"BAKERAKO HEZIKETA DA ERRONKA GARRANTZITSUENA"


2007ko otsailaren 21ean
Dakidanez 1933ko apirilaren 11an sortua zara. Euskal Herrian burutzen diren euskal kultur ekitaldietan ibili ohi zara. Ikastolen inguruan lanean betiere. Azaldu iezaguzu zure jatorria eta zure herria, Vlaanderen-Flandria, zer den.
Berlaaren sortu nintzen, Anberesetik hurbil. Nire gurasoak irakasleak ziren eskola publikoan. Lovainako unibertsitatean pedagogia eta psikologia ikasi nuen. Apaiztu eta, Anbereseko ikastetxeetako irakasleen formazio jarraikiaren arduraduna izan nintzen jubilatu arte. Belgikan 6 milioi flandriar, 3 milio waloniar, eta milioi bat biztanle Bruselan bizi dira. Txantxetan-edo, Balduino erregearekin azken belgikarra hil dela esan ohi dut nik.

Flandria eta Euskal Herriaren arteko lehen harremanaren berri, Hordago argitaletxearen «Euskaldunok Flandretan» «Diksmuide 1973» izeneko liburuxkan aurkitu dut.
Flandriar eta euskaldunon arteko lehen harremana Espainiako gerra zibil garaitik dator. Gerran hildako askoren haurrak erbesteratuak izan ziren Flandriara. 1973an, Diksmuiden, topaketa erraldoi bat burutu zen europar herri gutxituen alde. Frankismoaren aurkako borrokan hildako ETAko gudarien aldeko omenaldi izugarri bat burutu zen halaber. Telesforo de Monzonek hitzaldi bat eman zuen, baita Euskadiko egoerari buruzko mahainguru bat burutu ere. Zuk aipatu liburuxkan biltzen dira ekitaldi hartan bizitakoak. Diksmuide Flandriarrontzat euskaldunon Gernika da. Belgikako armadak suntsitu zuen dorre sinboliko bat dago bertan; Europako bakearen monumentu handiena. Flandiarren zerbitzuan hildakoen oroitgarria da.

Ijzertoren
izena du.

Urte hartantxe etorri zinen lehen aldikotz Euskal Herrira. Ez zenuen bada, bertako apezpikuarekin arazorik izanen?
Ez horixe! Anbereseko apezpikua ene adiskide kutun-kutuna da, Paul Van Den Berghe. Oso ondo ezagutzen du Euskal Herria. Elkarrekin ikasi genuen. Gure belaunaldia unibertsitateko ikasketak erabat nederlanderaz egin ditugun lehena da. Flandrian gurea da hizkuntz ofiziala, frantsesa ez da ofiziala. Gure belaunaldiak borroka franko egin zuen horretarako.

1975ean, berriz, sortu zen FLIK elkartea. Nola abiatu zen elkartasunezko mugimendu hura.
1973. urtean etorri nintzen lehen aldikotz Euskal Herrira. Lehen hartuemanak egin nituen, eta bi urte geroago beste bi pedagogorekin gonbidatua izan nintzen udako unibertsitatera; Uztaritzera. Haurren irakaskuntzari buruz jardun genuen. Nire hitzaldiaren gaia

«Elebitasuna Ama-eskolan eta Lehen Mailan»
izan zen. Hitzaldiaren ondoren Jone Forcadak zera erran zidan: «

Oso ondo hitz egin duzu. Guk ordea ezin dugu landu zuk aipatu duzun guzti hori
».Arrazoia zuen. Elebitasunari buruz hitz egin nuen, Flandriako egoeratik baina. Gure egoera, Iparraldearekikoan batez ere, erabat ezberdina zen. Jone Forcadak, ea beste zerbait egin nezakeen galdetu zidan. Orduan sortu genuen FLIK elkartea, "Flandriatik Ikastolentzat".

Artean, zer-nolako harrera izan zenuen Donapaleu aldean. Hasiera ez zen bada samurra izanen?
Ez erraza inola ere. Ipar Euskal Herrira heldu nintzelarik, Donapaleuko emazteki bat etorri zitzaidan esanez: «

Ludo, adiskide batzurengandik jakin dut Flandriatik ihesi jin zarela. Ez duzu bada kalapitarik ukan zure apezpikuarekin
». Nik berriz, asko kostata utzi nuen ene sorterria. Apezpikuak eta lagunek biziki lagundu zidaten honera etortzeko. Beste behin ere, 1984an, ikastolako lagunak festa bat ospatzen ari ginen Flandriatik etorritako lagunekin, eta jendarmeek beren autoen matrikulak hartu zituzten. Ikerketa bat abiatu zen gero Anberesen. Pariseko agintariek igorritako salaketa bat zen. Flandiarrei buruz ikertzea eskatzen zioten hango poliziari. Ipar Euskal Herriko ikastolak ETAren eskolak zirela argudiatuz.

