"Izquierda Unidaren baitan ezin gintezke egon"


2007ko otsailaren 21ean

Iniciativa per Catalunyaren presidente berrautatu zaituzte azken biltzarrean; zer derizkiezu batzarrari eta hor izan zenuten eztabaida politikoari?

Balorazio positiboa da erabat, ikuspegi ugaritatik gainera. Hasteko, biltzarraren aurreko prozesua oso zabala eta gardena izan zelako. Geu baikara komunikabideei batzarretan egoteko aukerarik ematen dien erakunde politiko bakarra. Gainera, barne korronte guztien idazkiak argitaratzen dira ICn. Eztabaidak, bestalde, sakonak izan dira. Mintzagai izan ditugu biltzarrean pentsioak, erraustegiak, ezkerraren batasuna eta geure etxe barruko arazoak ere. Zuzendaritza berriaren hautaketa proportzionala izan da. Kontu berria da hori guretzat, heldutasuna adierazten duena. Bestetik, uste dut garbi azaldu dugula ezkerreko alternatiba osatu nahi dugula, baina geure nortasunari uko egin gabe.

Iniciativa per Catalunyako sektore zabal batek ez zizun botorik eman presidentea hautatzerakoan. Nola gauzatuko da aurrerantzean zuk ordezkatzen duzun gehiengoaren eta gutxiengo kritikoaren arteko harremana?

Hori ikusteko dago oraindik. Baina jakingo duzu honezkero zer proposatu izan dudan ICren batzar guztietan: zuzendaritza berria osatu aurretik hainbat aste itxarotea, alde guztiekin hitzegiteko aukera ematen baitu horrek. Nire asmoa da zuzendaritza bakarra, politika bakarra izatea, hori onetsi baitzuen gehiengoak azken biltzarrean. Ezin dizut zehaztu nola gauzatuko den gehiengo eta gutxiengoaren arteko harremana. Baina ahaleginak egingo ditut ICk zuzendaritza talde bakarra izan dezan, erakundeko iritzi eta sentsibilitate aniztasun oro bilduko dituena.

IC erakunde `ekosozialista' izango da aurrerantzean. Zer esan nahi du horrek?

Erronka berria izango da guretzat. Ez du esan nahi horrek gaur egun ekosozialistatzat jotzen dugunik geure burua; hori biltzar berezi batean eztabaidatu beharko dugu. Baina tradizio gorri, berde eta morea geureganatuak ditugunez, nik uste ekosozialismoak nahiko ongi zehazten dituela gure helburuak edozein herritan. Batez ere Europako alderdi aurreratuenetan, hasi Alemaniako sozialdemokrata eta berdeetatik eta Italiako PDSraino. Nire ustez egungo gizartea ulertzeko beste modu bat da, arazo sozial eta ingurugiro arlokoei arreta handiagoa eskaintzen diena, zibilizazioaren hainbat aldaketaz jabetzen dena. Ez da, beraz, etiketa hutsa; erronka berriei tinkotasunez ekiteko garantia baizik.

Ba al du zentzurik ICko sektore baten asmo horrek, PSUC alderdia berpiztearenak alegia?

Gai honetaz ez dut iritzirik eman, ezta emango ere, harik eta kongresurako prozesua martxan izan arte. Kongresuak erabaki beharko du PSUCen ahalmenak ICk bereganatuko dituen, ala ez. Esan behar dut, hala ere, prozesu honek lasaia eta garbia izan behar duela, bertan dabilen jende guztiaren eskuhartzeaz.

Zu zeu, ordea, ICren gehiengoaren ordezkaria zara, hots, Kataluniako komunisten alderdia (PSUC) berpiztu nahi ez duen sektorekoa.
Berriro diot: gai honetaz hitz egingo duen azkena izango naiz ni. Zeren eta orain nire iritzia plazaratzen badut (nahiz eta euskaraz izan eta Euskal Herriko astekari batean), PSUCen kongresurako prozesuan esku hartu nahian nabilela emango du. Eta oraindik ez da martxan jarri prozesu hori.

Zerk lotzen zaitu Julio Anguitarekin, eta zerk beregandik urruntzen?

Gure erakundea, eta horrela erabaki du azken biltzarrak, ezin da Izquierda Unidaren menpekoa izan, gure subiranotasuna IUren esku ezin dugu utzi. Katalunian, Espainian eta Europan zer politika egin guk geuk, ICk erabakitzea da subiranotasuna, kanpotik inork ezer agindu gabe. Espainiako Parlamentuan daukagun sozioa IU da. ICk eta IUk elkarrekin lan egiten dute Espainiako Kongresuan. Baina beste zenbait gaitan ez gatoz bat. Adibidez, PPren Gobernuak eta UGT-CCOO sindikatuek pentsioen inguruan adostutako hitzarmenaren inguruan, Europaren eraikuntzan edo ezker alternatibaren osaketan. Nolanadelarik ere, elkarrekin ditugun gorabehera hauek guztiak lasai eta patxadaz eztabaidatzea da gure asmoa.

