MENDIZALEEN DIAMANTEZKO KORDADA


2021eko uztailaren 27an
Elgeta izan da Euskal Mendizale Federakundearen diamantezko ezteiak ospatzeko hautatutako herria. Ez da kasualitatea, herri hau izan baitzen duela 75 urte Federación Vasco-Navarra de Alpinismoren sorreraren lekuko. Mendebaldeko hiru herrialdeen erdigune izateak eman zion pribilegio hori, eta hori izan dute gogoan antolatzaileek aurten, duela 25 eta 50 urte bezalatsu.
«Anaiarteko Eguna» izango da igandean Elgetan, «Goazen Mendirik Mendi» egitarauari amaiera emango dion festa. Hauxe izan zen iragan abenduaren 20an 75. urteurreneko ekitaldien abiapuntu; Aralarreko santutegian bost makilak bedeinkatu zituzten eta urtarrilaren 31etik aurrera, asteburuz asteburu eta mendiz mendi (15 astetan, 75 gailur), talde batek besteari pasa dio makila. Azken makil-trukea iragan asteburuan izan da, Palomares (Araba), Odoriaga (Bizkaia), Txindoki (Gipuzkoa), Auñamendi (Iparralde) eta Hiru Errege Mahaian (Nafarroa).
Bost makilok igandean elkartuko dira berriro. Lau ibilbide desberdin egingo dute, guztiek Elgeta izanik helmuga. Arabako Gurutz Urdiña mendi taldeak Arrasatetik eramango du berea, Ipar Euskal Herriko Xogori taldeak eta Nafarroako Oberenak Bergaratik, Gipuzkoako C.D. Eibarrek Eibar bertatik eta Bizkaiko Bilbao Alpinok berriz, Elorrio izango du irteerapuntu. Asentzion bilduko dira mendigoizale guztiak, 11:30tan meza entzun ahal izateko. Ondoren Elgetako Mendizaleen Plazara abiatuko dira, udal agintarien harrera jaso, eta segidan bost makilen entrega egingo da. Oroimenezko plaka inauguratu ostean, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek hartuko dute hitza. Dantzari eta trikitilariek festa girotuko dute eta arratsaldeko ordubiak pasatxotan, Anaiarteko bazkaria izango da frontoian. Honen ondotik, eta jaia amaitzeko, erromeria.


BESTE MAKINA BAT EKITALDI.

Ospakizun nagusi honen aurretik eta ondoren ere izan eta izango da beste hamaika ekitaldi urte osoan zehar. Iragan otsailaren 6an, esaterako, Euskal Mendizaletasunaren III. Gala burutu zen inauguratzear zen Euskalduna Jauregian. Bertan, besteak beste, Euskal Mendizale Federakundearen sariak banatu ziren. Andoni Arizaga, Josetxo Rodríguez, Gerardo Telletxea eta Martin Zabaleta (1988ko otsailaren 18an «Antxon eta Gaizka» pasabidea ireki zuten Painen), Leire Agirre (1998ko Espainiako eskalada txapelduna), Antxon Iturriza (23 urtetan zehar eginiko dibulgazio lanagatik) eta Sabadellgo Servei General d'Informació de Muntanya (euskal mendizale askok erabili ditu bere zerbitzuak irtenaldiak antolatzeko) izan ziren sarituak.
Martxoan burututako mendiko berriemale eta informatzaileen III. Batzarra, pasa den asteburuan Eibarko Klub Deportiboak antolatutako haurrentzako ibilaldia, 75 urte hauetan euskal mendizaletasuna zer izan den biltzen duen erakusketa mugikorra, Euskal Herri osoko, eta belaunaldi ezberdinetako, eskalatzaileen bilkura (Atxarten), GR 12 Euskal Herriko xenda edo bidearen aurkezpena, urrian izango diren senderismoari buruzko jardunaldiak eta beteranoen martxa, urria eta azarorako aurreikusita dauden mendiko segurtasun eta osasunari buruzko eztabaidak, eta irailaren 19an mendian hil direnen omenez antolatutako Besaideko Eguna dira beste ekitaldi esanguratsuenetako batzuk. Honekin batera, ezin ahaztu, igande honetako festa handian aurkezteko asmoa dagoen liburua ere. Euskal mendizaletasunaren historia bilduko duen liburu honek formato handia, 300 bat orrialde eta 3.000 ale inguruko edizioa izango du.


