argia.eus
INPRIMATU
XX.EKO AZKEN BERTSO EGUNA
2021eko uztailaren 19a
XX.EKO AZKEN BERTSO EGUNA
JOAN den urtarrilaren 30ean ospatu zuten bertsolariek Bertso Eguna. «Mende bi tarte» izenburupean mende honetako azken Bertso Eguna ospatu zuten. Ekitaldiak anitz izan ziren. Bat-bateko saioan Manuel Lasarte (hamabost urtez bat-bateko saioetan aritu gabe), Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Jon Azpillaga, Txomin Ezponda, Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Jon Sarasua, Anjel Mari Peñagarikano, Estitxu Arozena, Igor Elortza eta Jon Maia. Ondoren okasiorako prestatutako bertsoak kantatu zituzten Jon eta Oihane Enbeitak. Bertsoa eta dantzaren arteko uztarketa egin nahian, bertsolariek agurrak kantatu zituztenean Edu Murumendiarazen zuzendaritzapean Aukeran dantza taldeak bertsolarien kantu doinura dantzatu zuen. Bertso Egunak sagardotegian izan zuen amaiera.

DONOSTIA HIRIA SARIAK
URTARRILAREN 23an banatu ziren iazko Donostia Hiria Sariak. Saria jaso zuten Karlos Lizanasorok, Juan Torresek, Pedro Garciak eta Pantzoa Hirigaraik. Aurten jakinarazi dira berriz, datorren urtean saria jasoko dutenak. Jabi Cillerok euskarazko antzezlanaren saria jaso du (1.200.000 pezeta) «Uztailaren laua, Renon» lanagatik. Fernando Morillo azpeitiarrak euskarazko ipuinen saria irabazi du (700.000 pezeta) «Gudaoste ametsak» lanagatik. Gaztelaniazko bi sariak Jesus Jimenez Dominguez zaragozarrak eta Juan Gonzalez Riquelme bartzelonarrak irabazi dituzte.

IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN HAUTUA
IRAGAN astean euren ordezkari sindikalak hautatu zituzten EAEko irakaskuntza publikoko langileek. ELA eta LAB izan dira hauteskundeon garaile, biak berdinduta (62na ordezkari izango dituzte), eta CCOO hirugarren indar izatera pasa da izan duen igoera handiaren ondorioz (37 ordezkari zituen lehen, eta orain aldiz, 60). Partaidetzak ere gora egin du aurreko deialdiarekin alderatuz gero: deituta zeuden 24.000 irakasle eta 3.000 langileetatik % 65 hurbildu zen mahaietara.

CHIMERES HAURREKIN
BIGARRENEZ, Chimeres antzerki taldeak eskolako haurrei antzerkiaren mundua ezagutarazteko egitasmoa burutuko du. Proiektu pedagogiko honi jarraiki, iaz egin bezala, eskolaz eskola ibiliko dira Chimeresko kideak euren lanak aurkezten, egun hauetan hasi eta ekaina bitarte. Orotara, Nafarroako hamabi eskola bisitatuko dituzte (frantses zein euskal sareko eskolak) eta Garazikus elkartearen laguntza izango dute horretarako.

JAZZA GAZTEEI HURBILDUZ
DUELA bi aste Donostiako Musika Bulegoaren aurkezpena egin zen, eta dagoeneko Bulego berriak lehen ekimena abian jarri du: Gazztejazz. Izenak erakusten duen bezala, egitasmo honek gazteengan jazzarekiko zaletasuna piztea du xede. CPV, Tiny Bell Trio, Habib Koite & Bamada, Cyrus Chesnut Trio & Benny Golson eta Ethnic Heritage Ensemble izango dira, besteak beste, egitasmo honetako partehartzaileen zerrendan izango direnak. Kontzertu eta jaialdi sorta udara bitarte luzatuko da.