argia.eus
INPRIMATU
Noel Elorga
"Kamerak itzalitakoan ditugu eztabaida interesgarrienak"

2007ko otsailaren 21a

«Firin faran» iritzi sortzaile bilakatu al da?

Hori teleikusleek esan beharko dute. Nik nire datu zehatzak eta iritziak ere eman ditut, bata besteagandik ahalik eta gehiena bereizten saiatu naiz. Baina gure eztabaida euskal gizarterentzako baliagarria izan den ez dakit.

Horrelako eztabaida saioak informazioaren kalterako edo mesederako dira?

Nik uste aberastu egiten duela informazioa. Informatiboetan askotan ematen dira albisteak batere aztertu gabe, eta hor aukera izan dugu behar bada gaiak gehiago sakontzeko, eta hausnarketarako oinarri batzuk emateko. Esperientzia polita izan da, baina egia esan zaila da.

Autozentsuratu beharrik izan al duzu?

Aldioro. Autozentsura baino, autokontrol izugarria egin dut, eta normala dela uste dut. Aurrean ikusleak zirela pentsatzen nuen beti eta hoien aurrean nolabaiteko erantzukizuna banuela, ondorioz askotan gauzak neurtu behar izan ditut.

Eztabaidagaiak erabakitzeko aukerarik izan al duzue?

Ostiraletan deitzen ziguten gaiak emateko, baina, gero asteburuan edo astelehenetan gauza ugari gertatu izan dira, eta askotan aldatu dira. Askotan gertatu izan zait etorri eta gaiak zein diren ez ezagutzea, horrelakoetan inprobisatu beharrean izan naiz. Hamarretik zortzitan Hegoaldeko gaiak izan dira, ni horrekin ez nintzen oso gustora sentitzen.

Eztabaida kamerak itzaltzean amaitu al da?

Kamerak itzaltzean jarraitzen du, eta orduan bukatzen da autozentsura. «Firin faran»ek ordubat t'erdi irauten badu, bigarren fase horrek hiru ordu ere iraun izan ditu. Ez dakit nire solaskideek zer esango duten, baina niretzat gauza interesgarrienak ondorengo eztabaida honetan esan dira.

 


ARRITXU ZELAIA