"OZTOPO NAGUSIA VASCUENCEAREN LEGEA DA"


2021eko uztailaren 19an
Euskaltzaindiako ordezkaritzan egunero lan ugari izango duzue esku artean. Euskal deituren izendegiaren osatzen aritu zarete.
Bai, hamar mila deitura normalizatu dira eta euskal grafiaz eman dira. Ez dira denak eman, hor gelditu dira oraindik batzuk, baina lehendabiziko pausoa eman behar genuenez... Horretan aritu ginen bizpahiru urtez. Interesgarria izan zen lan hori Justizia Ministeritzak eskatu zuelako eta gero euskal gobernuko Justizia sailak ere bai. Horrek badu bere garrantzia ofizialki eskatutako gauza izan delako. Gainera normalizatuta gelditu direnak zuzenean onartzen dira erregistroetan eta aldaketa ofizialak egiten dira.
Eta momentu honetan hurrengo pausoa, lehen Euskaltzaindiak egin izan duena, hogeita hamar urte hauetan pertsonen izenen bilduma ere eguneratu behar zen. Orain dela hogeiren bat urte agertu zen erabakiaren bidez edozein izen jartzen da. Baldintza bakarrak: ezin da "indekoroso" izan eta sexuak bereizi behar dira. Honetan badaude problema batzuk, gaztelaniaz ere bai:

Ascension, Rosario, Corpus.
Hori egun ezin da eta euskaraz gauza bera. Urte baten buruan aterako dugu liburu bat, ez dakit zenbat iraungo duen baina aterako dugu.

Eta hemen egiten duzuena, ordezkaritzan...
Kontsulta aunitz izaten dugu. Udaletik beti eskatzen dute Euskaltzaindiaren ziurtagiria, izenak jartzeko. Izen berriak baldin badira, edo ez oso ezagunak, normalean eskatu egiten dute. «`Urki' egokia da mutiko bati jartzeko?». Eta guk baietz, ziurtagiria ematen dugu.

Batzordeetan zertan aritzen zarete?
Garai batean bertsolari txapelketak egiten ziren, «Bai Euskarari» kanpaina, euskalduntze eta alfabetatzeko lehendabiziko klaseak, gero AEK sortu zen, hainbat ekintza. Gero gauza hauek bertze erakunde batzuen eskuetan gelditu dira. Garai batean euskara tituluak ere ematen ziren, gero EGA eta bertze sortu zen. Iparraldean oraindik Euskaltzaindiak ematen ditu, D maila, EGAren parekoa. Azken bolada honetan Jagon saila gehiago ari da arduratzen kalitateaz, kantitatearekin batera. Helburua garbi dago, euskaldun kopurua handitzea.
Garai batean zailtasunak ikaragarriak ziren. Ez zegoen jende prestaturik. Edozein sartu zen lehendabiziko deietan, ikastoletan, D ereduetan. Duela hogei bat urte Madrilgo Ministeritzak aprobatu zuen Nafarroan berrogeita hamar irakasle jartzea. Deitu gintuzten, Hizkuntz Eskola hasi berria zen, eta egon ginen hango bizpahiru irakasle frogak egiten maisu-maistrei. Hortik ez ziren ateratzen berrogeita hamar irakasle inondik inora. Maila normala zutenak izango ziren dozena bat gehienez. Maila normala. Gaur egun badago jende prestatua baina aldi berean hori ezin da galdu. Irakaskuntzan oso inportantea da irakasleen maila eta ikasleek hartzen duten maila ere. Batzuetan ikusten da maila hori nahikoa eskasa dela.

Zer moduzko erantzuna jaso duzue Nafarroan?
Ez oso handia baina topaketa guztietara joan dira Bilbora esate baterako, Hezkuntza saileko arduraduna, itzultzaileen arduraduna, bizpahiru euskaltegi, NUPeko teknikari bat.
Orain harreman sare eraginkorra eratu dugu, kritikak eta iradokizunak jasotzeko. Eta eskutitz batzuk jaso ditugu. Eta jaso dugun kezka tipi bat euskalkiena izan da: «Batua ongi ikusten dugu baina murriztua gelditu zaigu euskalkia», eta euskalkiak ez daudenez arautuak zailtasunak ikusten dituzte noraino jarri edo zer eman eskolaren programazio barruan euren euskalkiaz. Eta bertze arazo bat da eskoletan urtetik urtera maisu-maistra berriak etortzen direla; eta horiek bertze leku batekoak dira, ez dute euskalkia ezagutzen. Nola gauzatu eskolaren martxa?
Hil honetan jarraituko dugu, kalitate mundu hori nola gauzatu, hizkuntzaren defentsarekin batera. Baina bertze hori ere bai, kalitatea nola mantendu eta euskalkien presentzia ere nola mantendu, irakaskuntzatik hasita. Ordezkaritzatik ez ditugu soluzioak emango baina harreman sarea bai, zubilana bai eta gero beharrezkoa bada Euskaltzaindiaren plenoetara eraman eta erabakiak hartu.

