argia.eus
INPRIMATU
Jesus Mari Etxezarreta "Izazpi"
"Oso hotza da gaurko bapateko bertsoa"
  • DEBAN egin dugu bilera, herri hau noizbait zerbait izana dela oroitarazten digun hondartzako Kasinoan. Deban biziz, Mutrikuko institutoan gaztelania eta erdal literatura irakasten ditu azken 27 urteotan Izazpik. Baina Zumarragan sortu zen duela 55 urte; hizkeran igerri zaio. Adin horretan euskal kulturan dabilen beste hainbat bezala, Izazpi ere apaiz izana da. Maria Jesus Aranbururekin ezkondua, Miren eta Jonen aita da.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2007ko otsailaren 21

Hiru liburu ditu argitaratuak Izazpik: «Zalantzaren aztarnak» olerkiz, «Hasperen ttantta bihoztiak» bertsoz, eta «Bertsolarien desafio, gudu eta txapelketak». Bertso idatzien lehiaketek badute gizon honen berri: irabazi dituen sari ugarien artean dago 1983ko ARGIA bertso paper saria ere. Bertsozaleak, gainerakoan, herrietan barrena antolatutako hitzaldietan, txapelketaren bateko epaimahai edo batez ere aurkezle bezala ezagutu ahal izan du Izazpi.

Bertsolari txapelketei buruzko liburu eta beste materialen errepasoa egiten duen bere azken liburuan, joan den mendeko desafioetatik abiatu da Izazpi. Bidean D'Abadieren itzalean antolatutako Lore Jokoak, Azpeitiako Premiyua bezalako gertakizun sonatuekin egingo du topo irakurleak. Gerra aurreko eta ondoko txapelketak, Iparraldean Hernandorenak antolatuak... atzo arte.

«1962tik aurrerako txapelketa guztietan izan naiz, Uztapidek atera zituen txapel denak ikusi nituen», dio 1960 lehiaketa sonatuak seminarioan harrapatu zuen Izazpik. Eta 1966ko eskandaloa ere _Xalbadorri txistuak jo zitzaizkionekoa_ beste milaka bertsozalerekin batera bizi izan zuen.

«Jendeak ez zuen ulertzen Xalbadorren euskara, eta bere bertsorik onenak ere oso gutxi txalotuak ziren. Lazkao Txiki aldiz idolo bat zen. Bazkaltzetik etorri gara eta Lazkao Txiki kanpora eta Xalbador aurrera. Eskerrak Uztapide oso errespetatua zen. Berak kantatzean denok isilik egoten ginen, baina Xalbador jaikitzen zenean ez geniola utziko! Hamar minutu edo ordu laurdena joango zen, denak txistuka, ezin hasi...».

Baserritar haiek

EPAIMAHAIKOEK, pasatako estuasunaren ondoren, hurrengo urtean segitzeari uko egin zioten. Sariketa bat antolatu zen 67an, kanporaketarik gabe aukeratutako 16 bertsolaririk onenekin, pentsu enpresa baten babesean. Baina ondoren, hamahiru urtez ez zen txapelketa gehiago antolatuko.

1979an Herri Literatura Batzordea osatu zen Euskaltzaindiaren baitan, eta hor hasi zen beste bertsozale eta bertsolariekin batera lanean Izazpi. Hortik sortuko zen 1980ko Txapelketa Nagusia, Amurizari lehen txapela eman ziona. Horretan, 1982koan eta 1989koan epaimahai lanak egin ditu Etxezarretak.

Izazpik 60ko hamarkadako txapelketetako giroa eta gaur eguneko alderatzen ditu: zearo desberdinak. «Baserritarrek _askok euskara zuten hizkuntza bakarra_ bertsolaritza erabat bizi zuten: askotan bertsoa bukatu aurretik ari ziren txaloka. Gero politika ere sartu zen, eta beste inor esatera ausartzen ez zen gauzak zenbait bertsolarik esaten zituen, Lopategi eta Azpillagak batik bat, eta jendea urrutitik etortzen zen haiek entzutera. Orain ikusle bezala joaten dira gehiago».

