argia.eus
INPRIMATU
BARATZERA BUELTAXKA BAT
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Aspaldiko partez, hiztegi, bidaietako ikusmira eta abar utzi eta baratza aldera bueltaxka bat egin beharko dugu... Neguko nagikeriak utzi eta benetan lanean hasi beharra dago udaberrian goizeko barazki goxoak nahi baldin baditugu.
Azaroa edo abenduko ilbeherapenean landatutako baratzuri begi laru haiek hosto puntta berde eder dira, honez gero. Azkarrago eta handiago hazteko inorkin xehea zabaldu ilada artean.
Egun luzeetan sukaldeko errege-erreginak diren ilarrak eta babak ereiteko garai aproposa da hemendik aurrerako hau. Iaz ez babarruna, ez leka, ez ilarra edo baba bera erein ez ziren baratz-mutturra aukeratu, lurra gozo-gozo jiratu, simaur zaharra gehitu eta erein. Biltzekoak fruituak izaki ilgorapenean, noski. Ilarra arbatzeko ere hurritza, zumalikarra, sahatsa eta zumearen adarrak begiz jota edukitzea komeni da, konturatzerako arra-bete igo eta makurtzen hasiko baita.
Ahosapaien gozagarrien artean punta-puntako tipula eta tipulin-landareak ere mintegi eta azokak bisitatzen hasiak dira dagoenerako. Etxerako nahi izanez gero lur harro eta arinena dagoen txokoa aukeratu, erroilak egin eta landareak jarri ondoren baratzurien artean zabaltzeko erabili dugun inorkin zahar eta xehe berarekin zuloa bete eta lurrarekin estali. Ilberrian edo ilbeheran?