«GAUZAK ESATEA EZ DA ASKI, ERA POLITENA BILATU BEHAR DA»


2021eko uztailaren 27an
Laugarren liburua duzu hau, baina estreinako nobela. Artean hain distantzia luzeetan trebatu bakoa izaki, gustura geratu zinen eleberria amaitzean?
Bai. Akaso hobea egin nezakeen, baina txarragoa ere bai, eh? Txarragoa errazago gainera. Lan dexente izan da, baina idazketa-prozesua oso polita iruditu zait. Bost hilabete eman ditut idazten, eta denbora-tarte horretan bataz beste hamabost bertso-saio izan dut hilean. Hortaz, zera ikasi dut: oso erraza dela ordenagailutik plazara pasatzea, baina askozaz zailagoa dela bertso-saiotik itzuli eta idazten hastea.

Liburuan bi gertaera dituzu hizpide: batetik, 1930 hondarrean Jacan errepublika espainolaren alde izaniko altxamendua; bestetik, Kandido Labaka fraideak 1960 inguruan Francori egin beharreko bisita. Kandido Labaka ez ei da fikziozko pertsonaia...
Bai, benetan existitu zen, baina beste izen bat zuen. Liburuan ageri diren gauza asko ere egiaz jazotakoak dira. Hor ageri diren beste pertsonaia batzuk ere ez dira asmatuak: Jautarkol (liburuan

La familia de Pascual Duarte
nobela itzultzen ari den fraidea), adibidez; Fermín Galán eta Angel García Hernández ere (Jacako militarren altxaldiko buruzagiak) ez dira nik asmatutako pertsonaiak: benetan existitu ziren, eta fusilatu egin zituzten. Beste batzuk, berriz, fiktizioak dira baina egiazkoak izan zitezkeen.

Benetan hala izan zela jakin ezean, kontakizuna ez dela sinesgarria esango luke norbaitek: errepublikaren alde altxatzen den gazte aurrerakoia gero fraide sartuta...
Ba hala da. Hark kontatzen zuenez, Espainiako Errepublikaren aldeko altxaldian parte hartu eta hiru hilabete eman zituen kartzelan, Errepublika iristean Gobernazio Ministerioan postu ona izan zuen eta hantxe bizi izan zen hiru urtez, eta gero, Zegaman eman zituen oporraldi batzuetan, bederatziurren garaian, Zarauzko komentuan sartzea bururatu zitzaion.

Dokumentazio-lan sendoa egin duzula antzeman daiteke.
Ez ikaragarri, baina dezente, bai. Honen oinarria honako hau izan zen: Joseba Intxaustik Zarauzko Lanbide Eskolari buruzko liburua atera zuen hark 50 urte betetzean. Liburu hartan Imanol Murua Uriaren elkarrizketa aski on bat ageri zen, fraide horri eginikoa. Hori irakurrita argia piztu zitzaidan eta hortik abiatu nintzen. Egia esan, ikaragarri dokumentatu beharrik ere ez neukan, nire aitaren irakasle izan baitzen. Txikitatik entzun dut etxean hari buruzko kontu piloa. Jacako altxaldiari buruz bai, dokumentatu behar izan nuen: Espainiako Gerra Zibilari buruzko liburuak, entziklopediak eta abar arakatu nituen. Horrez gain, Fermín Galánek idatzitako liburu bakarra (

Creación
izenekoa) ere erabili nuen esku artean, eta baita berari eta Angel García Hernándezi buruzko beste pare bat liburu ere, Oviedoko liburudenda batean eskuratutakoak. Dena den, ez diot garrantzi gehiegi eman historia zehatz-mehatz kontatzeari, kontakizuna bera erakargarri egitea hobetsi baitut.

Biografia bat baino zerbait gehiago egin gura izan duzu, beraz.
Biografia bat egin izan gura banu ez niokeen tonu hori emango kontakizunari, xumeago kontatuko nukeen... Bai, bai, beste zerbait egin nahi izan dut: pertsonaia-nobela bat, nik uste. Ez dakit asmatu dudan, baina 1930eko altxaldian parte hartu eta 1960ko hamarkadan Francoren eskutik saria jaso zuenaren psikologia-aldaketa zein izan zen zirriborratzen saiatu naiz. Horren haritik, badira liburuan paseatzeari eta paisajeari buruzko gogoeta batzuk, leialtasunari buruzkoak...

