"Bikoizketetan baino arte gehiago darabilzu antzeztean"
2021eko uztailaren 19a
Goenkaleko Iñaki Beraetxe aktoreari elkarrizketa
Iñaki Beraetxe
"Bikoizketetan baino arte gehiago darabilzu antzeztean"
Iñaki Beraetxeren ahotsa aski ezaguna da bikoizketa munduan, hamaika urte lan egin du horretan. Telebistarako eginak ditu aurkezle lanak ere, baina herritarren artean gehien ezagutara eman duen lana «Goenkale»ko Mikel `gaiztoaren' papera da.
Bikoizle, antzezle edo aurkezle?
`Artixta'.
Zein nabarmenduko zenuke besteak baino gehiago?
Agian antzezlearena. Azken batean antzezle lanak bikoizletik badu zerbait eta era berean osatuagoa da. Bikoizketa labur samar gertatzen da, ahotsa bakarrik duzu emateko eta antzeztuz ahotsaz gain beste arte batzuk ere erabil zenitzake.
Noraino bereizten dira Iñaki eta Mikel?
«Goenkale»n bereiz daiteke, «Arralden» ez horrenbeste. Gauza, zailagoa da «Arralde»n, gidoirik ezean Mikelek momentu horretan zer esango lukeen asmatu beharrean izaten baitzara askotan, bat-batean egiten duzun komentarioa zeuk asmatzen duzu baina Mikelen ikuspegitik. Bertsolari bati gaia jartzen diotenean ere antzeko gauza gertatzen da, bere erara moldatzen du.
«Goenkale»ko Mikel bezalako pertsona gaiztoa sinesgarria al da?
Baietz uste dut. Baina ez bakarrik heavy itxurakoa, kultur etxean edo beste edozein lekutan egon daitezke horrelakoak.
Beraz, gaiztoaren estereotipoakin ez zaude ados?
Ez nago ados, baina Euskal Herria bezalako toki batean errazago da horrelako estereotipoetan erortzea. Horrelako tipoa sinesgarriagoa egiten zaie askori bestelakoa baino.
Benetako harro-urde baten aurrean kokildu egingo al zinateke?
Egunaren arabera. Kokildu ez, nire bidetik eramaten saiatuko nintzateke, noizbait aurre egin ere bai.
Horrelako paperarekin sailkatua izateko beldurrik?
Lan aukerak handiak balira, orduan edukiko nuke beldurra. Baina bakarra egonik, dagoena egin edo ez egin. Aukera zabala izanez gero aztertuko nuke, baina bestela dagoena egin eta listo.
ZELAIA, Arritxu
49