinatzaileek behin eta berriro errepikatzen dute ez dela euskal abertzaleen topagunea. EAEko Ezker Batua ere hor dago.
Baina horrek ez du arazoa konpontzen. Erran nahi dut: EA bezalako abertzaletasunak Nafarroan inoiz ez du kolakan paratu amejoramendua, Espainiako Konstituzioa, Nafarroak berak duen foru izaera. Orain, aldiz, abertzaletasunaren arrastotik bide honi eutsi dio. Hau ote den Lizarrako estrategia? Ni ziur nago baietz.

Euskal Herriko bakegintzan, dena den, zein izanen litzateke Nafarroaren papera? PSNk legebiltzarra aipatu izan du eztabaidarako gune gisa.
Tira, ETAren su-etenak irauten duen heinean, baikorrak gara. Nafarroako sozialisten aburuz, oker legoke tregua aitzinetik lortu zen alderdi batzuen adostasuna bertze alderdi batzuen adostasunarekin ordezkatzea. Ahalik eta garbien errateko, ez dugu ongi ikusten HB inguratuko duen topaleku berri bat lortzea, hemendik kanpo UPN gelditzen bada. Egia da, batzutan, zentzu honetan eman diren urrats batzuk positiboak izan daitezkeela bakeari begira baina, berriro diot, horrelako erabaki bat ez dugu inoiz ontzat emanen, baldin eta UPN ez bada ontzi berdinean itsasoratzen. Zein mahai edota zein forutan eman behar den eztabaida guttieneko arazoa dela uste dut. Dena den, su-etena zabaldu dutenak eta Espainiako Gobernua dira afera honetan aitzinpauso garrantzitsuenak eman behar dituztenak; haiei dagokie.

Zentzu honetan, PSOE eta Madrilgo Gobernua eskutik helduta agertzen dira bakegintzari dagokionez. Hartara, eta Alderdi Sozialista oposizioa izanik, bakegintzan ere ez al luke oposizioa egin beharko, bertze alternatibak eskainiz?
Betidanik uste izan dut estatu politika alderdi ezberdinen politikaz gaindi dagoela, eta bakea horrelako alorrean sartuko litzateke. Nire ustez, dena den, espetxe politikan adibidez, Alderdi Sozialistak Popularrak baino proposamen ausartagoak egin ditu, gero hauen politikari sustengua eman arren. Egia da zentzu handi batean Espainiako Gobernuaren politika laguntzen dugula, beti ere bakea ahalbidetuko duela pentsatzen baitugu.

Euskal Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea ozenki eskatu den aldarrikapena da. Horrelako ekintzak ez al zuen bada bakea ahalbidetuko?
Nire irudikoz, zilegi izanen litzateke bide honetan gehiago aurreratzea, bai. Zenbat gehiago ez dakit, baina bai, gehiago egin zitekeela uste dut.

Nafarroa eta EAE hurbil daude batzutan, urruti samar bertzeetan. Bi herrialdeen arteko harremanak nola ikusten dituzu? Nahikoak al dira?
Ez, nahikoak ez. Are gehiago, hainbat kontutan bizkarra emanez dihardugula erranen dut, eta ez dago horretarako arrazoirik. Edozein kasutan, horrelako galdera Elkarlanerako Organu Iraunkorrean zehazten da. Aitzitik, UPNren lankidetza ezinbertzekoa jotzen dut hemen ere. Horrexegatik, garai batean organuaren alde agertu baginen ere, orain norabide honetan emeki-emeki eman beharreko urrats batzuk egokiago ikusten ditugu. Hau da, bi presidenteen artean hartuemanak naturaltasunez burutzen badira aurretik, bi komunitateetako departamendu amankomunak eta sail berdinak elkarlanean aritzen badira, Elkarlanerako Organu Iraunkorra aurrerapauso naturala izanen da.

Gertatzen dena da, ordea, talde euskaltzaleek administrazioaren aldetik euskal kulturarenganako dagoen axologabekeria behin eta berriz salatzen dutela.
Argi dago, bai, euskal kulturak Nafarroan izan dezakeen garapenaren aurka agertzen dela UPN. Gu geu, sozialistak ere, hainbat euskaltzaleren ustez, labur eta motz ibiltzen gara. Alabaina, euskarazko hezkuntza kontuetan nabarmena da UPNren jokaera ezkorra. Ez da bidezkoa Iruñerrian euskarazko hezkuntzaren alde agertzen den eskakizuna ez asetzea. Eta honek gora egiten du, jakina.