Entzulegoa baserri girokoa izatetik kaletarra izatera pasatzea edo 80ko hamarkadako berrikuntzak ondo eraman ditu Etxezarretak, baina orain gai jartzaile lanetatik eta erretiratua dago

«Gaia emateko bati eskuetan kantzontzilo bat jarri eta holakoekin hasi zirenean... bertsolari baino pailazo bezala jarri nahi izan direla iruditu zait, eta hori bertsolaritzarekiko errespetoa galtzea zen niretzat».

Epaiaren ezpata

EPAIMAHAI lanetan hasi zenean, gazteena zen Izazpi, zituen Bordariren eta Joanmari Lekuona, Antonio Zabala, Alfontso Irigoien, Aranalde eta abarren ondoan. «Azken aldian, ni nintzen zaharrena. Ikusi al duzu zer esan duten Seguran bildu diren gazteek? Horientzako oraingoak berak ere zaharregiak dira».

Epaile lanaren bilakaera ez da txikia izan urteotan. 60ko hamarkadako txapelketetan Arruek-eta ez omen zuten punturik ematen: saioa bukatutakoan «honek kantatu du ondoen», eta kitto. Beste muturrean, behin Mungian egindako aproba ipintzen du: «Batek euskara, besteak puntua, besteak gaiari nola heltzen dion... epaile bakoitzak atal bat juzgatzeko saioa egin zen. Baina frakasoa izan zen». Lehen azkartasuna asko baloratzen zen. «Amurizari lehen txapela eman genionean galantak entzun behar izan genituen, apaizen arteko kontuak zirela...».

1936ko txapelketako bertso onenak puntua jarrita erantzundakoak direla esan izan da. Gaur proba hori ez da sartu nahi izaten. «Aitortu behar dizut gaur askotan bertsolariak entzun eta sufritzen egoten naizela. Gazteek euskara behartu bat darabilte, hasteko. Gero, errimak pentsatu eta han sartu nahi dute bertsoa nola edo hala. Beraiek esplikatuko dizute nola doazen aurretik halako errimak ondo pentsatuta, eta haien arabera bertsoa jostera. Baina epaimahaiak berak ekarri du hori, errima hain zorrotz epaitzean. Idatzita oso ondo geratzen dira, baina bapatean gaur bertsoa oso hotza da». Azpeitiarrak apartatzen ditu Etxezarretak. «Hizketan ere, bailara horretan azkartasun eta ironia berezia dute, sekula ez dizute zuzen erantzungo».

Bertsoaren urrea

DIRUAK bertsolaritzan hartu duen garrantziak kezkatzen du Izazpi. «1975ean Bizkaiko bertsolari gazteen txapelketa antolatzen egindako joan-etorriak, euria hasi eta elizan kantari... dena afizioz egiten zen. Zerbait kobratuko zuten bertsolari onenek, gai-jartzaileek pentsatu ere ez. Dirua sartu zen, antolatzaileentzako arriskuak, beren arteko sesioak ere bai... Diruak dena hondatzen du, eta gero eta okerrago goaz»


Txapelketak beti bertsolari bat baino gehiago minduta uzten duela aitortuz txapelketaren alde dago.

«Bertsolaritzari eusteko, hiruzpalau urtean behin egin beharra dago. Bertsolari berriak sortzeko eta afizioa berotzen duelako».
Bertsolaritzari publikoan ikusten dio arazo nagusia gaur Izazpik. «Abeslari bat entzutera joaten den moduan hasi zen jendea bertsoak entzutera joaten. Mutil politak ziren gainera, eta hainbat neska ere biltzen zuten. Nabermena da asko hoztu dela afizioa. Berreskuratzea zaila izango da. Akaso desafio bat jarriz gero, euskaldunok apostuzaleak gara eta».

Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Gaijartzail
Pertsonaiaz\ETXEZARRET6
Egileez\ZUBIRIA2\Kultura