LAURAK BAT ZORTZIGARREN LURRALDEAN

  • da. Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeak 120. urteurrena ospatu zuen iaz eta Argentinako gainerako euskal etxeak kontuan hartuz 11.000 bazkide daude euskal etxeetan.

2021eko uztailaren 21ean
Arrazoi asko dela medio hurbildu da euskal herritarra Argentinara (beste asko gainerako Hego Amerikan barreiatu ziren). Arazo politikoak eta ideologikoak ugari, baina baita biziraun beharrak eraginda ere. Kideak han biltzeko grinak sorrarazi zituen euskal etxeak.
Euskal dantzak, euskara ikasteko eskolak, pilotalekua, Idiazabalgo gaztaren usaina, Gernikako haritzaren kimua... edonork pentsa lezake Euskal Herriko txoko batez ari garela. Baina, ez, ordea, Buenos Airesko Belgrano zumarkalean kokatuta dagoen euskal etxerik zaharrenean baitago Ameriketako euskal kulturaren gordelekurik handienetako bat. Laurak Bat izeneko elkarteak iaz bete zuen 120. urteurrena, eta Argentinako bandera eta euskal ikurrina batera goratuta dituen eraikin zaharrak oraindik hor dirau.
Jakina da euskaldunok bidaiazale amorratuak izan garela, baina mundu zabalean gure aztarnak utzi baditugu ere, Argentinan gorde da inon baino hobeto euskal etorkinaren nortasuna. Ez da, beraz, kasualitatea Argentina "Euskal Herriko zortzigarren lurraldea" izendatu izana.
Alde batetik, arazo politiko eta ideologikoek bultzatu zuten euskal herritar asko Argentinara etortzera; gerra zibilaren ondorioz, alderdi errepublikarren alde borrokatu zutenak beren aberria utzi eta Argentinara erbesteratu ziren, frankismoaren errepresiotik ihes egin nahian. Inmigrazioaren beste arrazoi nagusia oinordetza legea izan zen: baserria eta beste aberastasunak seme nagusiak eskuratzen zituen, eta horren ondorioz, familiaren beste seme-alabek maiz kanpora joateko erabakia hartu zuten. Dena den, aberritik 10.000 kilometro baino urrunago bizitzera joateak ez zuen sustraien ahaztea ekarri, guztiz kontrakoa, hona etorri zirenek indarrez eta kemenez eutsi baitzioten jatorrizko kulturari.
Garikoitz Aristegi 24 urteko donostiarrarekin egin dugu topo Buenos Airesen. Kinesiologia ikasketak egin bitartean Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxera jo izan du maiz. Bertara iritsita harrera gozoa izan zuela, ez du zalantzarik: «

Laurak Bat euskal etxean ondo hartzen dute handik pasatzen den oro, baina jatorrizko euskalduna nintzela jakin zutenean, guzti-guztiak agertu ziren edozertan laguntzeko prest. Kasualitatez, Argentinako Euskal Elkarteen Federazioak (FEVA) lehendakari berria aukeratu zuen orduan, eta horretaz baliatuta, Felipe Mugerza lehendakari zaharrarekin eta Javier Olaizola aukeratu berriarekin egin nuen berba
».


EUSKAL ETXEETAKO BAZKIDEEN PROFILA. «

Euskal etxeetako bazkideak oso ezaugarri anitzekoak dira
», azaldu zigun Olaizola lehendakari berriak. «

Euskal Herrian jaioak, euskal arbasoak dituztenak eta euskal kulturagatik interesa duten argentinarrak daude komunitate beraren barruan. Denak desberdinak gara, baina ezaugarri batek batzen gaitu: bazkide guztiok dugu euskal nortasunarekiko atxikimendua
», zehaztu zuen. Eusko Jaurlaritzak kaleraturiko datuen arabera, Argentinako euskal etxe guztiek 11.000 bazkide inguru dauzkate.
Euskal etxeekin harremanik ez baina euskal herritar sentitzen direnak ere egon badaude Argentinan. «

Euskal herritartasunaren sentimendua oso indartsua da, batez ere, euskal herritarrak ondo dakielako bere komunitatea txikia dela eta, estatu ezaguna ez duenez gero, identitatea galtzeko arriskuan dagoelako. Horregatik, hain zuzen ere, euskal herritarrak, edonon egonda ere, euskal sentimendu sakona gordetzen du
», esan zigun Mugerza lehendakari ohiak.
«

Argentinako euskal etxeen ideologia abertzalea da, baina ez diogu alderdi zehatz bati atxikimendurik adierazten. Alde horretatik, neutraltasuna mantentzea nahiago izan dugu, gure arteko batasuna gordetzea ezinbestekoa baitzaigu
», argitu zigun Mugerzak. «

Batzuk euskal alderdi politiko baten aldekoak dira. Adinez zaharrak eta gazteak, erdaldunak eta euskaldunak biltzen dira euskal etxeen inguruan. Desberdinak, bai, jakina, baina hori ez da gure arteko batasunerako oztopo. Eztabaidan ibil gaitezke denbora osoan, baina gutako edonor laguntzaren beharrean egonez gero, beti elkarri laguntza emateko prest gaude
», aitortu zigun Mugerzak berak.


