argia.eus
INPRIMATU
"Produktu onak eta berriak, hori da merkatuak lortzeko bide bakarra".
Xabier Letona Biteri @xletona 2007ko otsailaren 21
Joseba Mandaluniz-en iritziak teknologiari buruz
"Produktu onak eta berriak, hori da merkatuak lortzeko bide bakarra".
Joseba Mandaluniz, Maier enpresaren teknologia zentro berriaren zuzendaria
Maier Tecnology Center da Busturialdeko Maier enpresak ekainaren 3an inauguratu berri duen teknologia eta garapenerako zentroa. Berau aurrera ateratzeko 600 milioi pezetako inbertsioa egin du eta bertan 52 pertsonak jardungo dute lanean. Mandalunizek eskaini dizkigu teknologia eta berorri buruzko xehetasun gehiago.
Euskal enpresetan eman al zaio beharrezko garrantzia teknologia-ikerketari?
Ezezkoan gaude, eta horren froga da Euskal Herrian ez dagoela balio erantsi handiko bertako puntako produktuak sortzen dituen enpresa oinarririk; horregatik gara nagusi alor honetan subkontratazio enpresak.
Historikoki ahalegin oso handia egin izan da ekoizpen arloan baina ez nahikoa teknologi eremuan. Jaurlaritzak, bere garaian, eman zuen egoera honen berri eta, teknologia zentroak sortuz, eremu hau bultzatzeko saioa egin zen baina enpresak akaso ez gara gai izan teknologia zentroek duten potentzialitate baliatzeko.
Eta Maierren nondik datorkizue teknologiarekiko ardura hori?
Maierren ere giza baliabideak teknologia eta garapenera zabaltzeko zelanbaiteko beldurra eduki ohi dugu, batez ere sasoi txarretan berau mantentzea gaitza izan zitekeelako. Hala ere, egin izan ditugun plan estrategikoetan beti geratu da argi giza baliabide teknikoa eta garapenerakoa inbertsio onenetakoak direla.
Horregatik, hain zuzen, gure plan estrategikoetan giza baliabide teknikoen beharra ikusi izan dugunez, Maier Tecnology Center sortu dugu.
Eta teknologi eremuan dagoena, Euskal Herrian edo MCCn dagoena, lehiakorra al da?
Oso desberdina da, bai sektoreen arabera bai enpresen tamainaren arabera. Guri dagokigunez, teknologia lehiakorra dugu erdi mailako zailtasuneko azpimultzo mailetan. Baina oso gaitza zaigu konplexutasun maila handi samarreko funtzioetan multinazional handiekin lehiatzea, azken batean hauek baliabide oso garrantzitsuak bideratzen baitituzte ikerketa eta garapenerako, eta horrez gain beren fakturazio kopuruak gureak baino askoz handiagoak dira.
Nola banatu duzue teknologi zentroa eraikitzeko egin duzuen 600 milioi pezetako inbertsio hori?
Hiru zatitan banatuta dago. Alde batetik, pabiloia, lurrak, egoitza eta instalazioa, guztiak 351 milioi pezeta; bestalde, industri hornikuntza 173 milioi eta azkenik teknologia berria ezartzea 76 milioi pezeta. Zentroak 52 pertsona izango ditu eta horietatik 29 Maierreko bazkideak dira.
Esportazioarena gero eta eremu garrantzitsuagoa da euskal industrietarako eta zuengan ere gero eta eragin handiagoa du.
Egia da, baina gu oraindik ez gara MCCko beste enpresa batzuen mailara heldu eta gaur egun %40ra iristekotan gaude. 1990ean 1.060 milio pazetako balioan esportatu genuen eta aurtengorako 2.852 milioi pezetara iristea aurrikusita dago, hots, gure salmenten % 40,7.
Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Holandan daude, batez ere, gure erosle nagusiak. Sektoreka aztertuz automobilarenak gero eta garrantzi handiagoa du salmentetan, aurten saldutakoaren % 82 automobilaren sektoreak gehi haren laguntzaileek irentsiko dute. 1978an SEATekin hasi ginen baina gaur egun ia auto-etxe guztientzat ari gara.
Maier automobilaren mundura erabat bultzatuko duen azken pizgrria izango al da teknologia zentroa?
Inolako zalantza barik, automobilaren sektoreak duen eskari maila erakarpen handikoa da, eta honek batzuetan beste sektore batzuk behar legez ez zaintzera eramaten gaitu. Nolanahi ere, beste sektore batzuez arduratzea ere buruan dugu eta gure marketin planetan aurrikusita dugu hori guztia: elektragailuak, informatika, aisia eta kirola eta, azken batean produktua ondo garatzeko ahalmena eduki dezakeen edonor erakarri gura dugu.
Hamarkada honen hasieratik gaur egunera arte, Maier enpresak bere salmentak bikoiztu ditu; etorkizuneko aurrikuspenek joera berdina erakusten dute?
1990ean 3.298 milioi pezetako salmentak izan genituen, 1994ean 6.019 milioi eta aurtengorako 7.000 milioiko salmentak aurrikusita ditugu; horrek esan gura du bost urte hauetan % 105 inguru hazi ditugula gure salmentak. Aurtengorako, iazkotik salmentak % 10 haztea aurrikusi dugu.
Emaitza hauekin gure MTCari (zentro teknologikoa) eutsi eta bultzatu ahal izango dugu, baina ez dut uste aurrerantzean iragan bosturtekoan izandako hazkunde mailarik lor daitekeenik.
Nola eragiten du teknologi ikerketak hazkundean?
Teknologia berrien ezagutza eta esperimentazioaren bitartez, gure eskaintza maila igoko duten produktuak lortzekotan izango garelakoan gaude. Produktu berriak eta onak eginez lehiakortasuna lortzea, hori da merkatu berriak lotzeko bide bakarra.
LETONA, Xabier
18,19

Gaiez\Ekonomia\Industria\Besteak
Pertsonaiaz\MANDALUNIZ1
Egileez\LETONA1\Ekonomia