"AMODIO EZA IZAN DAITEKE LIBURUAREN ARDATZA"


2021eko uztailaren 21ean
H

amaika ipuin bildu dituzu liburuan, eta denek amodioa dute hizpide; egia esan, apika zuzenagoa litzateke hizpide duzuna amodioa beharrean bikote-harremana dela esatea...
Bai; egia esan, liburuaren ardatza ez da amodioa, gehiago da bikote-harremana, eta, horrekin batera, amodioaren ostean geratzen diren errautsetatik ateratako zenbait gauza: zeloak, bikoteen arteko harremanetan agertu ohi den monotonia, perbertsio batzuk ere bai... Hortaz, amodioa baino gehiago, amodio eza izan daiteke liburuaren ardatza.

Zelakoa izaten da oro har zure ipuin baten sorrera-prozesua?
Ipuin batzuk pertsonaietatik tira eginez sortu nituen; hau da, pertsona bat hartzen nuen kaletik eta gero, idazterakoan, gogora ekartzen nuen, eta baita egoera jakin batean jarri ere. Demagun, esaterako, hondartzako

txuloa
hartzen dudala. Bada, egoera zehatz batean irudikatzen nuen tipo hori, eta gero zera imajinatzen saiatzen nintzen: ea zer egingo lukeen tipo horrek egoera horretan. Hortik tira eginez ateratzen nuen ipuina. Beste batzuk, aldiz, gehiago dira aldez aurretik planifikatutako ipuinak. Eskultorearen ipuinaren kasuan, esate baterako, kaletik nindoala etorri zitzaidan ideia burura; orduan, poltsikoan beti eramaten ditudan paperetako bat atera eta ideia apuntatu nuen: jeloskorkeria, eskultura bat... Etxera bueltan, eskema gauzatu eta ipuina egin nuen. Beraz, hasi baino lehen amaiera ondo pentsatuta zegoen, dena ondo planifikatuta. Beste batzuetan, berriz, hasi eta ez dut jakiten zelan amaituko diren. Hortaz, liburuan bi ipuin-mota desberdin daude sorrera-prozesuari erreparatuz gero.

Perspektiba kontuetara etorrita, bi ikuspuntu baliatzen dituzu batik bat: batetik, iraganeko jazoerak kontagai dituen hirugarren pertsona; bestetik, lehenengo pertsona. Noiz hautatzen duzu bat eta noiz bestea?
Beharbada ez duzu aldez aurretik hautu kontziente bat egiten, baina gero, jada ipuina idatzia dagoenean, gogoetan hasten zara:

«Zergatik egin dut hau lehenengo pertsonan? Zergatik beste hau hirugarrenean?»
. Orduan konturatzen zara pertsonaiarik zail edota identifikagaitzenak lehenengo pertsonan neureganatu ditudala. Nik uste erronka bat izan dela niretzat; hau da: pertsonaia horien psikologiak aztertu nahi izan ditut, eta horretarako sakon sartu nahi izan dut pertsonaia horietan, ondorio guztiekin, eta horretarako lehenengo pertsona erabili dut. Gero, gauza arinagoak, barregarriagoak izan direnean, edota ipuinetan pertsonaiak ez baizik eta istorioa bera denean protagonista nagusi, nahiago izan dut hirugarren pertsona. Nolanahi dela, horiek denak ipuinak idatzi ondorengo hausnarketak dira.

Gehien-gehienetan ipuinetan suspentsea bermatuko duen elementuren bat tartekatzen saiatzen zara, amaieran ipuinei ustekaberen batekin errematea jarrita...
Nire ustez ipuin on batek izan behar duen ezaugarrietariko bat ustekabeko amaiera da. Oso gogoan izan dut hori ipuin bat idatzi dudan bakoitzean.

Matxismoa (edota gizon estereotipo jakin bat, nahi bada) gogor kritikatzen duzu zenbait ipuinetan, ironia baliatuta.
Salaketa batzuk egin ditut, nahiz eta beharbada oso modu kontzientean egin ez. Izan ere, nik ez dut aldez aurretik planik egiten, ez dut esaten

«honen kontra idatziko dut»
, ez, baina noski, nire ideiak hor daude, buruan, eta liburuetan jartzen dugun guztia burutik ateratzen da.