Askozaz lehenago ordea, borroka latzak libratu zenituzten Donapaleu aldean. 1977an esaterako.
Ikastoletako une kritikoena Ama-Eskolatik Lehen Mailara jauzia eman zen unean bizi genuen. Legeak ez zuen onartzen euskaraz erakustea. Mixel Etcheverrik, orduko zuzendaria, Paueko prefekturara telegrama bat igortzea proposatu zidan, Lehen Mailako lehen gela irekitzeko baimen eske. Odurako, gurasoak, eta irakasleak bereziki, kartzelara eramatearekin mehatxatuak ziren. Hala ere, gogor jokatu genuen, baimena eman ezean, gure arazoa Europa mailan zabalduko genuela adierazi genion prefetari. Lehen Mailako euskarazko gelak debekatzea giza eskubideen aurka zegoela erran genion. Aitzina egin genuen; lehen gela ireki eta aproba egin ere. Poliziak ez ikusiarena egin zuen nolazpait, baina Ikastolako hormetan

Ikastolak=Terroristes
eta antzeko pitokeriak pintatu zituzten.

Pedagogo eta apaiza zaren aldetik Ikastoletan katixima ematea izan omen duzu xede. Ez duzu lortu alta. Hola al da?
Ez, ez, ez. Ene asmoa ez da Ikastoletan sartzea, baizik eta ikasgai lagungarriak egitea. Nire herrian, eskola publikoetan ere katekesiak daude, hemen parrokietan bezala. Han erabili ditugun testuak aurkeztu izan ditut zenbait Ikastoletan. Nire asmoa da, helduen eta haurren arteko lotura egitea katekesia ematean, ez baitut sinesten haurrentzako bakarrik ematen den katekesian. «Nazareteko Jesus» izeneko liburuxkak zabaldu ditugu euskalki ezberdinetan. Betiere, seme-alabak eta gurasoak elkarrekin erabil dezaten. Bestela ez dute balio.

Zuen testuek besteek ez duten zerbait eskaintzen al dute bada?
Flandrian iraultzaileak izan dira kristau inguruetan. Liburu didaktiko guztiak, Jesusen jaiotzarekin hasten dira; San Lukasen dinamikaren arabera. Gurea ez da historiaren kontaketa; San Markosen ebangelioaren arabera idatzia dago. Berak ez du jaiotzaren kontaketa egiten. Gure liburua, San Lukasen jaiotzaren kontaketarekin bukatzen da. Hau bake ardatza da.

Zeregin horretan aski ezagutzen ote duzu hemengo gizartea, Ipar nahiz Hegoaldekoa? Diferentziarik aurkitu al duzu? Euskaldunak itxiak omen gara.
Ez. Niretzat euskaldunak ez dira itxiak. Aski ongi ezagutzen ditut bi aldeak. Diferentziak badaude, eta handiak. Iparraldea gero eta frantsestuagoa dago. Alabaina, 73an ezagutu nuen mundu abertzalea eta oraingoa artean aldaketa kopernikoa eman izan da. Abertzaleak militante gartsuak dira, eta azkartuz doaz.

Zabalik
taldean ari naiz lanean bertan. Harreman zuzena dut gizartearekin; aholkulari lanetan dihardut. Hegoaldean, berriz, gizartea eta politika jarraitzen dut. Bertako elkarbizitza eta jendearen solaserako grina gustatzen zait.

Zein da une honetan gure gizartean ikusten duzun betebehar behinena?
Niretzat erronkarik garrantzitsuena bakerako heziketa da. Azken hilabete hauetako giroa ikusirik itxaropentsua naiz, baina unea ere biziki arriskutsua da. Gure baitan ditugu muga handienak eta hauek behar ditugu hautsi. Lehenbizi, haur eta gazteei heziketa egoki bat eman behar zaie, giza baloreei buruzkoa. Hau funtsezkoa da, baina jakina, politikoek ere beren lana egin behar dute. Azkenean, abertzaleak batasunean aritzeko prest direla dirudi, biolentzia alde batera behingoz.

Haur eta gazte heziketa aipatu duzu. Zure ustez, irakaskuntzan aski egiten da zentzu honetan?
Bai. Hegoaldean, Elkarrikoek proiektu izugarri ona landu dute. Pedagogikoki oso ondo pentsatuta dago. Haien unitate didaktikoak oso ongi bideratuak dira. Unitate didaktiko bakoitzean ikasleen adinaren araberako gaia lantzen da: haur hezkuntza, familia ingurua, lagunak eta gizartea. Oso egokia.

