"MUSIKA ZUZENEAN IRISTEN DA ARIMARA, GALBAHERIK GABE"


2021eko uztailaren 19an
Z

ein izan da zure ibilbidea musika konposagile gisa? Musika klasikatik etorrita, nolatan espezializatu zara filmen soinu bandatan?
Zinemarekin tartekatzen badut ere, guztiaren gainetik, ni musika konposagilea naiz. Duela gutxi nire 6. sinfonia bukatu dut. Kontserbatorioko klaseen osagarri gisa edo, Imanol Urbietarekin hasi nintzen kantatzen. Gero pianoan Arangurenekin. Ondoren Francisco Escudero maisuarekin. Atzerrian ere hainbat egonaldi egin nuen, Italian, Parisen, elektroakustika ikasten. Bueltatzean, Antzertin sartu nintzen klaseak emateko. Kontua da «Las Troyanas»erako Euskadiko Orkestrarekin pieza bat grabatu genuela. Halako batean, entseatzen ari ginela Montxo Armendariz aktore bila agertu zen «Tasio» egiteko. Musika entzun zuenean, ea norena zen galdegin zuen; horrela ezagutu genuen elkar. Kerejeta etorri zen gero. Beraz, zinera heldu baino lehen, antzerki dexente egina nuen.

Zure lehen soinu banda «Tasio» filmerako izanik, nola ekin zenion sortze prozesuari?
Egia esanda, segituan ikusi nuen doinu nagusia. Orduan, garai berezi batean nenbilen, eta aise bururatu zitzaidan melodia; batere harmoniarik gabekoa, akorde menor-a erabilita. Gorabehera batzuk baditu ere, oso xinplea da. Tasioren izaera garbia, aratza, adierazi nahi izan nuen.

Film baterako musika nola konposatzen duzu, aurretik gidoia irakurrita, edo behin irudiak ikusgai dituzula?
Hori prozesu luzeagoa izaten da. Lehenbizi, gidoia irakurri, horrekin istorioa irudikatzen baituzu. Dena den, ez da nahikoa zirriborroak egitea; beharrezkoa izaten da zertxobait aurreratzea. Hurrengo urratsa filmaketaren zati bat ikustea izaten da, «kopioia» deitzen zaiona. Behin azken bertsioa muntaturik dagoela, neurri guztiak hartu behar dituzu, dena taxutu osotasun hori lortu arte.

Zenbaterainoko askatasuna eman ohi dizute zuzendariek?
Askatasuna beti edukitzen da, baina asko hitz egin behar duzu, nolako filma nahi dugun nondik nora goazen jakiteko. Ezin zaitezke molde horretatik atera eta abarretatik joan. Zuzendaria kapitaina den aldetik, kontzeptu intimista nahi badu, ba, denentzako norabide hori agindu behar du. Hori garbi bideratuz gero, ez da arazorik egoten.

Egungo film ospetsuenen soinu bandak Euskal Herriko konposagileek eginak dira; zu zeu, Alberto Iglesias, Bingen Mendizabal, Eva Gancedo... Kasualitate hutsa da ala zerbaiten seinale da hori?
Produktore batek duela gutxi esan zidan, ezagunenak euskaldunak zarete eta! Adituek diotenez, hemengo konfliktoak eraginda gara hain bereziak. Baina ni ez nago ados; euskaldunok beti izan gara xelebreak, bai borrokarako, baita musikarako ere; horra hor gure tradizio musikala. Herri bezala bizirik gaude; orain gu biok euskaraz ari gara, ba, zerbaiten seinale da hori, ezta? Garai batean, kalean edo tabernetan kantatu eta dantzatzen jardutea oso normala zen. Nahiz eta kantatzearen kontua orain pixka bat galdu egin den, izpiritu hori oraindik bizirik dago.

