"Hendaiako diru guztia turismora doa, hor egin den zuloa estaltzeko"


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Robert Arranbiderekin elkarrizketa Baionari buruz
"Hendaiako diru guztia turismora doa, hor egin den zuloa estaltzeko"
Robert Arranbide Biharko Hendaiako auzapezgaia
Robert Arranbide 89tik Biharko Hendaia zerrendaburua, hautetsia da Hendaiako Herriko Etxean. Euskal Batasunako kidea, herrian daraman eguneroko lan finarengatik ezagutua da. Berriz ere hauteskundeotan abertzaleen zerrendaburua izanen da. Lasallette auzapez sozialistaren aurrean proiektu alternatiboa defendituko du.
Presentatzen ahal diguzu Biharko Hendaia taldea.
Biharko Hendaia ofiziala duela sei urte sortu zen, aitzineko hauteskundeen karietara, baina taldearen izpiritua zaharragoa da. Duela hamabi urte talde bat osatzen genuen, Akelarre taldea deitzen zena, politikoa baino gehiago kultur taldea zena, eta Herriko Etxetik proposamena heldu zitzaigun. Une horretan gure artean ezdabaida bat zegoen: batzuek pentsatzen genuen hauteskunde garai horretan zerbait egin behar genuela gure aldetik.
Orduan taldea zatitu egin zen eta abertzale batzuk Raphael Lassalette, gaur egungo auzapezaren zerrendan sartu ziren: Martine Molle, Jean Calvet, Kotte. Gure aldetik zerrenda baten osatzeko indar aski ez genuenez nahi hori horretan gelditu zen. Duela sei urte gure artean borroka bera sortu zen baina indar aski izan genuen orduan zerrenda osatzeko. Raphael Lassalette auzapez sozialistaren zerrendan sei urte lehenago presentatu zirenak harekin gelditu ziren baina geroztik Biharko Hendaiak hautetsi bat dauka Herriko Etxean.
Aurten ere auzapezaren zerrendan bost abertzale daude: Kotte, Martine Molle, Jean Calbet, eta bi berri, Jean Baptiste Etxeberri eta Benito Zubeldia. Ezkerreko zerrendarekin doaz. Gure zerrenda osatu dugularik independenteen zerrenda, Biharko Hendaia, egin nahi izan dugu, hau da, sartzen den jendea ez dela bere etiketarekin sartzen. Haatik, Euskal Batasunako jendea, EMAkoa, Gazteriakoa, sindikalistak eta independenteak gaude hor.
Zein da Raphael Lassaletterekin presentatzen diren abertzaleen eta zuen arteko diferentzia?
Horiek ere ezkertiarrak dira baina ez dute guk bezala ikusten, nahiago dute frantses gizarteari loturik jarraitu. Indibidualki, pertsonalki, harreman polita dugu haiekin baina ez dira sartzen gure ikusteko maneran. Biharko Hendaian diogu alternatiba bat garela, Euskal Herrian gure buruen jabe izateko bidean.
Sei urtez alternatiba hori praktikan ematen saiatu zarete, hautetsi bezala. Zer nolako lana eraman ote duzue?
Lan ona egin dugula uste dut. Herriko Etxean eguneroko lana bada, baina lan politikoa bada ere, ekonomikoa, kulturala... Eta ez bakarrik euskal kulturari buruzkoa, hemen hiru kultura baitira. Bidasoako golko honetan ikusten dugu euskal lurra dela baina besteak, frantses kultura eta gaztelaniazkoa ere hor ditugu.
Gu hemen lanean ari gara euskal bizia eta kultura bultzatzeko baina besteak ere ondoan ditugu, elkarrekin bizi gara. Euskal kultura bultzatu behar badugu ere ez ditugu beste kulturak ito behar.
Hendaiako Herriko Etxea sozialistek kudeatzen dute azken urte guztiotan zehar...
Herriko etxean sei urtez lan eginez ohartu gara ezkerrak eskuinak bezala gure ekonomiaren etorkizuna turismoaren bidetik ikusten dutela. Erran nahi baita, Sokoburu eraikitzen dutela herriaren erdigunea desegiten ari den bitartean. Autoportuarentzat ere bakarrik ikusten dute Continent Supermerkatu bat edo Champion bat eta kitto.
Aldiz, Biharko Hendaiakook diogu Hendaiaren egoera oso larria dela eta erantzunak ez direla bakarrik Sokoburun edo Continentekin, baizik eta harmonian Irun eta Hondarribiarekin batera, ekonomian kulturan bezala.
Raphael Lassalette lanean ikusi duzu, euskal kulturarentzat %1 emateko prest izan da; zer nolako kritikak eginen zenizkioke?