Convergencia i Uniori alternatiba progresista eta zentro-ezkerrekoa nola kontrajar lekioke, zure ustez?

Ideia hori hor dabil aspaldian eta jende askoren oniritzia jaso du. Orain alderdiek proposamen politikoak (aurrerakoiak eta ezkerrekoak benetan) egin beharko lituzkete, jendeak jakin dezan eskuinarenak baino baliagarriak direla. Eskuinaren menpe baitago Katalunia azken 16 urteotan. Komeniko litzateke, bidenabar, eztabaida forumak sortzea Katalunia osoan, ausnarketarako ponentziak... Alderdien arteko hitzarmen soilak ez luke etorkizun handirik izango, herritarren bultzadarik gabe.

Kataluniako ezkerreko hiru alderdiek _PSCk, ERCk eta ICk_ diote eremu soziopolitiko alternatiborik aurkeztu behar zaiola CiUri. Eta hor izango liratekeela, sektore herrikoiak ezezik, klase ertainak ere. Zer dira klase ertainak lurralde kapitalista aurreratu honetan, Katalunian?
SEAT enpresako langileak, profesionalak, irakasleak, funtzionarioak... horiek guztiak dira klase ertainak. Sektore soziologiko nagusienak direla esango nuke. Ez dira ez jende boteretsuenak ez marjinalak. Jende aurrerakoien eta eskuzabalenak dira, berez. Baina jarrera kontserbadoreen alde ere ager litezke, alternatiba progresista argirik ezean.

Italiako Olibondoaren esperientzia Katalunian gauzatzerik ba ote?

Ez dago gauzatzerik. Italiako hauteskunde legea hemengoa ez bezalakoa da. Bestalde, Kristau Demokrazia desagertzea eta Alderdi Komunista PDS bihurtzea sekulako lurrikara politikoak izan dira. Hemen ez da horrelakorik gertatu. Baliagarri litzaizkiguke, hala eta guztiz, beste zenbait esperientzia: gobernuan elkarrekin aritzea, indar progresistak batu (ez banatu) egin behar direla ohartzea... Ez dugu Italiakoaren kopia mekanikorik egin behar. Europan badira, gainera, eskuinari alternatibak aurkezteko beste hainbat saio. Frantzian, adibidez, sozialista, komunista eta berdeen arteko elkarrizketa hasia da. Eta Alemanian berdeak sozialdemokratekin eta komunista ohiekin ari dira elkarrizketetan.

CiUri alternatibarik sortzekotan, zein litzateke sindikatu eta mugimendu sozialen zeregina?

Sindikatuek Espainian jorratu duten bidea Katalunian ere bultzatu beharko genuke. Herritar gehienen aldeko proposamen oso zehatzak egin dituzte sindikatuek eta produkzio mota berrien konplexutasunaz ohartu dira, baita horiek dakarten haustura sozialaz ere. Mugitzen diren bakarrak sindikatuak dira. Erakunde politikoak derrigor ohartu behar dira sindikatuen ekimen batasunaz. Gobernuz Kanpoko Erakundeei dagokienez, jende progresista da batik bat horietan dabilena eta beharko lukete lekurik alternatiba aurrerakoi batean.
Pasqual Maragallek utzi egingo du Bartzelonako alkatetza. Zer dela eta eskatu diozu PSCren presidentegaia izan dadin hurrengo hauteskunde autonomikoetan?

Nik ez diot aurkezteko eskatu. Baina esana dut, egia da, Maragall pertsona garrantzizkoa izango dela ezker alternatiba gauzatzeko. Edonola ere, ez dut uste Maragallek politikagintzatik aldegin duenik.

Zer deritzozu, bestalde, Miquel Rocaren erabakiari, politika uzteari?

Kasu honetan baietz uste dut, Roca politika uztekotan dabilela. Eta horregatik ari dela buru-belarri abokatu lanetan murgiltzen.
ERCko idazkariak, Josep Lluis Carod-Rovirak dio Convergencia i Uniori alternatiba kontrajarri behar zaiola, baina «Manzanaresen -Madrilgo ibaia- urak busti gabea». Bat al zatoz Carod-Rovirarekin?

Halako alor jakin batzuk azpimarratzen ditu Carod-Rovirak, Kataluniarekin lotura estuena dutenak. ERCko idazkaria denez, arrazoia du, neuk ere horixe egingo nuke bere lekuan banengo. Bat nator berarekin honako honetan: ezin da eratu Katalunian Espainiako proiektu baten morroi izango den alternatibarik. Felipe Gonzalezek Pujolen botoak behar dituela gobernatzeko? Horren baitan ezin gintezke ibili. Bestetik, alderdi bakoitzak libre izan behar ditu eskuak Espainiako politikarekin zer harreman nahi duen erabakitzeko.

Subiranotasun nazionalarena izan al liteke ezkerreko hiru alderdien arteko liskargai nagusia?

