argia.eus
INPRIMATU
JUSTIZIA NOLA ULERTU?
2021eko uztailaren 16a
JUSTIZIA NOLA ULERTU?
Josu Urrutikoetxea eta Joxean Etxeberriaren parlamentario lanek agerian utzi dituzte justiziaren erabakien kontraesanak. Biak preso prebentiboak izaki, Urrutikoetxeak ez du baimenik, oraingoz, Gasteizko ganbaran partehartzeko; EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiz, ordea, Etxeberriak izan du aukerarik azken bilkuran izateko, hori bai, Auzitegi Nagusiaren ustez iragan ostiraleko osoko bilkura garrantzitsua zelako. Legebiltzarrak, aurrerantzean, badu bere lanaren beste epaile bat, Auzitegi Nagusiak garrantziaren arabera emango baitio baimena Etxeberriari. Emilio Olabarria jeltzaleak kasu bitxi honi buruz zioen legez, jangoikoarengana jo beharko da zenbait gauza ulertzeko.

SAKABANAKETAN BAKARTUAK
BAKARDADERAKO tresna aproposa da euskal presoek jasaten duten sakabanaketa. Politika honen barruan, dena den, badira bakartiago direnak. Espainia eta Frantziako espetxeetan bederatzi preso bakarrik dira bederatzi espetxe desberdinetan, sei Frantziako espetxetan eta hiru Espainiakoetan. Bixente Garcia, Juan Carlos Estevez, Gabi Mouesca, Kepa Pikabea, J. M. Dorronsoro eta Rafa Caride bakarrik dira Frantziako espetxeetan. Espainian, ostera, Julen Zabalo, Gerbasio Agirre eta Jose Ramon Artola dira bakartutakoak.

KURDUEN EZTABAIDA GASTEIZEN
TARTEAN ezer gertatzen ez bada, datorren ostiral honetan aztertuko da Gasteizko Legebiltzarrean, ganbara kurduei uztearen egokitasuna. Ia ohitura bihurtzen ari den ikuskizunean, alderdi estatalista eta abertzaleen arteko eztabaida gogorra ikusi ahal izango da.

JAURLARITZAREN ZAILTASUNAK
OTSAILAREN bukaerarako prest izan behar zen EHk EAJ eta EAri eman beharreko sostengu parlamentarioari buruzko akordioa. Baina ez dago, eta prentsan agertutako zenbait informazioren arabera, uztailera arte ere akordio sinaketa barik egon gaitezke. Ñabardura askoren artean, baina EHk kale borrokaren aurrean duen jarrera ei dago tartean. Edozein modutan ere, bai EHri eta baita EAJ eta EAri ere akordioa ahalik eta azkarren ixtea komeni zaie eta martxorako akordioa sinatzen saiatuko dira. Akordioa ez sinatzea popular eta sozialistei komeni zaie, modu horretan, Ibarretxeren gobernuaren ahultasuna aitzaki, EAJ eta EA egurtu ahal izango baitituzte.

BATZARRE ETA EH
NAFARROAKO Euskal Herritarrok (EH) taldearen sorrerarekin, ilusio eta aurrikuspen zabala sortu da bere burua ezkertiartzat eta abertzaletzat duen askorengan. Batzarre alderdian, esate batera, hauteskundeetara EH barruan joateko proposamena aztertu zenean, adostasun maila oso handia izan zen. Datuok erakusle: erabakia hartzeko Nafarroa osoan eratutako biltzar guztietan sei abstentzio besterik ez zen izan eta aurkako boto bakarra ere ez.

ORONOZKO KUARTELEAN JADA
NAFARROAKO Doneztebeko Guardia Zibilaren kuartela itxi da eta, azkenik, Oronozeko kamineroen etxean dira jada guardia zibilak, bertako udaletxearen iritziaren aurka.