Arabako hiriburua Zabalganarantz (mendebalderantz) eta Salburuarantz (ekialderantz)zabalduz haziko da. Iparrean, (Lakua, Lakuabizkarra eta Ibaiondo) eta Hegoan hiria handitzeko aukerak agortu dira, azken urteotako etxebizitzak eraikitzeko proiektuak inguru horietara zuzendu baitira.
Gasteizko Udalak Zabalgana eta Salburuako lur eremu oso zabala erosi nahi du, 2,5 milioi metro karratu Zabalganan eta 3,7, Salburuan. Estatuko Udal batek inoiz munizipalizaturiko lur eremurik handiena izango da.
Hitzarmen horren lehendabiziko urratsak 1996. urtearen bukaeran eman ziren. Udal arduradunek diotenaren arabera, hil honetan onarturik egongo da eta lehendabiziko etxeak urte honen bukaeran edo hurrengoaren hasieran eraikitzen hasiko dira.
Udalari, 6,2 milioi metro karratu horiek erosteak ez dio kosturik eragingo. Lur eremu horien %27 erakunde publikoena da eta gainontzekoa jabe partikularrei dagokie. Azken hauek euren lur eremua doan emango diote udalari etxebizitza libreak eraikitzeko eskubidearen truke.
Etxebizitzen %70 babestuak izango dira
Salburuan eta Zabalganan 22.000 etxebizitza eraiki nahi ditu Gasteizko Udalak, egun dagoen eskaerari aurre egiteko. Horietan, Udalak eginiko kalkuluen arabera, 66.000 pertsona biziko dira. Etxebizitzen %70 babestuak izango lirateke (%20 salgai edo alokatzeko etxe sozialak, %40 erdi mailan babestuak eta %10 maila altuan) eta gainontzekoak libreak.
Lur eremu horien urbanizazio eta ekipamendu gastuak Gasteizko Udalak eta jabe partikularrek erdibana ordainduko dituzte. Honenbestez, zenbait urrats eman da udalarenak diren lur eremuetan 6.000 etxebizitza egiteko.
Udalak etxebizitzaren atalean beste zenbait ekintza burutu nahi ditu. 32 poligonoan ekimen pribatuaren esku utziko lituzkeen 192 etxebizitza babespeko eraikitzeko adjudikazioari ekingo dio. Vital Kutxak bestalde, erdi mailan eta maila altuan babesturiko 840 etxe bultzatu nahi ditu Lakuabizkarra 4n eta ekimen pribatuak berriz, babes ofizialeko 27 eraikiko ditu Castilla Sur-en
Etxebizitzaren inguruko zenbait datu
Azken erroldaren arabera, Gasteizek 218.629 bizilagun eta 73.865 etxebizitza ditu eta beraz, etxe bakoitzeko, batez beste,2,97 pertsona bizi dira.
Udalak agindutako ikerketa baten arabera, 14.218 etxeetan pertsona bakarra bizi da. 33.835 etxebizitza bi edo hiru pertsonak betetzen dituzte eta 25.812 lau pertsonatik gorako familiek.
Ikerketa horretan Arabako hiriburuan 1.500 etxebizitza inguru hutsik daude azaltzen zen.
Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko iaz 4.400 eskari zituen Udalak. Horietarik 3.000 pertsona bakarreko unitate familiarrkoak ziren, 900 bi pertsonako unitatekoak eta 475 hiru kidetik gorako familiaki.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Egitasmo Nagusiak-Etxebidek 1996-99 urteetako Gasteizerako 5.624 etxebizitzaren eraikuntza ezartzen zuen helburutzat, 3.515 libreak eta gainontzekoak babestuak. Orain arte aurreikusitakoaren %75 egin da.