«Frantziak laster ezagutza instituzionala eman beharko dio Ipar EuskalHerriari»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jakes Bortairu HAko kideari elkarrizketa
«Frantziak laster ezagutza instituzionala eman beharko dio Ipar Euskal Herriari»
Jakes Bortairu, Herriaren Aldeko kidea
Uda partean biziki gogotsu aritu da Herriaren Alde, ezta?
Udaldia beti sasoi motelagoa izan ohi da herrigintza lanetan. Horregatik, eta Ipar Euskal Herriak bisitari franko hartzen duenez, eremu berrietan ari gara lanean azken urteotan. Alde batetik, gure egoitzan, uztailan eta abuztuan, informazio bulego alternatibo bat ireki dugu. Frantziar Estatuko jendea etorri da, bretoiak gehienak; baita alemaniarrak eta ingelesak ere. Hogei bat pertsona pasa dira egoitzatik batez beste egunero. Euskal Herriaren egoeraz eta GAL kasuari buruz galdetu dute bereziki. Hedabide instituzionaletatik zabaldu ohi duten mezua eta gurea kontrastatu ahal izan dituzte gisa horretara. Eta jakina, hori oso garrantzitsua da.
Bestetik, Luhuson eztabaida-kanpaina bat antolatu dugu hirugarren aldikotz. Besteak beste, Bretainia eta Euskal Herriaren arteko elkartasuna eta Chiapaseko borroka eztabaidatu dira. 200 bat lagun pasa dira aipatu kanpalditik. Aldi berean, ideologia abertzaleetako ordezkarien eta gonbidatuen arteko harremanak landu ahal izan dira, eta hori guztia biziki inportantea izan da Euskal Herriaz zabaldurik dagoen errealitate okerra zuzentze aldera.
Azalduko al diguzu Herriaren Alderen bilakaera politikoa?
Herriaren Alde mugimendu politikoa 1993ko hastapenean sortu zen, Patxa eta Oldartzen mugimenduen batzearen ondorioz. Patxa belaunaldi berri baten espresio soziala izan zen nolabait, eta Oldartzen berriz, EMAtik aldendutako militante multzo batek sortu zuen.
Ideologikoki, Ezker Abertzalearen barruan kokatzen dugu gure burua. Taktikoki, berriz, ezberdintasunak ditugu Ezker Abertzalean ari diren beste mugimenduekiko: hala nola, Euskal Batasunarekiko edota EMArekiko. Ideologia beraren barnean egonik ere, ikuspegi politiko ezberdinak dituzten taldeak antolatzea beharrezkoa da ene ustez, eta zentzu horretan, Herriaren Alde mugimenduaren ekarpena baliotsua da Ezker Abertzalearentzat ere.
Zein iritzi duzu azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian sortu diren mugimendu politikoez?
Azken hamarkadetako indar politikoak belaunaldien etorrerarekin egituratuz joan dira. Orain arte, kasik belaunaldi bakoitzak antolatzeko molde bat edo beste sortu du. Alde batetik, honek guztiak ahultasun bat utzi du agerian, askotan belaunaldien artean eten nabaria bizi izan baita. Eten hori gainditzeko, ostera, belaunaldi berriek beste gauza berri batzuk sortu dituzte.
Belaunaldi berriek askotan ez dute baloratu behar bezala antzinako belaunaldiek ekarritakoa. Beraiek zituzten ideiak erabat berriak zirela pentsatzen zuten. Fenomeno hori bizi izan dugu. Eta orain datozen belaunaldi berriekin gauza bera gerta daiteke agian; edo orain arte ez bezala, eten hori bizi gabe, belaunaldi berriarekin borroka lotuago bat garatzeko modua izan dezakegu.
