H
amar-hamaika urte zituela sentitu zuen Kepa Junkerak trikitixaganako erakarpena, eta sentitu zuen «erritmo hori, bizitasun hori» trikitilari klasikoen orroak aditu zituenean. «Inork ez luke imaginatu izango, izan naizenekoa izanda, autopista hementxe aurrean, nola sartuko nintzen ba mundu honetan. Oso pozik nago, abentura bat da hau guztiau, oso harro sentiarazten nauen film bat». Kasetekin ikasi zuen instrumentua jotzen, autodidakta moduan, eta horregatik garatu zuen trikitixa jotzeko teknika berezia, baxuak erdiko bi atzamarrekin joaz eta eskuin eskuaren erabilpen berezia eginez. Agian horregatik izango zen, bai, edo Bilboko Errekalde auzoko mutila zelako beharbada, baina gaztetatik ez zituen bere ikaspenak zetorkionaren arabera moldatzen utzi, eta beti musikaren alor ezberdinetan ibili den jendearekin harremanetan ibilia da, ikasten, ikertzen.
Musika mugarik gabea da, anitza, Kepak ez du generoetan sinesten. «Lehen pentsatzen zen trikitixa jotzeko ez dakit zein lekutan bizi behar zinela, ezin zinela hiri batetan bizi, euskara jakin behar zenuela... baina niri musika gustatzen zait, beste edozer gustatu eta egiten duzun bezalaxe». Zortzi disko eta beste musikariekin egindako hamaika kolaboraziotako ibilbide oparoaren ondoren, «Bilbao 00:00h» World Music etiketaren inguruan munduan zehar hedatzen ari da).
Azken diskoaren arrakasta musika etnikoen goraldiarekin lotzen al duzu?
Bai, baina hori nik esango banu, jende askorentzat iduri luke orain arte egindakoarekin ez naizela zoriontsu izan. Orain artean egin dudan proiektu bakoitzarekin –horrek dakarren guztiarekin, musikan ez baita dena polit– beti izan naiz zoriontsu, eta uste dut beti izan dudala jendeak arrakasta deritzon hori, zer den oso ondo ez dakidan arren. Orain artean 3.000 edo 5.000 disko saltzea arrakasta zen ekoizpena ordaintzeko adina bazen eta. Asko saltzen duen diskoa besteak baino hobea denik ez dut inoiz pentsatu.
Azken diskoa gehiago saltzea halako musika motekin dagoen korronte unibertsalari lotuta dator, bai. Frantzian adibidez denbora asko daramate euren musikak afrikarrenekin nahasten. Hemen oraintsu biztu da interesa, eta jada ez dago arazorik halako musika gustatzen zaizula esateko, edo emozionatzen zaituela, edo topikoetatik kanpo dauden sentsazioak sortarazten dizkizula.
Hainbat herritako folk musikariak bildu zarete «Bilbao 00:00h» diskoan, nola elkartzen dira folklore ezberdinak?
Jendeak trikitixa oso musika purutzat eduki dezake, baina ondoko probintzia guztietako musiken eraginekin oso nahastua dago, eta baita musikari dagokion mendebaldar korronte batekin, armonia edota erritmoei dagokienez. Nik lehiaketatan trikitixa, porrusalda, arin-arina eta fandangoa jotzen nituenean zera pentsatzen nuen: gurea izango da. Baina Kantabriara, Asturiasera, Galiziara joaten nintzen, eta erritmo berberak topatu. Kantabrian 3x4 erritmoa duen fandangoari «a lo pesado» deitzen diote, eta arin-arinari «a lo ligeru». Carlos Nuñezekin «A Irmandade das estrelas» kanta grabatzerakoan Huriondo nire gaiarekin hasi genuen, eta gero galiziar jota batekin nahasten da, nik erabilitako erritmo berbera baita, eta gitarjole flamenkoa buleria batekin sartzen da gero, inolako problemarik gabe. Musikan denok elkar ezagutzen dugun parametrotan mugitzen gara.
1988an lehen diskoa kaleratu zenuenean txapelketetako giroa bizi zenuen. Egun txapelketak telebistaz ikustean zer sentitzen duzu?