Baina ez hori bakarrik. Irrati lizentzien banaketaren inguruan Euskalerria Irratiari egin zaion iruzurra ere hortxe dago. Legebiltzarreko Ikerketa Batzordearen bigarren lehendakari zu izan zinen, Jose Mari Turrillasen dimisioaren ostean. Batzordearen erabakiei Gobernuak ez die jaramonik egin.
Bagenekien hau gertatuko zela. Kontua da arrunt ongi aztertu dugula ikerketa batzordean eta ikusi dugula nola lehiaketaren oinarriak erabiliak izan diren Euskalerria Irratiaren kalterako, eta hau salatu beharra zegoen. Are gehiago, ez dut ulertzen nola eman zaion baimenetariko bat Nafarroako Unibertsitate Pribatuari, Nafarroako Unibertsitate Katolikoari, hauxe baitu izen zehatza. Gobernuak ez gaitu harritu, egia da.

Talde euskaltzaleek Nafarroako zatiketa bermatzen duen Euskararen Legea behin eta berriro salatzen dute, euskararen garapenari mugak paratzen dizkiola argudiatuz. Zonalde ez euskalduna zonalde mistora berdintzeko Eusko Alkartasunaren lege proposamena bertan behera utzi zenuten azkenekoz, hasiera batean Alderdi Sozialista baiezkoa ematekotan bazen ere.
Egia da EAk adierazi zuela gure baiezkoa izan bazuela. Oraindik konpontzeke dagoen arazo bat dagoela uste dut. Ez du logikarik zonalde ez euskaldunean alor publikoan euskaraz ikasteko aukerarik ez egotea, ikastolak hor baitaude pribaturako. Baina zinez uste dut honetarako ez dela beharrezkoa Euskararen Legea goitik behera aldatzea. Guk zera defenditzen dugu, zonalde euskaldunerako derrigorrezkoa izatea euskararen irakaskuntza eta gainontzerako, horrela nahi bada, aukera eskaintzea, baina ez dugu uste beharrezkoa denik bertan behera uztea indarrean dagoen Vascuencearen legea.

Eusko Alkartasunaren proposamenak ez zuen horrelakorik eskatzen.
Bai, eskatzen zuen. Dena den, guk orduan une egokia ez zela adierazi genuen. Gai hauen inguruan beti berdin bukatzen dugu. Nafarren % 40 UPN alderdiak ordezkatzen badu, politika jakin batzuk ezin dira bere baiezkorik gabe aurrera atera.

Hondarreko bi galderek «Diario de Navarra» egunkarian agerturiko zure idazki bat izanen dute ardatz. Batean zenbaitzuk euskal abertzaletasuna, euskara eta terrorismoa zaku berean sartzen dituztela aipatzen duzu. Zure alderdian gestore izandako Victor Manuel Arbeloari eman erantzuna da.
Halaxe da. Hainbat nafarren ustez, ETA iceberg baten muturra da soilik, honen sorburua euskaran dagoelarik. Eta nire ustez ETAk ez du deus ikustekorik euskal abertzaletasunarekin. Horrexegatik, euskal abertzale sentitzen diren nafarrak sentitzen ez direnak bezainbertze direnez, guztiak errespetatu behar dira. Beraz, euskara, euskal abertzalea eta terrorismoa nahastean, kanpoko etsaiaren teoriari eman nahi zaio indarra, Nafarroako benetazko identitate baten mesederako.

Idazki berean Nafarroako euskal abertzaletasuna Franco hil ondoren eman asmakizun moduan agertzen duzu. Arturo Kanpionek, aldiz, ez zuen diktadorea ezagutu.
Non diozu?

Hementxe (artikulua erakutsiz).
Antifrankista progre baten moduan solasten naiz, izan ere Nafarroan alderdi aurrerakoiek horrelako ukitu abertzale bat baikenuen garai hartan. Tira, Francoren aurkakoa da gehiago, abertzalea baino. Dena den, lasai ezaba dezakezu baieztapena

ALDERDI GIZONA
ALDERDI GIZONA
48 urte dituen iruinsemea da Carlos Cristobal. Derrigorrezko Lehen Hezkuntzako irakasle den honek 1985ean atera zuen PSNko txartela. Alderdi Komunistaren bidean ibili izan zen. Legebiltzarrean alderdiko bozeramaile izan da azken legealdian eta heldu diren hauteskundeetarako bere izena zortzigarren dago. Nafarroako zenbait hedabidetan bera agertu ohi da PSNren izenean, Carlos Cristobal alderdi gizona baita izatez.


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude