"Ez ETAk ez estatuak, euskal gizarteak erabaki behar du".


2021eko uztailaren 19an
Karlos Rodriguez (HB)-en iritziak Euskal Herriko gatazkari buruz
"Ez ETAk ez estatuak, euskal gizarteak erabaki behar du".
Karlos Rodriguez, Bilboko Udalerako HBko alkategaia
Azken boladan han eta hemen ageri da. Mahai Nazionaleko kide, arlo sozioekonomikoko arduraduna, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide eta Elkarri-ren Konferentzian HBko ordezkari izandakoa. 39 urtekoa, Balmasedan jaioa jadanik Bilbon zinegozi lanari ekiteko gertu daukagu.
Esan berri duzu PP eskuintiarra eta espainiarra dela. Nahikoa al da hori haien buruzagien aurka armaz jotzeko?
PPren aurkako erasoak testuinguruan kokatu behar dira, hain zuzen gatazkaren egoeran. Orain arte Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena lortzeko bidean Ezker Abertzalea izan da kolpe eta erasoak jaso dituena. Bestaldean, irtenbide errepresiboa areagotu egin da eta polizi bidetik bakarrik jotzen dutenei gatazkaren ondorioak sufritzea egokitu zaie, areago gobernu lanetan hasiko direla aurrikusten denean.
Hilabeteotan PPk dialektikoki aldaketa handia jasan du, bere betiko aurpegia erakutsiz: Euskal Herriari begira inposatzaile, gure nazio nortasuna errespetatzen ez duena eta armen bidez, Goardia Zibila edo Armadarenak, Euskal Herriak Estatu espainiarrarekiko bizi duen menpekotasuna defenditzen duena.
Orduan, aurretik PSOEko buruzagien aurka jo beharko zen, ez?
Jotzen duenari galdetu behar hori. Baina gertatzen direnak, aldaketa testuinguru horretan eta PPk hainbat botere faktikorekin _zenbait komunikabide berezi, CESID eta Goardia Zibilaren informazio zerbitzuekin..._ dituen loturengatik gertatzen direla uste dut.
Badirudi egoera politiko berri baten hastapenean gaudela. Hauteskunde giroak eragindakoa ala benetan berritzat hartzen duzu?
Badaude oso gauza positiboak eta berriak. Batetik, sindikalgintzatik ELAk eta LABek Aberri Egunerako sinatutako agiria. Guretzat oso interesgarria da eta benetako irtenbideetara jotzen du. Bigarrena, ETAren agiria. Proposamen berriak egin ditu eta gatazka gainditzeko bideak erakutsi. Hirugarrena, honek badu hauteskunde kutsua, EAJren jarrera da. EAJren barruan osagai kontrajarriak ikusten ditugu. Ollorak eta EAJk une batean esandakoak ontzat jotzen ditugu, baina praktikak ez du mezu horrekin zerikusirik. Horregatik EAJn eztabaidaren beharra dago. EAJ Arriagako Izpirituari oso lotua dago eta ikusi beharko hauteskunde ostean zer jarrera hartzen duen. Kudeaketa hutsean murgilduta egon da eta ez nazio eraikuntzan.
Zeintzuk dira ETAren agiriaren berritasunak?
Argi azaltzen dira Euskal Herriak bere etorkizunaz erabakitzeko dauden oztopoak: sozialak, ekonomikoak, kultur arlokoak... Agirian argiena euskal gizarteak bere etorkizuna eraikitzeko duen eskubidearen aldarrikapena da, eta hori orain arteko hainbat planteamendutan ez zen oso garbi agertzen. Ez ETAk ez Estatuak, euskal gizarteak erabaki behar du Euskal Herriaren etorkizunaz. Horrez gain, orain arte elkarrizketa prozesu batean, lehenengo fasean euskal gizartearen zeregina ezkutuan geratzen zen, eta oraingo proposamenean argi ikusten da lehen unetik, agente sozial guztiek parte hartu behar dutela. Bi plano agertzen dira, biak elkarrekin eraman daitezkeenak.
Berrikuntza moduan, halaber, ETAk argi utzi du ETAren helburua sozialismoa eta independentzia dela. Baina dioenez, ekimen armatua desagertu egingo litzateke Estatuak gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea oztopatuko ez duen garantiarik eskainiko balu. Batek daki, baina koska ez litzateke Konstituzioan autodeterminazio eskubidea onartzea, berori aurrera eramatea erabakiz gero horren aurkako debekurik ez egotea baino.
Elkarri-ren Konferentziaz ere egiten da berba. Lehenengo zatian jorratutakoez gain, zer eduki beharko luke bigarren honek ekimena arrakastaz ateratzeko?
Aurreratzeko, partehartzearena lotzea funtsezkoa da. Lehenengoan PP, PSOE eta UPN ez ziren izan eta kontuan hartuta lehenengo zatiaren helburu nagusia alderdien arteko eztabaida zela, bigarrenerako hori segurtatu egin beharko litzeteke. Gainerakoekin gauza gehienak hitz eginda daude.
PPk eta PSOEk esan dute jada ez liratekeela joango. Abertzaleen arteko bilkuran geratuko al da?
Ez luke horrela izan behar. Helburua alderdi guztien partehartzea da, baina PP eta PSOE erakusten ari diren jarrera gatazka konpontzeko duten jarrera eskasaren adierazle da. Euskal gizartean gero eta argiago dago irtenbidea elkarrizketa politikotik datorrela.
Orduan, mereziko al luke joateak? Eta joanez gero balio lezake guneak alderdi abertzaleen gutxieneko akordioa lortzeko?
