argia.eus
INPRIMATU
44 MILIOI ASPIRINA
  • Erabilera berriak ikertzen ari dira eta horien artean koloneko minbizia prebenitzea.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21
Aspirina izeneko botikak aspaldi bete zuen mende bat, baina oraindik sasoian dago. Horrela dirudi behintzat, kontuan hartzen badugu ikerketa berriek erabilera berriak ateratzen dizkiotela agortezina dirudien azido azetil salizilikoari.
Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Farmakologia Zerbitzuko zuzendari Jesus Honorato doktoreak esandakoari kasu eginez, aspirinak koloneko minbiziaren agerpena prebeni omen dezake. Horrela frogatu bide zuen 600.000 pertsona baino gehiagorekin Estatu Batuetan egindako ikerketa epidemiologikoak: aspirina dosi jakin batzuk hartzeak kantzerrari aurre hartzen laguntzen duela ikusteko, ikerketa horretan parte hartu zuten pertsonak bi talde handitan banatu ziren. Eta hilean 15 aspirina baino gehiago hartzen zutenek minbizi mota hori jasateko arrisku gutxiago zuten 15 baino gutxiago hartzen zutenek baino, Servimediak dioenez. Oraindik ez da zehaztu zein den koloneko minbizia prebenitzeko hartu beharko litzatekeen aspirina kopuru zehatza, baina 15 aspirina inguruan ibiliz gero, oso zaila da kopuru horrek pertsonengan inolako efektu sekundariorik edukitzea, Honorato doktorearen hitzak errepikatuz.
Bestalde, aspirinaren kontsumoa zein mailatan ibiltzen den jakiteko, hona zifra batzuk: munduan, segundo bakoitzean 2.500 aspirina unitate kontsumitzen dira. Espainian 650 milioi aspirina hartzen dira urtero, eta horrek esan nahi du espainiar bakoitzak 16-17 aspirina ahoratzen dituela urtean. Azkenik, Euskal Herrian 1997. urtean 44 milioi aspirina kontsumitu ziren