argia.eus
INPRIMATU
«Telebista bi ahoko labana da, lana ematen dizu, baina erre ere bai»
Arantxa Erasun 2021eko uztailaren 27a
Elena Irureta aktoreari elkarrizketa
«Telebista bi ahoko labana da, lana ematen dizu, baina erre ere bai»
ELENA IRURETA
Madrilen eta Torremolinosen grabaketa lanak egiten jardun ondoren, «Hola, estás sola?» filmean ikus dezakegu egunotan aktore zumaiarra. Euskal Telebistan saio anitzetan antzeztu eta zuzendu ditu lanak, eta antzerkian ibilbide luzea egin du Antzertiko ikastaroak amaitu zituzten lehenengo ikasle taldekoa izandakoak. Telebista, antzerkia eta zinema izan ditugu, beraz, hizpide, umore onez bustitako elkarrizketan.
«Hola, estás sola?» filmearekin pantailaratuta ikusi zaitugu egunotan. Ohikoan inguratzen zaituzten euskal aktoreen ondoan ez zara izan. Egiguzu esperientzia berri horren gaineko kamera mugimendu azkarra.
Telmo Esnal zarauztarra produkzio lanetan zebilen filmean; berarekin lan egin izan dugu «Hau da hau», «Bi eta bat»... bezalakoetan. Iciar Bollain nire adineko norbaiten bila zebilen buru-belarri eta ez zuen aurkitzen. Hamar egun falta ziren eta Telmo nitaz gogoratu zen. Ni orduan «Ajuria Enea» grabatzen ari nintzen. Telmok deitu zidan egunean libre nintzen eta, presazko gauza zenez, froga bat egitera joan nintzen. Asko eskertu nion nitaz gogoratzea. Oso urduri jarri nintzen, ez bainekien zertaz zen ere.
Eszena bat egin eta momentuan esan zidan lana nirea zela. Handik bi egunera hasteko esan zidan, baina ezin nuen, abuztura arte ez zitzaidan bukatzen-eta Igeldorekin kontratua. Dena den, lana moldatu zidaten eta bi eguneko lana egun bakar batera pasatu. Eta orduan gauean hamaiketako trena hartu, han lana egin eta ondoren gauean atzera itzuli... Horrela moldatu nintzen.
Zenbat denboran aritu zinen horrela?
Saioko egunak hamar edo hamabi egin nituen. Baina banan-banan, saltoka ibiliz. Erdia Madrilen grabatu zuten, eta beste erdia Torremolinosen. Hala-nola egin nuen filmea, baina ez nekien zer egin nuen ere, ez zidan denborarik eman.
Estreinura ere, Valladoliden, prentsakoekin joan nintzen. Izkina batetik begira egon nintzen, ez zen inor konturatu. Txaloak entzun nituenean, pentsatu nuen: «Listo! Salbu gara!» Eta promozio lana ondorengoa izan da.
Beste aktoreekin izandako esperientzia nolakoa izan da?
Alex asko ezagutzen nuen; Silke eta Candela oso atseginak dira, gazte jende oso majoak. Oso irekiak. Iciar ere oso neska atsegina da. Oso ondo molkatu gara elkarrekin lanean. Beraiek nirekin oso ondo portatu dira, batez ere kontuan izanda zein baldintzatan lan egin dudan.
Ez da Madrilen egin duzun lehen lana, baina zein iritzi sumatu duzu euskal aktoreez?
Beti esaten diot jendeari ea gutaz gogoratzen diren. Muga bat egina dugula bizi gara, hemendik kanpo ez dugu inork ezer egiten eta nik uste dut hemen izugarrizko harrobia dugula. Oso aktore onak daude hemen, eta ez naiz nitaz hitz egiten ari. Ezagutzen dut jende pila bat oso ona dena. Alex Angulori orain eman diote «El día de la bestia»n paper bat, baina hogei urte daramatza profesioan eta beti izan da ona. Lehenengo filmea egin eta Goyarako izendatuta. Ramon Barea ere, ur handiko arraina, eta abar luze bat. Jende asko dago eta kanpoan ez dute ezagutzen, ez gaituzte ezagutzen.
Eta hemengo zuzendariekin?
Alderantziz gertatzen da. Filmeetarako dirulaguntza jaso dutenean, kanpoko aktoreak ekartzen dituzte. Eta gainera zein aktore ekartzen dituzte! Ez goi mailakoak, agian Madrilen lana egiten ez dutenak. Zergatia galdetzen duzu eta erantzuna: «Tienen más cartel». Oso erdi mailako kartela, ordea. Izena omen daukate, baina jendeari laguntzen ez badiote ez du `izenik' izango ezer egiteko. Horregatik eskertzen dut hainbeste Iciarrek, Madrilen hainbeste jenderekin lana egiteko aukera izanda, jende berria hautatzea, maiatzean erabat ezezagunak baikinen bai Candela bai Silke bai ni. Ea besteek ere horrelako zerbait egiten duten.
Zinemara `salto' egiten omen da. Ba al dago benetako jauzirik?
Zinema inoiz ez da niretzat lanbidea izan, eta ez dut espero horretaz bizitzea. Nire lana beti izan da nik aurrera eraman dudana, antzerkia edo telebista. Ia beti, gainera, guk idatzitako gauzak izaten dira. Egitasmoak guk prestatu... eta laguntzen badigute, aurrera! Baina erdibidean proiektu asko gelditzen dira. Aitzpea Goenagak eta biok ia egunero egiten dugu lan. Gidoiak idatzi, antzerki obrak... Ezin zara telefonoaren zain egon. Eta zinemaren kasuan, ni ez naiz egongo itxaroten, bestela ez nintzateke bizi ere egingo! Madrilen ere oso jende gutxi da zinemaz bizi daitekeena. Gutxi dira, eta beti berak.
Eta glamourra, barrutik, ba al du?
Kanpotik baino askoz ere gehiago. Nire kasuan ez, baino zure ingurukoei beste ilusio bat egiten die. Gure lanari izugarrizko garrantzia ematen zaio, eta barrutik gehiago gainera. Deitu egin behar dizutela, zain egon behar duzula, gauza batzuk ezin dituzula egin, batzuk bai, batzuk besteak baino garrantzitsuagoak direla...
Ez dut uste gure lan hau hain inportantea denik, ez zaio glamour hori eman behar, ez dauka.
Baina izar sistemak ez du gero eta gehiago funtzionatzen?
Nik ez ditut maila horiek ikusten lanbide honetan. Niri hain garrantzitsua iruditzen zait Txirri, Mirri eta Txiribitonekin nire lana ongi egitea; «Hola, estás sola?» bezainbat. Txirri, Mirri eta Txiribitonekin hamabi urteren ondoren jarraitzen dugu; eta oso gustura Aitzpea eta biok. Baina guretzat lan hori beste edozein bezain serioa da; gainera, hain urduri jartzen naiz haurrentzat zerbait antzeztera atera behar dudanean! Agian filmaketa batean baino gehiago, ezin baita errepikatu.
Ez al da urduritasuna galtzen urteen poderioz?
Nire kasuan, gero eta gehiago irabazi. Duela urtebete Aitzpeak, Anek eta hirurok egin genuen «Potti, Kiki eta Kiriki» muntaia haur oso txikientzat, eta lehenengo saioa izugarria izan zen niretzat... Lorik egin gabe bezperan! Zein urduri atera ginen hirurak! Erantzukizuna lan guztietan bizitzen dut nik beti.
Lan komikoen bitartez ezagutu zaitugu batez ere. Baina zu ez zara komikoa bakarrik.
Errazagoa da, telebistan esaterako, komedia batekin lan egitea. Audientziak beti umorezko saioen aurrean erantzuten omen du eta enkarguak irizpide batekin egiten dizkigute. Azken batean, gu beste tresna bat besterik ez gara.
Egia esan, nik asko atsegin dut komedia, baina gustatuko litzaidake beste zerbait egitea. «Hola, estás sola?» filmean, esaterako, asko eskertu dut nire papera nahiko serioa izatea, kontuan izanda filmea bera nahiko ironikoa dela.
«La ardilla roja»rekin zera gertatu zen behin: Marokora joan ginen filmea aurkeztera, eta ikusten ari ginela pantailan ni azaldu nintzen unean jendea barrez hasi zen. Izugarrizko nahigabea hartu nuen, han ezezaguna bainaiz... Pentsatu nuen Euskal Herriko Florinda Chico bihurtu nintzela! «Hemen amaitu da nire karrera», bururatu zitzaidan.
Umore klabe horri helduz, «Ama begira zazu»rekin zuek hasi zenuten geroago nagusitu egin den eredu bat.
Herri txiki-txikiei zuzendutako antzerki mota egin nahi genuen. Gero jendeak arrakasta ikusita, umore herrikoiaren bidetik jo zuen bidea hasita zegoelako eta horrela saldu eta lan egin zitekeelako. Ordura arte aurrekontu handiko gauzak egiten genituen, eta gero ezin genien buelta eman.
Eta antzerkiak nondik jo behar du etorkizunean?
Nik ez dut uste antzerkia krisian dagoenik. Jendeak atsegin duenean joaten da, aztertu behar dena da guk zer ematen diegun. Ez dugu asmatzen askotan eta gero kexu gara jendea joaten ez delako. Guregandik hasi beharko genuke, ematen ari garena jendearen gustokoa ote den aztertzen.
Orain antzerki taldeek halabeharrez azpiegitura urriagoz lan egin behar dute, baina ez dakigu nondik nora joango den antzerkia. Zerbait asmatu behar dugu.
Administrazioa ia bezero bakar izateak zer dakarkio hemengo antzerkigintzari?
Ez nuke nahi horrela izatea, administrazioak erabakitzea zure lanak zein izan behar duen. Hain garestia da dena, ezen udaletako aurrekontuen bitartez, adibidez, erabakitzen duten zer egingo den. Onena litzateke bakoitzak bere kasa egitea administrazioa kontuan izan gabe, eta horrekin bizi ahal izatea. Nik ahaleginak egingo ditut. Guri ukatu izan dizkigute dirulaguntzak komertzialegiak omen garela esanda. Baina komertzialak ez direnak ere ez badute inor eramaten?
Joxerra Gartziak kultur politikaren eza aipatzen zuen ARGIAn. Antzerki politikarik ba al dago?
Ez, ezta pentsatu ere! Ez dakite nola banatu diru hori. Urtero irizpideak aldatzen dituzte. Horrela ezin da ezertxo ere egin. Gainera, laguntzak oso gutxi dira. Antzokirik ere ez dago eta! Frontoi batean antzerki bat ikusten jendeak oso gaizki pasatzen du, horrela ezin daiteke. Hala ere, ni optimista naiz. Gauza asko daukagu oraindik egiteko.
Beste produktorekin jardunda ere, euskaraz aritzen zaretenak ETBn duzue lan iturri bakarra telebistan. Zer eragin du horrek euskal aktoreengan?
Telebista bi ahoko labana da. Lana ematen dizu, baina erre ere bai. Telesail bat egiten baduzu, hamalau alditan ipintzen dute, «Bi eta bat» hamalau alditan ipini baitute. Behin eta berriz, hamalau arte! Jende guztia nazkatzen duzu! Ez dut uste hori gure prezioa merkatzeko egingo dutenik, bakoitzak bere prezioa jartzen du. Nire kasuan, jarri izan dituzte ni azaltzen naizen hiru programa ezberdin egun berean. Hori egin duenak ezin du horrelako ezinikusia izan nire kontra! Ez nuke hori pentsatu nahi, bestela ez nuke inorekin hitz egingo. Gutxienez hori zaintzea eskatzen diet, baina. Ez gaituzte kontuan hartzen. Izugarrizko amorrua ematen dit. Ohardun izan behar dugu gainerabili egingo gaituztela.
Zer da Aitzpea Goenaga zuretzat?
Lagun minena. Oso ondo lan egiten dugu elkarrekin. Bakoitzak bere ikuspuntua eta lan egiteko era du. Beste batekin egin behar baduzu gauza bat, oso zaila egiten zaizu. Aitzpearekin, aldiz, hain erraza da lan egitea!
Gainera, Aitzpea oso eskuzabala da eta prest dago beti edozer gauza egiteko. Aktore bezala niretzat onenetakoa da. Berarekin asko errazten zait lana.
Lantaldeak zer garrantzi du aktoreen lanean?
Oso handia. Batzuek lan handiagoa ematen baitute. Aktorearen lana eman eta jaso, eman eta jaso da beti. Ez baldin baduzu ezer jasotzen, lana egiteko oso astuna da. Lankide ona zein den hor ikusten da, dena ematen denean. Inguruan horrelako aktore on asko badituzu, gutxi eginda ere zure lana ondo gelditzen da. Aktore batzuei pasarte txiki bat idatzita emanda ere, beraiek asmatzen dute gero! Horrela egina dago dena.
ARANTXA ERASUN
28-33

GaiezKulturainemaAktoreakIRURETA1
GaiezKomunikabidTelebistaETBAktoreak
PertsonaiazIRURETA1
EgileezERASUN2Kultura