Isiltasunaren legea liberatan betearazi

GAL afera dela eta, Abeberri eta Bortairuri jarritako zigorra
Isiltasunaren legea liberatan betearazi
Izan berri duten epaiketa medio, Jakes Abeberri eta Jakes Botairurekinmintzatu gara
Jendeak GALen kontrako auzia deitu izan duela diote, beraien kontrakoa baino. Irailean jakinen dute jarritako isuna pagatu beharko duten ala ez. «Oso gogorra egiten zaigu pentsatzea dirua biltzen hasiko garela Cathala, Helie eta Etxeto polizien sakeletan bukatzeko», diote Jakes Abeberrik _Miarritzeko auzapezordea, «Enbata»ko arduraduna eta EBko batzordekidea_ eta Jakes Bortairu Herriaren Aldeko kideak.
EPAIAREN arabera, bien artean 800.000 libera (20 milioi pezeta inguru) ordaindu beharko dituzte, 600.000 Bortairuk eta 200.000 Abeberrik. Lehenengoari «Cathala ustela» izenburupean iazko urrian Baionan eta Hendaian agertutako afitxak itsastea leporatu diote. Bigarrenari, «Enbata» astekarian argitaratutako bi artikulutan Joel Cathala borroka antiterroristako burua eta Hendaiako komisario ohia difamatzeagatik.
«Zigorra arras gogorra da», beraiek aitortu gisara. Oraingoz, baina, iraila aldera arte itxaron egin beharko dutela uste dute epaia zertan geratzen den jakiteko, biek errekurtsoa aurkeztu baitute.
«Zigorraren aurrean ez dugu ezer planteatu, zeren eta aurkeztu dugun errekurtsoak zerbait berririk ekarriko duela espero baitugu. Gero gerokoak. Erran behar dugu, gainera, juridikoki badirela aukera anitz segitzeko»,
azaldu digu Jakes Bortairuk. Iritzi berekoa da Jakes Abeberri, eta Auzitegi Gorenetik epai berria beraien aldeko izanen dela espero du.
«Ene kasuan, `Enbata' ez da elkarte bat. Ni naiz arduradun nagusia. Egoitza elkarte batena da, baina nik erantzun behar diet `Enbata'ren aurkako zigor eta isun posible guztiei. Beraz, `Enbata' kondenatzea ni kondenatzea da»,
gaineratu du Miarritzeko auzapezordeak.
Epaia alde batera utziz, «garaipen» txiki bat lortu dutela adierazi digu Bortairuk: GAL afera eguneratzea. Herriaren Aldeko kidearen aburuz,
«10 urtez Iparraldeko abertzaleok ahal izan duguna egin dugu GALen ekintzak salatzeko, baina gauza asko ez ziren gure esku. Baina Amedo eta Dominguezen deklarazioak bezalako elementu berriak medio, GAL aferako frantses konplizitate guztiak mahai gainean jartzeko aukera izan dugu. Lanabes ezberdinen bitartez, informazio horiek gizarteratzen saiatu gara. Eta horretan, laguntza ederra eman digu Cathalak, nahiz eta agian ondorio txarrak jasan beharko ditugun...».
Modu horretan, abertzaleak ez diren beste kazetari eta indar batzuk, komunistak kasu, beraien alde egitea erdietsi dutela nabarmendu du Bortairuk. Frantziako Alderdi Komunistaren jarrera zehaztu digu Abeberrik:
«Parlamentuan GAL aferako frantziar inplikazioak ikertzeko eskaera egina du. Indar minoritarioa izan arren, bere gestioa beti ere interesgarria eta lagungarria izan daiteke guretzat. `L'humanité' bere egunkarian ere publiko egin du eskaera hori».
Abeberriren iritziz, beraien aurkako prozeduraren haritik tiraka hasiko dira GAL aferan frantziar agintariek dituzten inplikazioez zerbait gehiago jakiteko.
Ezkerra edo eskuin, berdin
ABEBERRI eta Bortairu bat datoz GAL afera Estatu logika dela baieztatzerakoan, Euskal Herriaren inguruko Estatu arazoa. Ondorioz, bai Espainian eta bai Frantzian, eskuina ala ezkerra boterean egonda, logika beraren arabera jokatzen dutela azpimarratu digute.
«Logika horrek uko egiten dio erabat euskal subiranotasunari. Borondate politiko komunak izateaz gainera, kidetasun pertsonalak ere badira ezker eta eskuin frantsesaren artean. GAL aferan ez dut uste deus alda daitekeenik ezkerra edo eskuina boterean egonagatik»