Egia esan, piska bat aspertzen naute. Musikan teknika handia izan dezakezu, baina denbora behar duzu adierazten jakiteko. Gazte horietako askok nik baino hobeto jotzen dute instrumentua, baina iruditzen zait ez dutela karisma landu, zerbait adierazi beharra. Ez dut uste eszenatoki batera igo eta serio jartze hori... oso hotza da. Gazte jendeari ezin diozu exijitu eszenatokira igo eta lau abesti asmatzea, ez da hain erraza. Nik 80ko Txapelketako diskoa ehundaka aldiz aditu dut etxean. Zerbait berezia zegoela nabaritzen nuen hura aditzean, baina aitortu behar dut oraingo txapelketek ez nautela emozionatzen, eta hori oso esanguratsua da. Horrek trikitixa sustatzen lagunduko al du, edo musika sustatzeko? Zalantzak dauzkat. Bestalde, kritika bat egiten dut: Txapelketak ikusten ditudanean ez dut ikusten zein kanta den, ezta egilea nor den ere. Nire kantak jo dituztela ikusi dut eta ez zuen ezer jartzen. Nik ezin dut disko batean «Penny Lane» grabatu eta Kepa Junkerak egin duela jarri; John Lennon-Paul McCartney jarri beharko dut. Horrek musika honekiko dagoen errespetu falta adierazten dit. Badirudi pandereta eta akordeoiarekin egindako musikak ez daukala egilerik, ez daukala dedikaziorik, estudio bateko lana, ez eta sentsazio batzuk ere.
(Gauza ezaguna da Kepak Trikitixa munduaren historia berridatzi egin duela, beste ikuspegi batetik begiratu diola Bilboko bere balkoitik mundu itxi bat zekusanari).
Trikitixa disko klasikoekin emozionatzen jarraitzen dut nik: Laja eta Landakanda, Ramuntxo ta Iturbide, Fasio, Leon, Maurizia... Horiek dira emozionatzen nautenak eta jendeari gomendatzen dizkiodanak. Gero saiatu den guztiari buruz, bada, gauza asko egin dira denbora tarte laburregian, eta ez dakit jendeak oso ondo liseritu dituen proposamen guztiak, edo hori guztia egiteak suposatzen duena. Niri Tapia asko gustatzen zait, egin duena egin duela ere, musikari handietakoa iruditzen baitzait. Besteei buruz, egia esan piska bat kanpoan gelditu naiz. Arrakasta izan duen gazteen belaunaldia ere badago, baina ni ez nau gehiegi emozionatzen, errespetatu egiten dudan arren.
Orain dela hamar urte trikitixaren adierazpen handiena Txapelketa zen. Ematen zuen irabaziz gero errealizatua sentituko zinela. Irabazteko asmoz joan nintzen ni, nire musikarekin joan ere. Ez nintzen parte hartze hutsera joan, ezta probokatzera ere, publikoaren zati bat nire jarrerarekin harritu bazen ere. Nik pentsatu nuen bi neska haiek pozik zeudelako dantzatzen zutela twist-a nire aktuazioak iraun bitartean (eta ez kritika egiteko). Dibertitzera behintzat ez nintzen, ez, joan, beldurgarria baitzen belodromoko 8.000 pertsona haiei aurre egitea, musika hau den xumearekin eta eszenatokian sentitzen duzun biluztasunarekin. Oso argi daukat gainera musika ezin dela puntuatu, inork ezin diola nere kanta bati 4,5 edo 9,3 bat jarri.
86an ez genuen Txapelketa irabazi, baina toki askotatik deitzen hasi zitzaizkigun eta lehenengo grabaketak egin genituen. Euskal Herritik kanpo ikastaroren bat egiteko zortea izan nuen, eta kanpoan nengoela konturatu nintzen bazela teknikoki hemengook baino okerrago jotzen zuen jendea baina musikari buruzko ezagupen handiagoa zuena, munduko toki askotako musika ezagutzen zuten. Zer pentsa eman zidan. Ezagutu nituen musikari batzuk ez zutenak musikarik egiten erromeria gehiagotan jotzeko, edota txapela irabazteagatik, ez eta inolako elkartetan egoteko ere. Ene buruari galdetzen nion: Astor Piazzolak txapelen bat izango ote du? Diruagatik jotzen al du? Eta hemen gehiago baloratzen zen egin izandako plaza kopurua musika bera baino. Musika azalezinagoa da. Ezin dituzu gauzak diruagatik, ezta arrakastarengatik egin; batzuetan kointzidi dezakete, baina askotan ez. Nire lanagatik ezagun nazatela interesatzen zait.
(Halako panorama ikusi zuenetik Kepak bere musikari zabalpena eman nahia konstante bat bihurtu du lanerako orduan. Zabalpena eta horrekin batera bilaketa etengabea).
