argia.eus
INPRIMATU
«Berlingo harresia bota ondoren, Ipar eta Hegoaren artekoa eraiki dugu»
Pello Argiñarena 2021eko uztailaren 19a
Rodolfo Izal Chiapasen izandako apaizari elkarrizketa
«Berlingo harresia bota ondoren, Ipar eta Hegoaren artekoa eraiki dugu»
RODOLFO IZAL
Mexikoko Gobernuak 1995eko ekainean Chiapasetik kanporatu zuenean, Euskal Herrira bueltatu zen apaiz atarrabiarra. Ordutik, han-hemenka dabil hango egoeraren berri ematen, dagoeneko ederki barneraturik duen hango hizkera goxo eta lasaia medio.
Azken urteotan etengabeko joan-etorrian ibili zara Ertamerikan zehar.
23 urte nituela, Madrilen pobreziaren soziologia eta ekonomiari buruzko ikasketak amaitu ondoren nolabaiteko erakarpena sentitu nuen Ertamerikarekiko. Une horretan bertara abiatzea erabaki nuen, han bizi zen pil-pileko egoera politikoak ere bultzatuta. Hamahiru urteotan Honduras, El Salvador, Nikaragua, Guatemala, Mexiko eta beste hainbat toki ezagutzeko parada izan dut, giza talde behartsuenekin harreman zuzena edukiz.
Azkenaldian, baina, Chiapasen erabat murgilduta egon zara.
1990. urtean azaldu nintzen hara aurreneko aldiz, bertan teologia ikasketak amaituz. 1993. urtean apaiz egin nintzen, eta Savanilla herrian aritu naiz lanean. Azkenik, 1995eko ekainean gobernuak kanporatu egin ninduen.
Emaizkiguzu Chiapasi buruzko ezaugarri orokorrak, zuzen koka gaitezen.
Chiapas Mexikoko 32 estatuetako bat da, hegoaldeko puntan dago, Guatemalako mugan. Zazpi aldiz Nafarroaren zabalera du. Biztanleriaren erdia alfabetatu gabe dago, industrializaziorik ez dago, baina sekulako aberastasuna dute petrolioa, gasa eta hidroelektrika produzioari dagokienez. Ondasun hauek handi-mandi batzuen eskuetan egonik, kanpora doaz bere osotasunean.
Biztanleen hirutik batek soilik du ura eta argindarra, batik bat hiri inguruetan. Indioek etxerik ere ez dute; 20-30 metroko txabolatan bizi dira. Osasun Zerbitzua bakarrik biztanleen erdiengana iristen da. Dieta nagusia artoak, kafeak eta indabak osatzen dute, horren ondorioz gehienak elikadura eskasiak jota aurkitzen direla. Urtez urte 15.000 haur hilltzen dira, goseak.
Beraz, desoreka nabarmena dago aberastasunaren banaketa burutzerakoan.
Hortxe dago arazoaren gakoa. Sistema neoliberalak aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago bihurtzen ditu. Kapitalismoaren adierazlerik basatiena da. Gehiengoa garapenetik baztertu egiten da. Diferentziak areagotuz doaz egunetik egunera. Era berean, egoera horri eutsi eta justifikatzen saiatzen dira. Egun, munduko % 60k ez ditu oinarrizko beharrak beterik. Desorekaren arrazoia honetan datza: aberastasunaren % 80 biztanleen % 20ren eskuetan dago. Arazoaren irtenbidea ez da % 0,7ko laguntza, baizik eta lapurtzen zaizkien baliabide propioen berreskurapena. Egoera honi aurre egiteko utopia inoiz baino beharrezkoagoa dugu, boteretik utopiaren amaieraz etengabe ari bazaizkigu ere.
Hazkunde ekonomikoaren ukapenak kultur garapenaren ezabaketa dakar sarritan.
Kultur garapenaren ardatzak, informazioa, hezkuntza, formazioa... gutxiengo batek bere interesen arabera inposatzen ditu. Kultura boterearen zerbitzura dago. Errealitatea kultur ikuspuntu honetatik neurtzen da.
Honela, hazkunde ekonomikoaren ukapena eta kultur garapenaren suntsipena batera ematen diren prozesuak izaten dira.
Mexikoren egoera politikoak bere eragina izanen du egoera honetan.