azaldu du Jakes Abeberrik. Bortairuk ere ildo berari heldu dio.
«Euskal Herriak bizirik iraun eta ez irautearen artean, Madrilek eta Parisek berdin jokatzen dute ezkerretik zein eskuinetik».
Oraindik, baina, Espainian bezala, Frantzian GAL ez dela Estatu arazo bilakatu nabarmendu digu Herriaren Alde-ko kideak.
«Oraindik ez dauka Hegoaldean duen pisua. Ipar Euskal Herria ttipiagoa denez, orain arte lortu dute isiltasun legea mantentzea. Orain, berriz, gauzak aldatzen ari dira. Batetik, gure auzia dela medio, eta bestetik, komunistak hasiak direlako mugitzen».
Baina apurka ari omen da Estatu afera bilakatzen, eta justizia ere GAL aferan nahasturik dagoela baieztatzen du Bortairuk.
«Informazioek frantses polizia batzuk inplikatzeaz gain, justiziako arduradun batzuk ere nahasten dituzte, Naom prokuradorea kasu. Poliziek eta epaileek elkartasun izugarria erakutsi diete elkarri».
Eta frantziar politikariak, espainiarren modura, beren burua babesteko polizia eta epaileena babesten ari dira Abeberriren esanetan.
«Joko politiko honetan, Frantziako Estatuaren aparatua dago inplikatua. Eta oso garesti aterako zaio Estatuaren aurka jotzera ausartzen denari».
Elkartasunik ez prentsaren aldetik
IZAN berri duten auziaren inguruan eta GAL aferarekiko erakutsi duten jarrerari dagokionez, ez omen dute elkartasun adierazpen handiegirik jaso prentsaren aldetik.
«Gure aurkako lehen auzi honetan hori ikusi ahal izan dugu. Herriaren Aldek kaleraturiko afitxak, eta `Enbata'k zein `Ekaitza'k argitaraturiko iritziak, Lopez Carrillok `El Mundo'rako egindako adierazpenen errepikapena baino ez dira izan. `El Mundo'tik ateratako informazio eta datuok frantziar prentsa eta komunikabide guztiek argitaratu dituzte: `Le Monde', `Liberation', `Sud Quest' eta `La Semaine'k hemen Iparraldean; AFP agentzia barne»,
azaldu digu Abeberrik. Euskal agerkariak baino ez «hautatzea» esanguratsua dela dio. Eta pasadizo bat kontatu digu gehiago argitu nahian.
«Auziaren egunean, aukera izan nuen auzibideratzearen txostenak ikustatzeko, eta `Sud Quest' egunkariko kazetari batek auzitegiko presidenteari igorritako gutun batean bere burua xuritu eta barkatzeko erregutzen zion».
Izan ere, kazetari honek Cathalak GALen diruak jasoak zituela idatzi zuen bere egunkariaren lehen orrialdean, eta Cathalak harturiko jarreraren aurrean atzera egin du.
«Kokildu egin dira, eta horrela lortu dute Polizia eta justizia beraren hatzamarretatik libre geratzea. Halakoxea da prentsaren elkartasuna»,
gehitu du Miarritzeko auzapezordeak. Hala ere, ebazpenaren ondotik, zenbait kazetariren aldetik nolabaiteko sostengua jasotzea posible ikusten du.
«Orain prozedura nola gauzatu den jakin nahi dute, ez baitute sinisten gauzak nik esan bezain sinpleak izan daitezkeenik. Gurekiko jarrera jakin bat azaldu aurretik, informazio guztiak alderatu eta baieztatu nahi dituzte. `Le Monde' eta `Le Canard Enchaine' dira eginkari horietako batzuk, eta hauek auzibideratze honi buruzko informazioak biltzen ari dira, gero jarrera bat hartzeko».
Abeberrik azaldutakoaren arabera, komunikabideok beraien kontra emandako epaia adierazpen eta prentsa askatasunaren aurkakoa dela ohartzea nahi dute, eta horren arabera, sala dezatela.
«Eta noski, GAL afera argitzen inplikatu daitezela».
Jakes Bortairuk zerbait gehiago gehitu du komunikabideen jokaerarekiko:
«Gure aurkako zigorrak eragin zuzena izan du eta izanen du prentsa guztiarentzat. Orain, prentsak gai hau aztertu aitzin bi aldiz pentsatuko du. Horixe da zigor honen helburuetako bat». «L'Humanite»ren adibidea ipini digu:
