argia.eus
INPRIMATU
"Laguntzaz Errenteriako Papresa izan daiteke hemengo paper munstroa"
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21
Paper industriaren gorakadaz hitzegiten Goiherri paper-olakoarekin
"Laguntzaz Errenteriako Papresa izan daiteke hemengo paper munstroa"
Javier Larrea, Goiherri paper-olako kontseilari ordezkaria
Paperaren prezioak gora egin duela eta horren inguruan mintzatzeko jo dugu Javier Larrearengana. Goiherri, paperaren manipulazio enpresaren sorreran jardun zuen 1987an eta orduan sei langilrekin hasi baziren ere, egun 26 dira. 1994an 200 bat milioi pezeta fakturatu zituzten eta 1995erako 230era hurbilduko dira.
Zer egiten du paper manipuladora batek?
Gure enpresan paper fabrika --Tolosan paper-ola esaten dute-- batean egin dien bobinak inprimatzailearen tamainetara egokitzen ditugu. Hau da, paper bobinak orritan mozten ditugu edo tamaina txikiagoko bobinak egiten.
Papera asko jaitsi ondoren berriro izugarri igo da. Zergatik?
Paper mundua ziklikoa da, beste asko bezala. Negozio munduko zikloak azaltzeko arrazoi osorik ez dut uste oraindik eman denik, baina oro har esan genezake eskaria eskaintza baino handiagoa dela eta horrek eragin duela prezioen igoera. Azken urteotako krisiarekin makina asko gelditu egin da eta berri gutxi jarri, eta gainera eskaria gelditu gabe gora joan da. Momentu honetan ahalmen guztia beteta dagoenez, prezioak gora doaz.
Dena dela, jadanik iragartzen hasiak dira sekulako makina berri batzuen eraiketak.
Nola ikusten duzu Tolosaldeko papergintza? Zein da zure ustez horrela egoteko arrazoia.
Paper munduan kapital izugarriak behar dira inbersioetarako. Makina bat eraikitzeko 50.000 milioi pezeta baino gehiagoko inbertsioak egiten ari dira eta ez dute zuzeneko 300 lanpostu baino gehiago sortzen. Hemengo enpresak, kanpokoen konpetentziatik muga-sarien bidez defendituta egon dira urte askotan eta bitarte horretan ez dira etorkizunaz arduratu. Beste eremu batzuetan bezela, Europan sartzean ez dute behar adinako maila teknologikorik ez finantza arlokorik izan eta ondorioz lehiakidearekiko borrokan galdu egin dute.
Zer etorkizun daukagu, eta beroni heltzeko nondik nora jo behar dugula uste duzu?
Periodiko papera hemen badago munstro horietako bat sortzeko aukera. Horretarako oinarri moduan Errenteriako Papresa hartu beharko litzateke baina, munduko gainerako lekuetan egiten den bezala, hemengo gobernuak ere lagundu egin beharko luke.
Bestalde, badira orain arte oso ondo konpondu direnak ere. Horiei oztoporik ez jartzea litzateke hoberena.
Eta azkenik, hil zorian dabiltzan enpresekin, kudeaketa ona egin eta ilusioaz jokatuko duten taldeak behar ditugu. Eta aipatutako gauza hauek guztiak planifikazio orokor baten arabera egingo balira zer irabazirik izango genukeelakoan nago.
Finlandia mundu mailako paperaren erraldoietakoa da, eta zuek hango Enso Gutzeit enpresarekin ari zarete. Konparatuko al zenuke hura hemengo enpresa baten funtzionamenduarekin?
Finlandian ez dute paperaren industriaz hitz egiten; han baso industriaz hitz egiten dute, eta basoari etekina ateratzeko egiten dute papera. Finlandiako baso industriak herri hartako Barne Produktu Gordinaren herena baino gehiago esanahi du eta urte asko daramatzate etorkizuna planifikatzen.
Esan dezakegu Finlandian baso industriaren eremu horretan hiru enpresa geratzen direla: horietako bat da Entso Gutzei, Europako bigarren postuan kokatua eta mundu mailako bostgarrena. Nire ustez, esandakoak esan ondoren, nahiko garbi ikus liteke hangoak ez duela zerikusirik hemengoarekin.
Nolakoak dira Tolosaldeko enpresa txiki baten harremanak horrelako multinazional batekin?
Enpresa multinazionalek ere beren produktuentzako bezeroak behar izaten dituzte. Eta Finlandiatik estatuko kliente batenganainoko bidea oso luzea denez, zerbitzua emango dien hainbat bitartekoren beharra dute. Enpresa txikia izanda ere zerbitzu ona eman daiteke eta horretan saiatzen gara.
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Ekonomia\Industria\Papergintza
Pertsonaiaz\LARREA4
Egileez\LETE1\Ekonomia