Borroka armatuaren baliagarritasunari buruzko eztabaidak eraginik izan al du belaunaldien arteko eten horretan? Zein da HAren iritzia Iparraldeko borroka armatuari buruz?
Iparraldean belaunaldien lerrokatze handiena borroka armatuaren aldekoa izan da. Belaunaldi berrientzat, normalean, borroka armatuaren praktika kontzientziazioa eta indar harremana sortzeko tresna da. Iparraldeko lehenengo belaunaldi politiko abertzaleentzat, ordea, ez zen horrela izan. Hauen ustez, laguntza ekarri ordez, borroka armatuak jendea beldurtu eta urrundu egiten du mugimendu abertzaletik. EMAren eta EBren arteko diferentzia handiena hori bera izan da.
Guri dagokigunez, beti onartu izan dugu borroka armatuaren erabilera Iparraldean. Hasieratik sostengua eman diogu borroka molde honi, gure autonomia gordez eta gure iritzia emanez. Oro har, eta zehazki Iparretarrak erakundeak egiten duen lana, abertzaletasuna aitzinarazteko mesedegarria dela uste dugu. Izan ere, horrek kostu politikoa dakarren arren, ondorio onuragarriak ekarri baititu.
Herriaren Aldek zer eskaintzen dio Ezker Abertzaleari?
Lehenik eta behin, EB eta EMA mugimenduen inguruan bildu ziren belaunaldi berrien artean sortu zen gatazka gainditzen lagundu genuen. Hots, urtetan sortutako mamu faltsu bat gainditzen lagundu dugu: Hegoaldea askatu behar zela lehenik eta gero Iparraldea askatuko zela zioen mamu faltsua. Gainera, ziur gaude orduko belaunaldien artean, ez batetik eta ez bestetik, ez zituztela gauzak erabat horrela aurkeztu. Erran behar da, baina, bai batzuek bai besteek lan izugarria egin zutela, eta orduko Euskal Herriko egoera biziki zailean eztabaida faltsu bat sortu zela.
Hasiera batetik, sasi-eztabaida hori baztertuta eta bi alderdi horien ikusmoldeak gure gisara baloratuz, Euskal Herriaren dimentsioa azterturik garatu izan du bere borroka Herriaren Aldek. Azken urte hauetako lana ildo horretatik jorratu dugu. Iparraldea eta Hegoaldea dinamika koordinatu batean sartu nahi ditugu, borroka eremu berriak bultzatuz eta eratuz. Nazio ikuspegi batetik _Patxaren garaiko intsumisioaren aldeko kanpainaren antzera_, autodeterminazio eskubideari eta independentziari buruzko ideiak lurralde nazional osoari begira landu izan ditugu orain artean.
Zein da, bestalde, Abertzaleen Batasunaren barruan jorratzen duzuen lana, eta hauteskundeei buruzko zuen jarrera?
Abertzaleen Batasuna sortzen ari den indarra da. Ezker Abertzalekoak ez diren beste indar abertzaleentzako ere irekirik ditu ateak. Prozesu baten ondorioa da, eta prozesu batean murgildurik jarraitzen du. Beraz, oraindik ez dago arras egituratua. Azken hauteskundeez geroztik, biltzar anitz egiten ari dira. Tokian tokiko errealitatetik abiatuz, indar batu bat sortzea edo eratzea da gure asmoa.
Bestalde, hauteskundeei buruzko ikusmolde kritikoa daukagula azpimarratu behar dut. Alabaina, hauteskundeetara joateko aukera positiboki baloratzen dugu. Beti ere, ordea, zein hauteskunde mota diren kontuan hartu behar da, baita kanpaina egiteko moduan bertan ere.
Herriaren Aldek nola ikusten du Iparraldeko egungo eraketa instituzionala?
