Roberto Mosorekin elkarrizketa Euskal rock-ari buruz oro har
"Hasierako Zarama harekin geratzen naiz ".
Roberto Moso
Azken agurraren biharamunean euskal musikaren ikurretarik den Roberto Mosorekin bildu gara Bilbon. Gizon gazte honek agerian ditu inteligentzia, zorroztasuna eta ironia. Luze hitz egiteko ematen du, R&R delakoaz ezezik kulturaren eta mugidaren inguruko hainbat gairi buruz ere. Oraingoan derrigorrezkoa zen taldearen bizitzaz egitea. Hala eta guztiz ere, denetarikoak joan dira etortzen elkarrizketaren harira.
Liburu bat duzu argitaraturik, «Cuentos y susedidos bastos» izenekoa, erdaraz eta euskaraz.
Amatxo laztana! Liburua! Zaramari buruz hitz egiteko prest etorri naiz, eta orain liburua.
Zure aurpegirik kritikoena ageri da hor: rockeko izarrak, euskal barnetegiak, Kuba, pornografia eta beste hainbat. Zer esan liburuaz? Ez da zure aurpegi ezagunena.
Prestatuta neukan Zaramaren rolloa. Nire alde kritikoa? Dena nire barruan dago, baita hori ere. Gaur egun egingo banu, ez dakit, beste modu batez egingo nuke. Kritizismoa dago hor, baina ez da kritizismo mingarria nirea, gauzen beste aldea ikustea baino. Barnetegiak, adibidez. Badago beste alde hori, ligeak barnetegian. Barnetegi pilo batean egon naiz, AEKn. HABEn ez dakit nola den, baina AEKri subentzioa eman beharko liokete euskaldunen osasun sentsualaren alde egiten duen lanagatik, besterik ez bada ere.
Zarama amaitu dela eta, idazle alde hori lantzeko asmoa duzu?
Egunero idazten dut, irratirako, eta ipuin gehiago idazteko gogoa dut. Baina Magali izeneko neskatxoa izan dut, eta ikusi dudanez, lan piloa daukat horrekin.
Liburuan eta irratiko saioetan nabari denez, hizkuntzarekin jolas egiteko trebetasuna duzu, erdaraz. Euskaldun berria izanik, beharbada hori oztopoa izan da euskaraz lan egiteko.
Egia da; zorionez idazleak izan ditut inguruan dena hobeto egiteko. Zaramari esker zaletasuna hartu diot euskarari, eta jarraitzeko asmoa dut. Esate baterako, inbidia itzela sentitzen dut bertsolariak entzutean. Azken bolada honetan poz handia hartu dut, zern eta esaten duten ia-ia guztia ulertzen hasi bainaiz, eta gainera oso ona iruditzen zait bertsolariek hartu duten bultzada hori.
Gainera hortxe dago egiten ari diren «mix» edo nahasketa hori ere.
Hori da eta! Musika berriari dagokionez, interesgarriena trikitixatik dator, rockaren munduan ere bai beharbada. Gutxienez hor originaltasun bila dabiltzala ikusten da, zerbait berria sortzen ari dela. Berria kakotx artean, ezer ez baita erabat berria.
Zurekin hamazazpi urteren balantzea egiteko tentazioa sentitzen dut.
Baina beste aldetik ez egiteko tentazioa ere sentituko duzu, ez? Ze balantzeak...
Mitoak zeuden hasi zinetenean, euskaraz kantatzea, adibidez. Orain, aldiz, ingelesez kantatzen ari dira bazterretan.
Printzipioz ez dut ezer horren kontra. Okerrena ez da hori. Okerrena da ez dagoela giro ingeles bat hemen Euskal Herrian, ez Espainian, eta orduan eszenatokian kanta biren artean isilik geratzen dira, ze, zer egin behar dute? Ingelesez hitz egin publikoarekin, euskaraz, espainolez? Ez dago komunikaziorik eta nire ustez horixe da gerta litekeen okerrena, girorik ez izatea kontertzuetan. Ingelesez kantatzeaz gain, giroa hotzagoa da, oro har. Zaletasunean ere nabaritzen da, gero eta jende gazte gutxiago ikusten da kontzertuetan. Bakailaoarekin konformatzen dira, eta hori lanpostu bi dira, dena mekanizaturik dago eta. Giroa galtzen ari da. Trikiaren munduan ez, beharbada.