75 URTEKO IBILBIDEA.

Garrantzi handia izan du Elgetak euskal mendizaletasunaren historian. Irudi luke mendi batek behar lukeela hain urteurren esanguratsuren ospaleku, baina Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan dagoen herri hau bilakatu da enblematikoen. Sorrera bertan izan zuen, 1924an; urtebetera omenaldia egin zion herriak federakundeari, eta bi urte beranduago han burutu zen II. batzarra ere. 1926 horretan bertan deliberatu zuen udalak herriko plazari «Plaza del Alpinismo» izena paratzea. Gerra aurreko azken batzarra (1936ko apirilean) ere bertan egin zen, baita zilar (1949ko maiatzaren 22an) eta urrezko (1974ko maiatzaren 19an) ezteien ospakizunak ere. 1978ko abuztuaren lehenean udalak hartutako erabakiaren arabera, «Mendizaleen Plaza» da egun.
Federakundearen sorrerak ordurarte maila lokalean aritutako hainbat mendi talderen antolakuntza ahalbidetu zuen. Hauen kirol interesak bultzatu eta kudeatzeko helburuz jaio zen; hala zioen erakunde berria garatzeko egin araudiaren lehen artikuluak: «

Hiru Probintzia Vascongadoetako eta Nafarroako mendi eta txangozaletasun elkarteen gaindi dagoen erakunde amankomuna da, lurralde honetan mendi eta txangozaletasunarekin harremana duten interes orokorreko kontu guztiak kudeatu eta antolatuko dituena
». Federación Vasco-Navarra de Alpinismo bezala sortu zenak, 1930ean Federación Vasca de Alpinismo, 70eko hamarkadan Euskal Herriko Mendizale Elkargoa, eta 80ko hamarkadan egun duen Euskal Mendizale Federakundea izena jaso zuen.
Ez da sorreran sinatu zuten taldeen zerrenda zehatzik, baina bi urteren buruan, II. Batzarra burutu zenean, 69 ziren jada federakundeari atxikitako mendi taldeak. Gaur egun horietako bostek baino ez dute mendiarekin lotutako ekintzarik antolatzen: C.D. Bilbao, Baskonia, Bilbao Alpino Club, C.D. Eibar eta C.D. Fortunak. Alabaina, federakundearen baitan dauden talde eta bazkideak ugalduz joan dira eta egun 240 eta 22.000 daude, hurrenez hurren, berari atxikiak.
1926ko urte hura oparoa izan zen, inondik ere. Lehen mendi txapelketak antolatu ziren, 100 gailur egitea lortu zuten mendigoizaleak ere baziren (beren jardueragatik omenaldia jaso zuen hainbatek II. Batzar horretan), eta hiruhilero karrikaratzen den «Pyrenaica» agerkaria sortu zen. Gaur lehendakari den Paco Iriondok aldizkari honen garrantzia azpimarratzen du, duela hamar bat urte koloretan argitaratzea lortu izana nabarmentzen duen eran: «

oraingoarekin alderatuta, lehengoak orrialde erdiak-edo izango zituen, baina hori sortzea oso garrantzitsua izan zen, egiten ziren gauzez informatzeko...
».
Aterpetxe ugari eraiki zen gerra aurreko urte horietan, baina krisiak ere harrapatu zuen federakundea; horren adierazgarri da 36ko biltzarreko deialdiak izan zuen erantzuna. Hilabete gutxira gerra abiatuko zen eta Elgetak mendizaletasunarekin zuen lotura errotik etengo zen; Plaza del Alpinismo, Plaza de España bilakatu zen. Federakundea bera ere Espainiako Federazioaren delegazio bihurtu zen.
Frankismoaren lehen 25 urteetan ez zen aparteko ekintzarik izan, baina Paco Iriondok gogoan du 1953an Mont Blancera antolatutako lehen espedizioa –«

orduan frantsesak Annapurnara joaten ziren
»–. Espedizio horren aurretik, Juan San Martin idazle, euskaltzain eta eskaladan aitzindarietakoa izan zena, egona zen Mont Blancen: «

Bi aldiz igo dut; bigarrenean, orduan emaztegai eta orain emazte dudanarekin igo nuen. Cervino, Diente del Gigante eta Chamonixeko zenbait orratz ere igo nituen
».
San Martin berak umorez dakartza gogora eskaladan hasi zireneko urte haiek: «