Alta bada, Madriletik Ikastolak ez dira ikusiak hezkuntzarako eredu gisa.
Ikastolak eta euskaraz hezitzen ari diren haurren eskolak, oro har, beren geroaren jabe dira aspaldi. Beren proiektu propioak lantzen ari dira, eta horrek min egiten dio Madrili zein Parisi. Nik ezagutzen dudan irakaskuntzan giza baloreak lantzen dira eta nazionalismoari buruzko heziketa kontsekuente bat ematen da. Ni nazionalista naiz, jakina. Frantsesek nahiz espainolek euskal nazionalismoa satanizatzen dute. Hemengo gaitza guztien iturria dela diote. Irakurri baino ez dago PSOEk bakeari buruz idatzitako azken dekalogoa. Euskal Herrian bi nazionalismo nagusi daude, frantses eta espainolek praktikatzen dutena. Gurea, euskaldunona nahiz flandriarrena, herrien nazionalismoa da. Gure nazionalismoak ez digu ixten gure nortasuna eta izatea besteengana joateko. Alderantziz, gure helburua da herri eta kultur denek lekurik izan dezaten.

Gaur egun, aste erdia Donapaleun pasatzen duzu eta beste erdia Gipuzkoako Tolosako Sakramentinoetan. Zer moduz?
Donapaleun Flandriako etxea kudeatzen dut. Bertako agintariek ez naute amoltsuki hartu sekula, egia erran. Haien kontzientzia txartzen baitut naski. Nik euskara ikasi dut, eta haiek euskaldunak izaki bazter utzi dute beren hizkuntza. Tolosako Sakramentinoetan oso gustura nago. 11 lagun gara, errespetu handi diogu elkarri. Ebangelioko lekukotasun handiak bizi ditut, eta gainera euskaraz.

Lazkaon hasi zinen euskara ikasten ezta? Zer-nolako esperientzia izan zen hura?
1988an hasi nintzen euskara ikasten Lazkaon. Maizpide euskaltegia oso leku aproposa da euskara ikasteko. Ingurua ikusi, entzun eta analisia egiten nuen. Gazteria oso bihotz onekoa zen. Norabiderik ezean pixkabat. Denetarikoak ziren. Batzuek aterabide bakarra borroka gogorra bidez ikusten zuten. Bestetzuk, kultur munduan aritzen ziren eta oso ondo. Gehienek, ordea, asteburuero gau-pasak egin eta gehiegi edaten zuten. Kontsumoko gizarteak harrapaturik. Oro har, baina, oso sanoa.

2000. urtean 25 urte beteko ditu FLIK elkarteak. 2002. urterako badago ere bestalde, flandriar eta Euskadiren arteko Fundazio baten gauzatze nahia. Zer da hori guztia.
2002. urtean, 700 urte beteko dira frandriar herriaren azken garaipenetik. 1302. urtean

Eperons d'or
bataila irabazi genuen frantses zapaltzaileen kontra. Huraxe ospatuko dugu uztailaren 11an. Gure Aberri Egunean,

Giuldensporenfeest
deitua. Kari horretara, Flandriako agintari eta Euskadikoen artean Fundazio bat gauzatu nahi dute. Europar herriek osa dezakete fundazio hori.

Azkenik, Europa berriko hiriburua Brusela dugu. Belgikako politika eta gizartea ez dabil oso katoliko aspaldi honetan.
Belgikako politika korrupzioak jota dago; gizarte maila gorenean pedofilia zabaldu da. Holandatik behera pasatu ohi den legez kanpoko trafikoa areago handitu da Bruselan. Gizartea gero eta kontsumitzailea da. Aberatsek gero eta aberatsagoak izan nahi dute. Politikariak ukituezinak dira epaitegietan. Hipokresia izugarri handitu da politikagintzan.
Sozialdemokratak eta kristaudemokratak pasa dira boteretik, eta erakutsi dute ez direla ez sozialistak ez demokratak ez kristauak. Boterea nahi dute eta kito. Guk flandriarrek, gure parlamentua dugu, eta nik independentziarantz egin dezala nahi dut, Europako estaturik gabeko beste herrialdeekin batera
JEAN LOUIS MAITIA
«Ez bakarrik berari esker, baina batez ere berari esker, lortu dugu lortu ditugunak Iparraldean. Euskal kulturaren martirra»

JEAN LOUIS DAVANT
«Euskal Herriko historia bere lanen bitartez ikasi dut. Ikasia eta orekatua»

ROGER IDIART
«Berarekin eman nituen lehen mezak Euskal Herrian. Etengabeko iturria, artista. Beti umoretsu»

GEXAN ALFARO "LANTZIRI"
«Ikastolen zutabe bat. Langile porrokatua eta goxoa»

ALLANDE ETXART
«Bere emaztearekin batera ezagutu nituen lehen zuberotarrak. Zuberoaren geroan sinetsi dute. Xumeak eta aldi berean goi-mailakoak»

"ETXAMENDI ETA LARRALDE"
«Oso ezberdinak biak: Etxamendi sutsua eta Larralde patxarosoa. Biak gizonak.