Iparraldea aipatu izan duzu giro onaren eredu.
Iparraldekoa apartekoa da. Jakingo duzuenez, lehen euskaraz egindako rocka hantxe hasi zen, Niko Etxart, Errobi eta halako aitzindariekin. Hegoaldeak lekukoa hartu zuen eta orain berriz Iparraldean dago gakoa. Hor aipatuko nuke Sustraia. Berbena taldeak dira, nolabait esateko, baina agian berbena berrasmatzen ari dira. Azken finean Mano Negra eta halako taldeek berbena moduko zerbait egiten dute. Niretzat giro eta berotasuna dira inportanteena, eta ingelesez ez dut ikusten, igoal badagoen arren.
Zaramaren mugak, hamazazpi urte honetan, euskal rockaren mugak izan dira: kanpora nola irten eta hori guztia.
Alde horretatik bi problema daude nire ikuspuntutik. Batetik hizkuntzaren arazoa dago; bakarrik Negu Gorriak irten da kanpora ganoraz; eta hori Fermin Muguruza saltzaile oso ona delako izan da. Bestetik, adibidez katalenez egindako rocka baino hobeto joan da. Izen bat egin dugu kanpoan. Erdaraz egindakoak izugarrizko harrera lortu dute: Barricadak, Escorbutok, Sociedad Alcoholicak.
Kontu zaharrak izan daitezke hauek guztiak. Zuek joan zarete, eta joan diren beste batzuk bakarka grabatzen ari dira. Kostatu egiten da barruko harra hiltzea.
Ez ahaztu horiek profesionalak direla, eta zerbait egin behar dutela. Agian nik ere zerbait egingo dut.
Sexua, drogak eta rock and rolla, aspaldiko utopia.
Inoiz ez da benetako utopia izan. Denok dakigu zein mugak dauzkagun.
Batzuek sinetsi egin zuten, ordea.
Hasieratik izan da apustu bat Escorbutoren kasuan, adibidez. Ez dut uste rockarekin lotu behar denik batzuek aukera hori egin izana. Hain ospetsuak izan gabe engantxatu egin dira beste batzuk ere. Nork daki, igoal apustu errespetagarria da hori. Ni drogen legeztatzearen alde nago, eta halako egunen batean Bizitzeko taldean hasiko naiz lanean. Hildako gehienak hil dira, bai, xiringa, droga txarra eta halakoengatik.
HIESa agertu zenean egundoko kolpea izan zen. HIESa baino lehen eta HIESa eta gero moduko bat nabaritu duzue eszenatokitik?
Gai honetan ezkorra izan behar dut. Arratzun, herri txikia izanik ere, kontzertua baino lehen kondoiak dohainik banatu zituzten. Kontzertua amaitu, galdetu eta bi eman zituztela! Gero Santurtzin azken egunean ikusi nuena; neska eta mutilen arteko harremanetan agresitibitate itzela, Francoren garaietan bezala: hitz gogorrak eta sensibilitate gutxi, batez ere mutilen aldetik.
Eta alkohola edan ostean ez dakite zer egin... horrela ez zoazte inora, mutilok!
Berbena modu berri batzuk sortu beharko dira.
Azken aldi honetan horixe ari naiz aldarrikatzen. Sustraiak, adibidez, jotak jotzen ditu lehenik, hard-core-a gero, nahastua geroago; eta beti lortzen du erantzuna, beroa gainera.
Tribuen desagerketarekin loturik joan daiteke hori. Orain inork ez du bere burua punk aldarrikatzen, adibidez.
Edo tribu berrien jaiotzarekin. Berbeneroen tribua, zergatik ez? Betiko tribuak nahiko pasatuta daude, nahiz eta «El Mundo» egunkariak orrialde bereziak eskaini dizkien duela gutxi. Non daude? Tribuak ere birziklatu egin behar dira, Zarama bezala.
