Korrika 1: «Zuk ere esan bai euskarari». Oñati-Bilbo. 1980, XI/29-XII/07. Omenduak: Rikardo Arregi, Xabier Peña.
Elurrak bisita egin zien. Lehen 24 orduetan, lasterketa jarraitzen zuten autoek kateekin igo behar izan zuten Bidaniako gaina eta Luzaiden Nafarroako Diputazioko traktore eta elur-kengailuak izan zituzten bidailagun.
Lekukoak zeraman mezua galdu egin zenez, AEKren diskurtsoa bakarrik irakurri zen Bilboko amaiera-ekitaldian. Rikardo Arregiren hitzak irakurri ez izanak sumindura piztu zuen.
Korrika 2: «AEK, euskararen alternatiba herritarra: Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde». Iruñea-Donostia. 1982, V/22-30. Omendua: Rikardo Arregi.
Partaidetza lehen edizioan baino zabalagoa izan zen eta diru gehiago bildu zen. Baina ez zen giro: EAJko EBBk, lehen edizioan gertatutakoa gogoan, Korrikari ez laguntzea erabaki zuen. «Deia» egunkarian berriz, Taldea izenez sinatutako artikulu sorta bat kaleratu zen. AEKren egoera ekonomikoa txarra zenik ukatu, eta Bizkaiko AEKri "malversación de fondos" egitea leporatzen zion Taldeak. «AEK: KASen fronte kulturala» bezalako loreak bota zizkion.
Korrika 3: «Euskaraz eta kitto». Baiona-Bilbo. 1983, XII/03-11. Omendua: Gabriel Aresti.
Euskalduntze-alfabetatzea Iparraldean eta Nafarroan finkatzen ari zela nabarmendu zen. Aurreko bi edizioez geroztik berandu heltzearen kontra jarritako neurriak zirela eta, emaitza onegiak lortu zituzten: lasterketa behar baino lehenago heldu zen herri askotara. Helduen euskalduntze eta alfabetatzerako Eusko Jaurlaritzak sortutako erakundeak, AEKren pareko sare ofiziala jaio zen, HABEko euskaltegiek eta udal euskaltegiek osatua. Erakundeek diruz eta baliabidez gogor sutatua, AEKri desio ez zuen auzokoa sortu zitzaion, eta `gerra' piztu.
Korrika 4: «Herri bat, hizkuntza bat». Atharratze-Bilbo. 1985,V/31-VI/09. 2.028 km. Omendua: Piarres Laffitte
AEKren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko istiluen ispilua izan zen Korrika 4. Jaurlaritzaren eta erakundeen euskararekiko jokaera salatzeko asmoz, Gasteizko irakasle talde batek gose grebari ekin zion. Lau hilabete zeramatzaten lansaririk kobratu gabe.
Korrika 5: «Euskara, zeurea». Hendaia-Bilbo. 1987, IV/03-12. Omenduak: Lauaxeta eta Balendin Enbeita.
Ordura arteko partaidetza handiena lortu zen. Guztira 500.000-600.000 lasterketarik hartu zuen parte.
Une hunkigarriak aipatzen hasita, "Gernika 1937-87" ekimena pil-pilean, mende erdi lehenago nozitutako bonbardaketaren erreferentziak topatu zituzten korrikalariek, lasterketa Gernikan goizeko hamaikak eta laurdenetan sartu zenean. Han bertan, Jorge Lizama indigena maputxeak lekukoa hartu zuen Enbeita eta Lopategiren bertso eskolako partaideen eskutik.
Korrika 6: «Euskara korrika... eta kitto!». Iruñea-Donostia. 1989, IV/14-23. Omendua: Joxemiel Barandiaran.
Koordinakundearen erakundetzeari buruzko eztabaidaren ondorioz, AEKren batasuna pitzatu egin zen 1989an.
EAJ, EA eta EE alderdiak diputazioetatik eta udaletatik Korrikari dirua ematearen aurka azaldu ziren. Prentsa oharrean emandako arrazoien artean: «Euskararenaz gain, `Korrika'k beste helburu batzuk ere baditu: hizkuntzaren eremua baino urrunago doazen xedeak lortzeko aukerako ikurrintzat euskara erabiltzea eta bitarteko bihurtzea ez dira ez euskararen erabilpena normaltzeko bidean aurrera egiteko era egokienak». Hala ere, AEK-k eta ETB-k ere publizitate trukerako hitzarmena sinatu zuten nahiz eta PSOEren eta Joseba Arregiren haserrea piztu.
Korrika 7: «Korrikak euskara, euskaraz Euskal Herria». Gasteiz-Baiona, 1991, III/15-24. Omendua: Remigio Mendiburu.
Korrika 7 hasi baino hiru egun lehenago, berri hau plazaratu zuen «Euskaldunon Egunkaria»k: «EITBko zuzendaritzak betoa ezarri die Gorordo eta Korrikari `Terminus' saioan», zioen izenburuak, eta «Elene Lizarralde zuzendariak dimisioa eskatu du eta saioa bukatu egin da» azpitituluak. Mikel Olaziregik, ETBko zuzendaritzako partaideak, adierazi zuenez, «aspalditik erabakia du Eusko Legebiltzarrak EITBk ez diola laguntzarik eman behar Korrikari. Informazioa bai, baina ez dugu egingo Korrikaren promoziorik».
Korrika 8: «Denok maite dugu gure herria euskaraz». Iruñea-Bilbo. 1993, III/26-IV/04. Omendua: Martin Ugalde.
Korrika 8ren atarian Korrika Kulturala eta Korrika Kirolaria izeneko egitarauak aurkeztu zituzten berrikuntza nagusi bezala. Korrikaren edizio honek ere izan zuen, zoritxarrez, joanak ziren lagun anitz omendu beharra. Gasteizen, esate baterako, AEK, IKA, Irale eta HABEko ordezkariek elkarrekin egin zuten lasterka Eusebio Osa euskaltzale ezagun hil berriaren omenetan. Joxepe Zuazo zena, Korrika izenaren sortzailea ere omendu zuten.
Korrika 9: «Jalgi hadi euskaraz!». Donibane-Garazi-Gasteiz. 1995, III/17-26. Omendua: Mikel Laboa
Bernart Etxepareri ere egin zion ohore Korrika 9ak.
Korrika 9 egin zen urteak, 1995ak, AEK-k instituzioekin duen harremanaren argazkia ekarri zuen. AEK-k Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu zuen EAEn. Nafarroan ez zen deus lortu eta Ipar Euskal Herrian are gutxiago.
Korrika 10: «Euskal Herria Korrika». Arantzazu-Bilbo. 1997, III/14-23. Omendua: Luis Villasante
Hamargarren Korrikak, euskaltzaindiaren eta Arantzazuko frantziskotarren lana omentzeaz gain, AEKren eta instituzioen arteko adiskidetze formala erakutsi zuen. Aro berri bat abian zela iragarri zuen