argia.eus
INPRIMATU
Julen Zelarain
"Sakabanaketa amaitu hutsarekin ez genuke ezertxo ere lortuk"
  • Billabonatarra, orain 28 urte Donostian jaio arren. 16 urterekin Jarrai erakundean sartu zen. 1986an HBko zinegotzi hautatu zuten. Gaur egun Gipuzkoako AABko bozeramailea dugu.

Mikel Jauregi 2007ko otsailaren 21a

Amnistia eskatzetik, presoen Euskal Herriratzea eta bateratzea aldarrikatzera igaro zarete. Zein da arrazoia?

Amnistiaren aldarrikapena ez dugu ahaztu. Baina uneotan presoak bizirik egotea da gure lehentasuna. Sakabanaketari hasiera eman ziotenetik, orain bederatzi bat urte, bizi-baldintzak izugarri gogortu dira espetxeetan eta horra gure lehentasuna: presoen gutxieneko bizi-baldintzak ziurtatu ahal izatea. Ondorioz, ezinbestekoa da presoak Euskal Herrian batzea.

Zein da uneotan presoen egoera? Zer topatzen duzue espetxeetan?

Oso larria. Sakabanaketa hasi zenetik, espetxe-politika zehatz bati ekin zioten. Espetxe-politikak txantajea izan du beti helburu, eta era berean, txantaje horrek badu bere helburua: presoak damuaraztea, presoek euren planteamendu politikoei uko egitea eta Estatuak ematen dien alternatiba bakarrari eustea.

Presoen sufrimenduan oinarritzen ari da gobernuaren dinamika. Espetxe-politika beti horrelakoa izan da, nahiz eta forma ezberdinak hartu izan dituen: jipoiak, urruntasuna, bizi-baldintzak izugarri gogortzea eta, azkenik, sakabanaketa. Eta sakabanaketarekin presoen babes eza zuten helburu. Ez da gauza bera kolektiboa bateraturik egotea edota bakarrik egotea. Esaterako, zenbait presok hiruzpalau urte daramatzate erabateko isolamenduan, preso sozialekin ere harremanik izan gabe. Dena den, egin den presioaren ondorioz jipoien kopurua jaitsi egin da, batik bat trasladoetan.

AABk amnistia duela helburu esan duzu. «Euskal presoak Euskal Herrira» ez al da nahikoa lelo mugatua zuen helbururako?

Lelo horri, baina, amnistia ere gehitzen diogu. Lehen esan bezala, lehentasuna presoen bizitza ziurtatzea da, baina egia da Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa konpontzeko edo edozein prozesu demokratiko irekitzeko ezinbestekoa dela aldez aurretik presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxean izatea. Urrats edo neurri politiko hori beste guztien aurretik ematen ez den artean, zauria modu faltsuan itxi nahian ibiliko ginateke.

Leloa Ezker Abertzale osora hedatu da, eta ekimenak ere ez dira gutxi izan. Ez dirudi, baina, Ezker Abertzalearen ekimenarekin soilik halako helbururik lor daitekeenik...

Gure helburua da gizarte osoa mugiaraztea. Urtebetetik hona, baina, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, eta horren adibide dira zenbait leku eta indar politikoetako, EAJ kasu, adierazpen eta jarrera aldaketak. EAJren jarrera ez da aldatu sakabanaketaren edota kartzeletako egoera aldatu delako. Aldaketaren arrazoiak bi dira: batetik, EAJren baitan bi sentsibilitate daude presoekiko, eta bestetik, euskal gizartearen presioaren ondorioz EAJk bere burua beharturik ikusi du horrelako jarrera bat hartzeko. Hala ere, horrek ez du esan nahi EAJk benetako borondatea duenik egoera aldatzeko.

Indar politiko batzuek aipatu dute sakabanaketak porrot egin duela. Epe labur edo ertainera amaitzeko esperantzarik baduzu?

Sakabanaketa ez da arazo bakarra. Berez arazoa da, baina bada beste arazo nagusi bat ere: espetxe-politika errotik aldatu egin behar da. Sakabanaketa amaitu hutsarekin ez genuke ezer lortuko. Adibidez, Sorian eta Puerton denak elkarrekin daude, baina presoekiko presioa eta txantajea bere horretan mantentzen dute. Presio eta txantaje hori akabatu behar dugu lehen bait lehen.

Zenbait indar politiko presoak Euskal Herrira hurbiltzearen aldeko dira, baina ez horrenbeste Euskal Herrian batzearen aldeko. Honi buruz hitz egin al duzue azkenaldion alderdiekin?

Hurbilketaren planteamenduaren aurka gaude. Zein da lortu beharreko egoera? Presoekiko txantajea amaitzea. Hain zuzen, egun baditugu presoak Basaurin, Martutenen eta Langraitzen. Baina agian presio maila handiena bertokoek sufritzen dute. Langraitzeko presoei esaten diete: «Begira, edo zure jarrera aldatzen duzu eta guk zehaztutako norabide honetan barrena sartzen zara, edo bestela Saltora zoaz berehala».

Gai honetaz Senideak-ek hitz egin zuen alderdi politikoekin: EAJ, EA, HB, Nafarroako Gobernua osatzen dutenekin... Baina hauek ez dute euren jarrera aldatu nahi. Batik bat, EAJn ikusten dugun jarrera da hori, EAJk presoak damutzea behar duelako.

Eta Maroñoko taldeen artean lortu al duzue adostasunik ekimenen bat aurrera eramateko?

