argia.eus
INPRIMATU
EKB-K BERE JARDUERA ETETEA ERABAKI DU
  • astean. Arrazoia: sortu zenean zituen bi funtzio nagusiak, euskalgintzaren bilgune izatea eta euskararentzat Plan Orokorra aldarrikatu eta bultzatzea, Kontseiluak jada betetzen dituela.
Eriz Zapirain @leringate 2021eko uztailaren 21
Euskal Kulturaren Batzarrea (EKB) 1983ko martxoaren 12an osatu zen ofizialki Bergarako UNEDen eginiko bilera batean. Euskalgintzaren alorrean indarrak batu eta elkartzeko premia ikusi zuten zenbait elkartek, hots, ordurarte bakoitzak bere aldetik eginiko lanek bilgune bat behar zutela. Hiru ardatz nagusi azpimarratzen ziren bere funtzio eta betebeharren artean: euskalgintzaren bilgune izatea, euskararentzat Plan Orokorra aldarrikatu eta bultzatzea, eta administrazio publiko, erakunde sozial eta politikoen aurrean modu bateratuan eragitea.
Urteen joanean bere egitekoak zehazten joan da EKB. Dokumentazio zerbitzua eratu du, non euskara eta euskalgintzaren inguruko materiala, Euskal Herriko aldizkari, herri aldizkari eta «Euskaldunon Egunkaria»tik jasoa, bildu duen. Besteak beste, zerbitzu honek eguneroko prentsaren hustuketa egiten du, prentsa boletinak –orokorrak eta bereziak– prestatu eta hainbat tokitara bidali. Euskal Herrian hamabostean behin jasotzen da, baina badu nazioarteko zerbitzua ere. Urtean hirutan hizkuntza gutxiagotuen arloan lanean ari diren elkarteei –300 bat harpidedun ditu– bidaltzen zaie. Lau hizkuntzatan dago egina (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) eta euskararen inguruan gertatu diren berri garrantzitsuenak biltzen ditu.
Euskal Kulturaren Batzarreak BAT soziolinguistika aldizkaria ere sortu du, egun soziolinguistika arloan euskara hutsez kaleratzen den argitalpen bakarra. Urtean lau ale argitaratzen ditu.


KANPAINAK.

EKBk kanpaina ugari antolatu ditu urte hauetan, hainbat arlotan –irakaskuntzan, administrazioan edota politikoen artean– euskara bultzatzea xede zutenak. Nagusienetakoa D ereduaren aldekoa izan da. Aurtengoa hamaikagarrena dute eta egun burubelarri dabiltza horretan. Euskararen ezagutza bermatzen duen eredu bakarra hau dela azpimarratzen du kanpainak. Orain hiru urteko haurrak dituzten gurasoei bideratua egin dute eta apirila bukaera aldera ertainetako ikasleei zuzendutakoa jarriko dute abian. Unibertsitate mailan ere bultzatu ditu ekimenak, bai EHUn bai Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
1996an abiatutako «Eman euskarari berea» kanpaina ere aipagarria izan da. Honetan euskarak maila guztietan tratu duin bat izatea eta plangintza orokor bat martxan jartzea eskatzen zen. Politikari eta goi karguak euskalduntzeko kanpainak ere ez dira falta izan, ez eta alfabetatzekoak ere, besteak beste. Irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoa ere hasi berri dute, AEK eta «Euskaldunon Egunkaria»rekin batera.
Kanpainez gain, euskara ardatz zuten jardunaldiak egin izan ditu, halaber, EKBk. Soziolinguistikaren ingurukoak, hizkuntza gutxituen normalkuntzari buruzkoak edota udalerri mailako hizkuntz normalkuntzaren gainekoak dira adibideetako batzuk. Eremu urriko hizkuntzen zinemaldia ere bultzatu izan du orain urte gutxi arte.
EKBk, gainera, Hizkuntza Gutxituen Aldeko Bulego Europarreko (HIZGABE) ordezkaritza du Hego Euskal Herrian eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari (UEMA) zerbitzu teknikoa eskaintzen dio. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskararen inguruan hartutako neurrien gainean proposamen zehatzak ere helarazi izan ditu, beti ere hizkuntz politikan ildoak markatzeko xedez. Euskalgintzako beste egitasmotan ere eskuhartu du, Egunkaria Sortzen, UEMA edota Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan, esaterako.
Euskal Kulturaren Batzarreak 15 erakunde bildu ditu bere baitan: AEK, ARGIA, Donostiako Arrano Beltza, Bagare, EHE, «Euskaldunon Egunkaria», Goierriko Euskal Eskola, IKA, Ilazki euskaltegia, Jakin aldizkaria, Kalegana itzulpen bulegoa, Maizpide euskaltegia, Oinarriak Nafarroako euskalgintzaren erakundea, UEU eta Urrats euskaltegia. Bazkide hauen kuoten, egitasmoak eta kanpainak burutzeko jasotako dirulaguntzen eta eskaintzen dituen zerbitzuen bidez finantziatzen da –25 milioi pezeta inguruko aurrekontua du– eta bederatzi kidek, hainbat sailetan banatuta, egiten du bertan lan.


IXTEA ERABAKI DUTE.

EKBren Batzorde Iraunkorrak bazkide diren elkarteei eta EKBrekin lan egin edota harremana duen zenbait norbanakori iragan larunbatean eztabaidatu zen proposamen bat helarazi zien urtarrilaren 25eko data zeraman idazkian. Bertan hiru aukera luzatzen ziren eta baten aldeko hautua egiten, EKB ixtearena alegia. Emandako arrazoia: «

EKB sortzearen arrazoi nagusi izan zirenak, hots, euskalgintzaren bilgune izatea eta Plan Orokorra bultzatzea Kontseilua betetzen ari da egun. Bigarren mailako funtzioak direnak, eragite funtzioa kasu, beste erakunde batzuk ere betetzen dute (...) eta ez dugu uste EKB bezala segitu beharrik dagoenik funtzio hau eta zerbitzu-eskaintze funtzioa soilik betetzeko
».
Iragan larunbatean EKBk Nazio Batzordea bildu zuen eta proposamen honen aldeko erabakia hartu zen. Hala ere, EKBk betetzen dituen gainerako zenbait funtzio –horien artean, eragite funtzioa, euskararen aldeko jokabidea eta politika markatzea, hainbat normalizazio ekimen burutzea, dokumentazio zerbitzuaren eskaintza, BAT soziolinguistika aldizkaria eta HIZGABE– beste erakunde batek edo batzuk beteko dituztela ziurtatzea beharrezkotzat jotzen denez, bilkuran funtzio hauetakoren bat bere gain hartzeko interesa dutenen proposamenak eztabaidatu ziren. Euskal Kulturaren Batzarreak aste gutxi barru jakinaraziko du egiteko hauek nork beteko dituen