"MADRILEK AGINDU? NAGO PARISEK EZ OTE DUEN AGINTZEN!"

  • Ibarretxe lehendakariak EHrekin legegintzaldi ituna egiteko «oinarri sendoak» daudela adierazi zuen egunean bildu ginen Mertxe Colinarekin. Lizarra-Garazi adierazpena Iruñean, Bilbon eta Bruselan aurkeztua da. Orain, Iparraldean egoki aurkezteko ari da ABko kidea.

2021eko uztailaren 21ean
L

izarra-Garazi frontistatzat joa izan da. Zazpi hilabetotan epiteto hori deuseztatzeko eta akordio irekia dela adierazteko zer egin duzue segimendu-batzordean ari zaretenek. Une larririk sentitu al duzu batzorde honetan?
Ahalegin handiak egin ditugu frontismo akusioa deusezteko, baita akordioa indar politiko guztietara hurbiltzeko ere. Kontuan hartu behar da gainera, hainbatetan eraso bortitzak izan ditugula akordioaren aurka. Astean behin biltzen gara, eta barrutik nik ez dut sentitu larritasunik edo aitzina egiteko zalantzarik. Etenik ez dut ikusi, eztabaida anitz bai, bakoitzak bere ikusmoldeak mahairatzen baititu.

Lizarra-Garazik legitimazioaren bataila irabazi behar omen du gizartearen aurrean. Garazin aurkeztu zenean, bertako bizilagunak erabat harritu bide ziren. Ez zutela hura ulertzen erran zidan militante abertzale batek.
Funtsean, ez ote da gauza bera pasa, akordio bera Lizarra herrian aurkeztu zenean? Han ere sorpresa izan zen. `Hauek zertarako etortzen dira hona?' pentsatuko zuen askok. Bistan denez, Iparraldea berezia da, eta bat-batean ez dira gauzak aldatuko. Akordioa abiatu zenetik gauzak oso fite doaz, zurrunbilo batean sartuta gaude. Abiadura honek baditu alde onak, eta beste ez hain onak. Aipatutako militante hori, beharbada, kezkatuta zegoen, askotan militanteak berek sentitzen baitute Hegoaldetik gauzak oso azkar etortzen direla, batzutan inposatuak bezala, haien lan erritmoarekin ezin lotuz.

Azaldu al zaio Iparraldeko herritar xumeari Lizarra-Garazi akordioa xeheki. Ez al zaizu iruditzen mereziko lukeela adierazpena xehekiago azaltzeak Iparraldean?
Ez oraindik, baina prestatzen ari gara aurkezpen hori. Garazin aurkeztu zen lehen aldikotz, eta azkar aurkeztu ere halabeharrez. Uneon, Hegoaldetik datozen norabideak aztertzen ari gara, eta hemengo gizarteari nola helarazi ondo landu nahi dugu. Triptiko bat egina da, eta laster aterako da. Hegoaldean euskaraz eta gaztelaniaz izanen da, eta hemen euskaraz eta frantsesez, baina ez da itzulpen soila izanen; hemengo errealitatera egokitua baizik. Lizarra-Garazi foro txikiak sorraraztea ongi legoke Iparraldean, baina emeki-emeki joan beharra daukagu.

Zuk errana da «Egunkaria»n: «Egun ez da deus egiten Iparraldekoon iritzirik gabe». Zuen iritziak entzun bai, baina kontatu bai ote?
Izenburu hori bere horretan irakurria ez da erabat egia, jakina. Haatik, egun egiten ditugun bilkuretan ABren erabakiak oso kontuan hartzen dira, estimatzen dira. Gure gauza batzuek aurrera egiten dute, eta beste batzuk atzera geratzen dira. Guk beste errealitate bat bizi dugu, egia da. Errealitate orokor bi daude Euskal Herrian, ezberdinak, alta, Lizarra-Garazi akordioaren markoak errealitate biak hurbiltzen lagundu du. Hego eta Iparraren artean ezberdintasunak badaude, eta abertzale beren artean gainera.

Azalpen hauen artean non kokatzen duzue ABkook frantses Gobernua. Zein toki hartuko luke honek gatazka gainditzea xede duen akordio honetan?
Herriaren aurrean nahi dugu azaldu, bi motako inplikazioak dituela frantses estatuak: batetik, errefuxiatuen errepresioa gauzatzeko kolaboratzaile izan zela, GAL aferan alegia. Madrilen eskutik ibili baitzen, hots, euskal arazoan eskusartze zuzena dauka. Bestetik, estatu gisa gure herriari ezagutu behar dizkion askatasunak aitor ditzala eskatzen dugu. Euskararen ofizialtasuna eta Euskal Departamendua frantses Estatuari gauzatzea dagokio.

«Madrili eta Parisi begiratu gabe, abertzaleok Euskal Herria eraikitzen eta euskal herritar gisara bizitzen hasi behar dugula» dio HBk Hegoaldean. Zuek berriz, orain gutxi, suprefetarekin hitz egiten saiatu zarete eta atea itxita aurkitu duzue.
Bai, hala da, Parisko ateak itxita daude. Suprefektura aitzinean ginen, eta frantses kazetari batek galdetu zidan: «Avec Madrid difficile, avec Paris impossible?» Nik berriz erantzun nion: «Impossible ce n'est pas francais». Batzuk diote Madrilek agintzen duela, baina, zenbaitetan, nago ez ote den alderantziz.

Lizarra-Garazira itzuliz, zein neurrian sortu zen akordioa Ajuria Eneko mahaiaren kontrapuntuan, zure iritzirako?
Nik akordioa kontrapuntu edo tranpolin bezala ikusten dut. Metaforikoki hitz eginez, Lizarra-Garazi koadro baten markoa da. Markoa da herria. Printzipioz, demokratikoki hitza eman behar zaio herri honi. Jakina, marko honetan kolore guztietako piezak sartzen dira, puzzlea osatuko duen kolore eta forma guztietako piezak. Pieza bakoitza proiektu bat da, ezker-eskuin edota goian-behean lekua duena. Jakina, marko horren barruan sartzeko eta puzzlea muntatzeko, bakoitzak beharko du hemendik edo handik zerbait kendu edo zerbait jarri puzzlea osatzeraino. Behin puzzlea gauzatzen denean, kola edo itsasgarria beharko da. Itsasgarri hori herria da. Eta areago, koadroa edo puzzlea osatua denean, pareta txuri batean jarri behar da. Hori litzateke bakea.

Bake prozesua hasia da zure ustez?
Oraindik ez. Urtetan nork bere haritik tiratu du, eta mataza gero eta gehiago korapilatu eta tinkoagoa egin da. Orain gakorratz lana egin behar dugu, atzera begiratu gabe, ea nork tiratu duen gehiago, bestela mataza –gatazka– ez da sekula lasatuko. Pazientzia beraz.

Eginbide horretan, demagun mahai komun bat sortzen dela Hegoaldean. Parisko gobernuaren jarrera ikusita, oraingoz kanpo legoke. ABk lekurik izango ote luke mahai horretan?
Ez, ez dut uste. AB ez da Ibarretxek deitua izanen. Ez gaude horretan oraindik.

EHk lurraldetasuna jarriko luke mahai gainean seguraski. Iparraldeko izan gabe mintza daiteke Iparraldeaz?
Ez. Orain arte, batzutan, Iparraldeko gure bozeramailea HB izan da Hegoaldean. Lizarra-Garazi akordia dagoenetik, gero eta gehiago hori bereizten ari da. Iparraldean EA eta EAJk gero eta izaera propioagoa dute ere. Akordioaren ondorioz, Iparraldea gero eta hurbilago ikusten da Hegoaldetik eta indar abertzaleen aldetik. Gure presentzia ontzat hartzen dute, eta konbentzituak dira gure ahots propioa gauzatuz joan behar dugula. Baina ez gaude neurri berean, ez gaude egoera berean. Abertzaletasunak lan asko egin behar du hemen.

Bilbon egin duzuen azkeneko aurkezpenean, Richard Irazusta zure kidea frantsesez aritu zen. Arrazoi berezirik?
Bestaldean bi hizkuntzetan egiten dira ekitaldiak eta hemen ere berdin egin behar dugu, bai frantsesez bai euskaraz.

Bai, baina kasu horretan frantsesa berezko ez duen esparru batean aditzera eman zenuten. Zergatik?
Frantsesez mintzatuz, mezu hartzailea hemengo errealitateaz jabetu dadila nahi dugu.

Erromantizismo garaiak atzean utzirik, errealistagoak izan behar dugu naski?
Bai. Hala da. Bi hizkuntza erabiltzen ditugu hemen eta beste bi han, orotara hiru. Euskaldunok hiru hizkuntza erabiltzen ditugu. Hori errealitate bat da eta, Hegoaldean euskara gero eta azkarragoa izaki, espainola azkarra da. Iparraldean, esan gabe doa, frantsesa oso barneratua dago gure eguneroko bizitzan.

Lizarra-Garaziko akordioa Iparraldera urte bat lehenago etorri izan balitz...
Ez dugu atzera begira bizi behar. Berandu edo ez, akordioak Iparraldeko AB, EA eta EAJ biltzea ekarri du. Pentsatzen dut harremanak pixkana sendotuko direla. Denok ohartu gara, urte bat lehenago izan balitz agian hautetsi abertzale bat izanen genukeela Bordelen. Etorriko dira beste aukera batzuk. Helburuak finkatzeko lanean aritu behar dugu.

Artean, Iparraldean abertzaleen helburuak lortzeko aski indarrik bai?
Departamendua pauso bat da, etapa bat. Euskal Departamendu eskaera gauzatu daiteke. Azkeneko manifestazioan 6.000 lagun bildu ginen, eta ez geunden abertzaleak bakarrik. Hori oso inportantea da. Agian aurten berean izanen da beste manifestazio bat, eta ezetza izanen dugu frantses Gobernutik berriz ere. Baina, hori ere lorpen bat da. Orain arte ez genuen ezta ezetza jasotzen ere.

Ipar Euskal Herrian berezko instituziorik ez. Lurralde Eskema dago ordea. Aldeak alde, berau EAEko estatutuarekin konparatzen dut. Bere balioa ukatu gabe, abertzaleak zatitzeko lanabesa izan daitekeela. Zer diozu?
Nik uste dut beti ere abiadura kontua dela. Dena Lurralde Eskemari ematen zaion markoaren arabera dago. Hor ari diren abertzaleen lana kontuan hartu behar da. Bere garapenari begira, esperientzia horren babesle ere izan behar dugu, tresna bat izaten ahal da, laguntzen ahal du Iparraldea garatzen edo herri honen bidea desbideratzen. Tentuz ibili behar da, tresna erabiltzen ikasi ere.

Azkenik, EHk Gasteizko Gobernuarekin legealdirako akordio ia lortua duela adierazi dute Ibarretxe eta Otegik. Zein balorazio egiten duzu Iparraldetik?
Akordioaren edukiera ez dut ezagutzen, eta beraz, ez dut deus esaten ahal. Nik pauso natural bat bezala jotzen dut. Kontradikziorik ez dut ikusten behintzat

MILITANTISMOAREN EMARIA
MILITANTISMOAREN EMARIA
Lekeition sortu zen 1953ko azaroaren 21ean. Bederatzi urterekin etorri zen Lapurdira. Espainiako Gerra zibilean erbesteratu zen osaba bat babestu eta laguntzera etorri baitziren bere gurasoak. Elbarriekin dihardu lanean monitore gisa. Ezkondua. Euskal militantea. Abertzaleen Batasunaren eleduna izan ondoren, ABko ordezkaria da Lizarra-Garazi adierazpenaren segimendu batzordean Richard Irazustarekin batera.


Azkenak
2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan zuen atzo, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


2025-01-30 | Leire Ibar
Osasun publikoaren alde otsailaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian kaleak betetzera deitu dute

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]


2025-01-30 | Julene Flamarique
“Irabazi egin dugu”: Burlatako etxegabetzea gelditu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


Adifek dio AHTko obretan salatutako lan-esklabotza egoerak “gezurra” direla

AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


2025-01-30 | Ahotsa.info
KarKarCar, mugikortasun kooperatiboko proposamen berria Iruñerrian

Kar Kar Car auto elektrikoen erabiltzaileen kooperatiba ibilgailuen flota handitzen eta bere zerbitzua Iruñerriara zabaltzen ari da.


Eguneraketa berriak daude