Eta aspaldidanik euskara zokoratua izan den tokietan, antzineko euskalkiaren hainbat ezaugarri berreskuratzea eta txertatzea ikusten duzue?
Hainbat gauza hilak gelditzen ari dira. Adibidez esapide maila, herriko zaharrek erabiltzen dituzte bakarrik. Eguneroko erabilera, akademikoa, eskoletako hizkeran ez dira gelditzen.

Hiri munduan ere ezberdina da...
Bai, pobretu egiten da. Eta hori normala da. Ikusi beharko da nola egin bide hori, baina planteamendua hor dago eta aurrera eramango da. Nola aberastu hizkuntza. Kalitatea aberastasun aldetik etorriko da. Akatsak zuzendu behar dira baina ez hori bakarrik. Aberastasunera jo behar da. Zaila da baina ezin da ahaztu. Kantitatea bai, baina kalitatea horrekin batera. Batzuetan entzuten da inportantea dela zabaltzea eta gero bertzea etorriko dela. Bai, inportantea da, baina ezin da bertzea utzi. Gure gazteek maila baxua lortzen badute gero aberastea ez da erraza. Bai, gero norberak egiten du baina ez da hain erraza. Maisu-maistren aldetik lan handia egin da, bere denborarekin, bere euskara landu dute eta badakigu zein baldintzetan. Ahal duten guztia egin dute eta eskertzekoa da baina ezin dugu horretan gelditu. Nik uste dut horretan indar gehiago jarri behar dela eta ez bakarrik Euskaltzaindiaren gauza izatea. Administrazioak gauzatu behar du.

Curriculumetan bertan gauzatzea, irizpideak...
Bai, bai. Eta lanpostu bakoitzari dagokion maila eskatzea. Lanpostu batzuetarako nik uste dut ez dela maila aski eskatzen. Garai batean Euskaltzaindiak titulua jarri zuen eta gero EGA dago eta badakigu ez dela erraza EGA lortzea euskaldunberri batentzat, meritua dauka, baina ezin dugu hor jarri sabaia eta jartzen ari gara. Adibidez, hemen, Euskararen Kontseiluan hori eztabaidatu genuen eta batzuok adierazi genuen gure kezka. Hor aurkeztu zitzaiguna zenbaiten ustez oso eskasa zen. Euskaltzaindiaren Jagon sailan kezka handia dago. EGAtik gora zerbait gehiago eskatu behar da.
Titulitisa ere ez da gauza ona izaten baina maila bat altuago bai zenbait lanpostuetarako. Eta horien artean irakaskuntza oso inportantea da. Eta zenbait teknikari altu izateko ere EGA ez da aski. Ni Hizkuntz Eskolan urte hauetan aritu naiz eta nire lankideei galdetu diet: «Zuen ikasleek alemaniera edo ingelesa titulua ateratzen dutenean nola ikusten dituzue, joango lirateke eskola batera eta fisika edo filosofia edo historia alemanieraz edo ingelesez emateko gai izanen lirateke?». Eta erantzuna: «Nola erraten duzu? Nola? Ezinezkoa litzateke». Baina gure kasuan hori lortu duena gai da ia edozein gauza egiteko. Garai batean horrela egin zen, egin behar zen eta ez zegoen bertzerik. Hasteko modua zen baina gaur medioak daude gehiago eskatzeko eta administrazioak medioak jarri behar ditu hobeki prestatzeko. Eta azkeneko erabakiak kontrakoak izan dira. Gora egin beharrean ematen du behera egiten ari dela. Oraindik errazagoa da egun EGA ateratzea. Eta irakasleentzat den azterketa, hain zuzen ere. Ez dakit hala den, baina honela baldin bada kezkagarria da.

Hizkuntz eskakizunen auzia ere hor dago...
Bai, badira ikastaro batzuk, IRALEk ematen dituenak, baina ezin da alde batera utzi. Eta hor bi interes daude. Administrazio aldetik dirua kostatzen da eta bertze aldetik kasu batzuetan langileen egoera dago. Dena den, nik uste dut ez dela langileen kontra joatea, baizik eta euskararen alde egitea. Eta gauzak hobetzeko bide hori bilatu behar dela uste dut.