"PANTXOA ETA PEIO"
«Iparraldeko herri mugimenduaren aitzindariak. Biziki estimatzen ditut haiek eta haien familiak»

JONE FORCADA
«Emakume gartsua. Euskal Herriko Joan Bautista enetako»

ZURIÑE MENDIZABAL
«Adiskide kutuna. Ikastolekiko zubia niretzat. Konfiantza osoa eman dit»

JON SARASUA
«Bere familia niretzat eredua da. Aitamak askatasun eta errespetu osoz hezi dituzte seme-alabak. Jon pertsona sakona da, eta gurasoak ditu iturri nagusia»

MAIXUX REKALDE
«Emakume biziki konprometitua. Elkar errespetua du xede. Beti ixilpean lanean. Hori da niretzat garrantzitsuena»

Tantoa
Xiberoko Ikastolaren xutik atxiki beharrean ginen lanean buru belarri, eta hona non agertzen zaukun flandriar bat laguntza emaiteko prest. Segidan sortu ziren harridura, goxotasuna, sorpresa, konfiantza, indarra eta esperantza. Duela 23 sortu indarra hor dago beti. Urtez urte, Ludok erakutsi digu bere antolatzeko dohaina flandriar gazteak hemengo eraikuntzetara lanera ekarriz edo Antwerpeneko sostengu kantaldira hemengo jendea eramanez. Flandriar herritarren ezagutzeko parada ezin hobea.
Laguntzaile trebearekin ohartu naiz nola europar herrialde aberats batean burutu zuten borroka etengabe bat flandriarrek: bi belaunaldiez, flandriar gaztetan frantziar hizkuntza menperatzailea lehen lekutik hirugarrenera pasarazi zuten, flandiar eta ingeles hizkuntzaren ondotik. Borroka horren ezagutzeak idekidura handia ekarri zaukun, bereziki Hirugarren Munduari begira ginenontzat. Baita, hain maite genuen Brel poetak zer jarrera txarra ukan zuen Flandriarrentzako jakiteak ere.
Euskal Herriratzean bihotz handiarekin hasi zen tokiaren egiten eta bere fede xedeendako sinegaitzak agertu bagara ere, urrats ederrak burutu ditu: Flandriako egoitza antolatu Donepauleun, euskara ikasi eta euskal nortasunaren defentsan une orotan burua agertu.
Ikusten denez gure magoa hemen gelditu da, eta euskalduna da


Azkenak
Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna da gaurkoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak Iruñeko... [+]


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


2025-01-30 | Leire Ibar
Osasun publikoaren alde otsailaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian kaleak betetzera deitu dute

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]


2025-01-30 | Julene Flamarique
“Irabazi egin dugu”: Burlatako etxegabetzea gelditu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


Adifek dio AHTko obretan salatutako lan-esklabotza egoerak “gezurra” direla

AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


2025-01-30 | Ahotsa.info
KarKarCar, mugikortasun kooperatiboko proposamen berria Iruñerrian

Kar Kar Car auto elektrikoen erabiltzaileen kooperatiba ibilgailuen flota handitzen eta bere zerbitzua Iruñerriara zabaltzen ari da.


Guardianeko langileek mobilizazioekin jarraituko dute, instituzioen “promesa faltsuen” aurrean

Asteazkenean ekin zion Laudioko enpresak labea hozteko prozesuari, Eusko Jaurlaritzako teknikarien bermearekin. Langileak haserre eta "engainatuta" azaldu dira erakundeen jarrerarekin: "Gu babestera joan eta langileen ondoan egon behar zuena, ez da egon"... [+]


2025-01-30 | Gedar
Otsailaren 12an epaituko dute Raimundo El Canastero taldea

Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa salatzeko sortu zuten Beef D'Alda abestia, eta horren harira auzipetu dituzte. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeaz gain, otsailaren 8rako egitarau bat antolatzen ari dela jakinarazi du musika taldeak.


Etorkizuneko belaunaldiak gurpil gainean eramanez Gasteizen

Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]


Mendebaldeak Kongon dituen hainbat enbaxada jo-mugan hartu dituzte M23ren kontrako protestetan

Kongoko Ipar-Kivuko Goma hiriburura sartu eta bereganatu du Martxoak 23 talde armatuak. Zabalpena aitzina doa eta Bukavu Hego-Kivuko hiriburua dute orain xede. Herritarrak karrikara atera dira, M23aren aurka eta Ruandak eta Mendebaldeak erakunde armatu horri erakutsitako... [+]


2025-01-30 | Axier Lopez
Mugikorrik gabeko eskolak Brasilen

Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]


Eguneraketa berriak daude