"IKUSPEGI ERREALISTA KONBENTZIO BAT DA"


2021eko uztailaren 19an
Hasieran saiakera egiteko asmoa ei zeneukan. Azkenean, aldiz, saiakera nobelatuaren aldeko hautua egin duzu. Zera esana zara, hala ere: «Nobela saiakeraren mesedetan dator, ez alderantziz. Saiakera da lehen, eta gero nobela».
Ezer baino lehen zera aipatu nahi nuke: Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak beka batzuk eman zituen, eta horietarik bi saiakeraren alorrari eskainitakoak ziren. Nik saiakera atalerako aurkeztu nuen nire proiektua, eta hasierako asmoa ere hori zen: saiakera egitea, alegia. Dena den, hasierako proiektu horretan ere baziren gauza batzuk narratiboak zirenak, asmoa ez baitzen saiakera klasiko bat egitea. Baina aurrera egin ahala, geroz eta indar gehiago eman nion parte narratiboari.

«Camembert» margolanaren lapurreta.
Lapurreta hori benetan jazotakoa da, bai. 1948an izan omen zen lapurreta bat, baina liburuan aipatzen dena 1982an izaniko bigarren lapurreta bat da; hori guztia benetan jazotakoa da, eta aipatzen ditudan datuak ere egunkarietatik aterata daude.

Frantses ikastaro bat egitera joan eta saiakera proiektu batekin itzuli zinen Okzitaniatik...
Hau Albi izeneko hiri txiki batean jaio zen. Albi Toulousetik gertu dago, eta aurtengo udan lau urte beteko dira ni hara frantses ikastaro bat egitera joan nintzela. Lehenbiziko asteburuan Albira joan ginen Lautrecen museoa ikustera, eta orduantxe piztu zitzaidan pintorearekiko interesa. Alde horretatik kontuak badu, hortaz, kasualitatetik zerbait; dena dela, niri, gutxi-asko, beti interesatu izan zait pintura.

Bere garaian dezenteko eztabaida sortu zen Toulouse-Lautrecen inguruan...
Bai, gauza gordin eta gogorrak esan zituzten berari buruz. Adibidez, bera itsusia zenez, gauza guztiak irudikatzen zituela itsusi, nahita, eta gisa horretako gauzak. Kuriosoa da; Toulouse-Lautrecek bere garaian afitxekin-eta izan zuen ospea, eta jendeak orduan kontuan hartu zuen, baina batez ere kartelgile bezala, ez pintore bezala. Bera, ordea, denetarik izan zen: kartelgile, pintore, litografo, marrazkilari... Hala ere, bera hil eta handik hogei urtera-edo hasi ziren hauspotzen ospe hori. Hasieran, kritiko gutxi batzuk baino ez zeuden bere alde; gehienak guztiz kontra zeuden, aski atzerakoiak zirelako edo oraindik ez zirelako garai hartan mamitzen ari zen artearen bilakaerari erreparatzeko gai.

«Ez da zerua, ezta urdina ere». Alegia, ez dagoela gauzen alde bakarreko ikuspegiaz fidatzerik.
Hori da dudarik gabe funtsean liburuan gordetzen den ideia nagusietako bat. Liburuan badira hiruzpalau ideia; batzuk lotura zuzena dute Toulouse Lautrecekin, beste batzuk aldiz orokorragoak dira, arteari buruzko ideiak dira. Argensolaren esaldiak ideia horietako bat laburbiltzen du: artearen bidez errealitatea ikusteko modu bat islatzen du esaldi horrek. Niri ideia hori interesgarria iruditzen zait, hori delako azken buruan gaur egungo arte guztiaren jatorrian dagoena. Iragan mendearen amaierara arte errealistatzat jotzen zen arte horrekin (figurazioarekin) hautsi zuten inpresionistek, eta beste bide batzuk jorratu zituzten errealitatearen beste ikuspegi batzuk emateko. Horiek dira gero abangoardia bezala ezagutu diren mugimenduak, eta horiek guztiek ekarri gaituzte gaur egun gauden puntura. Beharrezkoa da gutxienez inpresionismoraino atzeratzea eta garai hartako ideiei erreparatzea; alegia, zergatik saiatu ziren pintore batzuk errealitatearen beste irudi bat ematen, errealitate hori beste modu batez islatzen.