Eta zuen aldetik, baliabideak direla eta, zein egoeratan zaudete?
Euskaltzaindiak medio gehiago behar lituzke izan martxa handiagoa hartzeko. Egin den lana handia da, erabaki asko urte gutxitan. Ez dut uste bertze hizkuntzetan honelako martxa dagoenik. Baina normalizazioan gaude eta gizarteak gehiago eskatzen du. Itzultzaileek eta teknikariek egunero dituzte beharrak. Zer gertatzen da? Euskaltzaindiak lan hori azkartzeko baliabideak behar ditu. Eta hori, azken finean, dirua izaten da. Euskaltzainen artean liberatua ez dago inor eta ehundik gora gara horrela. Euskaltzaindia ez da enpresa bat. Gobernu eta diputazioek ematen dioten diruarekin funtzionatzen duen erakundea da eta hori ez bada gehitzen ez da erraza abiadura hori handitzea.
Orain, azken urteotan, hiztegiarekin dabil Euskaltzaindia. Bertako plenoetan sesioak monstruo izaten dira, entzun dudanez, eta hiztegi bat, hitzak banan bana ikusiz, aprobatuz... Bere bidea egin behar du. Eta presagatik ezin dira erabakiak edonola hartu.

Gizartean txertatu behar dira...
Bai, gauzak serio egiten ari dira. Erabakiak ez dira ia aldatzen. Euskaltzaindia erabakiak hartzen ari da. Eta orain arte erabiltzen ziren ohituraz, baina ez Euskaltzaindiak erraten zuelako.

Nola lagun dezake Euskaltzaindiak, Nafarroan euskararen egoera ofiziala ikusirik?
Euskaltzaindiak euskararen hedapena du helburu eta honekin batera bere erabilera sustatzea eta sustaraztea. Gizartean horren alde lan egitea. Euskaltzaindiak zuzenean hori ezin du egin, bertze erakunde batzuen bidez baizik. «Vascuenceren legea»k erraten du Euskaltzaindia dela aholkulari ofiziala. Erasoak ikusi direnean Euskaltzaindiak adierazpen ofizialak egiten ditu, Barañaingoa adibidez. Irrati kontua dela eta Sanz jaunari eskatu zitzaion bilera bat...
Eta erabileran egin behar duena da animatu eta gauzatzen lagundu baina gauzatzeko ez du indarrik, Administrazioa behar du izan. Oztopo nagusia legea da. Gizartearen eskuetan dago lege hau aldatzea, nafarrok ez mugatzea, eskubide berberak baititugu nafarrok. Estatu mailan ez da gertatzen inon: Katalunia, Valentzia, Galiza, EAE... Gure kasua da mugak dituen bakarra. Horrek oztopoak sortzen ditu. Eta ez da oztopo teknikoa soilik, praktikoa ere bai. Administrazio mailan ez dut uste hau bezalako bertze zatiketa dagoenik, euskararekin bakarrik. Irratia, D eredua. Legeak gauza politak erraten ditu baina gero hori gauzatzerakoan baldintza konkretuak jartzen dituzte, ebazpenak-eta: «Hogei ume behar dira»... Azkenean horiek frenoak dira. Zailtasuna esan nahi du. Eta euskara ez da Euskaltzaindiarena, nafar guztion ondare kulturala baita. Ez bakarrik euskaraz dakigunona edo sentitzen dugunona, guztiona baizik.

Zertan da euskara Nafarroan?
Beti erran dute Belatetik gora gelditzen dela, baina egun euskaldun kopururik handiena Iruñerrian da. Umeen datuak ikusi. Ume euskaldun kopurua handiagoa da eremu mistoan euskaldunean baino. Hala ere badakigu errealitatea zein den: pixkanaka doa. Baina jendeak kontzientzia hartu du, bere ondare kulturala da. Elebidun izatearen normaltasun hori. Gizartea euren ordezkari politikoak baino aurrerago dugu. Gero eta jende gehiago dago euskararen alde, baina normaltasun batez. Eta emaitza soziolinguistikoak hor daude: aurkakoak gero eta gutiago dira eta adinekoak. Eta azkeneko epaiak garrantzi handia du: Euskararen legearekin unibertsitatea baldintzatzen, mugatzen zuten eta orain epaiak erraten du hori ezin dela egin. Agintarien jarrera hor dago, beti mugatuz. Baina epaia euskararen alde izan da, eta nafar eskubideak defendatu dira. Orain ez dago oztoporik plangintza egiteko unibertsitatean.
Erran bezala interesgarriena litzateke legea aldatzea. Eta gero, A eredua ia Erribera osoan zabaldu da jadanik, ez da nahikoa, batzuek ikasiko dute, baina hazia hor dago. Jarreraren aldaketa ikusten da. A eredua ez da ona, baina legez bertzerik ez dagoen bitartean... Gurasoen jarrera aldaketa ikusten da. Goitik beti kontra ari dira, baina bertzela nola aldatuko litzateke!

