Galeusca TV iragan irailaren 30ean desagertu zenetik, ETB Sat da Euskal Telebistako programak Ameriketan hedatzeaz arduratzen dena. Orain dela hilabete eskas han izan da kate publikoko ordezkaritza bat eta berri esanguratsu bi ekarri ditu bertatik: batetik, milioi bat etxetan dagoela eskura ETB Saten seinalea, eta Gabonetatik kontinente hartako euskal etxe gehienek ETB Sat instalatua daukatela, bestetik.
Kate honen arduradun Andoni Aranburuk adierazi duenez, urtarril honetan Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere entzungai izango dira ETB Saten seinalearen bitartez. Ameriketako euskal etxeetan satelitetik, zuzen-zuzenean, jasoko dituzte telebista zein irratia, horretarako ekipoak paratu baitizkiete. 24 orduko programazioa, euskarazko zein gaztelerazko saioz hornitua –albistegiak zuzenean–, ikus eta entzun ahalko dute.
«
Euskal etxeei ia ia Gabon opari bezala eman diegu ETB Sat ikusteko aukera. Nik garrantzia ematen diot, lehen `ba omen dago, ikusten omen da' esaten zelako, baina orain errealitatea da. Egin dugu, jende horrekiko begirunez batetik, eta publizitatea eskuratzeko sistema garrantzitsua delako, bestetik. Era horretan, Ameriketako euskaldunei mezua zuzenean eskaintzen diegu: hemen duzue 24 orduz telebista eta irratia. Eta eskura dago euskal etxeko egoitzatik edo tabernatik, nahi izanez gero, zure etxera eramateko», dio Aranburuk.
MILIOI BAT ETXETAN IKUSGAI.
ETB Saten seinalea Ameriketako (Hego, Erdialde eta Ipar Ameriketako) milioi bat etxetan ikus daiteke egun, satelite nahiz kable bidez. «
Ameriketan ordainpeko telebista oso zabaldua dago, hemen ez bezala. Jende askok, nahiz eta herrialde bakoitzean egoera desberdina izan, satelitea edo kablea badu». Kablea azkoz ere hedatuagoa dago (% 95), satelitea (% 5) baino.
Herrialde bakoitzean sistema desberdin bat du kable bidezko telebistak. «
Plataforma digital pila bat dago, baina hemen baino txikiagoak dira, hortaz lehia handiagoa da». Kablea jasotzeagatik kuota bat ordaintzen da, ez kate zehatz bat ikusteagatik, eta eskaintza aldatuz doa. «
Egun batetik bestera ikusten dute kate bat desagertu dela eta bere ordez, kasu honetan, ETB Sat dagoela».
Euskal Telebistak Hispasat satelitearen bitartez hedatzen du ETB Saten seinalea Ameriketara. Ez da leku guztietan berdin jasotzen: «
Hiru toki garrantzitsuenak Mexiko, Peru eta Argentina dira. Hala ere zipristinka toki askotan jaso daiteke, satelitearen hedapena Kanadatik Tierra de Fuegorainokoa baita. Seinalea, gehien bat, EEBBetan Pazifikoko kostaldean galtzen dugu».
Andoni Aranbururen esanetan, ETB Sat abian jartzearen kostua (170 milioi pezeta, 7 milioi libera inguru) ez da handia. «
Programazioaren birprestaketa eta berpaketatzea da soilik; programazioa osatu, emisioa egin eta satelitea erabili. Bertako kablean kokatzeak, gastua baino lan neketsua esan nahi du».
ETBren ordezkaritzak Ameriketara egin berri duen bidaiak beste asmo bat ere bazuen, urte honen amaierarako bi milioi etxetan ETB Saten seinalea paratzea, alegia. «
Nik uste, helburua erraz beteko dugula, lana txukun samar eginda»