Antolatuz gero, ikusi egin behar nortzuk doazen, eta zer eduki eta metodologia izango lituzkeen. Bigarrenari dagokionez, abertzaleez gain UA eta IU ere hor daude. Uneotan gaitza da EAJ eta EArekin akordiorik lortzea, konferentzian proposamen zehatza egin baikenuen eta ez baitzuten onartu. EAJk aspaldian beste apustu bat egin zuen: errepresio bidez Ezker Abertzalearekin amaitzea, eta bide horretatik zaila da akordioetara heltzea. Guretzat LAB eta ELArena da bidea; haietako bakoitzak ez dio bere helburu eta izaeari utzi, baina bien artean aurrera eraman ditzaketen gauza garrantzitsuak ikusi dituzte.
Zer deritzozu Patxi Zabaletaren pentsamendu korronteari?
HBko militantziak «Oldartzen»eko oinarrizko txostena gehiengo handiz onartu du eta prozesu honetatik indartsu ateratzen gara. Orain Patxik berak jakingo du zer egiten duen, baina HBko militantziak erabaki du jada eta ilusioz dago horrekin aurrera jotzeko. Dena den, informazio guztia prentsatik jaso dut eta ikusiko dugu zer proposatzen duen.
HBn orain arte ez da korronte antolaturik egon.
Koherenteak izan behar dugu. Ezin gara egon hiru hilabete eztabaida sakonekin eta bihar aldaketak pentsatzen ibili. HBn ez dago barne korronte antolaturik, horrela erabaki dugulako. Pentsamendu korronte bat? Ez dakit ondo zer den, baina dakidanez momentuz HBko militanteek ez dugu telepatiaz komunikatzeko ahalmenik. Nahiko zaila ikusten dut bildu gabe pentsamendu korronterik antolatzea.
EAJk eta PSE-EEk 2000. urterako Bilborako aurrikusi duten hiria kritikatu izan duzue...
EAJ eta PSE-EEren jarduerarekin Bilboko Udala eskuintiar eta espainol gisa agertu da. Berdin Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bilbo «Ardatz Atlantikoa» edo «Espainiako iparraldeko hiriburu» eta antzerakoekin definitu dute eta horren arabera datoz beren lehentasunak: Guggenheim, metroa, Kongresu eta Musikaren jauregia... Bitartean, Bilboko auzoetan egoera gero eta kaskarragoa da: Bilbo Zaharra-San Francisco-Zabalan, Txurdinaga-Otxarkoagan... Ez ei dago dirurik azpiegituretarako, kiroldegietarako, proiektu kultural deszentralizatuetarako... Baina etxebizitza pribatu eta garestietarako eta proiektu megalomano horietarako badago. Bilbo bide okerretik sartu dute, eta urte askotarako gainera.
Azken hauteskundeetako joera ikusita, HBk beherantz egin du Bilbon. Batipat komunikabideen eraginez dela irakurri dizut; soilik horregatik?
Azkenekoetan europarrekiko igo egin ginen, baina bestela egia da. Komunikabide gehienak ez dira gure oso lagunak, eta hainbaten aldetik, gainera, eraso gogorrak jasotzen ditugu. Biolentzia eta, oro har, gauza negatiboekin lotzen gaituzte. Joera horren eragina hortik datorkigu.
Zer eskaintzen die HBk bilbotarrei azken urteetako atzeranzko joerari buelta emateko?
Bilbok Udaletxe herrikoia, abertzalea eta ezkertiarra behar du. Herritarra, bilbotarrei begira eta ez Gasteizko Gobernuari, partehartzea eta presio soziala bultzatuko duena. Abertzalea, gure sinboloak, hizkuntza eta kultura defenditzeko. Eta ezkertiarra, gero eta nabarmenagoa den dualizazioa geldiarazteko: Bilbon txiroak gero eta txiroago dira, eta alderantziz; eta batzuk gero eta zerbitzu gehiago dituzte eta besteek gero eta gutxiago.
LETONA, Xabier
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
GaiezPolitikaEuskal HerrBozketakHauteskunUdal
PertsonaiazRODRIGUEZ6
EgileezLETONA1Politika

Azkenak
Baztango aroztegiko zazpi auzipetuek dei egin dute otsailaren 1eko manifestaziora joateko

“Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak egin izana” egozten diete Espainiako fiskaltzak eta obraren enpresa arduradunak. Zehazki, 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi herritar horientzat.


2025-01-21 | Julene Flamarique
2024. urtean biolentziak “areagotu” direla ondorioztatu du Talaia Feministak

Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]


50 urte Potasaseko grebatik

Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]


Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa

Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]


Oibarko ikastetxe publikoak D eredua izango du

Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.


2025-01-21 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Joe Biden eta Marcus Garvey: barkamenak barkatzailea itsusten duenean

Bere agintaldiaren azken egunetan Joe Biden AEBetako presidenteak egikaritu duen barkamen-zaparrada historikoak zeresanik eman behar luke, halakoen onuradun ezagunenetako batzuen kasuan behintzat ezinbestez egin beharko litzatekeen irakurketagatik. Edo ez al da justiziaren... [+]


2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.


Larrialdi egoera Mexikorekin mugan: migratzaileen aurkako ehiza abiatu du Trumpek

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


Eguneraketa berriak daude