EUSKAL HERRIAREKIN HARREMAN ZUZENA.

Argentinako euskal herritarrek, halaber, ez dute galtzen teknologia berriek aberriarekin harreman zuzena izateko eskaintzen dien aukera. Hala, urriaren 25ean izan ziren hauteskunde autonomikoen gorabeherak ETB Sat satelite bidezko telebistari esker zuzenean jarraitu ahal izan zituzten, Euskal Herriko edonork jaso genituen irudi berak eta aldi berean, alegia. Gainera, kable bidezko telebista oso hedatuta dago Argentinan, eta ondorioz, Europako eta Estatu Batuetako beste telebista kateekin gertatzen den legez, Euskal Telebistako bi kanalak ere gero eta etxebizitza gehiagotara iristen ari dira.
Telebistaz gain, beste komunikabideak dituzte eskura Euskal Herriarekiko harremana ez galtzeko. Laurak Bateko eraikinean kontraste handikoa da, denboraren eraginez orrialde horixkak dituzten liburu zaharrez betetako liburutegiko apalen ondoan, Interneten sartzeko aukera eskaintzen duen ordenadore ezin modernoagoa ikustea. Gela berean, beraz, «Euzkadi» antzineko argitalpen nazionalistaren ale batzuk eskura daitezke eta metro eskas batean «El Diario Vasco»ren eguneko alea irakur daiteke edozein euskal herritarrek egin dezakeen une berean. «Deia» egunkariaren aleak ere jasotzen dituzte posta arruntaz, eta ondorioz, argitaratzen den baino egun batzuk beranduago izaten dute eskura. Eguneko prentsaz gain, Eusko Jaurlaritzak babesten dituen argitalpen guztiak ere ikus daitezke Laurak Bateko egurrezko mahai zaharraren gainean, hala nola, Emakunderen aldizkaria, «Bilbao» hilabetekaria eta «Berripapera».
Aipatzekoa da, baina, argitalpen guztien artean «Euskal Etxeak» izeneko aldizkaria. Gasteizen argitaratzen da, eta Euskal Herriko albisteak jorratzen ditu. Sukaldaritza, Baiona, Bilbo edo Iruñea bezalako hiriburuetako erreportajeak, euskararen egoerari buruzko informazioa, gai ekonomikoak eta kulturalak, esaterako, Donostiako Orfeoia, Zinemaldia eta Bilboko Guggenheim izan ziren hizpide aldizkari horretako zenbait aletan. Euskal ohiturek ere badute lekua, hala nola, euskal lurraldeetan egiten diren inauterietako ospakizun era desberdinak. Eta, nola ez, euskal nortasunaren alderik garrantzitsuenetarikoa: herri kirolak, txirrindularitza eta esku pilota. Euskal Herriko egoeraz jabetzeko albisteaz gain, euskal etxeen inguruko berriak ere irakur daitezke. Argitalpen haiek funtsezkoak dira Argentinako euskal herritarrentzat, hauxe baita, hain zuzen, begietatik hain urrun duten euskal aberriaren arima sentitzeko eskuragarrien daukaten bidea.
Harreman kulturalaz gainera, EAEko erakundeekiko harremanak etengabekoak dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza ematen die FEVAren barruan dauden euskal etxeei. (FEVA, Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa, 1955ean sortu zen, eta egun 74 euskal etxe biltzen ditu. Argentinako 3,7 milioi kilometro baino gehiagoko lurralde zabalean barreiatuta dauden euskal elkarte gehienen bilgunea da. Nafarroako eta Iparraldeko elkarte batzuek ere Argentinan ordezkaritza izan arren, ez daude FEVAren barruan). «

Eusko Jaurlaritzako laguntza ekonomikoa zein kulturala funtsezkoa da, bestela gure diru iturri bakarra bazkideen kuota delako, eta Argentina bizitzen ari den krisialdiak eragina du bazkideen maila ekonomikoan
», jakinarazi zigun Olaizolak. «

Euskal Astea ospatu genuenean Euskal Herriko dantzariak, abeslari ospetsuak –Oskorri–, kirolariak, sukaldariak etorri ziren gure ospakizuna aberasteko
», gaineratu zuen

"Argentinako euskaldun askok guk baino hobeto babesten du gure kultura"
Garikoitz Aristegi 24 urteko donostiarrak hiru urte daramatza Buenos Airesen. 1995eko abenduan Kinesiologia ikasketak hemen egiteko aukera sortu zitzaion eta, gehiegi pentsatu barik, maletak hartu eta urte berriaren hasieran Buenos Airesera etorri zen. Hiru urte hauetan denetarik ikusi du eta hemengo egoeraz nahiko jabetuta egoteko parada izan du. Argentinarrekin, euskal jatorriko argentinarrekin zein euskal herritarrekin harreman zuzena du Garikoitzek. Horregatik, hiru ikuspegiez jabetzeko aukera izan duenez, bere esperientziaren berri emateko hautatu dugu.

