«Molde berrietan aritzeko prestatu nahi dugu Abertzaleen Batasuna»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Abertzaletasuna Ipar Euskal Herrian Richard Irazustaren iritziz
«Molde berrietan aritzeko prestatu nahi dugu Abertzaleen Batasuna»
Richard Irazusta, Abertzaleen Batasunako bulego-kidea
Hendaiarra, herri borrokan gaztetik engaiatua, Herri Taldeak-en eman zituen lehen urratsak. EMAren sorreran partehartzaile, gerora bozeramaile, abenduan AB koaliziora pasa zen arte.
EMAk hamar urte bete berri ditu. Azalduko al dizkiguzu laburrean, ordutik gaur egunera mugimendu honen ibilerak?
EMA Iparraldeko jende anitzentzat esperantza handia izan zen. Aro berri bat zabaltzen zela uste zen, baina ez zen guztiz hala izan. Ezkerreko mugimendu abertzale bat eratzeko egiazko grina zegoen Iparraldean. Artean, Hego eta Iparralde artean arazo franko zegoen; oraindik trenkatu gabeak.
EMA sortzean Euskal Batasuna sortu zuten; ia garai berean. EMAren indarra ahuldu zen une batez. EB, gehienbat, Hegoaldetik eta ETAren ingurutik sortu zen. Hamar urteren ondotik frogatu denez, hegotik iparrera begira egin zituzten analisiak okerrak izan ziren.
EMAk, biziki erroturik Iparraldeko gizartean, aitzina eraman zituen bere asmoak: herri borrokari atxikia, erakunde publikoetara ere gauzatu nahi izan zuen bere lana. Hauteskundeetan indar bat izatea zen bere erronka, eta hori neurri handi batean lortu egin du.
Berriki, zuk zeuk, EMAko bozeramaile izateari utzi diozu, eta Abertzaleen Batasunan sartu zara. Zein da aldaketa honen zioa?
EMAk hamar urteotako eztabaida burutu berri du. EMA eta Ezker Abertzalearen indarrak hauteskundeei begira nola dauden aztertu ditu. Badago egoera berri bat: orain hamar urte ez bezala, Ezker Abertzalean _HB, EB, HA eta EMA barruan direlarik_ ezinezko zen eztabaida bat aitzina eraman daiteke egun.
Egun, hamar urte hauen ondotik, talde hauek guztiek AB onartzen dugu hauteskundeetarako tresna bakar gisara. Aldaketa bat eman da, beraz. Eta herriaren aurrean halaxe azaltzea pentsatu izan dugu EMAtik. Beti batasunaz mintzatzen da abertzaleen artean, eta orain batasun molde hori definitzeko tenorea heldu zaigula uste dugu.
ABren egitura sendotu eta finkatu aldera, EMAko bulegoan geunden lau militante ABra pasa gara. Isteque, Apeztegi, Cherquesfoss eta laurok. ABn gauden aldetik, batasun hori argi zehaztu nahi dugu.
EMAk uste du ABren dinamikari bultzada indartsu berri bat eman behar zaiola, eta horretarako, EMAko militanteak izaten jarraitzen badugu ere, iritzi publikoaren aurrean gure iritziak ABren izenean soilik eman behar ditugu. EMAk bere militanteak eta asmoak ongi bereizi beharra dauzka. Ene kasuan, esaterako, EMAko bozeramaile izaki, batasuna mantendu beharrez, behin baino gehiagotan ene ikusmoldeak isildu eta gorde behar izan ditut ABn.
Hauteskundeetarako nahikari eta ardura sobera ukaitea leporatu zaio EMAri zenbait sektoretatik, ez al da hala?
Herri borroka eta instituzioetan lana egitea zen gure asmoa, hasieratik. Erradikal izateari utzi gabe, hauteskunde eremua landu dugu, alor hau beste aukera politikoentzat utzi gabe. Pentsatzen baikenuen gu baino abertzale moderatuagoek gure lana eta esparrua balia zitzaketela gure bizkarretik.