Inpresionistek dena aldakorra dela eta momentuaren arabera gauzek itxura desberdina izaten dutela defendatzen zuten. Eurek ereina ote da gaur egungo erlatibismoaren hazia?
Inpresionismoaren baitan abangoardiako mugimendu askoren hazia zegoen gordea: Cezanne inpresionista dela esaten da, baina kubismoaren aita izatea ere aitortzen zaio; hor dago Van Gogh ere, baina Van Goghi buruz zera ere esan da: bera dela expresionismoaren aita. Gauguin ere hor zegoen, eta gerora fauvisten aita izan omen zen. Inpresionismoa pintore horiei guztiei jartzen zaien etiketa bat da, nahiz eta etiketa horren barruan artista oso desberdinak egon. Beharbada artista horiek amankomunean zuten gauza bakarretakoa honako hau da: batetik, ordura arteko giro akademikoarekin apurtzea; gero, beste alde batetik, errealitatea beste modu batez ikusi nahi izatea. Eta hori esaten dudanean zera adierazi nahi dut, Argensolak dioenaren bidetik: zerua urdina da, bai, baina hori egia erlatiboa da, hori gure pertzepzioa baino ez delako; guk zerua urdin ikusten dugu, baina nork daki benetan nolakoa den hidrogeno atomo bat? Beraz, horrek zera esan nahi du: funtsean, ikuspegi errealista konbentzio bat dela, gure pertzepzioa baino ez dela, eta ez dagoela zertan pentsatu mundua horrelakoa (eta soilik horrelakoa) dela. Nik uste inpresionistek errealitatea ikusteko beste modu horiek azaleratu nahi izan zituztela.

Arteari buruzko gogoetez gain, beste gogoeta asko ere ageri da liburuan. Adibidez, pertsonaia nagusiak maitasunaren ikuspegi ezkor samarra du; maitasunaren beldur dela dirudi, haren menera makurtuz gero bere defentsak oro galduko dituelakoan.
Badago horrelako zerbait, bai: narratiboagoa den zatian badira maitasunari eta beste gauza askori buruzko apunte batzuk. Dena den, horrek beldur pixka bat ematen zidan: alegia, jendeak gehiago begiratzea beste maila bateko gogoeta horiei saiakerako gogoetei baino. Zergatik beldurra? Bada, gogoeta horiek askosaz arinagoak direlako besteak baino, alde narratiboari interesa eta sinesgarritasuna emate aldera idatzitako apunteak baizik ez direlako, azken beltzean. Horregatik, apunte horiei ez zaie jaramon gehiegi egin behar, nahiz eta kasu batzuetan maitasunaren alderdi batzuk aztertzeko saioa egon badagoen.

Alde narratiboa aipatu duzu. Alde horretan maiz agertzen den beste kontu bat honako hau da: mundura euskaldun gisa agertu nahia, besteen ezin ulertua, gure kontraesan eta ezinak...
Hori hein batean autobiografikoa ere bada. Ni Albiko museoan egon nintzenean, adibidez, Euskalgintza Elkarlanean fundazioak egindako eskutitza erakutsi nien, eta ikusi nuen nola haientzat gauza bitxi eta arraroa zen;

«hau euskaraz da, ez?»
galdetu zidaten, eta harrituta gelditu ziren. Ni han izan nintzen garaia, gainera, aski garai latza izan zen: abuztua zen, eta uztailean Blancorena izan zen, eta horren ondoren jaso zuten informazioa... Orduan bederen bazegoen prebentzio moduko bat euskaldunen kontra. Komunikazio problema izugarria dago; zuk euskalduna zarela azaldu nahi baduzu, zera esaten dizute lehenengo eta behin: ea jendea akabatzen ibiltzen den horietakoa zaren. Eta noski, hori guztia azaltzen hasi behar baduzu (frantsesez gainera) gauzak izugarri nahasten dira.

Zati batzuetan nobela beltzaren traza du liburuak: erregistroak direla, hizkera dela, Chandler gogora dakarten pertsonaien gogoetak direla...
Nobela beltza deitu den horrek gauza asko egiteko bidea ematen duela iruditzen zait, baldin eta egoera eta garai batera egokitzen baduzu. Esan nahi dut: gaur egun jada ia inork ez du nobela beltzik egiten Hammett edota Chandlerrrek egiten zuten moduan, baina haien ereduetatik abiatuta sekulako garapena izan da. Adibidez, ustelkeria goren puntuan zegoenean baina horri buruz literarioki inork ezer esaten ez zuenean, Leonardo Sciasciak oso nobela ederrak egin zituen, ustelkeria hori guztia modu dotorean salatuz. Nobela beltzak tokian tokiko hainbat problematika azalarazteko balio izan du, eta normalean jendea libertituz gainera. Alde horretatik, iruditzen zait nolabaiteko nobela beltza (hasiera eredu hartatik aski urruntzen dena baina ezaugarri batzuk gordetzen dituena) aproposa dela inor aspertu gabe gauza batzuk kontatzeko.