1996ko urtarrilean Buenos Airesera etorri zinen. Zelan moldatu zinen?
Argentinako lurra zapaldu bezain laster euskal etxera joan nintzen. Hor oso lagun onak egin ditut, Euskal Herriko jendeari harrera ezin hobea egiten baitiote. Pixkanaka-pixkanaka, fakultateko jendea ezagutzen hasi nintzen. Nire ustez, Argentina barneko herrialdeetako jendea Buenos Aires hirikoa baino askoz irekiagoa da; haiekin hobeto konpontzen naiz,

porteñoak
nahiko itxiak dira.

Euskal Herrian bizi zinenean, hango gatazkari buruz zeneukan ikuspegia eta oraingoa asko aldatu da? Zertan?
Nahikoa aldatu da, egia esan. Donostian nintzela, ideologia askoz erradikalagoa nuen. Orain, ordea, bai adinak bai kanpotik ikusteak ikuspegi aldaketa ekarri dit. Hiru urte hauek kanpoan emateak gatazka era irekiagoan ulertzeko aukera eman dit. Lehen ez nuen nik bezala pentsatzen ez zutenen jarrera onartu nahi, ezta nirea kritikatzerik ere. Egun, berriz, besteen alde onak onar ditzaket, baita nire ideologiaren akatsak ere.

Alde handia dago hemen bizi direnen euskal herritarren eta gure arteko abertzaletasunaren artean?
Bai, jakina. Argentinako nazionalismoa gurea baino erromantikoagoa da. Baina, beste alde batetik, izugarrizko kemena dutela uste dut, nahiz eta Euskal Herritik 10.000 kilometrotara bizi izan, batzutan hango ohiturak guk baino hobeto gordetzen dituztelako. Adibidez, dantzak, euskara eta euskal kulturaren beste alderdiak kontserbatzen saiatzen dira, oztopo handiak izan arren. Horrek asko pentsarazten dit eta askotan guk bide erraza izanik, aukerak ez aprobetxatzea penagarria iruditzen zait. Euskal Herriko jendeak eskaintzen zaionaz baliatzen ikasi behar du.

Hauteskundeen osteko egoera zelan ikusten duzu hemendik?
Hauteskunde hauetan euskal herritarren arteko zatiketa azpimarratu dute. Nazionalistak eta ez nazionalistak, alde baten eta bestearen arteko ulergunea gero eta zailagoa dela uste dut. Alde bi sortu dituzte, bakarrak, eta alde batean ala bestean kokatu behar duzu zure burua. Euskal Herrian ez dute erdibidean egoteko aukerarik uzten. Horrek gorrotoa sorrarazten du eta gatazka konpontzea zailtzen du. Hori guztia orain eta hemen uste dut, han nengoenean ez nuelako onartzen.

Argentinako diktadura garaia ere oso biolentoa izan zen. Hala ere, ez da hainbeste protesta mugimendurik ikusten. Zergatik?
Prozesuaren garaian sistemaren kontra borrokatzen zutenak era basatian akabatu zituzten, jendearen etxeetara sartu eta besterik gabe eramaten zituzten. Hala egin zuten milaka eta milaka pertsonekin eta familiek ez zuten protestatzera nora jo. Haren ondorioz, belaunaldi oso bat desagertarazi zuten. Argentinan politika oso ustela da, joko hutsa da eta dena erosi eta sal daiteke. Argentinarrei arraro iruditzen zaie Espainiako Gobernuak ETArekin berehala ez amaitzea, Argentinan ez dira Europan bezain leunak, biolentzia agerikoagoa da hemen.

Zer ikasi duzu Argentinan Euskal Herrian ikas ezin zenezakeenik?
Hiru urte hauetan konturatu naiz Euskal Herrian oso erraz jartzen zaiola prezioa bizitzari. Alde batekoek zein bestekoek gizakiaren bizitzak zenbat balio duen erabakitzen dute eta euskal herritarrok ohitu gara. Are gehiago, gatazka bizi dutenek prezioa jartzearena onartzen dute; ez da ezohikoa entzutea, biolentziaren biktima polizia, PPko zinegotzia edo etakidea izanda, zerbait egin zuelako hil zutelako argudioa. Neuk ere hura onartzen nuen. Orain, beste ikuspegi batetik begiratuta, astakeria hutsa iruditzen zait. Hemen besteen iritzia errespetatzen ikasi dut


Azkenak
Eskolaz kanpoko jarduerek kanpoan uzten dituzte premia bereziak dituzten haurrak

Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]


2025-04-01 | Euskal Irratiak
Arrate Isasi: “Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu”

Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.


2025-04-01 | Gedar
Aurtengo Maiatzaren 1ean ere Bilboko kaleak hartzera deitu du EHKSk

"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.


2025-04-01 | dantzan.eus
Zuberoa dantzan batuko da berriz ‘Aitzina Biga’ ikusgarrian

Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]


2025-04-01 | Elhuyar
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz

Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]


Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


Eguneraketa berriak daude