Zer da musika zuretzat?
Nik arimarentzat egiten dut musika. 50eko hamarkadako abangoardiakoek musika intelektualizatu egin zuten. Musikarekin asko esperimentatu da, beharrezkoa da hori. Hala ere, arte historian zehar, benetan merezi duen abangoardia beti azkar asimilatu izan da. Ildo horretan nik iturri klasikoetatik edan dut. Hain zuzen, niretzat, musika, arte abstraktoa izan arren, arimara berera doa zuzenean. Zentzuen hizkuntza da, ikustezina izanda ere, entzumenaren bidez barrunberaino iristen dena. Inolako galbaherik gabe, gainera. Konparazioa atera, liburu edo olerki bat irakurtzen ari garela, informazioa adimenetik pasatzen zaigu gure sentimenduetara iristeko. Beraz, ulertu ahal izateko eta gugan eragina izango badu, nahitaez adimena behar dugu bitartekari. Musika aldiz, trabarik gabe gureganatzen dugu.

Zure irudiko, zein egiteko du musikak film batean, erritmoa markatu, emozioak areagotu?
Niretzako musikak filmaren arnasa izan behar du, tenpoa, istorioaren pultsua, atmosfera, girotzen duena azken batean; asko begiratzen diot horri. Bi musika mota ditu film batek, doinu nagusia batetik eta une dramatikoak bestetik. Nola gauzarik abstraktoena den, aberastu egin behar duzu, beti une dramatikoaren arabera, amodio, barre, tristura edo tentsio momentuetan, ahal den gehien aberastu.

Musikaren ahalmena emozioa, zirrara hori adierazteko hor egonda ere, zer deritzozu musikarik gabeko film bati?
Film batek, berez, ez dauka musikaren beharrik. Zeharo errespetagarria da hori. Baina behin musika sartuz gero, beste edozein disziplina bezala sartu behar da filmaren baitan. Ez dezagun ahaztu, zinea musikarekin batera hasi zela, zinea mutua zenean. Hainbat elementu dago: antzezlana, argazkia, dekorazioa eta musika. Batzuek filmen musika txaketaren barrukoa bezalakoa izatea nahi dute, oso atzean egon dadila, ez diezaiola istorioari itzalik egin. Nire ustez ordea, filman zehar, momentu jakin batean behintzat, argazkia eta musikak aktoreek adinako protagonismoa eskuratu behar lukete.

Azken aldian, filmen soinu bandak, ia marginalak izatetik, beste edozein genero adina saltzera pasa dira, nahiz eta makina bat garaiko kanta arrakastatsuenekin bakarrik osatu. Zer iritzi duzu horretaz?
Egia da elementu komertzialek agintzen dutela, baina errebotez bada ere, guretzako mesedegarria da soinu bandak modan egotea. Almodovarrek asko egiten du hori. Film piloa estreinatu aurretik, soinu bandak jadanik salgai dira. Dena den, betikoa gerta daiteke, hau da, kristoren musika egin arren, filmak arrakastarik ez lortzea. Beraz, garrantzitsuena filmak banaketa eta harrera ona edukitzea da.

Ze generotan sentitu zara erosoen?
Sentimendua duten istorioak dira gehien erakartzen nautenak, nolabaiteko sakontasuna dutenak, joku gehiago ematen dizute eta. Komediak ere maite ditut, denetarik egitea da dibertigarriena. Beldurrezko filmarik egin gabe ere, istorioaren haria jarraituz, tentsiozko eszenak beti egiten dira. Bestalde, musika arloan, estilo sinfonikoa da ondoen sentitzen naizen generoa, libreena baita; orkestra bat hartu eta zure erara moldatu. Zentzu horretan, Mozart eta Beethovenek sinfonia luzatu eta aberastu egin zutenez, beraiei zor diogu hori.