Programa politiko zehatzak eztabaidatzen hasten garenean garbi azalduko da ezetz, ez dela hori arazo nagusiena.

PSOEko zenbait buruk ez bezala, eskuinak Espainian puska batean iraungo duela agintean diozu zuk.

Neurri jakin batzuk ez hartzekotan puska baterako badugu, bai, eskuinik. Lehenbiziko aldia da, Franco hil ezkeroztik, euskal, katalan eta espainiar eskuinak, eskuin finantziero, sozial, politikoak... denek bat egin dutena. PPk, CiUk eta EAJk aukerarik sumatu dute batasun hori politika eremuan gauzatzeko. Eta hartuak dituzte dagoeneko neurri oso anti-popularrak. PP, CiU eta EAJren arteko bereizgarri nagusi bakarrak estatu ereduaren ingurukoak dira.

Eskatuko al du ICk, ERCren antzera, Internazional Sozialistako kide izatea, begirale gisa bederen?

Ez dugu horretaz hitz egin eta ez da gure lehentasun zerrendan ageri.

 

Paco Soto



Azkenak
Martintxo Etxauri: “Sare toxikoen aurrean Mastodon dugu alternatiba”

Mastodon, gizarte sarea eta mikroblogintza zerbitzua da. Eugen Rochko alemaniarrak sortu zuen 2016. urtean. Software librean oinarritzen da. Azkenaldian, norbanako eta erakunde frankok bertan saretzea erabaki dute. Elkarren artean komunikatzen diren egitura independeteez... [+]


Eskola kirola vs klubak eztabaida, pil-pilean

Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]


2025-01-29 | Sustatu
Deepseek AA txinatar harrigarria (eta bikaina euskaraz)

Albiste bihurtu da Deepseek adimen artifizialeko sistema txinatarra azken egunetan. Zabaldu denez, eredua askoz merkeagoa da garapenean eta kontsumoan, baina Claude edo ChatGPT iritsi diren mailara jauzi bat egin du. Gainera, lizentzia libre eta doakoaz banatu dute... [+]


Guardianeko langileak enpresa atarian daude, labea itzaltzea eragotzi asmoz

Asteazken goizean goizetik Guardinaeko dozenaka langile elkarretaratu dira Laudioko lantegiaren aurrean, eta inguruko enpresetako beharginak ere batu zaizkie elkartasunez. Guardianek asteazkenean labea itzaliko duela adierazi du eta hori oztopatzeko asmoz bildu dira. Enpresa... [+]


2025-01-29 | Julene Flamarique
Euskal Herriko II. Ekotopaketak aurkeztu ditu Jauzi Ekosozialak

"Ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko" helburuarekin antolatu dituzte. Arrasaten burutuko dira, martxoaren 28an eta 29an.


2025-01-28 | Julene Flamarique
Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketa
Erradikalizatzen ari den matxismoari aurre egiteko fokua gizonengan jartzea proposatu dute

Sexu-erasotzaile gehienak biktimaren inguru sozialekoak direla eta “kaleko bortxatzaile mamuaren ideiatik” aldendu beharra dagoela nabarmendu du Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketak. Ikerketak gazteengan jarri du arreta,... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]


DeepSeek
Txinari inbidia: gerra komertzialak adimen artifiziala du izena

ChatGPT ez da dagoeneko "hainbesterako". Lehiakide biziago, eskuragarriago eta merkeago bat jarri zaio parean AEBetako eta mundu mailako liderrari: enpresa txinatar baten eskutik ikusi du argia DeepSeekek. Dantzan jarri da mundua, eta ez espresuki onerako. Mikrotxipen... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
Greba mugagabea hasiko dute Guardianeko langileek

Laudioko lantegiko zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi dio enpresa batzordeari behin betiko itxiko duela enpresa. Urtarrilaren 29an abiatuko dute ixteko prozesua. Egun berean egingo dute elkarretaratzea langileek eta ostegunean hasiko dute greba.


2025-01-28 | Julene Flamarique
Turismoaren erregulazioa Baztanen: ostatuak kontrolatzeko plana onartu dute

Plan berriak Baztango bailara lau zonalde historikoetan bereiztea proposatzen du. Ostatu turistiko berriak irekitzeko araudia ere hartuko du bere gain, definitutako hiri iraunkortasun adierazleen araberakoa izango dena.


2025-01-28 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra baretzea ez da albiste ona batzuentzat

Duela hamar egun, urtarrilaren 18an, sinatu zen Txinako Kunming hirian Myanmarren agintean den Junta Militarraren eta Myanmarreko Nazio Aliantza Demokratikoaren Armada (MNDAA ingelesezko siglaz) matxinatuaren arteko su-etena. Ez da 2021eko estatu-kolpearen ondotik sututako gerra... [+]


2025-01-28 | Julene Flamarique
Autoeskolaz kanpo gidatzen ikasteko aukera planteatzen ari da Espainiako Gobernua, autoeskolak aurka

Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.


Lanbide Heziketako praktikak arazo-iturri izaten ari dira

Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]


Eguneraketa berriak daude