«Leialtasuna, esan zidan, barrueneko zerbait dela, kanpora azalduz gero, erakutsiaren erakutsiz urtzeko arriskua duena».
Nobela bukatu eta gero erantsitako esaldi bat da hori. Iruditu zitzaidan nobela batek hiru gauza behar dituela: transgresioa, erregresioa (flash-backak eta gauza horiek) eta digresioa. Nik banekien zer azaldu nahi nuen, baina horrelako esaldi potolo batzuk falta zitzaizkidan. Irakurri didazun hori da euretako bat. Gutxi gorabehera, 1930eko Frai Kandidok (Labaka sarjentuak) 1960koa nola ekarri zuen justifikatzeko era bat da, funtsean. Liburua idatzi eta gero, pentsatzen jarri nintzen:

«Zerk justifikatzen du tipo hori Francorengana joatea? Zerk justifikatzen du egin zituen lanak egitea?».
Hori azaltze aldera idatzi nuen esaldia.

Leialtasunari buruzko gogoetaz gain, izenburuak laburbiltzen duen dilema (pausoa noiz luzatu) da nobelaren ardatz nagusi: une bakoitzean zein dinamika komeni den jakitea, alegia...
Hori da gutxi gorabehera ezaugarririk sakonenetakoa Frai Kandidoren psikologian. Tipoak 22 urterekin Jacako altxaldian parte hartu zuen eta gero frankismorik gorrienean bizitzeko beste modu bat hautatu zuen: Gobernadore Zibilaren lagun eta miazle izatea, hain zuzen, baldin eta berak erabakitakoa aurrera ateratzeko lagungarri bazitzaion. Tipoak pausoa izugarri luzatu zuen 22 urterekin eta gero, aldiz, dela frankismo garaian pausoa askorik luzatu ezin zelako, dela esperientziaren ondorioz eskarmentua zuelako, zera ikasi zuen: pausoa noiz luzatu, noiz laburtu, noiz geldirik egon...

Liburuan Jacako altxaldikoek porrot egiten dute, euren erromantizismo eta guzti, eta urteak beranduago, Frai Kandidok pausoa luzatzeko modu sotilagoak hobesten ditu. Bigarren irakurketaren bat izan dezake horrek?
Ez ni ados nagoelako edo berarekin bat ez natorrelako, baina bai, hortik doa nik Frai Kandidoren ibilbideaz egiten dudan interpretazioa.

Bi plano nagusi daude: Labaka sarjentuarena (1930eko kontuak) eta Frai Kandidorena (1960ko kontuak). Liburuak aurrera egin ahala plano bakoitzari atal bat dagokio, baina hasieran aurretiaz inor ohartarazi barik egiten duzu jauzi plano batetik bestera...
Irakurlea pixka bat harritu nahi nuen. Liburua irakurri duten lagunek aipatu didatenez, lehenengoan harritu egiten zara baina gero harrapatzen duzu amarrua. Hori ere nahi nuen: izan ere, jakin badakit nik neuk hamazazpi urterekin Vargas Llosa irakurtzen hasi eta zenbateko poza hartzen nuen liburuan gertatzen zenaz jabetzen nintzela ikustean. Irakurlearen satisfakzio horren bila ere jo behar da; literatur amarruaz jabetzen ez dena oso galdurik sentituko da, eta hori ere tamala da, baina nik uste jendeak normalean bi plano horiek bereiziko dituela.

Jacakoak hirugarren pertsonan kontatzen dituzu, eta lehenengo pertsona polifonikoan komentukoak. Horrez gain, militarren hizkera eta fraideena ere desberdinak dira. Erregistro aldaketa ugari egin behar izan duzu...
Sorpresa bat hartu dut: hirugarren pertsonan idaztea askoz zailago egin zait lehen pertsonan idaztea baino. Eta bitxia da, hirugarren pertsonan zer kontatu behar nuen banekien-eta: adibidez, atal batean, militar matxinatuek bilera bat egin zutela, Labaka sarjentua katedralera joan zela kanpaia jotzera eta itzuli zenean Fermín Gala bere aldarrikapena gauzatzen ari zela Jacako udaletxean. Zailagoa egin zait hori guztia hirugarren pertsonan kontatzea, ezagutzen ez nuen fraide baten mentalitatea lehenengo pertsonan islatzea baino. Zailagoa da pultso narratibo horri eustea hirugarren pertsonan, noizean behin lehenengo pertsonara aldatu eta fraide baten mintzo eta esanak irudikatzea baino.

