argia.eus
INPRIMATU
Leire Asin
"Eskaparate antzekoa izan daiteke, baina ez naiz objetu sentitzen"
  • Astero «Txiskola» umore saioan ikusten dugu Leire Asin. Txiste, esketx, antzerki eta algaren artean, bere laguntza izaten dute lehiakideek eta aurkezleak. Telebistako bere lehen esperientzia izan da «Txiskola»koa, eta oso gustora dagoela aitortzen du. Giroa eta bere lana atsegin ditu.

2007ko otsailaren 21a

Telebistan lan egiten duzun lehenengo aldia al da?

«Txiskola»koa izan da kamaren aurreko nire lehen esperientzia. Lagun batek casting-ean parte hartzera gonbidatu ninduen eta aukeratua izan nintzen.

Nolako esperientzia izan da?

Oso ona. Hasiera gogorra izan zen, ohitu gabe nengoelako. Gainera, oso lotsatia nintzen eta asko kostatzen zitzaidan naturaltasunez jokatzea. Lotsatuta sentitzen nintzen, eta mugimendu eta keinu guztiak oso artifizialak ziren. Hasierako programak ikusita desberdintasuna nabaritzen dut. Orain askoz ere lasaiago aritzen naiz.

Prestaketarik egin al zenuen azafata izateko?

Casting-ean onartua izan nintzenean, modelo ikastaro laburr bat egin nuen, denbora aldetik iraupen luzeagoko bat ezin izan nuelako egin.

Ez al zaizu iruditzen zure lana apaingarri bezala erabiltzen denik?

Egia esan, eskaparate antzekoa izan daiteke, baina ni ez naiz objetu sentitzen. Gure artean oso giro ona dago, eta ez naute gutxiesten. Denok berdinak gara eta tratu bera daukagu.

Zein harrera jaso duzu jendearengandik?

Denetatik. Jendeak berehala ezagutzen zaitu, «hara, hara, Txiskolakoa» eta horrelakoak sarri entzuten dituzu. Hasieran, batzuk gehiago zabaldu behar nuela ere esaten zidaten. Eta beranduago hobeto egiten nuela ere adierazi zidaten.

Zein asmo duzu aurrerantzean?

Alde batetik, idazkaritza ikasketekin aurrera jarraitzeko asmoa dut. Eta bestalde, oso gustora nago telebistako lan honekin. Aurrerantzean ere bide honetatik jarraitzea gustatuko litzaidake. Modelo ikastaroak egiteari ere ekin diot. Gustatzen zait, eta aukeraren bat baldin badut, lan honetan jarraituko dut.

 


AINHOA AZPIROZ