argia.eus
INPRIMATU
Zumaiako flysch-etan karramarro bila
Lierni Arrieta 2017ko azaroaren 28a
Itsasoak eta lurrak izaten dituzten hartuemanak ikusteko, aste honetan Gipuzkoako kostaldea bisitatuko dugu. Deba eta Zumaia artean dauden Aitxuriko senaia eta Aizkorriko punta zeharkatuko ditugu, piraten moduan altxorrak aurkitzeko asmoz. Ez ordea, urre-zilarrak, bitxiak... Aspaldiko altxorrak daude Zumaiako itsasbazterrean, harkaitz artean, baina itsasoaren bustiak eta kresalak hondatu beharrean bizia eman die. Nola ez, arrain, karramarro eta harritxoa altxatu orduko aurkituko dugun itsas animalitxoaz ari gara.
Duela gutxi arte, itsasoa izan zen Zumaiarako sarrera erosoena, besteak beste pirata eta lapurrek erabiltzen zuten bide hori, eta badirudi hauetatik babesteko elkartu zirela biztanleak, Orreagako fraideen eskuetan zegoen Santa Mariako Monastegi inguruan harresi bat eraikiz. Han sortuko zen Zumaiako herria, 1347an.
Abiatu aurretik itsasaldien ordutegiaz jabetuko gara, eta itsasbeheraren txanda hurbiltzen ari denean, Zumaiako San Telmo ermitan hasiko dugu txangoa. Marinelen otoileku den ermita xarmantak, itsasoaren eta kostaldearen ikuskizun zabala eskaintzen digu. Ezkerreko bidezidorra jarraiturik Aizkorriko puntara iristeak merezi du ibilbidetik pixka bat aldentzea, itsasoari goitik harro begiratzeko. Bide inguruan, gesalaz eta haize bortitzaz babesteko estrategia desberdinak dituzten landareak topatzen dira: hosto mamitsuetan ura metatzen dutenak, gatza iraitziz tonu grisak hartzen dituztenak eta baldintza idorretara ohitutakoak. Atzean utzitako bideskari berriro ekinez Aizkorriko kalara jaitsiko gara eta harkaitz artean nimino sentituz marearteko zabalunea jarraituko dugu. Itsaslabarretan eta zapaltzen ditugun arroketan geruza gogorrak (kararri eta hareharriak) eta bigunak (margak eta arroka buztintsuak) txandakatzen dira flysch izeneko egitura eratuz. Hemen 2 kilometro eskas egingo ditugu, eta aise jabetuko gara ingurunearen elementu bortitzenaz, mareak eta olatuek sortzen duten higaduraz, hain zuzen ere. Bertako putzuetan, eskuak busti eta txango honetako altxor bilaketari ekingo diogu. Mugitzen ez direnak txundituko gaituzte lehenik: alga berde, arre, eta gorriek; baina harriren bat altxa eta biratzen ausartzen bagara, kolore ezberdineko zizare eta itsas zorriak topatuko ditugu, azken hauek ez dira gure bizkarroi eta lasai beha genitzake. Arroketan itsatsita zizare tubikolen hodiak eta briozooak topatuko ditugu, eta bista azkarra izanez gero, karramarroak hartu eta izorratzeko aukera ere badugu atzimurkadarik jasotzeko arriskupean. Karramarro berde asko dugu, baina beltzak nahiko urri dira, jendeak biltzen baititu. Itsaslabarra zelai bilakatzen den partean argi ikusten da guk jarraituko dugun bidea. Honen aurrean jarraitu dezakegu itsas faunaren behaketa, mareak irtenbiderik gabe utziko gaituen beldurrak uxaturik.
Baina bidea jarraitzea erabakiz gero, zeharka-zeharka mendian gora eginez, kaskabeltzak, txontak eta txantxangorriak izango ditugu bidelagun. Kilometro batera dagoen bidegurutzean eskuineko bidea hartuz, Elorriaga auzoa ikusiko dugu, atzean Izarraitz ageri zaigularik. Lehenengo baserriaren atzealdetik doan bidea (GR 121) hartuko dugu, eta berak eramango gaitu Aizkorriraino beste lau bat kilometro egin ondoren. Bidean, aurkituko dugun merenderoan mokauren bat dastatzeko aukeraz gain, haurrentzat jolastokiak izango ditugu. Baserrien artean, zelaiak dira nagusi, baina lurren jabetasuna bereizteko harriz eta sastrakaz eratutako hesiren bat ere gelditzen da. Aizkorri distantzia pixka batekin ikusteko aukera dugunean, berehala asmatuko dugu bere izenaren zergatia, itsasora begira dagoen punta hori gorri-gorria baita. San Telmoko ermita ere aurrean dugu, eta bertara heldu bezain pronto, itsasora begira gelditzeko aukerari ezin diogu muzin egin, ibilbidean zehar bizitu ditugun uneak oroituz. Ibilbide koloretsua; itsasoak eta lurrak bat egin duten mugan