Dudarik gabe. Mexiko subiranotasuna galtzen ari da egunetik egunera. Estatu Batuen morroi bat besterik ez da. Horretaz gain, alderdiaren fenomenoa dago: 70 urte daramatza boterean PRIk, Mexiko osoa bere eskuetan bahituta duela. Nahiz eta hauteskundeak egin aldiro, PRI alderdia betiko bezala ezarrita dago agintean. Dagoeneko ez da «zer» eztabaidatzen, «nola» baizik. Ustelkeriak hartuta dago Mexikoko politikagintza osoa.
Chiapaseko egoera giro politiko eta ekonomiko nahasi honen ondorioa al da?
1993ko maiatzean izan ziren aurreneko gorabehera aipagarriak. Une horretan Mexiko zazpi handienen artean sartzeko saiaketatan zebilen.
Antza denez, PRIk gisa honetako hordagoa bota zuen: pobreziarekin ezin bada bukatu, behintzat amai dezagun pobreekin. Abuztuan, Chiapaseko Samuel Ruiz gotzainak, indioen egoera tamalgarriari aurre egiteko berrikuntza sozial, politiko eta ekonomikoen beharra aipatu zuen, makina bat atxikimendu jaso zuen pastoral baten bitartez. 1994ko urtarrilaren lehenengoan, EZLNk zazpi udalerri hartu zituen, gerra deklarazioa eginez Estatu mexikarrari.
Bi asteko enfrentamendu gogorren ostean, su-etena sinatu zen, elkarrizketari lekua utziz. Baina elkarrizketa prozesuak ez zuen emaitza onik ekarri, PRI barruko desadostasunak eta hauteskunde prozesua zirela medio.
Eta zertan zebilen bitartean EZLN?
EZLN bere oinarriak sendotu eta elkarrizketa ekarri zuen 1995eko hasierako altxamenduaren prestakuntzan buru-belarri ari zen. Berriro ere hainbat gorabehera izan ondoren negoziazio mahaia osatu zen. Errepresio mailak ere gora egin zuen nabarmen garai honetan. Une horretantxe, 1995eko ekainean, kanporatu ninduten.
Azkenik, sei negoziazio mahai osatu dira. Aurrenekoak, autonomia politikoari dagokionak, itxi du bere akordioa. Honen ondorioz, alkate eta agintari propioak izanen dituzte Chiapasen, herritarrek hautaturik. Bigarrena dagoeneko martxan da, honek legeria hartu du gaitzat. Egun egoera barealdian dagoela esan daiteke; nolanahi ere, egoera oso aldakorra da.
Zeintzuk dira eskaerarik premiazkoenak egun?
Altxamendua eragin zuten arrazoiek bere horretan diraute: aterbea, lurra, lana, ogia, osasuna, hezkuntza, independentzia, demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea. Bestalde, errepresioaren amaiera, presoen kaleratzea, kanporatuen itzulera, giza eskubideen errespetua, hitz batean: gatazka duintasunez konpontzea.
EZLN taldeak ere zenbait aldaketa ezagutu ditu garai berriekin batera.
Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak, negoziaketa eszenatokia ikusirik, indar politikoa bihurtzea erabaki du, baina ez alderdi arrunt baten moduan. Bide politikoetatik zuzentzen du bere borroka, sistemaren aurka eta sistematik kanpo. Egoera politiko berrian lanean aritzeko egokitzapena besterik ez da. Bestalde, aipatu beharra dago EZLNren hedapena ez dela Chiapasera mugatzen soilik, Mexiko osora zabalduta baitago.
Duela zenbait urte PRD ezkerreko alderdiak, Cardenas buru zuela, zeresan handia eman zuen.
Cardenas PRI alderdiko kidea izan da duela gutxi arte. PRI alderdian ezer gutxi egitekorik zuela ikustean, alderdia utzi eta PRD sortu zuen. Batik bat koadroez osaturiko alderdia da, sistemaren barruan eroso dagoena, nahiz eta aipatu beharra dagoen bertako oinarrien joera zapatistazalea eta Cardenas beraren ibilbide politiko garbia.
Zeintzuk dira egungo kultura indioan aurki ditzakegun ezaugarri aipagarrienak.
Alde batetik, balore propioen defentsa sutsua, progresoaren materialismoari aurre eginik. Beste alde batetik, kalitatearen aldeko apustua dago maila guztietan; justizia sozialaren aldeko eta pertsonen esplotazioaren kontrako borroka eta, azkenik, baliabideen banaketaren inguruko proposamena. Hitz batez, desoreka eta desberdintasunen aurkako etengabeko lana.