Talde ezkertiarra izaki, oreka bat lortzea zen gure nahia, eta lortu dugulakoan gaude. Hauteskundeetarako abertzale soil gisara joaten inor ausartzen ez zen garaian presentatu ginen, eta egun, gure ezker eta eskuinera dauden talde guztiek onartzen dute hauteskundeetara joan beharra.
Zeintzuk dira, bada, batasun garai berri honetan, Abertzaleen Batasunaren jomugak?
ABk bide bat burutu du orain arte, eta aitzinantzean, molde eta eskema berrietan aritzeko prestatu nahi dugu. Politikan aritzeko eskema berriak asmatzen eta sortzen ari gara Iparraldean. Duela hamar urteko egoera eta oraingoa ez dira berberak. Hasierako hauteskunde giro hotza, lanjeros eta beldurgarri hartatik, giro normalizatuago batera pasa gara. Egun, herritarrek hautagai abertzaleak normal hartzen gaituzte; gure ideiekin bat ez datozenek naturalki begiratzen digute bederen.
Gu RPRren aurka ari gara bereziki. Barnealdean, sozialistak atzean utzi ditugu. Abertzaleak indar klasikoen oposizio bakarra bilakatu gara. Eskema berriak asmatu eta urrats berriak eman beharko ditugu hemendik goiti. Mezu bat zabaldu egin izan dugu orain arte, eta gure mezuak corpus bat hartu beharko luke orain.
AB ez da Ezker Abertzalearen egitura soil bat izan, eta ez da izanen. Ezker Abertzaletik haratago doan hauteskundeetarako formula da. Orain arte, ez EA ez EAJ ez ekologistak ez badira sartu izan, ez da guregatik izan, haiengatik baino.
Batasunaz ari garela, nola ikusten duzu Euskal Herrian bizi den egungo gatazka?
Euskal Herriko arazoa, herri bezala bere izatea onartua izatearena, bi estatuen erantzukizuna izatetik Europa osoarena izatera pasatzen ari da. Hartara, Hegoalde eta Iparraldeko egoerari aterabide bateratu bat eman beharko zaio. Iparraldeak ez du bere aldetik irtenbidea aurkituko.
IK fenomenoa hor dago. Lehen baino ekintza gutxiago egiten badu ere, estrategia baten ondorioa dela uste dut; ekintzaileak ukan baditu eta. IKren borroka Iparralderako tresna bat da, Estatu frantziarraren aurka beharrezkoa askatasunaren bidean; geroan hain ziur ere erabilia izanen dena.
Euskal Herriko arazoari irtenbide negoziatu bat eman beharko zaio, eta preso diren borrokalarien askatasuna baino lorpen gehiago lortuko direla uste dut. Guretzat zaila bada egoera honi eustea, baita bi estatu hauentzat ere. Une batez, Europaren garapen prozesuan espainiar eta frantziar estatuei egoera gatazkatsu honi irtenbide bat aurkitzeko unea iritsiko zaie. Gurea bezalako herri fenomeno eta egoera politiko bat ez da berez hiltzen, zerbait lortu ondoren pasako gara egoera berri batera.
EBk ETAri egindako azken kritikari zer deritzozu?
EBren komunikatuak ez nau batere harritu. Harriduraz hartu dutenek harritzen naute ni; Hegoaldean bereziki. Dena den, ez zait gaizki iruditzen borroka armatuarekiko iritzi kritikoak izatea Ezker Abertzalean. Ez badira ados, eskubide osoa dute halaxe azaltzeko. Hori onartu behar da.
Hegoaldeko Ezker Abertzaletik, EBren sorrera interes batzuekin baliatu nahi izan zen. Agian, orain, kalkulu okerrak egin izanaz hasiak dira ohartzen zenbait.