Bikote-harremanen oso irudi gatazkatsua eskaintzen duzu ipuinetan...
Ez dut uste bikote-harremanen irudi ezkorra daukadanik; nik ipuinetan jarri ditudanak gertatu egiten dira, baina kontrako adibideak ere badaude. Hala ere, bikote-harremanen alde ilunak joko literario gehiago ematen zidan alde arrosak baino. Alde hori ez zitzaidan interesatzen.

Kontakizunei umore beltza darie...
Niretzat ironia baliabide literario bezala erabiltzen hastea aurkikuntza bat izan da, eta ondo funtzionatzen duela egiaztatu ahal izan dut. Ezaugarri hori liburu osoan zehar aurki daiteke, maila desberdinetan izan arren. Badago ironia arina, barrea eragiten duena, eta badago halaber ironia gogorrago bat. Umorearekin ia-ia gauza bera gertatzen da (ironia eta umorea paraleloki doazelako, besteak beste).

Sexua da ipuinetan ageri den beste konstanteetako bat.
Bikote-harremanak ukitzen direnean logikoa da sexua ukitzea. Hor bai egon zela egitasmo kontziente bat nire aldetik: euskal literaturan ia ez da jorratu sexua. Azken urteetako kontua da, eta oraindik ez dugu asmatu horretan. Horregatik, niretzat sexua modu sinesgarri batean tratatzea gainditu beharreko erronka izan zen; ezen (orain arte behintzat) sexua ukitu denean pasarte horrek atera egiten zintuen narraziotik, ez zegoelako ondo idatzia, artifizial samarra geratzen zelako. Hori ikusita, zera pentsatu nuen:

«Idazten ari garenok ahalegin bat egin behar dugu sexuaren kontua onik atera dadin»
. Gai hori modu naturalean tratatzen saiatu naiz.

Nobela bat idatzi zenuen lehenengo, eta ipuinak orain. Zein generotan zaude erosoago?
Uste dut nire idazteko moduagatik erosoago sentitu naizela ipuinetan, oso noizbehinka idazten dudalako. Ipuina hobeto egokitzen da erritmo horretara, eleberri batek egunero ordu asko lanean ematea eskatzen baitizu.

Bekak daude orain. Ez duzu bide hori probatu?
Nik ezagutzen ditudanak behintzat berri samarrak dira. Baliteke aukera hori aztertzeko modukoa izatea.

Lehiaketen bidea ere hor dago: batzuk alde daude, besteak kontra. Zu zeu, sari garrantzitsuak irabazitakoa izaki, ez zara nonbait kontra dagoenetakoa izango...
Ez, ez. Kontua da literatur lehiaketa batean zer ikusi nahi dugun; hau da, hori kultur politika dela pentsatzen badugu, noski, hori ez da aski, ez du ezertarako balio. Baina literatur lehiaketek badute balioa: batetik, idazle ezezagunei beren lanak ezagutarazten laguntzen diete; bestetik, soilik idaztera dedikatzen ez garenontzat epe batzuk markatzeko lagungarri dira. Izan ere, badugu beste lanbide bat, beste zeregin batzuk ere baditugu, ez gara idaztetik bizi, eta, hortaz, derrigortzen gaituen motibazio bat bilatu behar dugu. Bekena da alternatiba bat, baina Sarrionandia aurkezten bada, zer egingo dut nik? Horrez gain, literatura lehiaketa bidez neurtzerik badagoen? Non neurtzen da ordea behar bezala literatura? Gehien saltzen dena da ona? Kritikari batek ondo jartzen duena da ona eta txarto jartzen duena txarra? Lehiaketa batean behintzat –eta ez dut horrekin defendatzaile sutsua izan nahi– literaturan adituak diren hiruzpalau pertsona daude epaimahaian, eta zure ipuin edo eleberriak balio duela esaterakoan bat egiten badute, hori zure lana baliagarri den seinale da. Batzuetan esaten da –eta ni bat nator horrekin– irabazten duena ez dela agian onena, baina onenen artean egon badagoela. Berrogeigarrena, aldiz, ia-ia ziur txarra dela. Lehenengo lauretan daudenek, berriz, badute meritu bat. Gero, egia da lan sarituak askotan banketxeen biltegietan galtzen direla, edo ez direla editatzen, edota editatzen badira ere, kalitate txarrez eta zabalkunde murritzez... Hori bai bada arazoa.