Ez diot inoiz urdaiazpikorik inori oparitu. Pertsona zuzena izan naiz, eta deitu edo idatzi didan bakoitzari erantzun egin diot. Estatu mailan Radio 3ekin konturatu naiz zeinen garrantzitsua den zure musika heda dadin. Bestalde, Europan hainbat aldizkari espezializatu dago, eta zugan fijatzen badira oso garrantzitsua da atera ahal izateko. Ahoz-ahokoa ere oso garrantzitsua da, akordeonista asko ikastaroetan ezagutu nituen, eta haien giroan ezagutarazten zaituzte... ateratzea ez da hain zaila.
Nik beti izan dut gauza ezberdinak egiteko grina hori, eta musikak esan nahi duen guztiaz zalantzan jarraitzeko beharra daukat. Ez dakit musikan ezer asmatzeke badagoen, ni neu geroz eta musikari mugatuagoa sentitzen naiz. Jendeak gehiago dakizula uste duenean, niri geroz eta gutxiago dakidala iruditzen zait musikaren misterioaz. Musika gauza asko dira: jolasa, jakina, baina baita bizitzarekin oso lotuta dagoen zerbait, zure burua justifikatzeko modu bat, zerbaiten bilaketa eskuraezina. Musika utopia bat da.
Zer hasi eta zer bukatzen da Bilbaon 00:00 orduan?
Titulua Astor Piazzolagandik hartu nuen, beti gustatu izan baitzaizkit haren tituluak: «Buenos Aires Hora Cero» edo «Tango Hora Cero». Tituluaren indar hori gustatzen zitzaidan: «Violentango», «Meditango»...
Proiektu bakoitzak beti hainbat bide zabaltzen dizkizu, gero hartu ditzakezunak ala ez. Disko honetatik, aurrekoetatik bezalaxe, pistak agertu dira: proiektu eta ideia asko jaiotzen dira disko honetan. Musikari bakoitzarekin aztertu dugu norberaren musikak zer eransten dion bestearenari, elkar aberastuz. Haietako bakoitzarekin hamaika esparru zabaldu ditugu, diskoan agertzen direnez gain. Tituluan orduaren erreferentziak abiapuntua ere adierazten du, aurreko lan orduak beti ere ahaztu gabe.
Bestalde, ziklo bat itxi nahi izan dut, eta ni natorren inguru honi eskaini, zeren beharbada baliteke ingurune hau niretzat garrantzitsu izatea, eta baliteke ere ezetz. Beharbada trikitixaren munduan hainbat gauza defendatu eta azaldu behar izateak nortasun jakin bat eman dit, eta horrek ere indartu egin nau. «Bilbotarra zara eta trikia jotzen duzu?» eta halakoak entzutean hainbat galdera sortzen baitira; eta honek zergatik esan dit hau, pertsona horrek zergatik pentsatzen du musika leku honetakoa dela, zeren musika edozeini gusta dakiokeen gauza baita eta edozein pertsona hori musika horretan sar daiteke, ezta? Diskoan guzti hori adierazia dago.
(Hitz hauek esaterakoan ez zaio, ordea, amorru berezirik somatzen Kepari. Bere musikan eta bizimodu lanpetuan zeharo sartuta dagoen arren, ezinegonei zuzenki aurre egiteko ohituran hezi da Kepa Junkera musikaria. Iragana iragana du, eta jasandako kontrako giro haren itzala gaur darabilen mestizaia mezuaren baitan kokatzen du. «Bilbao 00:00h» disko aditzean entzuleak ezinbestean jasotzen du mezu hori, diskoaren izaera osoaz gain, Pedro Guerra kanariarraren poesiak dakarrenean «Del Hierro a Madagascar» kantan: «Una lengua común / un idioma mestizo / un sonido de arena / y de fondo de mar / una sola canción / para dar a los hijos / aquellos que han partido / que vienen y van / del campo y de la sierra... / de Itoiz hasta Portugal / del baile y de la siembra / del Hierro a Madagascar»)
Diskoan kolaboratzaileen zerrenda amaitezina da. Nola egiten da lan hainbeste jende ezberdinekin, hau da, nola bilatzen da musika lengoaia amankomuna eta nola grabatzen da.
