"Ahaztuta neuzkan entrenatzaile lanaren dardara eta emozioak"


2021eko uztailaren 16an
Jabo Irureta, Errealako entrenatzaile berriari egindako elkarrizketa
"Ahaztuta neuzkan entrenatzaile lanaren dardara eta emozioak"
Jabo Irureta
Agian futbol merkatuan saltzaile ona izateko ez du itxura ponposorik, agian futbol giroan harro-harro ibiltzeko beste hainbatek baino arrazoi gehiago izan arren pertsona apal eta zintzoa izaten saiatzen den horietakoa; Jabier Iruretari, azkenik, bere koloreekin aritzeko aukera iritsi zaio, eta ez dauka aurtengo Olentzero berezia alferrik galtzen uzteko asmorik.
Irundarrak ez al dira Atlhetic-zaleak, Jabier?
Aspaldidanik galdu zuten bilbotarrek ohore hori. Zaharrenek oraindik Bilbo aldera jo lezakete baina bestela, Gorritik Realarekin fitxatu zuen garai haietatik hona, txuri-urdina nagusitzen da Irunen. Hamabi urte nituela ikusi nuen Reala lehenengo aldiz Atotxan; Olentzeron bildutako xoxekin sarrera ordaindu eta partidu hura ez zait sekula ahaztuko. Realak zero eta bost galdu zuen Di Stefano, Puskas, Del Sol eta beste batzuen Real Madriden aurka. Gero Real Unionetik, 19 urte nituela, Atletico Madridek fitxatu ninduen orain bezala dirua nagusi zelako; bestela seguru aski Realera etorriko nintzen.
Beraz, Olentzerotako opari aurreratua izan da Realak zuri deitzea?
Bi irakurketa egingo nituzke: alde batetik ilusio handia egin dit Reala nirekin akordatzea baina bestetik, Athletic utzi eta gero pasa ditudan zortzi hilabete hauek zoragarriak izan dira. Bizkaiko entrenatzaileei ikastaro batzuk eman eta hortik aurrera, bake santua! Ahaztuta neuzkan entrenatzaile kargu batek sortzen dituen dardara eta emozioak. Denboraldi amaierara arte behintzat tentsio batean bizitzea tokatzen zait.
Nolanahi ere, eskaintza bat baino gehiago izan duzu hona etorri aurretik: Sevilla, Rayo...
Aulkitara itzultzeko ez nuen presa handirik. Areago, Urangak, Realeko presidenteak deitu eta gero Iriarterekin hitz egin nuen eta segitzeko animoak eman nizkion, ez zitzaidan egoera horren larria iruditzen. Erabakia, ordea, aldez aurretik hartuta omen zeukaten. Batez ere Numanciak Errege kopatik kanporatzea izan dela uste dut Salva kargutik kentzeko arrazoia.
Sestaoren entrenatzaile zinela Toshackek aurrea hartu zizun. Garai hartako Realak eta gaurkoak zer ikusirik ba al dute?
Oso gutxi. Kontuan har ezazu Liga irabazi berritan zegoela taldea. Arkonada, Bakero, Begiristain eta abar aipatzearekin dena esanda dago. Gure erronkak hortik joan behar du, oraintxe Realak dituen gazteak haien mailara iristea. Joan den igandean, esaterako, zelaian hogeita bat urteko lau jokalari zeuden eta gazteei denbora eman behar zaie ogibide honen sekretu guztiak ikas ditzaten.
Kodro gabe Reala ez dela talde berdina diozu, zergatik?
Kodrok taldearen maila markatzen zuen. Denboraldi batean jokalari batek 28 gol egitea ez da normala. Pentsa ezazu zenbaterainoko garrantzia duen, era horretako futbolari bat aseguru bat da. Hutsune hori betetzeko klubak Craioveanu eta Purk fitxatu ditu; oraindik diferentzia nabarmena dago, baina epe motzean espero dezagun beraien golerako gaitasuna erakustea. Printzipioz atzerritarrengan konfiantzarik ez dugu galtzen; orain, exigitutakorik emango ez balute, atzerrian arrantza egin beharko genuke hain premiazko dugun goleatzaile baten bila. Klubeko zuzendariek horixe agindu zidaten akordioa sinatu genuenean.
Joseba Etxeberria izan zitekeen Kodroren oinordekoa?
Oraindik goiz da hori jakiteko, baina ikusitakoaren arabera baliteke. Oso jokalari azkarra da, ausarta eta berak daukan erritmo aldaketa horrek min handia egiten du. Etorkizun handiko jokalaria da.
Atzerritarrak eta harrobiko lana betiko kontraesan, Ajax batek inbidia ematen du?
Inbidia, begirunea eta nahi duzun guztia, baina ez ditzagun ezinezkoak eskatu. Batetik, Ajax ez da bakarrik harrobiko lanaren fruitua; nik dakidala Littmanen, Finidi eta beste batzuk kanpotik ekarri dituzte. Horrez gain, hamar milioiko biztanlerian jokalari onak aurkitu edo Euskal Herrian bi milioitik pasatxo garen honetan eta hiru talde elkarri mokoka, askoz ere zailagoa da.
Holandarren futbol estiloak, aldiz, aho zabalik uzten nau. Teknika eta ahalmen fisikoa neurri gorenean uztartzen dute eta alde horretatik guztion ispilu eta eredu beharko lukete.
Golak egiteari baino ez hartzeari ematen omen diozu garrantzia.
Atzean babesa behar da baina erasoan jokatzea ere gustatzen zait. Fama hori, komunikabide batzuek jarri zidaten Bilbon eta neurri batean entrenatzaile baten lana gutxiesteko modu bat da. Argentinan Menotti eta Bilardoren artean izandako eztabaida sartu dute komunikabide batzuek, eta besterik ez. Batzuk praktikotasuna besteak ikuskizuna, irrati eta prentsak puztutako baloia izan da hori. Gaur egun arautegi berriarekin garaipena hiru puntuz saritzen den heinean, talde baten erasorako joerak geroz eta nabarmenagoa izan behar du. Futbolean, taktika eskema edo zenbakiak baino gehiago, norberak dituen indarrak eta arerioarenak neurtzea da garrantzizkoena. Ni erasoko futbolaren maitalea naiz. Valenciako aulkitik Viola bat eserita ikusi, zelaian Mazinho, munduko txapelduna, Mijatovic edo Zubizarreta aurrez aurre ikusteak zer pentsatua ematen du. Lehen esan dizudanez, gure helburua jokalari gazteak mailarik onenean prestatzea da.
Komunikabideak aipatu dituzu. Hainbesteko eragina al dute zuengan?
Futbol mundu honetatik asko bizi gara eta bakoitzak bere interesen alde jokatzen du. Futbolmania delako hitz zelebre hori azaldu da eta neurri handi batean komunikabideen eraginez. Garai batean gazteek musikarako, dantzarako edo auskalo zertarako zaletasuna bazuten, hartara jotzen zuten. Orain, berriz, agian drogetatik ihes egiteko aitzakian edo, futbolaria eredu bezala jartzen dute. Batik bat gazte jendearen artean. Neu ezin hasiko naiz kirol honi buruz ezer txarrik esaten, baina futbola bere testuingurutik ateratzea ere ez zait bidezkoa iruditzen. Futbolaria futbolaz dakien gazte bat da eta horretarako trebatua. Hortik aurrera politikaz edo berdin dio edozertaz galdetzen zaionean sarritan menperatzen ez dituen gaiez jarduten du, komunikabideek beste edozein iritzi espezialduren parean jartzen dutela. Futbola puztuegia dagoela iruditzen zait.
Aurten zazpi fitxaketa egin dira, hori Donostian aspaldi ez zen gertatu.
Fitxaketa asko izanagatik ez pentsa talde batek bat-batean gora jo behar duenik. Itxaropenetan ito baino hobe izaten da errealitateari eustea. Estatuko Ligari begiratu eta azter ditzagun beste taldeetako jokalariak. Nik aste pare bat daramatzat hemen eta garaipenak agindu baino eguneroko lanak emango dituen fruituak segurtatzen ditut. Denboraldi hasierako aurrekontuak sarritan zerbait saldu nahi duenaren hitz hutsetan gelditzen dira eta jakina, egoera horretan azkenean entrenatzailea izaten da errudun.