Zer moduz ikusten duzu euskal letren mundua osasun aldetik?
Orain dela hogei urte zegoenarekin alderatzen badugu, zoragarria da. Logikoa ere bada: orain dela hogei urte lau oilo zeuden hor lumekin lau gauzatxo idazten, tradiziorik gabe. Imajina ezazu zer den hori. Hogei urte ez dira ezer tradizioan, baina tira, badugu salda bat behintzat, eta baita salda horretan mugitzeko aukera ere. Izugarri hobetu da kontua, bai, baina inguruko literaturekin alderatuta oraindik pobre gabiltza. Baina bagoaz aurrera eta hori da inportanteena, ez gaudela geldirik.

Gaur egun baduzu ezer esku artean?
Aspaldi hasitako eleberri-egitasmo bat daukat. Utzi, berreskuratu, aldatu, berriro hasi... denetarik egin dut berarekin. Ehundik gora orrialde izan ditut idatziak, baina asko eta asko baztertu egin ditut azken boladan, gaindituta daudela iruditzen zaidalako. Hasieran neukan asmoak ez du zerikusirik gaur egun daukadanarekin. Egitasmo hori behingoz gauzatzea da nire helburua: edo oraintxe argitaratzen dut edo zaramara botako dut


Azkenak
2025-01-07 | Julene Flamarique
Itxiera mehatxua gainean dutela itzuli dira lanera Ezkirotzeko BSHko langileak, ostiraleko bileraren zain

Abenduaren 16an iragarri zuen multinazionalak Nafarroako lantegiaren itxiera. Ekoizpenari “normaltasunez” ekitea eskatu die langileei Ezkirotzeko zuzendaritzak, baina sindikatuek “ezinezkotzat” jo dute. Lan Ministerioak bilera deitu du ostiralerako... [+]


Gazteen soldata %10 igo den bitartean, prezioak %31 garestitu dira 2010etik

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunen hileko batez bestekoak lehenbiziko aldiz gainditu du 1.500 euroko langa. 2010arekin alderatuta, ordea, 142 euro besterik ez da igo.


2025-01-07 | Leire Ibar
‘Behin betiko’ lelopean egingo du Sarek urtarrilaren 11n Bilboko manifestazio nazionala

Konponbide prozesuari eta etxeratze prozesuari behin betiko amaiera emateko aldarrikatuko dute, eta euskal preso behin betiko etxean nahi dituztela. Laguntza ekonomikoa jasotzeko Bizumkada Nazionala ekimena jarri dute martxan.


2025-01-07 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Baztango Batzar Nagusiak elkartasuna adierazi die Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.


Ultraeskuinari proposatu diote gobernua osatzeko Austrian, hesia ezarri ziezaioketen arren

Irailean egin ziren hauteskundeak eta aise nagusitu zen FPÖ alderdia, botoen ia %30 eskuratuta. Bazen aukera ultraeskuinari hesia ipintzeko, baina ez dira ados ipini demokristauak eta sozialdemokratak.


Laborantza bozen usaina

Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz... [+]


2025-01-07 | Jon Torner Zabala
Autobus zerbitzua zabaldu dute Ipar Euskal Herrian, mugikortasuna hobetzea helburu

Urtarrilaren 6az geroztik autobus linea berriak daude Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Halaber, zerbitzuen maiztasuna ere hobetu da, Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak eta RATP konpainiak elkarlanean bultzatutako egitasmoari esker. Bestetik, 12 urtez... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Barakaldoko hilketa matxista salatzeko asteartean mobilizazioak antolatu dituzte

84 urteko andrea erail zuen bere semeak urtarrilaren 3an euren etxebizitzan. Kolpeka hil zuela azaldu dute zenbait iturrik. Astearte arratsaldean egingo dira elkarretaratzeak Barakaldon eta Euskal Herriko lau hiriburutan.


2025-01-07 | Gedar
Beste eraso arrazista bat Miarritzen

 Uber gidari batek jasan zuen erasoa: bortizki jo eta irain arrazistak egin zizkion bezero gazte batek. Baionan eta Arrigorriagan ere izan dira eraso arrazistak berriki.


2025-01-07 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Itsasontzigintzaren itzal luzea ageri da Hego Koreako krisian

Hego Koreako krisia autoktonoa ala inportatua ote zen galdetzen nion neure buruari duela hilabete hura sutu zenean. Baretu ez baizik mindu egin denez auzia, batere argi ez dudan erantzunaren bila jarraitu beharko dugu. Geografikoki urrutiko kontua bada ere, oso gertuko ondorioak... [+]


Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


Eguneraketa berriak daude