Behin, lau lagun eskalatzen eta beste bost bat begira geundela, lau hauek larri agertu ziren. Haiek larri ikusirik, gu ere larritu egin ginen eta ni, pentsatu gabe, paretan gora sartu nintzen, ez soka, ez ezer; goraino igo nuen eta lagundu egin nien. Miguel Etxeberria eta biok atera genuen taldea gora. `Nola egin duzu hau? Ez duzu bertigorik sentitu?' galdetu zidaten, eta nik, `Bada, ez'. Niretzat deskubrimentu bat izan zen
». Berrikuntza hau Eibarko Klub Deportiboko zaharrenek zer-nola hartu zuten ere kontatu digu: «

Zaharrek ez zuten ondo ikusten gure jokabidea; arriskutsua zela, deskuidoren bat edukitzen bagenuen, klubarentzat erantzukizun handia izango zela... Federaziokoak hori ere bazekiten, baina animatu egiten gintuzten
».
Pirinioetako zeinbat pasabide eurek ireki zituzten, ez du horratik Juan San Martinek mendizaletasuna lehiaketari lotua behin ere ikusi. Honen haritik, Eibarko Klub Deportiboko ohorezko lehendakari zen Julián Guimóni txikitan irakurritako artikulu bat dugu gogoan: «

Hark esaten zuen osasunarentzat kirolik egokiena mendizaletasuna zela. Batetik, bakoitzak bere neurriaren arabera egin zezakeelako, eta bestetik naturarekiko harreman hori eta oxigenazioa oso ondo zetoztelako. Bera ez zen konpetizioko kirolaren aldekoa. Mendizaletasunak haurtzarotik zahartzarora ibili ahal izateko ahalmena zuela zioen. Hori beti izan dut gogoan
».
1967an Peruko Andeetara espedizioa antolatu zuen Federakundeak. Bertara joandako mendizaleek, ordea, larrutik ordaindu behar izan zuten han ikurriña erakutsi izana. Preso sartu zituzten, bai haiek, bai federakundeko delegatua ere. Protesta gisa, federakundeak bazkideen karnetak itzuli zituen.


HIMALAYISMOA.

Gauzak laster bueltatu ziren bere onera. Ordurako euskal mendizaletasuna bere Himalayarako lehen esperientziarako prestatzen ari zen, nora eta Everest bertara, munduko gailurrik altuenera, igotzeko. Cegasa etxeak ekonomikoki sustengatuta, «Tximist» espedizioak, Juan Ignacio Llorente buru zuela, Everesteko gaina hurre izan zuen. Ez zuen baina, lortzerik izan. Sei urteren buruan erdietsiko zenaren lehen abisua izan zen. 1980ko maiatzaren 14an Martin Zabaleta eta Pasang Temba sherpak gailurra iritsi zuten, espedizio guztiaren erronka errealitate bihurtuz. Argazki hark, Zabaleta ikurriñarekin batera, Euskal Herria hunkitu zuen.
Aurretik lehen `zazpimilakoa' (Shakhaur) eta `zortzimilakoa' (Dhaulagiri) erdietsi ziren, baina mugarri honen ondotik etorri zen himalayismoaren eztanda. Hamaika espedizio antolatu da orduz geroztik Himalayara. Eta orduz geroztik ezagutu ditugu Alberto eta Felix Iñurrategi, Juanito Oiartzabal, Kike de Pablo, Juanjo San Sebastian eta beste hainbaten balentriak, bidean hil direnak ahaztu barik. «

Duela 25 urte ez zen ezagutzen mundu mailan euskal mendizaletasuna. Orduz geroztik, mundu osoan hitz egiten da gure espedizioez, eskaladaz... Honek ematen didan poza... Munduaz hitz egiten ari gara, mundu osoan gara ezagunak
» dio Paco Iriondo Euskal Mendizale Federakundeko lehendakariak.
Berriki, apirilaren 29an, Juanito Oiartzabalek, Juan Vallejorekin batera, bere hamalaugarren `zortzimilakoa' lortu du, eta hau, 74ko Everesterako lehen espedizioa bezala (urrezko ezteiak), urteurren esanguratsuarekin batera gertatu da. Hala eskatu zion Paco Iriondo berak Juanito Oiartzabali: «

Nik Juanitori esan nion ez zela gauza zatarra izango diamantezko ezteiekin batera gertatzea, historikoa izango zelako, eta ea atzera zezakeen. Berak, badakizu nolakoa den, `ya me estás jodiendo...', baina ondo hartu zuen, eta azkenean lortu du
»


Azkenak
2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


2024-10-18 | Hala Bedi
Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Gasteizen Araba Bizirik!-ek, urriaren 26rako

“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


Eguneraketa berriak daude