«Euskal rock erradikala» etiketa harekin enpaketatu zintuzten zuek. Hori ere joan da. Izan da baina inoiz halakorik?
Argi eta garbi, zerbait egon zen. Soinua-koek sortu zuten izena, eta gu paketearen barruan egonik, etiketa bageneukan gainean jarrita. Talde ezberdinak egon ginen, zerbait komuna genuenak: motibazioa; motibazio soziala, motibazio nazionala, rockaren bidez beste zerbait lortu nahi genuen; eta denok ginen kantaldietako girokoak. Garai batean giro oso berezia sortzen zen, erreprimitu egiten ziren gehienetan. Rock and rolla permitituago zegoen, baina gustukoa genuen giro erreibindikatibo hori. Gero HB oso inteligentea izan zen «Martxa eta Borroka» planteatzean, eta ona izan zen, bai HBrentzat, eta bai guretzat.
Ibar Ezkerra bandera izan da zuentzat. Pixka bat erreta omen zaudete horrekin, krisia etorri denean batzuek alde egin dutelako.
Ibar Ezkerrarekin eta Santurtzirekin maitasun-gorroto harremana dut, Euskal Herriarekin bezala. Santzurtzin, adibidez, herriaren izena aldatzeko oso presaka ibili ziren, bitan pentsatu gabe, abertzale izatea izenez aldatzea balitz moduan, eta Santurtzi ez da izen historiko bat. Baina gero, funtsezkoak diren gaietan, zer egiten da? Santurtziko portuan, adibidez, kaia geneukan, oso ederto jarrita, eta hauteskundeetan barra berdeak jartzeko bota zuten. Abertzaletasun folkloriko bat ikusten dut.
Zaramak oso bizirik sentitu izan dituzue aldi berean abangardia den rock and rolla eta sustraiak, biak aldarrikatu baitituzue, «Non dago Kamerun» kantuan sardinerekin egin duzuen bezala.
Nire haurtzaroa dena izan da ikustea nola kentzen zituzten landak, euron lekuetan etxe erraldoiak egiteko. Ibalaldiaren himnoa izateko egin genuen kantuan ere halaxe esaten dugu: «Horma gorrien artean ja ez dago fabrika, nire haurtzaroko landetan hogei pisuko etxeak, bingoa zabaldu duten, non eta zinea geneukan lekuan». Ez dute kantu hau hartu nahi izan, agian arrazoiz, ez dut istiluetan sartu nahi, euskarari buruz izan beharko zela uste zutelako. Baina esan nahi dudana da utzikeria dagoela. «Etxeak?» esaten dute, «bada, lanpostuak». Eta denak isilik. Eta batzuek gainera, zera ere esaten dute: «Total, ez da gure herria!».
Zuen azken agurra Ibilaldia 95en izan da. Halako zenbatetan izan zarate?
Hiru aldiz Ibilaldian, eta Herri Urratsen, Kilometroak-en, eta halakoetan... hainbatetan.
Lagundu egin du rock and rolla onartzen horrek.
Laurogeiko hamarkadan halako mugida guztietan rock talderen bat egotea ia-ia negoziaezina bihurtu zen. Horrek rocka bertoko egiten lagundu du, zeren eta lehenago amerikarren musikatzat hartzen zen. Gogoan dut gu hasi ginenean «Egin»en eztabaida gogorra izan zela honetaz guztiaz. Kanpoko musika omen zen rocka. Baina musika guztiak dira kanpokoak, neurri batean edo bestean. Zera ematen du, musika batzuk zuzenean Aitorrek konposatuak direla.
Egidazu Zaramararen estiloen balantze bat hasieratik honainokoa.
Hasieran oso sinplea zen, eta nire gustukoa. Musikari berriak hartu genituen heinean, doinua hobetu eta freskotasuna galdu genuen. Azken lanean zati bat nirea da, beste zati bat jende askoren artean egina. Ezerekin geratzekotan, hasierako Zaramarekin geratzen naiz.
JIMENEZ, Edorta
29-33