argia.eus
INPRIMATU
Estepan Aldamiz
"Ikusleari keinu egokia egin ezean zapping egingo du"

Itziar Carrasco 2007ko otsailaren 21a

Ez da berria «Bertatik bertara» saioa, bai ordea zuzendaria.

Bizitza honetan dena da proiektua eta desproiektua. Etxe honen zuzendaritzaren asmoa martxan zegoen saio bati ikutu ezberdina ematea izan da. Programa berdinari, ikutu berritzaileak eman ahal izateko apustu egin nahi izan dute, apustua ni jartzea izan da. Eta hortik aurrerakoa ikusiko dugu.

Zer egin dezake zuzendari batek, bidea egina duen saioaren aurrean?

Aldaketak, bakoitzak buruan dauzkan ideiak dira eta nire ideiatxoak ez dira aldaketa handiak egiteko, burutsuak baizik. Eragin dudan aldaketa nabarmena saioaren abiadura izan da, erritmo bizkorragoa eman baitzaio eta orain saioa surrealismotik hurbilago dagoela uste dut. Ikusleari keinu egokia eginez gero, zurekin geratuko da, baina egokia egin ezean zapping egingo du.

Eguerdiko errepikapena gauean baino jende gehiagok ikusten omen du.

Normala da. Saioa gauean hamaikak aldera izan beharko litzateke, baina programazioaren halabeharrez beranduago hasten da. Gainera, zaila da gauez ikus-entzulego finko bat mantendu ahal izatea. Beharbada, euskaldunak ohitura goiztiarragoak dauzkagu. Baliteke ikusle gehiago eguerdian biltzea.

Aurrerantzean kameren aurrean agertzeko asmorik ba al duzu?

Telebistan aritzen garenok, edozer gauza egin beharra dugu. Oraintxe bertan Xabier Euskitze ezkondu dela-eta haren ordez albistegia aurkezten ari naiz.

Informatibo eta eztabaida saioez gain bestelako saiorik aurkeztuko al zenuke?

Badakit zer nahi dudan besteak egitea, baina gero nik hori egiteko ez dakit gai izango nintzatekeen. Eta gaizki egingo banu, alde egiteko aukera izatea nahiko nuke.