Liburuan Montalbán ere aipatzen duzu. Batzuetan omenaldi modukoa egin nahi izan diozula dirudi: protagonistaren bikote-harremanak Charo eta Carvalhorenaren traza dauka, bera ere politikoki ezkertiarra izana da, gustuko du sukaldean jardutea...
Egia da. Protagonistak kartzelan pasatako aldiari buruz hausnarrean diharduenean ere... Hammett aipatzen da, baina Montalbán ere hor dago: beltzetik abiatuta, Espainiako Trantsizioari buruzko ikuspegi oso bat emateko gauza izan da, eta gainera jendea libertituz. Nik beti izan dut gustuko, eta normala da tarteka hori islatzea. Esate batera, Kataluniako burgesia kritikatzen duenean, zera azaltzen dizu: nola haiek, antifrankistak izateaz gain, oso aberatsak ere baziren (asko bai behintzat), eta azken beltzean haientzat hura guztia pose bat zela neurri batean, gero, urteen bueltan, aitaren administrazio kontseilura itzultzeko modua eduki dutelako. Ostia pare bat jasoko zuten gehien jota, baina, zeharka bada ere, beren gurasoen morroiak izan dira. Euskal Herrian, ordea, hori ez da horrela izan. Hemengo mugimendua bestelakoa izan da, eta horrek gureaz ere mintzatzeko bidea ematen dizu.

«Ale gutxi libratu da, gutxik eutsi dio gutxieneko duintasunari; edo, beharbada, ez hain gutxi. Asko izatea ere litekeena da, baina berdin da: asko edo gutxi, bizien mundutik desagertu dira, ez dira inor, ez daude inon».
Ni orduan oso gaztea nintzen, baina Franco hil aurreko eta hil ondorengo urteetan aurrean ibilitako jende asko ikusi eta orain zertan gelditu diren ikustea... Deigarria eta penagarria iruditzen zait. Beharbada horietako askok oso duin izaten segitu du, baina azkenean bakoitza bere zuloan geratu da; alegia, euren duintasuna mantentzearen ordaina hori izan dela: bulegari edota tabernari izatea, egunean zortzi orduz lan egitea eta gero etxera joan eta bizitza publikotik desagertzea. Hori asko gertatu da. Hor badago belaunaldi oso baten frustrazioa: duinago izan direnak albo batera geratu dira, eta bizitza publikoan segitu duen askok guztiz bestelako mezua zabaltzen du orain

TXEMA ARANAZ
«Hainbat gauza erakutsi ditu euskal edizioaren munduan. Euskaraz ez jakitea zaio arazo»

MIKEL BUJANDA
«Aitzindaria eta langile saiatua»

MIGUEL SANCHEZ OSTIZ
«Bere idazle-ibilbideak erakusten du nafar erdaldun batek odol-tantoz ordaindu behar duela nortasun literario bat eraikitzea gazteleraren itsasoaren erdian»

HENRI TOULOUSE-LAUTREC
«Muturreko kontraesanen artean bizi izan zen artista handia»

JOSE SARAMAGO
«Jende humanua jende perrua nagusi den tokian»

ASISKO URMENETA
«Desinhibitua, ahoz eta lapitzez»

ALBERTO BARANDIARAN
«Ate bat ireki du, berarentzat eta bere atzetik datozenentzat»

PABLO ANTOÑANA
«Gerra ondorengo Nafarroako idazle guztien aitaurrena. Idazle osoa mitxoleta-zelaiaren erdian, joteroen lurraldean... Latza, gero»

PATZIKU PERURENA
«Bi gauza behintzat oso ongi egiten ditu: dotore idatzi eta zirikatu»

TXEMA LARREA
«Bilbo-Iruñea eta Iruñea-Bilbo bidea agudoen egin dezakeen garraiobidea, hegazkinak edo "La Burundesa"k baino agudoago, noski»