JOSE MARIA JIMENO JURIO
«Toponimia gaian, bere ondotik hasi garenen aitzindari. Eta, batez ere, pertsona xaloa eta hurbila»

JOSE MARIA SATRUSTEGI
«Mende honen erdialdetik honat, Nafarroako euskararen historian derrigorrezko erreferentzia»

ZURI URMENETA
«Egin duen ikerketa lanari esker, Nafarroako euskararen historiaren zati bat hobekixeago ezagutzeko parada eman digu»

IÑAKI CAMINO
«Ikertzaile zorrotz eta zehatza, asots handirik gabe ekarpen aipagarriak egiten segituko duena»

MANOLO AROTZENA
«Norberak berea emateko inoiz berandu ez dela erakutsi digun bertsolaria»

PATZIKU PERURENA
«Herriko euskaraz jabetu eta honen aberastasuna inork ez bezala azaldu digu. Luma akuili ere bihurtzen badakien idazle zorrotz eta ausarta»

JEAN HARITSCHELHAR
«Lehen euskaltzainburu nafarra. Plaza gizona. Lasaia eta amultsua. Nortasun hori karguari txertatu dio, ondoren- goengan konfidantza sortaraziz»

SAGRARIO ALEMAN
«Iruñerriko helduen euskalduntzearen aitzindarietako bat eta, hortaz, azkeneko 30 urte hauetako erreferentzia»

XABIER KINTANA
«Euskaltzale saiatua, azkarra eta sutsua. langile porrokatua, uste ez dituzun arloak ere landuko dizkizuna»

MIREN AZKARATE
«Lehenengo euskaltzain andrea. Zentzuzkoa, argia, zehatza eta trebea. Bere izena eta izana markaturik geldituko dira euskaran eta euskalgintzan»

Andres Iñigo euskaltzain berria
Iruñeko Hizkuntz Eskola Ofizialeko zuzendari izanak hamazazpi urtez etenik gabe, beste edozein jakintza, titulu edo lanbidek baino ezaupide gehiago eman dio Nafarroan eta, batez ere, gazte jendearen aurrean Andres Iñigo euskaltzain berriari.
Eta mintzoa mintzo, 1945ean Iturengo «Joaldunen» herrian mundura etorritako semeak ahotsaren bidez eman zuen agertzera lehenik bere burua mundun zehar, Luis Morondo ospetsuaren

Coral de Camara de Pamplona
taldean abestuz.
Unibertsitate mailan, Geografia eta Historiako tesinarekin sartu zen buru-belarri toponimia gaietan, gero Filosofia eta Letretako Doktoregoan emango ziolarik zabalagoko ikuspegia toki-izenen altxoarrari

Toponom stica histórica del valle de Santesteban de Lerin (Regata de Ezkurra)
tesiarekin.
Ez da harritzekoa Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuenetik Toponimia batzordeko kidetzat hartu izana. Beraz, lankide zuen elkargo honek duela bi urte Iruñeko ordezkaritzaren arduradun izendatu aurretik, eta ibilitako bidearen berezko urratsa izan da euskaltzain izendapen nagusia.
Bagagozke lasai Nafarroan, Jainkoa lagun, ez dela bere aulkiaren betegarri antzu gertatuko Euskararen eta Euskaltzaindiarentzat Andres Iñigo. Denbora izango da horren lekuko


Azkenak
Eskolaz kanpoko jarduerek kanpoan uzten dituzte premia bereziak dituzten haurrak

Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]


2025-04-01 | Euskal Irratiak
Arrate Isasi: “Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu”

Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.


2025-04-01 | Gedar
Aurtengo Maiatzaren 1ean ere Bilboko kaleak hartzera deitu du EHKSk

"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.


2025-04-01 | dantzan.eus
Zuberoa dantzan batuko da berriz ‘Aitzina Biga’ ikusgarrian

Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]


2025-04-01 | Elhuyar
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz

Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]


Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


Eguneraketa berriak daude