Iparraldeko instituzionalizatze prozesua 1982. urtean hasi zen, alderdi sozialista Frantziako boterera iristearekin batera. Mitterrandek euskal departamendu bat hitzeman zuen garai hartan. Hitzemandakoa bete nahi ez, eta Garapen Kontseilua garatzea proposatu zuten. Proiektua, baina, laster joan zen pikutara.
Duela bost urte, berriro ere Garapen Kontseilua sortzeko ideia abiatu zen. Hala, Euskal Herria 2010 ekimenaren ondorioz, Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua sortu zituzten. Erakunde hauen barruan gizartearen egoera aztertu izan da, eta baita gizarteak dituen beharrak diseinatu eta proposamenak egin ere. Hala eta guztiz ere, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak orain arte ez dute botererik eta baliabiderik izan proposamen horiek aitzina eramateko. Euskal Herriari dagozkion eskubideak eta Euskal Herriaren ezagutza ez dira gauzatu, ez euskal departamendu baten bitartez ezta beste egitura baten bitartez ere. Beraz, besterik erakusten ez duten bitartean, aurre-instituzio hauek hutsalak dira.
Esate baterako, joan den apirilean Garapen Kontseiluan lurralde honen etorkizunaz mintzatu zirenean, euskal erakundetzearen arazoarekin egin zuten topo berriro ere. Arazoari irtenbiderik eman gabe jarraitzen dute beraz.
Horrenbestez, hamabost urtetako borrokak fruitu edo emaitzarik ez duela ekarri pentsatu behar al dugu?
Inolaz ere ez. Urte hauetan guztietan dinamika azkar bat bideratu da, eta dinamika honek gizarteko sektore anitzetara iristeko modua izan du. Bere inguruan gizarte ekimen ugari bildu da: hala nola, laborariak, ofizialak, artisauak eta abar luze bat. Izan ere, gizartea gero eta gehiago kezkatzen du Iparraldeko instituzionalizazio ezak.
Gizarteko sektore hauek, lehen gertatzen ez zen bezala, geure erakunde propioen eta egitura politikoaren beharra ikusten dute. Era berean, ondoko honetaz ere jabetu dira: hemengo gizartearen beharrei erantzuteko hemengo erakundeek ez dutela baliabiderik. Honen guztiaren ondorioz, datozen hilabete hauetan krisi gorria piztuko da, eta gatazka politikoa pil-pilean jarriko zaigu.
Testuinguru horretan, etorkizun hurbilari begira, nola ikusten duzu mugimendu abertzaleen ekimena?
Azken urteotan abertzaleek izan duten eragina ez da nolanahikoa izan. Gutxienik, gizarte egoera baldintzatu dute. Hautetsiak eta Estatuko ordezkariak, mugimendu abertzaleak duen pisuaz eta hedaduraz oharturik, erantzun bat ematera beharturik sentitu dira. Betidanik, sasi-bideak urratu dituzte gure mugimenduaren eragina eta indarra geldiarazteko.
1982an ez bezala, ordea, gaur egun arazoa alboraezina da. Botereak sasi-erantzunak ematen jarraitzen baldin badu ere, ez da luzarorako izanen. Gure aldetik, gizarteko sektore horien elkartasuna eta lotura lortzeko prestatzen ari gara. Egoera indartzeko eta gizartea baldintza hobeagoetara ekartzeko, abertzaleak gure borroka eremuak gogotik lantzen ari gara. Berandu baino lehen, Frantziak ezagutza politiko insituzionala eman beharko dio Ipar Euskal Herriari.
MIKEL ASURMENDI
8-11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHA
PertsonaiazBORTAIRU1
EgileezASURMENDI1Politika

