Aurreko astean aipatzen genituen Pikolin koltxoi-enpresa ezagunak egindako ikerketaren emaitza batzuk. Gezurra badirudi ere, Espainian egindako azterketa honek desberdintasun handiak erakusten ditu komunitateen artean.
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek hogei minutu baino lehenago lortzen dute lokartzea eta Espainiako batez bestekoa 21,6 minutukoa da. Eta zer egiten dute euskaldunek denbora horretan? Telebista ikusi gehienbat (% 41,4) eta irakurri ondoren (% 38,3). Ohean irakurtzeko ohitura handiagoa da EAEn Espainian baino (hemen % 33).
EAEko biztanleen % 7k bakarrik erabiltzen ditu lasaigarriak lo hartzeko, Espainiako batez bestekoa % 10ekoa den bitartean.
Insomnioaren arrazoirik usuenak lanarekin lotuak dauden kezkak (% 35), afari ugari eta pisuak (% 19), oheratu aurretik edari alkoholikoak hartzea (% 14) eta osasun arazoak (% 13) dira.
Inkestaturikoen % 23k aitortzen du zurrunga egiten duela, baina datu hori ez da fidagarria, beren bikotekideekin inkesta osatu ondoren, batez bestekoa % 29ra igotzen baita. Zergatik ote diferentzia hori?
Horiexek, bada, Pikolin enpresak bere berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko 3.300 inkestatan oinarrituz lo azturei buruz egindako ikerketaren emaitza nagusiak. Eta bukatzeko, betidanik kezkatu nauen kontu bat aipatzeko, zu, irakurle, inkestatu ote zintuzten?