argia.eus
INPRIMATU
ETXEGARATETIK LIZARRUSTIRA: ATAUN-BURUNDAKO MENDIETAN
Iñigo Txintxurreta 2017ko azaroaren 28a
Aste honetan aurkezten dizuegun ibilaldia bi zeharkaldi handiren etapa izaten da: bata Gipuzkoako Bira eta Luis Pedro Peña Santiagok ezagutarazi zuen Isurialdeen Banalerroaren Zeharkaldia bestea. Mendizaleek ibilaldi hau Etxegarate mendiportutik beherago, Nafarroa aldean dagoen Arbitrioen etxetik hasteko usadioa dute. Guk, ordea, Etxegarate bertatik ekin genion martxari, handik hurbil dauden Unanabi, Praalata eta Aitxuko megalitoak bixitatzeko asmoz.
Hastapeneko aldapa gogorra iruditzen ahal zaigu, baina behin Unanabiko larre idekira iritsita, hango tumuluaren ondoan eta Aizkorri aldeko bixta ederra begien aurrean ukanik, iragandako atsekabe guztiak aise ahaztuko ditugu.
Praalata eta Aitxu aldera igotzen jarraitu genuen eta pinuen artean ibili ondoren, mendikatearen lerro bertara atera ginen. Han bertan ziren Praalatako tumulua eta Aitxuko trikuharria, bata bestearen ondoan. Bi oroitarri hauek industuak izan ziren eta Praalatako tumuluak datu biziki interesgarriak erakutsi zituen, tumuluaren barneko egiturari buruzkoak batez ere. Gaur egun ordenarik gabeko harripileta bat dirudienak, indusketari esker logika bat zeukala aurkitu zen. Harriak modu zehatz batez paratuta zeuden, historiaurreko arkitektura lege ezezagunak errespetatuz, alegia. Eta momentu horretan ibilaldi osoan gure buruan izan genituen galderak eta asmaketak egiten hasi ginen... Nola bizi ziren oroitgarri hauek eraiki zituztenak? Zer sentitu eta pentsatzen zuten haien hildakoen hilobiak hainbesteko arduraz altxatzen zituztenek?
Handik hegoaldera joz, Balenkaleku igotzen hasi ginen eta minutu gutxitan gailurra irabazi genuen. Aizkorri eta Aratz biziki segailak agertzen zitzaizkigun mendebaldean; ekialdera, ordea, zeharkatzear geratzen zitzaigun ibilbide osoa ikusten ahal genuen. Gibelean Aralar.
Balenkalekuko gailurra atzean utzi genuen eta pista zabala jarraituz, Muñaan eta Larreluzeko trikuharriak gordetzen dituen pagadian sartu ginen. Larreluzeko trikuharriak hunkitu gintuen gehien. Hemendik aurrera zenbat era hontako oroitgarri enigmatiko aurkituko genituzkeen?
1920an, orain dela laurogei urte kasik, Telesforo de Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta Enrike Egurenek idatzitako «Exploración de 7 dolmenes de la sierra Ataun-Burunda» lana argitaratu zuten mendizerra honetan egindako ikerkuntzen berri emateko. Gaur egun, eta soilik Ataun-Burundako megalitotegiko Gipuzkoako aldean, 13 trikuharri eta tumulu zenbatuta daude.
Bide garbian eta markek gidaturik jarraitu genuen gure ibilaldian, orain Igartza aldera. Leku honetan izen bereko trikuharri eta tumuluaren artean altxatzen dira garai batean Mikeleteen etxea izan zenaren hondakinak, Ataun alderako pausua zaintzen zuen eraikina, hain zuzen ere.
Nafarroan kokatzen den Beotegiko Murkoa deituriko trikuharriaren albotik pasa eta Intxusburuko patarrari igotzeari ekin genion. Aldapa gorako metro horiek merezi izan zuten, batetik Intxusburuk eskaini zigun ikusmiraz gozatzeko eta bestetik, bere gailurrean bertan kokatzen den izen bereko trikuharri ikusgarria aurkitzeko.
Intxusburuko 890 metroetan, eguzkipean eta belarretan etzanda, Aizkorri begira, ederki bazkaldu genuen.
Berriro martxan, Bernoa aldera jaitsi ginen. Leku interesgarri honetan beste trikuharri bat eta galtzara eder bat topatu genituen. Mendetan zehar Bernoako portuak itzelezko garrantzia izan zuen Sakana eta Gipuzkoako bailarak komunikatzeko tenorean. Zapaltzen ari ginen Erdi Aroko galtzara Urdiain, Bakaikoa era Etxarri-Aranazetik etortzen zen Ataungo San Gregorioraino iristeko. Ataunen bertan jaso zen galtzara Jentilek eraiki zutela zioen sinesmenak.
Bernoako portu honek xarma izugarria du... trikuharria, galtzara, pagadi trinkoa. Gaur egun paraje hauetan ehiztariren bat edo gu bezalako mendizale galduak besterik ez dituzu topatuko, baina behialean, trikuharriek, galtzarak, Mikeleteen etxeak erakusten diguten bezala, mendi hauek gorki bisitaturik eta populatuak zeuden. Orain, pagadiaren bakartasunean, sinestezina ematen du leku hauen garai bateko giza-bizitasunak.
Gorbelak sortutako soinuaren erritmoarekin batera, mineriaz beteriko paisajearen zehar, Argonitzeko trikuharriaren albotik igaro ginen eta segituan, kasko bat pasatu ondoren, Irumugarrietako gailurrera abiatu ginen.
Metro bat baino altuagoa den Irumugarrietako mugarriak agurtu gintuen. 1777. urtetik darama hemen zutik eta irmo, seinalatuz V batez Ataun iparraldean, Valle de Burunda 1777 hegomendebaldean eta Echarri-Aranaz 1777 hegoekialdean. Beraz, gailur honetan hiru udalerrri hauek topatzen dira eta hortik datorkio mendiari Irumugarrieta izena.
Irumugarrietatik amiñi bat beherago Olanoko tumuluak ikusi genituen eta hurrengo lepora jaitsiz, Mintegitxutakoarekin topo egin genuen; azken hiru megalito hauek Nafarroan kokatzen dira.
Azken aldapa igo eta jarraian, 780 metrotako lepo ixtu batera jaitsi ginen. Hemen erne ibili behar da, eskuinaldera jaisten den bidexidor batek, Askoko ekialdeko mazela zeharkatuz, zuzen eramango baikaitu Lizarrustira. Horrela, eta kasu eginez harri leunetan ez irristatzeko, amaiera eman genion ibilbide luze bezain eder honi