Txillidak berriki zioen berak beti ez dakienari heltzen diola, horrela ikasten duelako. Zuk ere antzeko zerbait egiten al duzu inspirazioaren bilaketa horretan?
Bai, horixe! Sormenean ere ikertu beharra dago, mundu ezezagunak zeharkatu; bestela aurreko lana errepikatzen duzu. Inspirazioa egon badago, momentu berezi hori, baina lanean sortzen zaizu. Egun batzuk hobeak izaten dira, nire kasuan hego haizeak jotzen badu. Dena den, lanean irekitzen dira zirrikitu guztiak. Ura lur azpian aurkitzea bezalakoa da. Nahiz eta aurkitu, nola iritsi horraino eta nola ekarri azalera; hor dago koxka. Lanean nagoela, nik ez dut erretzen edo edaten; argi naturala behar dut. Goizean bost ordu sartzen ditut. Arratsaldean berriz, beti egoten da zerbait, paseatu ideiak errepasatzeko eta, ez pentsa, gauza ugari zuzentzen dira egurastera ateraz gero.

Zein duzu musika tresnarik gogokoena?
Pianoa dut lan tresna kuttunena, oso polifonikoa eta aberatsa delako. Gitarra ere jotzen dut, baina parrandetan gehienbat. Biolina, nahiz eta orkestra batean garrantzitsuena izan, lan egiteko ez da hain erosoa.

Zergatik egiten dira hain soinu banda gutxi bizpahiru instrumentu bakarrik erabilita?
Egin daiteke, instrumentu bakar batek indar handia izan baitezake; begirada sakon batek bezainbeste. Baina normalean zuzendariek ez dute ahotsik sartzerik nahi, presentzia handiegia hartzen duelako, irudien kalterako; beste hainbeste gertatzen da musika tresna gutxi sartuz gero. Morriconek emakumezkoen ahots mordoska sartzen ditu, baina salbuespena da.

Zine munduan norekin egin nahi zenuke lan?
Adibidez, Victor Ericerekin. Hain lan gutxi egiten ditu; orain bere laugarrena ari omen da prestatzen. Fernando Leonekin ere nahi nuke lan egin. Honi ere Elias Kerejetak eman zion «Familia» egiteko aukera. Ongi moldatzen naiz Eliasekin, izen berriekin beti arriskatu egiten delako, gainera kalitatearen labela dute bere filmek.

Zeintzuk dira esku artean dituzun proiektuak?
Orain, ganbara opera bat burutzen ari naiz; ekain aldera bukatuko dut. Udan berriz, Joxean Muñozen «Karramarroaren irla» marrazki bizidunetako filma Euskadiko Orkestrarekin musikatzeari ekingo diot. Oso istorio polita da. Gero, beste proiektu bat dago, baina sinatu arte, badakizu. Gracia Kerejetaren «Cuando vuelvas a mi lado» azken filmaren soinu banda ere egin dut. Donostiako Zinemaldian ikusgai izango dela espero dugu. Toronton publikoaren saria lortu zuen «Lluvia en los zapatos» Maria Ripollena egin nuen iaz. Dozena bat gidoi ere baditut hor apalean, baina badakizu, istorio politak badira ere, martxan jartzeko askotan luze itxoin behar da sosa lortu arte

MONTXO ARMENDARIZ
«Pultsu lasaieko gizona, zinema intimista eta beroa egiten duena»

ELIAS KEREJETA
«Gizon bizkorra, ausarta, nortasun handikoa»

GRACIA KEREJETA
«Ideiak garbi dauzkan emakumea, askok kontrakoa uste arren, aitaren itzalean ez dagoena»

JOHN WILLIAMS
«Oso musikari epikoa, erromantikoa, aberatsa eta argia»

ENNIO MORRICONE
«Musikari izugarri inspiratua, zirrara eta presentzia handikoa»

BERNARD HERRMANN
«Oso musikari zinematografikoa, kemen askokoa, estilo berezia duena»

BINGEN MENDIZABAL
«La Madre Muerta»ko musika izugarri gustatu zitzaidan. Ona benetan»

ALBERTO IGLESIAS
«Beti lan ederrak egiten ditu; sentibera, zinemarako dohaina duena»

FRANCISCO ESCUDERO
«Maisua, gizon atsegina eta musikari handia»

IMANOL URBIETA
«Asko zor diogu, ez bakarrik umeentzako sortu dituen doinuengatik. Oso estilo xarmanta du»


Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude