argia.eus
INPRIMATU
ARAMAIO: ARABAKO UHARTE EUSKALDUNA
  • 1.390 biztanle ditu eta horietatik % 87 euskalduna da. Hala ere, euskararen erabilera gehitzeko asmotan herriko euskararen egoera ikusteko azterketa sakona egin da.
2017ko azaroaren 28a
Aramaio, Arabako udalerri euskaldunena da, jatorriz euskaldun gehien dituena eta etxe barruan euskara gehien darabilena. Gainera, UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartuta dagoen lurralde honetako udalerri bakarra ere bada. Bestalde, Aramaioko euskararen egoera berezia ulertu ahal izateko, administratiboki Arabaren barruan izan arren, Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde euskaldunekin duen harreman estua ere oso kontuan izan behar da.
Aramaion eta Arabako gainontzeko herri gehienetan euskarak oso egoera ezberdina bizi duela nahiko argi dute aramaioarrek. Udalak ere euskararen egoera oro har ona zela uste zuen, berau aztertu baino lehen ere. Hala ere, zenbait arlotan bereziki, euskararen erabilera indartzeko beharra somatu zuen. Xede horrekin, lehenik eta behin herrian euskarak duen egoera zein den aztertu beharra zegoela erabaki zen, ondorioz SIADECOri azterketa soziolinguistiko bat egiteko eskatu zitzaion. Ikerketa lan honen helburu nagusia arabar herrian euskara zein arlotan dagoen indartsu eta zeinetan ahul identifikatzea da, etorkizunean izan daitezkeen arazo, oztopo eta abarrak aurreikusi ahal izateko, eta hauen aurrean jarrera eta irtenbide egokiak eman ahal izateko.
Egindako azterketan herriko pertsona eta talde ezberdinetara jo da eta bide ezberdinak jorratu dituzte SIADECOko kideek informazioa lortu asmoz: inkestak, erroldaren azterketa, telefono deiak, elkarrizketak eta abar.


EZAGUPENA.

Egindako lan honen guztiaren ondorioz informazio asko lortu da aspektu ezberdinen inguruan, bai euskaldunen ikuspegitik eta baita erdaldunen ikuspegitik ere. Lortutako datuen arabera aramaioarren gehiengo zabal batek, % 87ak hain zuzen, euskaraz ongi hitzegiten du. Gazteak eta nagusiak ia erabat euskaldunak dira eta erdaldunak 31-45 adin artekoak dira bereziki. Aipagarria da, gainera, azken urteetan erdaldunen multzoa murriztu egin dela.
Ikusten den bezala hizkuntzaren ezagupena oso altua da eta, hala ere, alfabetatu kopurua ez dator datu hauekin bat, aramaioar gutxiengo bat baita soilik euskaraz erraztasunez irakurri eta idazteko gai. Alfabetatuak bereziki gazteak dira eta adinean aurrera jo ahala alfabetatu kopuruak behera egiten du nabarmen. Gainera, egindako galdetegietako erantzunen arabera oso alfabetatu gabeko euskaldunen artean gutxik erakusten du alfabetatzeko interesa.


ERABILERA.

Erabilerari dagokionez Aramaion euskara da nagusi, biztanlegoaren % 82 denbora gehiena euskaraz bizi da. Adierazgarria da, familian hizkuntzarekiko leialtasun maila ia erabatekoa izatea. Idatzizko erabilerari dagokionez ere idazki eta errotulo gehienak euskaraz daude edota euskarak du lehentasuna, nahiz eta zenbait esparrutan hutsune nabarmenak egon.
Azterketa honetan berebiziko garrantzia ematen zaio Aramaion euskarak dituen indarguneak eta ahuleziak aipatzeari. Euskara osasuntsuen haurren eta zaharren artean dago, familian, auzoetan, elkarteetan eta irakaskuntza arautuan. Aramaioko erdigunea den Ibarrako kaleetan eta udal zerbitzuetan ere euskara nagusi da. Lagunartean, komertzioan eta gazteen artean aldiz, hizkuntza ez dago hain indartsu. Egoera ahulena ostera, tabernetan, lan munduan eta helduen arteko harremanetan dago.


AURRERA BEGIRA.

Hasieran aipatu bezala, azterketa honen helburua indarguneak eta ahuleziak identifikatzeaz gain zenbait irizpide eta ildo nagusi proposatzea da. Txostenean Aramaion euskararen egoera hobetu ahal izateko zenbait proposamen egiten da. Lan bideak hiru sailetan proposatzen dira: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Hiru alor hauetan gizarte talde ezberdinei eman beharreko erantzun zehatzak eta aukera posibleak aipatzen dira.
Txostena jadanik Udaletxean dago eta herriko talde eta lagun ezberdinei zabaltzeko bidean da, hemendik aurrera bertan proposaturikoak eguneroko praktikara eramatearen lana gelditzen da, hasieran jarritako helburu nagusia beteko baldin bada