Azkenak
2025-03-26 | Aiaraldea
Eusko Jaurlaritza “prest” Guardian Laudioren erosketan parte hartzeko

Horrela adierazi du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak.


Munduko energia kontsumoaren igoera eragin dute industriaren, AAren datu baseen eta bero boladen areagotzeek 2024an

Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) astelehenean argitaratutako txostenaren arabera, %2,2 igo da energia eskaria 2024an aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste, egiturazko arrazoi hauengatik: beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili beharra, industriaren kontsumoa... [+]


2025-03-26 | Sustatu
Prezio “dinamiko” eta puztuen susmoa etxebizitza aurkitzeko atarietan

Espainiako hedabideetan aurkitu dugu albistea, salaketa egin dutela Fotocasa eta Idealista etxebizitza-atarien kontra, prezioak manipulatzen dituztelakoan. Salaketan ez dugu manipulazioaren deskribapen zehatzik aurkitu, baina Ameriketako Estatu Batuetan agertu den salaketa... [+]


“Hezkuntza Sailak bileran guri hitzez esandakoari uko egin zion gero”

Non daude talka handienak eta zenbateraino dago gertu akordioa, EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat? Greba ziklo luzeari amaiera emateko sukalde lanaren eta gakoen inguruan mintzatu gara, STEILASeko bozeramaile Haizea Arbiderekin. “Grebak bertan behera utziko... [+]


Protestak piztu dira Turkian, Istanbulgo alkate eta Erdoganen aurkari nagusia atxilotu ostean

Ekrem Imamoglu Erdoganekein lehiatzekoa da hurrengo presidentetzarako bozetan, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdiaren hautagaitzara aurkeztu den bakarra baita. Ustelkeria eta "terroristekin kolaboratzea" egotzi diote, eta bere atxiloketaren ostean piztutako... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleen greba egunak %75eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera

Astelehen arratsalde-gaueko negoziaketa bilera luzearen ostean aurreakordiorik lortu gabe, EAEko hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak izan dira berriz ere; urtea hasi denetik bosgarren greba eguna izan da asteartekoa. Lanuzteek %75eko jarraipena izan dutela adierazi... [+]


Elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko dozenaka hezkuntza zentrotan, Israelek hildako haur palestinarrak oroitarazteko

Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.


Biktima gisa aitortzeko txostenak jaso dituzte Pasaiako segadan eraildakoen eta Rosa Zarraren senideek

Azken astean ezagutarazi moduan, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak txosten banatan aitortu ditu estatuaren biktima gisa. Justizia sailburuak ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie dokumentuak.


Koordinakundea eratu dute, Bigarren Mundu Gerran deportatu zituzten euskal herritarrak ezagutarazteko

Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]


Askatu dute kolonoek jipoitu eta militarrek atxilotutako Oscar saridun palestinarra

No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.


ANALISIA
Brandt eta Gorvatxov, non zaudete?

Hitlerren armadak milioika sobietarren heriotza ekarri zuen Bigarren Mundu Gerran Sobiet Batasuna inbaditu zuenean. Gerra amaituta, Iosif Stalinen obsesioa zen Alemania eta Errusia artean babes herrialde-lerro bat osatzea; horra, besteak beste, Varsoviako Itunaren sorrera... [+]


Jaurlaritzaren proposamenak Lehen Mailako Arreta “are gehiago prekarizatzea” ekarriko lukeela adierazi du Espainiako Osasun Ministerioak

EAEn BAMEa (famili medikuen formazioa) lau urtetik hiru urtetara jaistea eskatu du Jaurlaritzak. Osakidetzaren "larritasunaren" erantzukizuna Ministerioari bota dio Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek: "Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer... [+]


2025-03-25 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hego Korea: ‘impeachment’-aren kulebroia amaitzear da, baina krisi politikoa ez

Kolpismoaren lehen ikasgaiak errepasatu gabe, abenduaren 3an Hego Koreako Yoon presidenteak jo nahi izan zuen estatu-autokolpeak sututako krisi politiko erraldoia kitatzeko asko geratzen da oraindik. Baina haren porrotak abian jarritako impeachment prozedura amaitzear da.


Nafarroako Euskaraldiaren hamaikakoa, prest

Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute Nafarroan: Julio Soto bertsolaria, Edurne Pena aktorea, Julen Goldarazena musikaria (Flakofonki), Claudia Rodriguez  Goxuan Saltsan taldeko abeslaria, Eneko Garcia (Albina Stardust), Yasmine Khris Maansri itzultzaile eta kazetaria,... [+]


Eguneraketa berriak daude