argia.eus
INPRIMATU
KROISSANT BEROA UHINETAN
2021eko uztailaren 19a
Hutsune barkaezina dute egunkariek; azken bi orriak telebistako programazio txatxuari goitik behera eskaintzen baitiote, irratsaioen aipatze hutsari muzin eginez. Gehienera, «Euskaldunon Egunkaria» ezik, sintonien gida dakarte. Halaxe, entzungarri diren irratsaio franko oharkabean pasatzen zaizkigu. «Kalez kale» kasu. Radio Euskadiko emankizunik zaharrenetakoa da, urtetan aldaketa dexente ukan dituena, azkena otsailean, iraupena hiru ordutik bira murriztuz. Eduki arineko saioa da, entzule zabal batentzat egina eta tarte mordoxkaz txirikordatua. Musikak ere presentzia nabaria du, euskal kantak neurri politean.
Luze joko liguke eduki guztiak emateak. Halaz ere, ondorengo hauek dira saioko sekzio nabarmenenak: Larunbatean «disko eskainiaren» tartea dugu, non Radio Euskadiko lankide batek, zuzendaria edo garbitzailea dela, bere kantarik kuttunena aurkezten duen. Martin Berasategiren menu bereziak ere entzule ugari ditu. Joserra Guimerak ere sail bitxia du, ibai nahiz itsasoko arrantza aztergai duena. Igandean aldiz, sekzio berriek hartzen dute lekukoa. Hala nola: «Denbora pasa egingo da» txokoan Felix Linaresek zinemaren asteko efemerideen errepasoa egiten du. Bestalde, ordu laurdenez «ONG»etako bolondresek haien bizipen hunkigarriak dituzte kontagai. «Amonaren Botika» ETBko saioaren arduradunek sendagai naturalak proposatzen dituzte. Azkenik, «Historiaren istorioak» dago; izenak adierazi bezala, gure historiaren ondare diren letra txikiko istorioak kontatzean datza. Aurki, esaterako, Altzoko erraldoiaz mintzatuko dira. Formula honekin aski kontent da lantaldea. Marisa Ozallaren irudiko,

«apirileko audientzien neurketan ikusiko da zeintzuk diren onarpenik handiena duten sekzioak. Dena den, deien arabera, esan dezakegu jarraituenak Martin Berasategiren menua eta «Amonaren Botika»ko erremedioak direla
»