BERTSO ESPERIMENTUA URTERO HERNANIN

  • Hernaniko Iraulio Panttalone bertso-kabiak ongi pasatzeko mila era zelebre daudela frogatu du azken hiru urteotan, bertso-lata antolatuz.

2021eko ekainaren 30ean
Iraulio Panttalone bertso-kabia Hernani aldeko hogei bertsolarik eta hainbat zaletuk osatzen duten lagun kuadrilatxoa da. Gazte edo gazte izandakoak dira guztiak, eta urtero gabonetako astean kalera irteten dute, herria bertsoz zipriztintzera. Horixe da Hernaniko bertso-lata: zazpi egunetan bertsoekin emandako lata edo bertsobredosia.
Bertsolaritza telebistatik eguneroko bizitzara eraman nahirik, herriko gune ezberdinetan infiltratu eta hasten dira kantari: bertsoa moldakorra da, eta behar bezala aurkeztuz gero zahar, gazte eta haurren gozamenerako izan daiteke. Hargatik, oso publiko ezberdinetara iristen diren ekintzak antolatzen dituzte urtero: helduen gustuko den erronda, gazteen saltsan eginiko bertso-afaria, haurren bertso saioa...
Ekitaldi hauek guztiak bertsoekin eginiko esperimentuak dira, imaginazio askoz eta lotsa gutxiz asmaturiko jolasak. Jende ugariren partehartze zuzena eskatzen dute: bertsolaritza lorategi botaniko oso zabala baita, eta belar xilbextre bakoitzak badu bere leku eta funtzioa. Ikusi besterik ez dago zenbat protagonista dituen bertso asteak: bertsolari konsagratuak batetik, baina baita bertso eskolako ikasle hasiberriak ere, edo taberna giroko errondetan trebatutako bertsolariak, baita bat-batean aritzen ez diren arren bertsoak idazteko gai direnak ere, eta batez ere, alprojakerietarako prest dagoen publikoa. Urtetik urtera, oihartzun handiagoa hartzen ari da, eta herritarren artean oso erantzun ona jaso du. Giro ezberdinetako jendea batzen duen aste hau Hernaniri bixitasun piska bat eman eta herri giroa freskatzeko formula ona izan daiteke. Bertsolaritza ez da jai eta ospakizun bereziei ukitu folkloriko bat emateko, edo turistei erakusteko gorde behar den ohitura, naturalki bizi eta kontsumitu behar dugun plazerra baino. Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen, dabilen bertsolaritza ez da apaingarri bihurtzen, eta dabilen bertso-latari ez zaio burbuilen txisparik joango.
Azter ditzagun bertso-lataren osagaiak: urtero ñabardura ezberdin bat hartzen badute ere, aste horretan zehar egiten diren ekintzak nahiko zehaztuta daude. Izan ere, 3 urtetan errepikatu izanak nortasun eta kutsu berezi bat eman dio ekitaldi bakoitzari. Hargatik, aurtengo bertso astearen inpresioak ixuri dizkizuegu hurrengo lerroetan, bertso-lata tipiko baten adibide izan daitezkeelakoan.


Bertso afari paranoikoa

Betiko 90ak bildu ziren abenduaren 25eko gauean, Langile Ikastolako jangelan. Diskoteka baino gehiago burdel kutsua ematen zuten zelofanez apaindutako argi gorri-berdeek. Egunak eskatzen zuen familia giroan afaldu, eta kuriosoenak mahai gainetako goxokizko pastilak jaten hasi zirenean, argiak itzali ziren. Orduan kandelak piztu, eta argiño dardarti haien pean itzal bihurtu ginen. Isiltasuna nagusitu, eta intimitate zirrara hartan bilduta hasi zen bertso-trama: ipuin paranoiko bat kontatzeari ekin zion Goikoetxeak. Hura zen gidoigilea, haren esku zegoen tramako pertsonaien patua. Ordea, ipuin paranoiko horretako protagonistek tarteka bizia hartzen zuten: Sara, neska xarmant eta maripertxenta, Jon Sarasua bihurtzen zen, eta Jonatan, heroe garaitezina, aldiz, Jon Maia. Bertsolariek ipuineko pertsonaietan sartuta kantatu zuten, idatzitako gidoitik askatu nahian, aurredeterminatuta zuten etorkizuna aldatzeko ahaleginetan.
Ipuina, beti bezala, ongi bukatu zen, eta bertso afariak ere ohiko amaiera izan zuen: espontaneoen esku erori zen mikrofonoa, eta dozena bat sasi-bertsolari aritu zen habanerak botatzen.


Bertso-matoia

Bertso-matoiaren ikuspegia Inuzente egun batez: eguerdiko 12etatik arratsaldeko 7ak arte jarri naute herriko plazan. Haur, zahar eta gazteak geratzen zaizkit flipatu aurpegiarekin, eta ondoren irripar sinpatiko bat loratzen zaie, nik bere perfil onena islatzea nahi baitute. Baina, begi kritikoa dut nik: estudioko argazki prestatuak ez ezik barrunbeen erradiografiak ere atera ditzaket. Mila koloretako filtroetatik iragazten dut errealitatea, eta halakoa izango da bertsoaren tonua: zuri koipeemaleak, berde pikanteak, gorri biziak, arrosa pastelak... Arratsaldean 7 haur etorri zaizkit bere aita bizardun eta guzti. Txipa kargatzean flash batek bonbila piztu dit, eta bertso bat abestu diet, ondoren, kartulinan idatziz hauxe errebelatu dut:
Nahiz ta inondik ez den ageri
ipuineko sorgin zaharra
aurreko hauek ez al daukate
zazpi ipotxen irriparra
baso osoan hedatzen dute
bere jolas ta marmarra
desentonatzen dun bakarra da
Edurne Zurin bizarra