Gauza guztietan bezala, beti egon behar du arduradun bat erabakiak hartuko dituena. Askotan lan nekeza da zu baino jakintza handiagoa daukan jendea `zuzendu' behar duzulako, baina zuzendari artistikoa zu zeu zara. Doinu edo erritmo jakin baterako musikari egokiena zein izan daitekeen pentsatu behar duzu, eta baita horrek zer erantsi diezaiokeen kantari, edo zer sor daitekeen une horretan. Denetariko erantzunak sortu dira: Bela Fleck-ekin gaia inprobisatu egin genuen bera hemen zela; Dulce Pontesi musika bidali nion, eta Donostiara kantatzera etorri zenean dena prest zekarren; lehenengoan grabatu genuen; La Bottine Souriante-koek idatzia ekarri zuten; Hedningarnakoek euren estudioetan grabatu zuten...
Zure musikaren entzulegoa aldatu egin da hamar urteotan. Nola bizi duzu zuk publiko aldaketa hori grabatzeko orduan?
Beti ikusten dut neure burua beste aldean, eta ez publikoa. Nire gurasoen gustuak asetzeko edo koadrilako aspaldiko lagunentzako idatziko banu ezberdina izango zen dena. Txapelketa haietan ere epaimahaiak entzun nahi zuena jo izan banu... Zinez uste dut niretzat jotzen dudala, nik sentitzen dudanarentzat. Hala ere, gustatzen zait jendeak nire musikaz gozatu ahal izatea, eta ondo pasatzea, eta ikusi dezaten ezberdina den zerbait egiteko gogoa dagoela. Baina ezin duzu idatzi 15 urtekoentzat, edo 30ekoentzat, edo 60koentzat. Zergatik atsegin ditut nik hilik dauden musikariak –oraindik ere iraultzaileak iruditzen zaizkidanak–, eta beharbada harritu beharko nindukeen 18 urteko batek egiten duen musikak zergatik aspertzen nau?
Orain nahi duena eta nahi duenekin lan egiten duen musikaria zara, eta gainera hori jendeari gustatu egiten zaio, eta saldu egiten du...
Ez nago ados: ez dut nahi dudan musikarik egiten, nahi dudan musika zein den ez dakidalako, utopia bat baita. Astor Piazzola edota Hermeto Pascual entzuten hasten naiz... eta musika hori egin nahi nuke. Chucho Valdes entzun berri dut pianoa zuzenean jotzen Bilbon, eta Chucho bera izan nahi nuke une horretan, nahi dudan musika horixe da une bakoitzean. Salmentak koiunturalak dira, ni pozik nago disko bat egitea lortzen dudanean edo egiten dudanarekin dibertitzean, edo baita orkestrarena sofritu dudanean ere.
(Erronkak maite ditu Kepak. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera erronka handiari ekin zion «Bilbao 00:00h»-en aurretik: orkestra Kepa Junkeraren musikan sartzea. Baina orkestra handien lan egiteko erritmoa ezberdina da oso, lan ordutegiekin eta abar: produktua ez dago norberaren esku, makina bat bezala funtzionatu behar du guztiak. Azkenean, urtebete lanean eman eta gero, kontzertu bakarra eman zuten elkarrekin, 1997ko Getxoko folk festibalean. Kepak ez zuen hura grabatzea argi ikusi eta proiektua geratu egin zuen. Gogorra izan zen hain musikari ezberdinekin lan egindakoarentzat, baina espero du laster berriro proiektuari ekitea: «halako musika handia sortzea hain instrumentu ttikiarekin...»
Gaur egun jendeak uste dezakeen baino denbora gehiago ematen du Kepak Bilbon, «hemen bizi naiz; gure ingurunean oso errotuta gaude eta bidaiatzearena ere oso gogorra da». Berarekin jotzen duten bi txalapartariak –Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez– prestatzen ari diren txalaparta diskoaren ekoizle lanetan ari da, eta baita laster bere kanta guztien pentagramak argitaratuko dituen liburu dotore baten prestakuntzan. Asteburu honetan Suedian egonak dira jotzen, eta hurrengoan beste nonbaiten. Baina denbora du guztia egiteko. Zurrunbilo hori gustuko du. Kontzertuak ikustera joateko denbora ere badauka, edota komunikabide guztiei kasu egiteko, edo egunero jasotzen dituen `fan'en eskutitzak banan-bana erantzuteko, «bai, guzti-guztiei erantzuten diet, beti egin izan dut horrela»).
Nola dakusazu Bilboko kultur giroa, `boom'ik ba al da?