Planteamendu politikoei buruzko akordioak lortzen ari dira. Agian urrats praktikoak emateko garaia ere heldu da. Udaletxeetan Senideak-ek planteatutako lau puntuko mozio hori ere azaldu zitzaien Maroñoko taldeei. Hor gertatu ziren lehenengo tirabirak BAKekin, lau puntu horiek sinatzeko prest ez zegoelako, eta BAK kanpora geratu zen. Urratsak eman dira, eta elkarrizketak ere izan ziren Ardanza eta Allirekin. Erantzuna, baina, ezezkoa izan zen. Dena den, gauzak praktikan jartzerakoan desadostasunak agertzen dira taldeen artean, eta ez dirudi ezer asko egin daitekeenik.

Sakabanaketa amaitutakoan kalean bizi dugun tentsio giroak behera egingo lukeela esan zuen Elkarri-k. Bat zatoz baieztapen horrekin?

Egia da zenbat eta tentsio-elementu gehiago desagertu, orduan eta egoera normalizatuagoa izanen dugula. Baina gure buruari ezin diogu ziririk sartu. Euskal Herrian errealitate bat daukagu, eta honen aurrean sektore ezberdinek erantzun ezberdinak ematen dituzte. Zoritxarrez, Euskal Herrian tentsio-puntu gehiegi daude, eta erabateko normalizaziora ez gara iritsiko soilik preso bat Euskal Herrira ekartzeagatik. Pausu garrantzitsua izango da, baina presoak kartzelan segitzen duten artean normalizazioa ezinezkoa izango da.

Joxe Mari Aldaiaren bahiketak iraun duen artean, «Aldaia askatu» eta «Euskal Herria askatu» konzentrazioak izan ditugu parez pare. Horietan izandako liskarrek bat baino gehiago beldurtu dute...

Enfrentamendu zibilari buruz esandakoak gezur itzelak dira. Julio Iglesiasen bahiketak iraun zuen artean izugarrizko babesa eman zitzaien errepresio mota guztiei. Ezin dugu ahaztu torturaren ondorioz Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro erahil zituztela, eta izugarrizko sarraskiak egin zirela Gipuzkoa alde honetan. Komunikabideek egiazkoa ez zen mezua eman zuten Euskal Herriko errealitateaz. Beraz, ez geunden prest berriro antzeko egoera onartzeko. Gure helburua zen ideologikoki bi planteamenduak parez pare jarri eta alderatzea.
Beste gauza bat da Ajuria Eneko Itunak eta Atutxak berak zer nolako norabidea finkatu duten konzentrazio hauekiko. Eta agerian geratu da zein izan den Ertzaintzaren presentziaren helburua. Zenbaitetan BAKek berak ere kritikatu egin du presentzia hori, tentsio-egoeren eragile zela-eta.

Ertzaintzak eta Ezker Abertzaleak egingo al dituzte bakeak?

Arazoa ez da Ezker Abertzalea eta Ertzaintza. Ezker Abertzalea eta Ertzaintza ez daude elkarren kontra. Herri honetako arazoa da Euskal Herriak behar duen egoera politikoa eta dagozkion eskubideak onartzea. Euskaldunok Konstituzioari ezezkoa eman genion, baina egun Ertzaintzak zer nolako ildo juridiko-politikoa defenditzen du, euskaldunok erabakitakoa edota Konstituziotik datorrena? Erantzuna argi dago. Arazoa da burujabetasunaren hainbat adierazpenetan zergatik Ertzaintza kontra dagoen. Hori EAJri galdetu beharko diogu, norbaitek eman baitio agindu hori Ertzaintzari eta norbaitek planteatu baititu jarrera horiek Ertzaintzan. Gainera helburu garbi batekin egin du, mezu jakin batekin: gatazka bere berezko eremutik atera, eta euskaldunon eta Estatuaren arteko gatazka dela esan beharrean, euskaldunon artekoa dela esan.

Nola ulertzen duzu Jose Antonio Ortega Lararen bahiketa?

Euskal presoek bizi duten egoeraren eremuan kokatu behar da. Espainiar Estatuak presoekiko ez-legezko jokaera dauka, eta horren aurrean ETAk egoera horri irtenbidea eman nahian, presio gisa Ortega Lara bahitzeko erabakia hartu du. Tristeena da erakunde batek pertsona bat bahiturik izatea berez legezkoa den zerbait bete ahal izateko. Kontraesana hor dago: Estatuak legea betetzen ez duelako, Estatuaren beraren funtzionario bat bahiturik dago. Ortega Lararen bahiketa ongi amaitzeko, ezinbestekoa izango da gobernua presionatzea espetxe-politika aldatu eta presoak Euskal Herrian batzeko. Aldiz, Gobernuak bere baitan itxirik jarraitzen badu eta bere legeri propioa ukatzen jarraitzen badu, ondorioak, eta ez soilik Ortega Lararekikoak, baita presoekikoak eta hauen familiarrekikoak ere, ez dira hain onak izango.

Zer nolakoa da euskal preso politikoen kolektiboaren osasuna une hauetan?

Bere dinamikak eta praktikak azaltzen duen legez, ezin hobea. Gutaz gain, zenbait indar politikok ere esan dute sakabanaketak, bere neurri errepresibo guztiekin, porrot egin duela, eta porrot egin badu da kolektiboaren osasuna sekulakoa delako. Urtarrilaren 15ean kolektiboak borroka mugagabeari hasiera ematea, dituzten bizi-baldintza kaskarrak kontuan izanik, ez da txantxa. Euren arteko batasuna izugarria da eta oso garbi dute irtenbidea nondik nora etorriko den.