argia.eus
INPRIMATU
KOSOVO EUSKAL HERRITIK IKUSIA
Emilio Lopez Adan 'beltza' 2021eko uztailaren 19a
Kosovoko gerlak polemika handia sortu du Mendebaldean. Gehiago dena, galzorian zen «intelektual konprometituen» espeziea berpiztu du. Etorri handiko ideiak plazaratzen ari dira, eta idazleen arteko joka-partida ozenak eskaintzen dizkigu. Euskal Herrian berriz, iritzi artikulu batzuk eta Asiskoren marrazkia ageri badira ere, ez da horrelako eztabaida bizirik izan. Zerbaitek apaltzen gaitu.
Gure lehen bihotz taupada kosovotarren aldekoa da: herri berezia da, bere autonomiaz bortizki desjabetua; independentzia nahi du eta estatu handiago batek ukatzen dio. Hemengo abertzaleen sinpatia dauka, derrigor. Baina gero, atzetik, NATO heldu da, arazoan sartu eta Serbia bonbardatu. Bonbardaketak yankeen manu pean egiten dira, eta Espainiak eta Frantziak eta Europa osoko estatuek ematen diete sostengua... Elikatu gaituen ideologia ezkertiarrak kondenatzen ditu NATOren interbentzioak.

EGIA BAT
bakarra ez dela eta errealitatea nahasia delako, bakoitzari bereko deklarazioak asmatu dira: «NATO fuera eta Kosovok autodeterminazioa!». Ongi. Ados, lagunak, baina, zinez, nork eta nola behartuko du Serbia kosovotarren eskubideak errespetatzera? Kanpoko interbenziorik gabe onartuko dio Serbiak Kosovori autodeterminatzeko askatasuna? Serbiar nazionalismoak frogak eman ditu eta, azken hamar urtetako politika ikusita, jai dute kosovotarrek beren eskubideak indarrez bermatzen ez badira.
Zeri begira gaude? Kosovo eta Serbiaren arteko konfliktoari bada, interbentzioen aurka egoteko, edo estatuak bere mugen barnean nahi duena egiteko eskubidea onartu behar da, edo bakezale elbarritua izan behar. Kosovotarren eskubideak babesteko, interbentzio militar handiago eta sakonagoa beharko da. Segur asko, kanpotik etorritako edozein laguntza militar egokik gerrilleroak armatuko balitu eta Kosovoko independentzia onartuko, ez litzateke atzerritarren desenbarku zapaltzailea, baizik eta aliatuen laguntza preziatua. Garaitzeko posibilitateekin. Eta, nork egin dezake horrelako espediziorik? Ez Txina urrunak hain segur, mugen barnean nahi dena egiteko eskubidea defendatzen duen estatu zentralista, Tibet edo Sin-Kiang direla «separatismoa»ren etsai gorria. Errusiak? Oraindik fresko freskoa dugu Txetxeniaren gomuta; gainera, balizko borondatea balu indar nahiko izango luke?

INTERBENITZEKOTAN
eta gauzak diren bezala, NATO eta ONU baizik ez zaizkigu geratzen. Dituzten interes geo-politikoak ilunak dira; gainera, estrategia desegokia eta bonbardaketa erdi-itsuak arbuiagarriak dira. Berriz, Serbiako nazionalismo inperialistaren aurka Kosovoko herriaren eskubideak indarraz bermatzea, helburu zuzena da. Herri txiki bateko abertzale gisa beste herri txiki bati atxikimendua erakutsi nahi badiogu, ideologikoki arbuiatzen dugun egitura militarraren garaipena desiratu beharko genuke. Eskizofrenia zerbait, ezta?
Azken urteetako aldakuntza geo-politikoek nahikoa desfasatuta harrapatu gaituzte. Kapitalismoa beti kapitalista, baina orain Europan eta Ameriketan demokrazia aukeratu du sistema komenigarriena bezala; gure metropolietan, tiranoak laguntzeko garaiak igaro dira, agian luzaz. Bestalde, bloke sozialista pikutara joan da, ekonomian kapitalismoa onartu du eta marxismo-leninismo bihurtu da diktadura politiko hutsaren estakuru. «Nazional-komunismo»aren nostalgia oso aholkulari txarra da. Nik uste, txikiaren alde egoteko erreflexu naturala ideologia baino balore luze eta iraunkorragoa da. Arazoak sortzen badizkigu ere