Iruñeko kirol elkarte bateko frontoian ezagutu nuen Jon Alonso. Alonso pilotaria kementsu, lehiatsu eta grinatsua zen eta asteazkeneroko norgehiagokek erakusten dutenez 15 urteren buruan berdin segitzen du. Jon partida irabazteko ahalegin guztiak egiten dituen atzelari seguru horietakoa da.
Literaturan, pilotan bezala, bada lehen aukera ikustean tantua landu gabe eta postura zailenetik txokoan dejadarik ederrena egiten saiatzen denik. Egia da horrela jokatuz gero, noizean behin, sekulako tantua lor daitekeela. Partida irabazteko, ordea, ez da bide hoberena izaten. Jonen ibilbidea ikusita, begi bistan dago literaturan pilotan bezala aritu dela: tantua landu, txukun jokatuz, arriskuari muzin egin gabe. Toulouse-Lautreci buruzko entsegu-nobela da, nire aburuz, horren froga nabarmena.
Literaturatik bizitzea ezinezkoa denez, Jonek ere itzulpengintza du ogibide eta azken urteetan Nafarroako Parlamentuan aritu da foru legeak euskaratzen. Politikoen literaturak, ordea, ez du zer ikusirik Saramagorenarekin. Jonek, jakina, «Lisboa setiatu zutenekoa» nahiago du foru legeak baino. Ez da harritzekoa.
Urte askotako gehiegizko dosiak eragindako ajeak sendatzeko urtebete baino gehiago darama politikoen literaturatik urrun. Aurkitu dituen sendabideak ez dira nolanahikoak: Toulouse-Lautrec hasieran, Saramago orain, ipuin ikastaroak, mota guztietako itzulpenak eta «Sormenari leiho», asteartero elkarrekin egiten dugun irratsaioa.
Astearteroko lankide eta asteazkeneroko aurkaria da Jon niretzat. Astearteetakoa elkarrekin prestatu eta egiten dugu. Asteazkenetako norgehiagokan zeharka begiratzen diot aurreko koadroetatik. Izan ere, badakit tantua landu ondoren, ezker paretean sarturik ikusten banau, arriskatu eginen duela. Literaturan bezala


Azkenak
Gazteen soldata %10 igo den heinean, prezioak %31 garestitu dira 2010etik

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunen hileko batez bestekoak lehenbiziko aldiz gainditu du 1.500 euroko langa. 2010arekin alderatuta, ordea, 142 euro besterik ez da igo.


2025-01-07 | Leire Ibar
‘Behin betiko’ lelopean egingo du Sarek urtarrilaren 11n Bilboko manifestazio nazionala

Konponbide prozesuari eta etxeratze prozesuari behin betiko amaiera emateko aldarrikatuko dute, eta euskal preso behin betiko etxean nahi dituztela. Laguntza ekonomikoa jasotzeko Bizumkada Nazionala ekimena jarri dute martxan.


2025-01-07 | ARGIA
Robert Hirigoien hil da, Herri Urratsen sortzaileetakoa

Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarraren, Kanboko ikastolaren eta euskara eta euskal... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Baztango Batzar Nagusiak elkartasuna adierazi die Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazi eta absoluzioa eskatzeko mozio bat onartu du Baztango Batzar Nagusiak. Urtarrilaren 2an egindako bileran, mozioaren aldeko bozketan aldeko 25 bozka, kontrako bi eta hiru abstentzio izan dira.


Ultraeskuinari proposatu diote gobernua osatzeko Austrian, hesia ezarri ziezaioketen arren

Irailean egin ziren hauteskundeak eta aise nagusitu zen FPÖ alderdia, botoen ia %30 eskuratuta. Bazen aukera ultraeskuinari hesia ipintzeko, baina ez dira ados ipini demokristauak eta sozialdemokratak.


Laborantza bozen usaina

Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz... [+]


2025-01-07 | Jon Torner Zabala
Autobus zerbitzua zabaldu dute Ipar Euskal Herrian, mugikortasuna hobetzea helburu

Urtarrilaren 6az geroztik autobus linea berriak daude Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Halaber, zerbitzuen maiztasuna ere hobetu da, Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak eta RATP konpainiak elkarlanean bultzatutako egitasmoari esker. Bestetik, 12 urtez... [+]


2025-01-07 | Leire Ibar
Barakaldoko hilketa matxista salatzeko asteartean mobilizazioak antolatu dituzte

84 urteko andrea erail zuen bere semeak urtarrilaren 3an euren etxebizitzan. Kolpeka hil zuela azaldu dute zenbait iturrik. Astearte arratsaldean egingo dira elkarretaratzeak Barakaldon eta Euskal Herriko lau hiriburutan.


2025-01-07 | Gedar
Beste eraso arrazista bat Miarritzen

 Uber gidari batek jasan zuen erasoa: bortizki jo eta irain arrazistak egin zizkion bezero gazte batek. Baionan eta Arrigorriagan ere izan dira eraso arrazistak berriki.


2025-01-07 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Itsasontzigintzaren itzal luzea ageri da Hego Koreako krisian

Hego Koreako krisia autoktonoa ala inportatua ote zen galdetzen nion neure buruari duela hilabete hura sutu zenean. Baretu ez baizik mindu egin denez auzia, batere argi ez dudan erantzunaren bila jarraitu beharko dugu. Geografikoki urrutiko kontua bada ere, oso gertuko ondorioak... [+]


Errege Magoen desfilean zati lasaiak tartekatu dituzte, autisten elkarteek aldarrikatuta

Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura... [+]


2025-01-06 | Jakoba Errekondo
Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]


Eguneraketa berriak daude