Chiapasekiko elkartasuna eskatzen zaigunean ez al dugu joera paternalista batez erantzuten?
Zurekin bat nator. Ez dute laguntzarik behar, elkartasuna baizik, gizarte honen aldaketaren aldeko ekimenean. Zapatismoa indioen aukera da, beraien atzetik goaz bat eginik, edo utz ditzagun aurrera egiten. Sarritan, beraien borrokan murgiltzen saiatzen gara, hemen lor ez ditzakegun helburuak han erdiesteko, harrotasun iaraultzaile batek harrapatuta bezala. Nikaraguako kasua gertuegi dago oraindik, Chiapasekin antzeko zerbait gerta daiteke.
Hemengo ereduek bertan ez dute baliorik. Azken batean, gu geu garbitzeko balio duen bertako ur garden hori zikindurik geratzen da erabiltzen dugunean. Beraz, ez dut «zapatourraren» beharra ikusten elkartasun adierazle gisa. Gauden tokian egin behar dugu lana, arazoa han eta hemen berbera baita.
Azkenaldian han-hemenka sortu diren Gobernuz Kanpoko Erakundeen inguruan karitatearen adiera berria besterik ez direla baieztatu izan da. Zer deritzozu horri?
Dudarik gabe, gisa honetako zenbait talde karitate katolikoaren bertsio berria besterik ez dira. Gizartearen balore aldaketak laguntzak bideratzeko moduak ere aldatu ditu. Gainera, Gobernuz Kanpoko Erakunde guztiak ez dira berdinak: Amnesty International, Greenpeace, Sodepaz eta beste hainbat ez dira bitartekari hutsak izatera mugatzen, ikerketa, proiektu eta salaketa ugari burutzen dituzte.
Etengabe, Chiapas mundu osoan zehar bizi dugun desorekaren adierazlea besterik ez dela aipatu duzu.
Gertakizun hori begibistakoa da. Arazoa ez da Chiapasekoa soilik. Berlingo harresia bota ondoren beste bat eraiki dugu, Iparra eta Hegoa banatzen dituena. Pobreak eta aberatsak. Harresi hau handiagoa, sendoagoa eta basatiagoa da. Gatazka ez da eskualde zehatz batekoa, mundu osokoa baizik. Sistema krudel honen mundutartzearen aurrean sistema berri baten eta esperantzaren aldarrikapena egin behar dugu. Hortxe dago pobreak eta aberatsak banatzen dituen marra.
Chiapasen edo Euskal Herrian zaudela, atzean utzitako errealitatearen oroitzapena sentituko duzu.
Toki jakin bati dagokion errealitatea gurekin eramateko izaten dugun joera horren onuragarritasuna kolokan jarri nahi dut. Era berean, hangoa eta hemengoa sentitzen naiz. Familiari dagokionez, egun seinalatuetan bakarrik eta telefonoaren bitartez asetzen nuen nire beharra. Orain hemen nagoela, Chiapaseko lagunak ezezik bertako giro komunitarioa, errespetua, pazientzia, lasaitasuna, isiltasuna datozkit burura. Heltzerakoan, erabat harritu ninduen jendeak hitz egiteko darabilen doinu altuegiak. Hasieran, oihuka ari zirela iruditzen zitzaidan.
Chiapasera itzultzeko asmorik ba al duzu?
Ahal den guztia egiten ari gara, nahiz eta jakin ezinezko helburua dela. 1995eko ekainean neu eta beste lagunak kanporatuak izan ginenean, Chiapaseko gotzaina den Samuel Ruiz, Mexikoko Barne ministroarekin elkarrizketan aritu zen. Dirudienez, afera hau negoziaezina da, goitik datozen aginduak baitira; beraz, ez da txantxetako kontua. Dena den, elizbarrutiak auzitegietara jo du eta laster argituko da gure egoera. Gainera, Mexikoko Espainiako enbaxadak gure alde deklaratzea lortu dugu. Seguruenik, hala ere, ezinen dugu berriro bertaratu.
PELLO ARGIÑARENA
28-33

GaiezPolitikaNazioarteaEstatuak/NaMEXIKO
GaiezPolitikaNazioarteaGerra/IraulChiapas
PertsonaiazIZAL1
EgileezARGIÑARENA1Politika