Atzera-aurrerak konstanteak dira liburuan. Zuk zeuk dena segidan idatzi zenuen ala 1930ekoak lehenik eta 60ko hamarkadakoak gero, ondoren biak tartekatuz?
Ez, dena segidan idatzi dut, hori egin ezean zailagoa baita flash back-etan nartural sartu eta haietatik natural irtetea. Iruditzen zait zerbait lortu baldin badut hori lortu dudala: flash-backetan natural sartu eta haietatik natural irtetea, alegia.

Joskerari dagokionez, aditza aurrera botatzeko joera dago esaldi askotan.
Kontzienteki egin dut hori. 1997ko konturen bat kontatu behar banu ez nuke hori egingo (ez behintzat istorioa giro oso erruralean kokaturik ez balego), baina 1930 eta 60ko hamarkadetako gauzak kontatzeko... Hizkuntzari erregistro ñabar bat eman nahi izan diot.

Gauzak ohi ez bezala adierazteko ahalegina («trikutu egin zen erantzunaren zain», adibidez) nabari da nobelan.
Denbora daukazunean, gauzak esatea ez da aski, esan beharrekoaren aukera egin beharra dago, eta orduan era politena bilatu behar da. Alde ederra dago

«Zerua goibel zegoen, eta euria hastear zegoen»
esan, ala Anduk azken liburuan egin bezala,

«Zerua goibel zegoen, hustu-larri»
. Nik uste euskaldunok zorte ikaragarria daukagula. Eduardo Mendoza batek, gazteleraz, ez dauka hizkuntzarekin zer sorturik. Gaztelania egina dago, eta ondo egina. Guk, aldiz, hizkuntza sortu egin genezake, mintzaira aski garatua baina ez aski asmatua dugulako. Idazlearentzat gozamena da hizkuntzan oraindik ere arlo birjinak egotea, hori sormen-esparrua delako. Baina hori bai, duela hamabost urtetik hona ikaragarri hobetu da euskal literatura hizkuntzaren erabileraren aldetik.

Historiaren korapiloa ez da azken unera arte askatzen...
Bai; horretarako Fermín Galanen amaren figuraz baliatzen naiz; ez da oso irtenbide adimentsua, baina soluzio aski goxoa iruditzen zait.

Zuk zeuk argi zeneukan horrela amaitu behar zela liburua ala idazlanean aurrera egin ahala bururatu zitzaizun irtenbidea?
Ez, garbi neukan nola amaitu behar zen. Argitaratu baino lehen galdetu izan balidate zenbat karaktere izango zituen lanak, «300.000», erantzungo nukeen (eta 300.000 zituen azkenean); zenbat kapitulu itaunduz gero, hori ere asmatuko nukeen, eta kapitulu bakoitzean zer gertatzen den ere asmatuko nukeen ziurrenik. Alde horretatik oso kontrolatua neukan dena.

«Mikrofono aurrekoak barkazioa duen bezala (bat-batean delako), idaztea jada aukera bat da, eta terreno irristakorragoa da (...)».
Bertsotan bertsoa bota beharra dago eta kitto, baina literaturan, aldiz, denok dugu zakarrontzia etxean, eta hara gauza asko bota daitezke. Hortaz, beti duzu zalantza hori: batean barkagarri dena bestean ez ote den hain barkagarri.

Idatzaldiaren osteko sindromepean zaude egun ala baduzu beste asmoren bat aurrera begira?
Basarriri buruzko liburuxka bat prestatu nahi dut Sendoa argitaletxearentzat. Horrekin hasia nago eta pare bat hilabetetan bukatuko dudala uste dut. Nobedadea da niretzat, sekula ez bainaiz aritu haurrentzako literaturan. Eta gero, 1990az geroztik gertatu den zerbait kontatzeko gogoa daukat, beste hizkuntza mota bat erabili ahal izateko


Azkenak
2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


2024-10-18 | Hala Bedi
Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Gasteizen Araba Bizirik!-ek, urriaren 26rako

“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


Eguneraketa berriak daude