Nik uste dut aukera pertsonala dela hori: izan ditzakezu 20.000 eskaintza, baina zuk ez baduzu inora joateko beharrik, edo ezer sentitzeko beharrik... Hara, orain dela 15 urte kontzertu bat interesatzen bazitzaidan urrunera joaten nintzen hura ikustera. Chick Corea ikustera Bordelera joan ginenekoa gogoratzen dut: arratsaldean iritsi ginen eta musikariak probatzen ari ziren... zirraragarria zen. Nire ustez orain denbora falta da jendeak gauza horiez gozatzen ikasteko, baina orain behintzat aukera bat izango duzu. Guk ez genuen halakorik, eta horrexegatik bilatu egiten genituen eta garrantzitsuago ziren guretzat. Beharbada orain, etxean izanda, ez duzu horrenbeste gozatuko, ez da izango hain hunkigarria, agian askoz hotzagoa da
Diskografia
Kepa, Zabaleta eta Mutriku, 1988.
Trikitixa txapelketa istilutsu haietarako egindako melodien grabaketa. Trikitixaren hainbat molde apurtzen saiatu ziren lan berritzailean: «
Erromeriatan jotzen genituen vals eta horrelakoak ez genituen grabatu; fandango eta arin-arinak bakarrik, produktua mimatu nahi genuelako». Disko honetan agertzen da Huriondo gaia, edozein trikitilariren errepertorioan egun klasikoa dena.
Triki Up, 1990.
Jazza eta trikitixa elkarri lotuak. Oskorri eta Infussion taldeetako kideen kolaborazioekin, arin-arinak, fandangoak eta baladak, jazz ikutuekin: «
aurreko erritmoei marrazki berriak erantsi genizkien. Erromerien mundutik kontzertuen mundurako saltoa izan zen, bidaia hasiera bat, nolabait». Jon Sarasuarenak dira hiru kanten letrak, eta Xabier Amurizarena beste bat.
Trikitixa Zoom, 1991.
Aurrekoaren ildotik, baina soinua gehiago garatuz talde formazioarekin: «
talde-lana aurreratuagoa dago, Jazz-fussion estilotik gertuago». Melodia hauekin Kepak eta bere jazz bandak Espainiako gazteentzako folk berri lehiaketako lehenengo saria eskuratu zuten.
Trans-Europe Diatonique, 1992.
John Kirkpatrick britainiar eta Riccardo Tesi italiar akordeoilariekin batera Belgikan grabatutako disko akustikoa: «
Nire instrumentuari aukera gehiago bilatzeko aukera eman zidan, bestelako instrumentuen laguntzarik gabe». Formato txikiko hiruko talde honek bira europear handia egin zuen. Ikuspegi berriak ezagutuz zihoan Junkera.
Kalejira Al-Buk, 1994.
Sustraietara itzulera, baina ñabardura berriekin: «
entzuteko errazagoa, beharbada, folk-rockaren eremuan murgilduz». Letradun abestiak nabarmentzen dira, hainbat kantariren ahotan: Mikel Laboa, Joseba Tapia, Natxo de Felipe...
Lau eskutara, 1995.
Julio Pereira gitarrajole portugaldarrarekin batera egindakoa. Disko hau ametsa zen Keparentzat: «
aspaldian miresten nuen Julio, eta nere buruari galdetzen nion: zer gertatuko litzateke elkarrekin zerbait eginez gero? Chieftains taldearekin jo genuenean elkar ezagutu eta proposatu egin nion». Hamabost egunetan bi musikari handik grabatutako bitxia.
Leonen Orroak, 1996.
Alboka aztergai hartuz, ama-lurraren soinuetan sakondu nahi zuen: «
beti esan izan da albokak ez daukala errekurtso askorik. Hau ez da armonia asko dituen diskoa, baina perkusio indartsuak dauzka eta horrek soinu basati samarra ematen dio, magia handikoa». Ibon Koteron albokariaz gain, musika berrietan jardun ohi duten kolaboratzaile ugari izan ziren: Tomas San Miguel, Javier Paixariño, Xose Manuel Budiño eta abar.
Bilbao 00:00h, 1998.
Junkeraren obra hamaika musikari ezberdinen topagune bilakatuta, salmenta arrakasta ekarri dion disko bikoitzean. Bilbotarrak munduan zehar egindako ezagupenen bilkura da: «
ez da kasualitatearen fruitu, esperientzia eta lan askorena baizik». Kolaboratzaileen zerrenda amaiezina da. Lan arriskutsua eta emaitza paregabea