argia.eus
INPRIMATU
Idoia Uranga
"Arrisku gehiago du antzerkiak, ederragoa da"
  • Goenkaleko aktorea

2007ko otsailaren 21

 

Antzerki amateurretik telebistarako jauzia nolakoa izan da?

Antzezteko moduan nabaritu dut aldaketa gehienbat. Eszenatoki gainean zaudenean, azken lerroan den publikoaz pentsatu behar duzu; ahotsa ozenago, keinu guztiak nabarmenago eta garbiagoak izan behar dute. Pantailan ikustean dena aldiz, murriztu egin behar duzu, detaile txikiekin azaldu behar duzu hori dena. Telebistan akatsen bat izanez gero berriz egin daitekenaren lasaitasuna duzu, eta antzerkian zeredozerrek huts egiten badizu, zuk konpondu behar duzu. Arrisku gehiago du antzerkiak, ederragoa da.

Edaten al du telebistak antzerki amateurraren iturritik?

Aurten Antxieta antzerki taldeko asko figurante modura ateratzen ari dira. Baina orain arte, figuranteak edo esaldi batzutako aktorea behar zutenean agentzietara hots egiten zuten, eta orain beste bideak ere erabili dituzte.

Bidezkoa al da zortzi urteetan antzerkian aritu eta-gero, telebistako hiru hilabeteengatik ezaguna egitea?

Hori telebistak egiten du. Telebista etxe guztietara sartzen da eta antzerkira berriz joan egin behar da. Antzerkian zailagoa da aurpegia ezagutzea. Jendeak telebistan lan egiteari garrantzi handiagoa ematen dio, antzerki taldean egiteari baino.

Profesional eta amateurra, biak batera?

Ez dakit nola baloratu behar den profesionala zeran edo ez. Jendeak galdetu ohi dizu: «Orain profesionala zara ez?, eta amateur talde batean ere ba al zabiltza?». Jende askorentzat batera ezinak dira bata eta bestea. Niretzat ez da horrelakorik, kontrakoa bi saltsetan ederki nabil. Zorteko naiz, gustuko lana dut, ondo pasatzen dut eta telebistan gainera ordaindu egiten didate.

 

ARRITXU ZELAIA