Kontua da, EMAkoek gure nortasuna atxiki izan dugula hasieratik, Iparraldetik. Hegoaldeko dinamikari so egin gabe egin ditugu gure analisiak, baita erabaki propioz aitzina egin ere. Iparraldean sortu izan diren beste indar abertzaleak, Hegoaldearen adarrak izan dira kasu gehienetan. EMAren berezko izatea eta indarra agerikoak dira. Testuinguru honetan, gaur egun, hurbilago sentitzen gara Hegoaldeko Ezker Abertzalearen borroka dinamikatik.
Hendaiarra izaki, nola ikusten duzu Biharko Hendaia talde abertzaleak Herriko Etxean daraman lana?
Hendaian abertzaleok beste indarrekin bat egitea posible dugula uste dut, eta orain arte ez da egin. Aurrerantzean posible eta beharrezkoa izanen dela espero dut. Orain arte eraman izan den udal politika aldatu aldera, lan molde berriak aurkitu beharko ditugu. Hendaiak kinka larria bizi du. Sozialistek ez dute ezkerreko politika bat egin herri honetan, eskuinaren politika baizik.
Horrek guztiak, politikan aritzeko eskemak erabat aldatu ditu Hendaian. Azkeneko hauteskundeetan ere, ezin izan dugu Biharko Hendaia-tik haratago joateko posibilitatea gauzatu.
Zer dela eta?
Herri bozketan eta herriko erakundeetan aukerak egiten ikasi behar dugu. Abertzaleok gure ikusmoldeak aitzinetik jartzen ditugu, eta gero helburuak hasten gara definitzen. Eta politikan bitartekoak hartu eta zehaztu behar dira lehenik.
Chirac presidentearen garai berrian, nola daude abertzale eta gainerako alderdien arteko harremanak?
Oraingo egoera inoiz baino zailagoa da. Parisko gobernu berriarekin ez dago Iparraldeaz mintzatzerik. Garai bateko gobernuek, Pierre Joxe lehen ministroaren garaian kasu, zenbait asmo eta ekimen berri agertu ziren. Irekidura gisako bat izan zen. Iparraldeko klase politikoak, ordea, harreman eta solaserako posibilitate haiek erabat zapuztu zituen.
Egun, RPRk ez du deus jakin nahi Euskal Herriaz. Hemengo politikariek onartu behar dute aukera hura beraiek galdu zutela. Errua, beraz, hemengo politikariena izan da. Horregatik abertzaleon borroka instituzionala, hemengo politikariengana zuzendu beharra daukagu. Luzaz halaxe arituko gara ene ustez, Parisko esparru politikoa urrun dago guretzat.
Paristik datorren politikaz, eta Jupperen Planaz zehazkiago, zer diozu?
Plan horrek ez du maniobra toki handirik. Maastrichteko Itunari segitu behar dio, jarritako epe eta eskaerak betearaziz. Hitzarmen horrek ez du defizit soziala onartzen. Zerbitzu publikoak defizita utzi du betidanik ordea. Frantziak gastu sozial asko dituen ekonomia garatu duenez, oso zaila du lehiakorra izatea Europa barruan.
RPR barruan gaullistak ziren aitzindari duela urte gutxi arte; Michel Intxauspe bezalako politikariak. Politika herrikoi moduko bat egiten zuten. Eskema eskuindarrak erabili arren, aurrerapen franko egin zuten De Gaullek eta bere jarraitzaileek. Oso berezia zen haien politika. Mitterrand boterean izan zen bitartean, RPR barruan aldaketa bat eman izan zen. Chirac garaile atera zen, eta transformazio bat eman da RPRn; eskuin muturrera areago lerratu delarik. Frantzian eskuin berri bat dago boterean.
MIKEL ASURMENDI
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEMA
PertsonaiazIRAZUSTA4
EgileezASURMENDI1Politika

Azkenak
Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Albiste izan da Gasteizko Errota auzoa azken asteetan, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak burutzen baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


Eguneraketa berriak daude