%1en kontu hori abertzaleen proposamen bat izan zen, eta denborarekin %1 horrekin zer egiten dute? Herrian berean bide seinale bat euskaraz eman behar baldin bada ere diru horrekin ordainduko dute. Horiek diote haiek egin dutela ikastola, eta guk diogu euskal gizarteak eraiki duela. Haiek erabiltzen dute gure dirua, azken batean ez dute dirurik ematen, orientabideak erabakitzen dituzte bakarrik. Euskal gizarteak, gurasoek, haurrek, irakasleek, haiek egin dute ikastola eta tenorea da Hendaian ikastola baten izateko: ehunetik gora haur dira.
Zergatik diozue erabakia izan den orientabide bakarra turismoa dela?
Hendaiako buxeta osoa, diru guztia, hara doa. Horko zuloa tapatu behar da eta ez dugu gero dirurik eskolak konpontzeko, bideak antolatzeko, ezin duzu mailegu berririk egin. Herriko Etxeak duen zuloa handia da, noski kontuak aztertzeko manera desberdinak dira baina Bordeleko Kontu Korteak zion biztanle bakoitzeko 14.712 liberako zorra dagoela. Aurten heldu bakoitzak 550 libera ordaindu du zuzenki Sokoburuko portuarentzat.
Zer proposamen egiten duzue?
Lehenik proposatzen dugu herri erdian bi tren zubien arteko hutsune hori bete eta kultur zentro bat eraikitzea gainean, herri erdi berri baten egiteko. Bestalde erraten dugu autoportua berriz bultzatu behar dela. Eskaerak badira. Baina jarriko diren enpresak begiratuz pentsatu behar dira gauzak. Gaur egun Herriko Etxean prest dira lurrak saltzeko diru freskoa sarrarazteko. Nire ustez inplantazioak guk nahi dugun bezalakoa izan behar du, ez etortzen den bezalakoa.
Osasunaren aldetik, bi zentro ditugu, alde horretatik balirateke bideak enpleguak bultzatzeko. Kulturari doakionez herriko etxean euskara eta frantsesa maila berean jarri nahi genituzke, bide seinaleetan berdin euskara ikusi; erakutsi behar baita, bestenaz ez du inork erabiliko mintzaira hori. Euskal kulturarentzat permanente bat behar dugu gehi laguntzak, gehi %1 euskal ekintzentzat, hau da 500.000 libera.
Zuen afitxetan agertzen den leloa «Demokratizatu» hitzak osatzen du. Zergatik hori
Gure kanpainan badira hiru lelo: demokratizatu, elkar aditu eta berritu. Lehenik demokrazia, erabakiak ez baitira beti Errepublikako plazan hartzen baina bederen Herriko Etxetik kanpoko komisioetan, erreferenduma erabiliz eta lan talde irekietan.
Gaur egun erabakiak lau-bosten artean hartzen baitira. Badago auzapezordea, diruzaina, obretako arduraduna, beste bat edo bi, gobernu horretan bideratzen dira erabakiak. Ez gehiago. Ondotik Kontseiluan papera hartzen duzu, baina ordurako erabakia hartua da.
Alde batetik ulertzen dut gauza guztiak ez baitira ezdabaitagarriak, baina kanpoko komisiorik ez dago hendaiarren iritziak biltzeko. Bukaerako eta erabakia guttiren eskuetan balitz ere, hori ez dago.
Eta «elkar aditu» diozuenean, zertaz ari zarete?
Elkar aditu behar dugu Urruña, Biriatu, Irun eta Hondarrabiarekin, enpresekin, sindikatuekin. Adibidez, Irun eta Hondarribiko jendea ikusten dugu hondartzara etortzen, baina gero zuzenki euren etxeetara joaten dira.
Bizitza guztia, kultur arloko ekintza guztiak Sokoburun paratu nahi dituzte, honela herriaren erdigunea desegiten delarik. Bakoitzak gure nortasuna zainduz izanik ere, hiri bat osatzea nahi genuke Hendaia, Irun eta Hondarribiaren artean. Momentuko egitasmoak agertu dira, baina ez dira sakonak.
Hendaian portu indartsua duzue eta azken urteetan bertan erabiltzen diren sare pelagikoak gogorki kritikatuak izan dira. Zer diozue horretaz?
Gaur egun ezin da Hendaiako portua itxi, Biharko Hendaia ados izan da beti arrantza portua indartzeko, pelagikoen aurka baina portuaren alde. Baina gu ez gara arrantzaleak, erantzun teorikoa da eta arazoa hori baino konplexoagoa da.
Hondarrabiko biztanle batek ez du botoa eman ahal maiatzaren 28an. Horretaz zer diozu.
Asko dira gorderik, desterratuak edo preso, bozkatu ezin izan duten euskaldunak.
ETXEBERRIA, Ixabel
10-12,13

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEB
PertsonaiazARRANBIDE1
EgileezETXEBERRI11Politika

Azkenak
Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


Francis Williamsen bikaintasunaren froga

Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Eguneraketa berriak daude