GERNIKAN Deiadar Kultur Elkarteak kaleratu ohi zuen izen bereko aldizkaria desagertu egingo da. Aldizkari honek, ordea, berri bati egingo dio lekua: hil honetatik aurrera «Eutsi» izeneko aldizkariak emango du Gernika eta inguruetan gertatutakoaren berri. Dagoeneko finkatua dute argitalpen berriaren egitura: lehen zatiak irakurleen eskutitzak, artikulu laburrak eta helbide erabilgarrien informazioa jasoko ditu; bigarrenean elkarrizketa eta erreportaiak bilduko dira eta azkenengoan tarte bat egingo zaio kirolari.
MUSIKA IRAKASLEEN TOPAKETAHIL honen 22an Musika Irakasle Euskaldunen Lehenengo Topaketa burutuko da Donostiako Goimailako Kontserbatorioan, erakunde honek, Eusko Jaurlaritzak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolaturik. Hezkuntza orokorreko euskal curriculuma eta pedagogia musikalaren inguruan izango da topaketa hau. Antolatzaileen esanetan, musika irakaskuntza profesionala Hezkuntz Sistematik kanpo egon da beti eta horren ondorioz, musika irakasleen izaera atipiko edo ezohikoa izan ohi da. Arazo horiei guztiei aurre egiteko asmoz jarri dute abian topaketa, hainbat helburu finkaturik: alde batetik, musika irakasle euskaldunen arteko ezagutza bultzatu nahi da; euren egoera profesionalaren azterketa ere ahalbidetu nahi dute, horretarako euren arteko elkarlana bultzatuz; bide horretan, irakasleok batuko dituen erakunde bat sortu nahi da eta azkenik musika irakaskuntzako curriculuma jorratzea ere dute helburu. Gizarte errepresentazio tresna garrantzitsua izanik, irakaskuntzan ere behar duen tokia eman nahi zaio, azken finean, musikari.
LEHEN EUSKAL ZINEMALDIAIRAGAN astean (hilaren 4an hasi eta 7a bitarte) Euskal Herriko Zinemagileen I. Erakusketa ospatu zen Iruñean, Eguzki Bideoak antolatuta. Bideo-klipak, erreportaiak, laburmetraiak... forma eta estilo anitzeko lanak izan ziren ikusgai, osotara 30 ale. Guztiak, Euskal Herrian buruturikoak izan dira eta garrantzi berezia eman zaie euskarazko lanei. Izan ere, Euskal Herrian egiten den lanaren erakusgarri izan nahi du sortu berri den ekimenak, egile ezagun eta ez hain ezagunei lekua eginez.
ARTE GARAIKIDEKO MUSEOADAGOENEKO prest dago Arabako Arte Garaikideko Museoaren proiektua. Joan den urtearen azken egunetan Mikel Mintegi Arabako Kultura eta Euskara diputatuak proiektu horren xehetasunak eman zituen aditzera. Guztia aurrikusi bezala joanez gero, obrak datorren maiatzean adjudikatzea espero da.
AHMED GOYA SARIETARADAGOENEKO ezagunak dira XIII. Goya sarietarako hautagaiak. Animaziozko filmen arloan lehiatzeko hautagai izendatu dute Juanba Berasategik zuzendu eta Irusoin etxeak ekoiztutako «Ahmed, Alhambrako printzea» euskarazko filmea. Iaz «Megasonikoak» izeneko filmaren arrakasta ikusirik, badirudi euskal animazioa bere garai onenetan dagoela.