Sinatu gabe, baina konpromezu morala guztiona egiten dugu
2021eko uztailaren 19a
Bizkaiko Ikastolen Federazioako arduradunarekin elkarrizketa
Sinatu gabe, baina konpromezu morala guztiona egiten dugu
Josu Meabe, Bizkaiko Ikastolen arduraduna
Bizkaiko Ikastolen Federazioko arduraduna erabat Ibilaldi giroan murgilduta aurkitu dugu bere lantoki den Kirikiño ikastolan. Ia hiru hamarkada daramatza ikastolen alde behar egiten, eta «konpromezu morala» garbi aitortu digu Ibilaldia aurrera ateratzeko. Izan ere, taldearen «solidaritatea handia» dela deritzo.
Zer nolako giroa dago Ikastolen Elkartean Ibilaldia dela eta?
Izugarrizko lana egin dute, guraso guztiak lanean dira Ibilaldia egiteko, ez da inor gelditu lan egin barik. Azkenean esan digute hainbeste jende ez bidaltzeko. Erantzuna itzela izan da. Ilusioz beterik dira Santurtzin gauzak egiteko. Ikastola guztien artean bultzakada eman dugu Ibilaldia aurrera ateratzeko. Gure taldearen solidaritatea handia da, denen artean lagunduko dugu, konpromezua sinatu gabe baina moralki konpromezua eginez. Urtero, beraz, dirua eman behar da, beste ikastolei ere bai. Denak mugitu behar gara euskararengatik eta dirua gastatzen bada ere, oso ondo gastatuta dago. Gure herriarentzat izango da.
Zer da «Sinestezina»?
Ez da posible sinestea Santurtzin bertan, ikastola bat topa daitekeenik eta herri mailan hainbesteko erantzuna daukanik. Ikastola eraikin gabe, _nahiz eta orain badauden negoziaketak Eusko Jaurlaritzarekin lekutxo bat topatzeko_ eta herrian beste hiruzpalau ikastetxe daudela (30 eta 40 haurrekin dabiltzanak) ikastolak horrelako erantzuna izatea sinestezina da. Hasieran OHOko bostgarren mailara arte zegoen, baina pausoa eman zen OHO osoa betetzeko. Urtetik urtera, gainera, 60 bat ikasle gehiago dituzte. Baina izugarrizko arazoak izan dira, hala ere, Hezkuntza Sailarekin, haurrak edukita ere kontzertatu gabe egon baitira. Zer gertatzen da PSE-EEko alkatea duen herri batean jende guztia ikastolara joateko? Guraso batzuek sekulako lana egin dutela hori aurrera eramateko.
Arazoak asko dira, besteak beste alokairuak nolabait ere jaisteko saiatzerakoan. Azken pauso nagusia eredu publiko edo pribatua aukeratzean izan zen, ia guztiek egin baitzuten apustu pribatuan gelditzearen alde, beren egitasmo edukatiboan aurrera egitearren.
Ibar Ezkerreko euskararen egoera ezagututa, nolako lana egin behar du ikastola batek?
Ugartea bezalakoa da ikastola ingurune horretan, baina ekin eta ekin kalean ere zer edo zer entzuten joaten da, Barakaldon ere bai, Trapagaranen, Muskizen. Ikastolatik hasita euskara astiro hedatuz badoa. Santurtzin ere nabari da aldaketa. Ehunetik 35 haur ikastolara badoaz, nahiz eta beste ikastetxe asko izan. Publikoak asko jaitsi dira, lokalik eduki gabe ere, herriak ikastolari konfiantza bat eman dio, izan ere ikasle guztiak baitira herri bertakoak. Behar aldetik itota daude, baina pozik. Astiro `normala' deritzoten horretan sartzen goaz gu ere.
Ikastolaren zeregina, beraz, indartsua ikusten duzu ingurunean euskalduntzeko?
Oso garrantzitsua. Santurtzin datorren ikasturtean 320 haur izango dituzte gutxi gorabehera, laster ere bigarren hezkuntzaren aldeko apustua egingo dute, 600era iritsiko dira. Zutabe oso polita izango da herrirako. Kalean asko nabari da euskaraz gehiago entzuten dela. Lehen jendeak galdetzen zuen «zer da ikastola?», baina pixkanaka aurreratzen doa eta exijentzia dago guztiei kalitatea eskaintzeko. Eraikinak oso ondo ipinita egotea, ahal bada informatika eta bestelako aurrerapenez hornituta. Gorputza, hizkuntzak eta bestelakoak ere landu behar dira, ez bakarrik ohizko ikasgaiak. Jen deak esan dezan merezi duen ikastetxea dela. Apustua egin dute, azken batean, eta guk lagundu, taupada bat besterik ez, egia esan.
Etorkizuneko egoera, orduan, nola ikusten duzue?
Oso ona. Beste ikastolak ez hain ondo, baina hau, Santurtzikoa, primeran doa. Lokalik gabe, orain leku txarrean... baina jendeak apurtxo bat ikusten duenean bertara joango da, orain ere joaten baitira. Nahiz eta barruan ezer ez egon, jendean etxe polita duen eskoletara joaten da. Horixe da falta dena, kanpoaldea, eraikina. Hala ere, aurtengo matrikulazioari dagokionez beldurrez-eta ibili ziren. Zorionez arrazoirik gabe, harrituta gelditu baitira matrikulazioekin eta lokal gehiago alokatu beharrean izan dira. Datorren urterako zerbait topatuko dutela uste dut, eta hortik aurrera etorriko da lasaitasuna.
Zenbat urte daramatzazu ikastolen munduan bilakaera hau ikusi ahal izateko?
Hogeita zortzi inguru, bete-betean sartuta; orain ari naiz utziko dudanentz pentsatzen. Izan ere, lehendakari lanean aritzeko batetik bestera ibili behar da, baina egitekoak baldin badaude hementxe hilko naiz. Animoa ez dut edonola galtzen, euskarak dena merezi baitu.
ERASUN, Arantxa
26-27