Bertso eskolako ikasleen saioa

Txirritak 14 urterekin kantatu omen zuen lehen aldiz jendaurrean. Harats! Bada, Hernaniko bertso eskolako ikasleek 14 urte eta 100 kilo baino gutxiago dute eta dagoeneko bertso saio bat egiteko aukera izan zuten abenduaren 29an. Jende piloa etorri zen ikustera eta urte osoko lana show bihurtu zen: hasi berriek bertsolaritzaren historia proiektatu zuten diapositiba eta antzerki bidez. Bigarren taldeak txapelketaren parodia egin zuen, bertsolari famatuak eta hauen bertsokera karikaturaraino exageratuz. Eta urte gehien daramatzaten bi taldeek, berriz, bertso saioetan ikusten diren ariketei erantzun zieten: emandako lau oini, jarritako bakarkako lanari...
Egiazko bertsolari sentitu ziren, edo bertsolariek egiaz sentitzen dutena bizi izan zuten behintzat: oholtzara igotzeak dakarren zirrara, fokoek sorrarazitako izerdia, 200 begik (eta tartean gurasoenek) biluzten zituztelako konplexua... Minutu erdi batez suspentsean eta bertsoarekin borrokan aritu ondoren bota dute bertsoa! Gurasoek hunkiturik bere seme edo alabak Euskal Herriko Txapelketa irabazi balu bezala txalotzen dute. Bertsolari estreinatu berriak arnasa itzultzen dion lasaitasuna du barruan, txaloek sortutako poz borobila masailetan eta bertsotan egiteko gai izanaren harrotasun punttua begietan.


Bertso musikatuak

Koktail berezia izan zen abenduaren 30eko ilunabarrean Bodega tabernan guztiak zoratu zituena. Bertsoa eta musika konbinaturik, kontzertu bat osatu zen Hernaniko eguneroko bizi erritmoa oinarri zuelarik.
Herriko gai ezberdinei bertso sailak idatzi zizkieten Hernaniko bertsolariek: lan eta industria munduari, sagardotegiei, Molotoff Irratiari, bertatik pasako den Abiadura Handiko Trenari, asteburuetako gaugiroari eta abar.
Hitzak doinu bihurtzeko, elkar ia ezagutzen ez zuten herriko musiko eta instrumentuak bildu ziren: bandan jotzen duen bibolin birtuosoa, festaz-festa berbenetan dabiltzan baxua eta gitarra, kafe bohemioetako saxofoia, euskal txalaparta-zalapartaria, eta ordenagailuen ahotsa den organu elektrikoa.
Max-mix hau ostiral arratsaldez gazte jendea poteatzen aritzen den zulo ezkutura eraman eta elementu guztiak kontzertu batean lehertu ziren: estu-estu eginda sartzen zen publikoaren dantza, berotasun eta oihuak, bertsolarien hitz eta ziri neurtuak, eta musikaren askatasun zirrarak.


Urte zaharretako erronda

Dios te salve, ongi etorri
gabon Jainkuak diela
legiarekin kunpli dezagun
urte berrian bezpera
Kantatu du kalez kale beste urte batez Ohitura Zaharra abesbatzak, eta ondoren bertsolariek hartu dute magnetofoia, bat-bateko koplak abesteko. Aurreko tabernatik ardo pittin bat edo gazta puska bat ekarri arte eskean hasi, eta sekulakoak boteaz bukatzen dute. Parean pasatzen den ezagunari ere koloreak atera arte ez diote bakean uzten. Horrela, geldialdi bati behar adina probetxu atera ondoren, makilarekin lurra jo, eta eeeuuuup! eginaz hurrengo tabernara abiatzen dira kalean barrena, trikitixak bidea irekitzen dielarik.


Bertso saioa

Urtero bertso saio indartsu batekin bukatzen da bertso-lata. Jaialdi hau da aste osoko ekitaldi nagusia, pastelaren ginda, labelaren zigilua. Telebista eta egunkarietan ohikoena den saio mota izanik, bertara inguratzen da publiko gehiena. Ariketa berriekin esperimentatzen bada ere, Iraulio Panttaloneko kideak betiko jaialdi serio eta formala antolatzeko ere gai badirela frogatzeko unea da.
Zein intxisuk eragiten ditu orduan, ordena hankaz gora jartzen duten ustekabeak? Duela lau urteko saioan, Andoni Egaña eta Unai Agirreri gauez kanposantura joan diren bi lagunen gaia jarri zieten. Egaña itzal beldurgarriez eta kalaberez bertsotan ari zela, publiko arteko emakume bat irristatu, eta abiadarekin eskilara denak jeitsi zituen goitik behera, erdi erorian. Egañak izugarrizko susto aurpegia jarri eta izpiritu bat ziztu bizian pasatzen ikusi zuela abestu zuen.
Aurtengo saioan berriz Iñaki Zelaia eta Aitor Mendiluzek gaztetxeari kantatu zioten. Mendiluzek gaztetxeko hormetako kartelak ere erortzen direla esan, eta une horretan bertan bere atzean zituen bertso-latako 14 kartel erori ziren. Zer ez ote da eroriko hurrengo urteko saioan?


Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude