ETBko Hizkuntz kontroleko arduradunarekin elkarrizketa
Manu Arrasate: «Askotan, intuizioz egin behar ditugu zuzenketak»
Manu Arrasate Euskal Telebistako hizkuntz kontroleko arduraduna da. Azken urteetan Lakuan Kultura Saileko itzultzaile lanetan aritu bazen ere, telebista ez zaio arrotz. Albistegietako euskara zuzentzaile izana eta berauetarako estilo liburuaren sortzaileetakoa da.
Hizkuntz kontroleko arduradunaren lana, emititu aurretik edo ondoren hasten da?
Lehenago hasten da. Baina telebistan ditugun atal ezberdinak kontuan izan behar ditugu, horien arabera antolatzen baita lana. Albistegietan aurretiaz egiten da ia lan gehiena, kazetariaren testua zuzentzaileak aztertu eta orraztu egiten du. Zuzeneko emanaldietan ezinezkoa da, emanaldia bukatu ondoren egiten dugu horrelakoetan. Kanpo produkzioan bikoiztetxeekin batera egiten dugu lana, prozesu osoa, gidoiaren itzulpenetik azkenean bikoizketa egin ondorengo dramatizaziora arte begiratzen dugu.
Ahozkotasunak zein zailtasun ditu?
Zailtasun handiak ditu, batez ere gauza gutxi dagoelako eginda arlo horretan. Hiztegiak asko landu dira, gramatikan ere asko aurreratu da. Ahoskeran irizpide nagusiak eman dira, baina gero galdera batek, edo egoera batek zein doinu behar duen, edo beste gauza asko eta asko daude oraindik zehaztu gabe. Horregatik askotan intuizioz zuzentzen ibili behar dugu. Baina lan handia egin da, eta orain dela hamar urteko filme bat eta oraingoa hartuz gero, dagoen aldea igartzen delakoan nago.
Euskalkiek ba al dute lekurik?
Euskara batuaren barruan dutena. Hasieran jendeak, erratuta, batua euskalkiez aparteko gauza zela pentsatu zuen. Baina, gero argitu da, batua batzea dela. Euskalki bakoitzak eman dezake bere altxorra alor guztietan.
Askotan, kazetariek euren euskalkiko sintaxi edo esamoldeak baztertzen dituzte, batuak onartzen ez dituelakoan, eta ondorioz beste eredu batzuk hartzen dituzte, gipuzkoarrarenak gehienetan. Kazetariari, ahal izanez gero, aberasteko esaten zaio.
ARRITXU ZELAIA
49
GaiezKomunikabid
PertsonaiazARRASATE2
EgileezELAIA3Komunikabid