«Lopez Carrillorekin elkarrizketa bat prest zuen, baina duda-mudan ibili dira aste batez, abokatuarekin negoziatzen... Izugarrizko beldurra zuten. Azkenean atera dute, baina polizia hauen izenak ez dituzte agertu. Denek dakite zein diren poliziok, xehetasunak ematen baituzte, baina X, Y eta Z hizkiordez agertu dira».
Libera sinbolikorik ez oraingoan
IZAN ere, diru-zigorra gogorra baita oso. Biek aipatutakoaren arabera, difamazio kasuetan bada pertsona baten ohorea garbitzeko ordaintzeko modu bat, eta da libera sinboliko bat ordaintzea. Edo bestela, gehien jota, azken urteotan 10.000 liberako isuna ezartzen da. Oso gutxitan 50.000 liberakoa, hori baita gogorrena beraiena bezalako auzietan. Ostera, Abeberri eta Bortairurenak, batik bat azken honenak, sobera gainditzen dituzte kopuru horiek. Ordaindu beharrean izanez gero, honela banatuko litzateke diru hori Abeberriren kasuan: zigorra liberetan; poliziei ordaintzeko 150.000 libera; abokatuen gastuetarako, 15.000 libera polizia bakoitzeko; Frantziako Estatuarentzat 3.000 libera; eta beraien kontrako zigor hori bost egunkaritan argitaratzeko dirua ukanen dute hiru poliziek, 25.000 libera guztira. Orotara, 200.000 libera. Bortairurena are handiagoa da (600.000).
Bortairuk badu zer esatekorik diru-zigorrari dagokionean.
«Auzitegiak ezarritako isuna fiskalak berak eskatu ez zuen isuna da. Bi alde ginen: iraindutakoak eta gu. Diru-zigorrak eskatu zituzten, eta baita abokatuen gastuak estaltzeko sosak ere. Horrezaz gain, auzitegiak beste zigor eta isun bat erantsi du. Horretan ikusten da benetan gogor kondenatzeko nahia bazela auzitegien aldetik».
Baina ez da Abeberri eta Bortairurena auzi honen inguruan izango den epaiketa bakarra. Maiatzean Parisen bi auzi izanen dira. Bata «El Mundo»ren kontra eta AFP agentziaren kontra bestea. Bortairuk ondoko interpretazioa egiten du:
«Errazago zuten gure kontra joatea, medio txikiak ditugulako defenditzeko. Behin gurea pasata, errazago medio handien kontra jotzea. Jada, afera berari buruz erabakia hartua izanen baita. Gure zigorrekin beste guztiak kokildu nahi izan dituzte».
MIKEL ASURMENDI / MIKEL JAUREGI
8-11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakParapolizialakGAL
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHA
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEB
PertsonaiazABEBERRI1
PertsonaiazBORTAIRU1
EgileezASURMENDI1Politika
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
2025-02-13 | Axier Lopez
Balea eta izurde sarraskiaren aurkako boikota

Faroe uharteetan, Ipar Atlantikoko artxipelago bat, Danimarkaren kontrolpean, urtero ehunka zetazeo hiltzen dituzte –normalean milatik gora–. Batzuek "tradizioa" deitzen diote, hainbat mendetako antzinatasuna duelako. Baina odolez gorritutako hondartzan... [+]


2025-02-13 | Gedar
Errusiako gasa Europara itzuli da, TurkStream bidetik

Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari".


GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea
“Nola da posible irakasleak EHUn jarraitzea? Urteak daramatza erasoak egiten, eta jakina zen”

Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen... [+]


Aski Da mugimendua Irungo Udalarekin bildu da: hizkuntza politika berri baten lehen urratsak?

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


Teknologia
Bilakaera kontzientea

Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.

Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]


Eguneraketa berriak daude