Oviedo, Racing de Santander eta Logroñesen entrenatzen ibilitakoa zara. Etxekoen artean lan egitea abantaila al da?
Dudarik ez, Realeko gazteen ilusiorik handiena elastiko txuriurdina janztea den aldetik, bereak eta bi emango dituela seguru zaude. Horretaz aparte izakera eta sentimenduak antzekoak dira; ezaugarri hauek bideratzen jakinez gero lana asko errazten da. Beste taldeetan jokalari eta klubak merkatari kontratu baten bitartez lotuta daude; hemen berriz bihotzeko sentimenduak ere sartzen dira jokoan.
Nola liteke orduan, erlajazio edo konzentrazio falta izatea jokalari batek?
Edozein lanbidetan gertatzen den bezala, urte guztian sasoi betean egotea ez da erraza. Kanpoko faktore anitz daude jokalarien errendimenduan eragina dutenak: emaitza bolada txar bat, familia, prentsaren kritikak eta abar.
Jokalari batek psikologikoki oso indartsua izan behar du denboraldi osoan zehar maila berean mantentzeko. Talde osoaren animoa mantentzea izaten da entrenatzailearentzat gauzarik zailenetakoa.
Profesional mailako futbol giroa hain gogorra al da?
Nik Sestao entrenatu nuenean hura familia bat zen, edozer egin behar zenean kirol mailan izan edo bestela, denak bat egin eta inplikaturik sentitzen ginen. Hemen, berriz, lehenengo mailakoak garen aldetik diot, presioa non-nahitik datorkizu, tentsio batean bizi zara eta gero kanpotik datozen zenbait arazok ere eragina izaten dute. Bestalde, profesionaltasunak, diruak eta batik bat beti irabazi behar horrek bizimodua zail samarra egiten du. Futbola uzten dutenen artetik portzentaia handi batek mundu honetatik aparte bizitzea erabakitzen du eta nik uste hori nahiko adierazgarria dela.
Datorren astean Euskadi-Paraguay San Mamesen.
Irlandaren aurka Euskadik jokatu zuen lehenengo neurketan jokalari gisa parte hartzeko ohorea izan nuen eta geroztik ere ez huts egiten saiatu naiz.
Euskaldun batentzat oso gauza polita da, hunkigarria, baina denok ezagutzen ditugun arazoak direla medio, asko kostatzen da horrelako konpromezuak antolatzea. Profesionalon aldetik behintzat, jokalari nahiz entrenatzaileok beti prest gaude mota honetako ekitaldietan. Zoritxarrez, bulegotan arazo gehiago izaten da gurekin baino.
Eta San Mamestik atera gabe Errege egunez Athletic-Real.
Opari ederra jasoko du irabazten duenak. Derbi guztiak bezala, ezer baino lehenago indarra eta pasioz betetako neurketa izango da. Baina utz egidazu datorren jaiko partidua prestatzen, Realak mailaz maila egin behar baitu gora.
Beraz, Jabier, 1996. urte berrirako itxaropen onenak Realarekin?
Handikeriatan erori gabe, talde honek lehen mailan lasai ibiltzeko kategoria duela erakutsi behar du lehen lehenik, eta gero gerokoak. Urte Berrirako, beraz, denak elkar ulertuz eta lagunduz Real handiago bat egiteko asmotan bidera ditzagula geure indarrak.
AGIRRE, Martin
29-33


GaiezKirolaFutbolaTaldeakReal Socied
GaiezKirolaFutbolaEntrenatzai
PertsonaiazIRURETA2
EgileezAGIRRE20Kirola

Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


“Oldarraldi faxistari” galga jartzeko deia Errenterian

Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]


Eguneraketa berriak daude